Apirilean zenbat izotz, maiatzean hainbeste elur

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
AHUAKATEONDOAK INDARREAN ETORTZEKO ZER EGIN
2026-04-01 21:04 | Daniel

Aupa Jakoba. Apirilleko azken hiru egunetako baten, aguakate batzuk aldatuko dittut. Patroi klonalak dira duke 7 eta hass, bacon eta lamb-hass bariedadeak. Badira sei bat hillabete erosi nittula eta tiestoan pasa duten denbora hau luze xamar itten ari zaiela iruditzen zait. Aldatu eta gero zer egingo nieke bixkortzeko? Eta aurreneko urtean pake xamarren utzi beharko dittut ezta? kimatu gabe etb. esan nahi det... ERskerrikasko


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-04-02 19:00

Tokiaren aukeraketa eta guzti hori garbi duzula alde batera utzita. Landatzerakoan egiteko oraindik argitaratu gabe dudan trikimailu bat duzu hau.

Arbolak landatzeko lagungarri oso ona den nahasketa hau prestatu: ontzi batean euri ura jarri eta erantsi trikoderma (onddo lagungarria), mikorrizak eta rizobakteriak (inguruko lurra biziberritzeko), azido humikoak, fulbikoak eta algak (sustraien inguruan bizi diren mikroorganismoak suspertu eta indartzeko). Ondo nahasi eta landatu aurretik sustraiak bertan busti. Errazago itsatsi eta gogatsu haziko da. Soberan duzun likidoarekin landareen oinak ureztatu.

Garrantzitsua da oso ohiko ongarriketa. Jarri landareen inguruan simaurra edo luarra. Ahuakateondoa hazkunde azkarreko landarea, baina baldin eta eskuera nahikoa janari baldin badauka.

Eta bai, lehen urteetan kimaketa ahaztu. Indartzen lagundu eta neguan babestu: enborrak bendatu, goitik soilik babestuko duen txapela bat jarri eta inguru guztian azarorako simaur berri-berria jarri eta neguaren hasieran berritu gehiagorekin. Honela negua epelxeago igaroko dute.

 

Gaur arte erantzundakoak (277 galdera-erantzun)

Gabon, ni bizi naiz Belagoan(Izaba) 1000 metrotara gutxi gora behera, nere galdera da, ze sagarrondo mota landatu laike tokiak honetan eta noiz?. Reineta ez dira ondo urtetzen. Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-01-10 16:06

Errege sagarren multzoko sagarrondoek ziklo luzea dute, loratu eta sagarra heldu artekoa. Aldiz, Belaguan, sagarraren zikloa motza izango da: hotzak joandakoan loratu eta sagarra heltzerako berriro hotza. Nik ziklo motzeko barietateak jartzea gomendatuko nizuke, adibidez: Sanjoan, Amabirjina eta Pelestrina.

Mango zuhaitza noiz komeni da landatzea?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-01-07 17:00

Mangondoak ez du hostorik galtzen neguan, beraz udaberrian izerdia ondo mugituta duenean landatu behar da, apirileko ilbeheran onena. Ordurako egun argia ederki luzatuta dago eta tenperaturak ere igota.

Urte berri on, Jakoba. Irakurri dizut hostoa galtzen duten zuhaitzak urtarril edo otsaileko hilbeheran landatu behar direla; fruitu arbolak ere bai? zehazki, hurritz landareak ere bai?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-01-05 16:00

Bai hostoa galtzen duen landare jende guztia neguan landatu behar da. Kontutan izan: izotz beldurra dagoen sasoiena ez landatu. Gainontzean ilbeheran eta ahal izanez gero sustrai egunetan. Aurten urtarrileko ilbehera 2tik 15era izango da eta hurrengoa urtarrilaren 30etik otsailaren 12 aguerdira. Sustrai egunak urtarrilaren 8 arratsaldea 9, 10 eta 11 izango dira eta otsailaren 5, 6, 7 eta 8, azken hau 16:00 arte.

Aupa Jakoba. Etxe inguruan intxaurrondoak dauzkat eta orain hosto pilla daude lurrean. Onak al dira ortura botatzeko edo konposta egiteko? Sustantzia toxiko bat botatzen dutela dakit eta jakin nahiko nuke onuragarriak diren edo kalte egingo duten. Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-01-01 17:39

Juglona izena du intxaurrondoak jariatzen duen gai toxiko horrek. Hostoek ere badute eta beraz zuzenean ez da erabili behar baratzean edo lorategian landareen inguruko lurra estaltzeko edo ongarritzeko. Luar edo konpost pilari nahastu behar zaio, beti nitrogenoduten gaiekin (berdeak diren beste gaiak). Luartzerakoan gertatzen den hartziduran mikroorganismoek eta temperatura gorakadak (55-65º) juglona hori desegingo dute. Gero lasai erabili luar hori nahi duzun tokian.

Sagarrondoak ezberdinak eta gerezi bi ditut, urtarrileko hilberan poda egitea ondo da ? Aitarekin beti abenduan egiten nuen baina oraingoan ezin izan dut eta egin barik ditit. ESKERRIK ASKO URTE BERRI ON !!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-12-29 21:49

Udazkenean inausketa egitea akats larria da. Izerdi berria mugitzen denean inausi behar da. Gereziondoa otsailean eta sagarrondoa martxoan. Biak ala biak ilbeheran.

Oraindkk kiwiak jaso gabe dauzkat zuhaitzetik,noiz jasotzea gomendatzen didazu? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-12-28 12:27

Segituan jaten hasi behar duzun kopurua orain Bildu, ilgoran. Iraunteko jaso behar dituzunak ilbeheran. Ilgora izango da urteberri egunera arte, bera barne. Ilbehera urtarrilaren 2tik 15era; irauteko horiek biltzeko egun onenak sustrai egunak izango dira: 8 arratsaldea, 9, 10 eta 11.

Kaixo Jakoba, galdera pare bat ditut zuretzat. Batetik, ze liburu gomendatuko zenidake mintegigintzan ekiteko? eta honekin lotuta, nola ongarrituko zenuke mintegia? Bestetik, jakitea nahiko nuke aldaxkako txertoa egiteko txertagaia aurrez moztea komeni den(eta horrela bada ze garaitan) edo txertoa egiterakoan obeto litzatekeen? Eta azkenik, aldaxkako txertoa egiterakoan nola estaliko zenukeen? Ondo izan!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-12-09 21:21

Ez naiz mintegigintzaren artean inola ere jantzia. Agian Euskal Herriko Hazien Sarea elkartean lagunduko dizute horretan. Lan izugarria egiten dute bertoko espezieak jagon eta zabaltzen, landare asko sortuz.

Ongarriketan beste baratze edo soloren tankeran egingo nuke: udazkenean oinarrizko ongarriketa ongarri organikoarekin, eta neguaren erdian, eta behar izanez gero, ongarriketa karearekin osatu.

Aldaxka edo zotzeko txertoa egiteko unean bertan moztu behar da mentu-oina. Txertoa estaltzea esaten duzunean zauria estaltzeaz ari zarela pentsatzen dut. Horretarako prestatuta badaude pastak. Beste aukera zeuk egitea da. Formula ugari dago. Gure etxeko sagastia sortzerakoan hau erabili zen: 1 kg erretxin + 800 gr argizari + 250 gr seborekin egindako nahasketa. Estali bai zartatzen den mentu-oina eta baita zotzen gainean bistan geratzen den zauria ere

Egun on Jakoba!Urritzei buruz galdetzeko idazten dizut. Baserri baten bizi gea,gure aurrekoek sartutako eta berez etorritako urritz pila deu,haiek ale hobeak eman ditzaten(beste batzuk ematen has daitezan) zer egitea komeni da?bakanketa(zein dira itzi beharreko enbor printzipalak?)...

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-12-10 19:36

Alea hobeak diozunean pentsatzen dut alke handiagoak ezan nahi duzula… Berez hazitik etorritako hurritzek gehienetan hur ale ttikiak ematen dituzte. Inausketarekin edo adar bakanketarekin ez duzu lortuko aleak handitzea; suerte pixka batekin ale zertxobait handixeagoak izan ditzakezu, baina ez handi-handiak. Horretarako landare berriak jarri beste aukerarik ez duzu. Landare horiek eskuratzerakoan eskatu ale handia ematen duten klasea behar duzula. Horiek aldaxkatik edo txertatuta sortutakoak izango dira. Gero horien ipurdiko altsumak aldaxka bezala erabiliz zuk zeuk sortu ditzakezu ale handia emango duten landare berriak.

Kaixo Jakoba: Mizpira nola mentatu jakin nahi nuke. Gainbeheran dago Enkarterrin eta fruitua eta makilak ateratzeko baten bat jarri nahi dut. Eskerrik asko. Jarraitu zaintzen maite dugun hori

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-11-27 17:05

Mizpira elorri zuriari txeratzen zaio. Txertaketa egiteko era asko dago, baina hemen batez ere bi erabiltzen dira. Lehena eta gehien erabilia, adarreko edo zotzeko txertaketa da. Gazteleraz “injerto de pua” o “injerto de hendidura” eta frantsesez “Greffe en fente”. Martxoan egiten da eta mizpiraren zotza jartzen zaio elorriari. Bigarrena begiko txertoa da, udan egiten da, uztailean edo abuztuan, eta mizpiraren adarretik hartutako begi bat sartzen zaio azalpean elorriar. Gazteleraz “injerto de yema” edo “injerto de escudete” eta frantsesez “Greffe  de écusson”.

Gure limoiondoa pattal dabil azken bi urteetan. Ale txiki batzuk besterik ez dauzka, lehen ugari eta mardul bazituen ere. Konposta bota genion udaberrian. Hogei bat urte ditu. Hiltzen ari ote da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-11-27 17:16

Nik esango nuke itxura horrekin eta edade horrekin hiltzen ari dela. Urte batzuetan mardul eta oparo ematea da amaieraren hasieraren seinalea. Gero adarrak pixkanaka ihartu, hostoz hustu eta itxura hori hartzen dute. Ordezkoaren bila hasi beharko duzu…

Kaixo Jakoba. Limoi arbola bat daukagu etxean, eta hostoak nahiko horituta ditu. Udaran armiarma plaga bat izan zuen eta hostoak horituta eta uer kolorekoak geratu zitzaizkion, eta makina bat galdu. Zer egin dezakegu? Mila esker!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-12-10 19:47

Intsektu izurriren bat izan du: zorria, kotxinila edo aipatu duzun armiarma edo denak batera. Ondorioz Haien hondakinen gainean beltz itxurako lizun tankerako hori hedatu da. Tratatu honekin: Xaboi potasikoa, Bacillus eta Neem. Tratatu 6-8 egunero, hostoak garbitu eta kimu berriak etorri arte.

Aupa egunon Jakoba. Aurtengo neguan kiwiak aldatzeko asmoa daukat, Adunan mendebaldera orientatuta dagoen lur zati batean. Zein izango litzateke egun aproposena? Eta bestalde, ar batek eme bariedade ezberdiñak polinizatu ditzake?? ar bat eta hiru eme jartzeko asmoa degu ta eme hoietako bat kiwi orizta dana... esangoiazu, eskerrikasko ta ondo izan.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-11-21 18:12

Kiwiak hostoak galtzen dituenez, neguan aldatu behar da, izerdia mugitzerako toki berrian izen dadin. Era berean egun onenak sustrai egunak dira. Inola ere ez aldatu izotz beldurra den egunetan. Aurtengo neguan honela datoz egunak: abenduko ilbehera 6tik 19ra eta sustrai egunak 12, 13, 14 eta 15; urtarrileko ilbehera 2tik 15era eta sustrai egunak 8 arratsaldea, 9, 10 eta 11; Otsailekoa urtarrilaren 30 hasi eta otsailaren 12 arte, eta sustrai egunak 5, 6, 7 eta 8 izango dira.

Kaixo! Orain dela bi urte, 2024ko otsailean, fruitu arbol hauek landatu nituen Nafarroako iparraldean: gereziondoa, aranondoa, udareondoa eta muxika. Noiz komeni da lehenengoz kimaketa egitea? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-11-14 16:24

Gaztetan, heldutasunean izatea nahi dugun forma bideratu arte kimatu behar dira. Egitura sortzeko kimaketa da. Orokorrean erdiko ardatz nagusi indartsuena mozten da alboetarako adarrak sortzen diren tokian. Zer altueran moztu zeuk erabaki. Kontutan izan gero fruitu aleak hartzen hasten denean adar horiek makurtu egingo direla. Niri pertsonaren alturan izatea gustatzen zait, makurtutakoan aleak eskuera izateko. Kimaketa hori izerdi berria datorrenean egin behar da. Otsaileko ilbehera litzateke egokiena.

Noiz bildu behar ditugu aurten kiwiak?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-11-10 16:09

Jaso eta irautea baldin bada asmoa, ilbeheran biltzea komeni da eta ahal bada sustrai egunean. Aurten azaroan ilbehera izango da 22 arte, hura barne. Eta sustrai egunak 15, 16 eta 17 arratsaldea izango dira. Abenduan ilbehera 6tik 19ra izango da eta sustrai egunak 12, 13, 14 eta 15.

Mandarino gaztea daukagu. Iaz dozena bat fruitu eman zituen, aurten bat ere ez nahiz eta uda berrian lore mordoa euki. Zegaitik izan daiteke?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-11-10 17:07

Garrazkiekin edo zitrikoekin maiz gertatzen da hau. Seguruenera gaztea izango da, eta gaztetasunean toki berriko lurrera eta klimara egokitzea kosta egiten zaie. Fruituarena ez da horrelakoetan garrantzitsuena. Garrantzitsuena landarearen osasuna da. Itxura ona, berde kolore ilun distiratsua badu eta hazten ari bada lasai hartu. Gero etorriko dira fruitu aleak.

Kaixo, Tolosan errezil sagar arbolak landatzeko asmoa daukat. Zein da horretarako garairik egokiena? Aldatzerakoan zuztarrean simaurra jartzea komeni al da? Eskerrik asko aldez aurretik

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-11-03 18:50

Sagarrondoak hostoa galtzen du neguan. Horrelako landare guztiak neguan udazkenaren amaieran (abendua) edo neguan landatu behar dira. Landatzeko zuloa egiten dugunean, 40 cm x 40 cm x 40 cm gutxi gorabehera, azpiko aldean zer lur azaltzen den ikusi behar da; buztintsua edo kazkarra bada simaur edo luar ondua, zaharra, jarri eta sustraiak hor asentatu. Simaur berririk ez erabili. Berri abada, landatutakoan bere inguruan, lur gainean zabaldu.

Kaixo Jakoba, Zer itxura hartzen diozu mizpira ondo honi? Lurrean, belarra itotzeko manta berdea daukagu jarrita, ez dakit kalterik eragin diezaiokeen. Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-10-20 15:49

Hosto gutxi duela dirudi, baina ez da hori arraroa urtesasoi honetan. Arbola osoa ikusten den argazki batekin itxura hobeto aztertu daiteke. Hala ere ez diot aparteko arazorik ikusten. Urtero ondo ongarritu. Orain udazkenean onena. Eta Adar inausiren bat ikusten zaio. Guraizeak esta hurbildu ere!

Noiz komeni da lekuz aldatzea limoi ondoa?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-10-20 17:06

Limoiondoak neguan hostorik galtzen ez duenez udaberriaren hasierari itxaron behar zaio lan hori egiteko. Martxoko edo apirileko ilbeherak dira horretarako onenak.

Kaixo Jakoba, Etxean sagardoa egiten dugu eta bi zalantza ditugu: sagar zukua altzairuzko bidoian jarri eta askatzen duen aparra kentzea komeni da edo ez? Bestalde, bidoi batetik bestera trasegatzea ona da? Mila esker!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-10-01 16:46

Muztioa ontzi batean sartzen denean ontziaren gaineko zuloaren ertz-ertzeraino beteta edukitzea komeni da. Muztioaren lehen hartzidura hartzidura alkoholikoa da, azukrea alkohol bihurtzen dena eta horretarako airea hartu behar du, oxigenoa behar du. Eta hartzidura horretan karbono dioxidoa sortzen da; gas hori atera egiten da eta berarekin batera aparra edo bitsa sortzen da eta baita muztioan egon daitezkeen sagar puskak, edo bestelako edozer kanporatzen du, horregatik apar hori kanporatzea komeni da. Horretarako goraino beteta egotea komeni, egunero-egunero gutxienez behin goraino bete behar da. Hartzidura hori gelditzen denean ez da gehiago bete behar. Trasegatzearena edo ontzialdatzearena nik ez dut gustuko. Zenbaitentzat, batez ere sagardo industriala egiten dutenentzat azpian geratzen doan ama txarra da. Nik, berriz, uste dut sagardoa ona egiteko oinarrizko urratsetako bat horixe dela, azpiko ama horri eustea.

Kaixo, aguakate onduak dituk hezurretik ateratakuak. Lurrean karri nahi ditut , noiz da sasoirik egokiena ? Fruiturik emango dute ?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-09-03 12:02

Landatzeko sasoi onena udaberriaren hasiera da. Martxoaren amaieran edo apirilean. Fruitua eman emango dute, baina txertatutakoaren aldean urte asko beharko dituzte. 10-12 edo gehiago. Beste gauza bat da zein motatako fruitua emango dizuten ez dakizula: handia, txikia, gozoa…Horretarako txertatu egin beharko zenituzke.

Kaixo Jakoba, Semeak olibondo bat dauke balkoian eta puntak horitzen ari zaizkio. Ifar-mendebal norabidean dago, arratsalde partien eguzkitan. Aholkuren bat ematen badiguzu aurrez milla esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-09-03 12:04

Itxura guztien arabera erredurak dira. Erredura eguzkia eta lehortearena. Baita tanperatura altuen eragina ere. Denen batuketak hostoetara nahikoa ura ez iristea dakar eta hortik punta ihartuak. Ahalik eta azkarren lurreta eraman, toki eguzkitsu batera.

Kaixo Jagoba, Anaiak Gijonen daukan etxean dagoen zuhaitza da. Ez daki zer egin. Zure aholkua jakin nahiko luke. Aurrez eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-08-27 09:16

Oso gaizki dago intxaurrondo hori. Ez dakit zer gertatu zaion, baina itxuraz lurreko zerbait da. Hori gutxi balitz adar lodi asko moztuta ditu, zauri larriek erakusten deuten moduan. Bizi nahia badu, kimu berri gutxi horiekin ikusten den eran, baina bueltarik ez duela iruditzen zait. Hobe kendu, gainera erori aurretik, eta beste bat jarri baina lurrean ura pilatzen ez den tokian.

Mertxikondo gazte bat daukat, eta nahiz eta oraindik ez dudan lortu forma definitiboa ematea, badira hiru bat urte mertxikak ematen dituela. Orain arte beti kimatu dut neguan, baina, dirudienez, udan ere inausketa bat ahal zaio, eta oker ez banago, horixe da zuek "berdetako inausketa" esaten duzuena. Horregatik, jakin nahi nuke zertan datzan berdetako inausketa hori, eta nola egin behar den, gutxi gorabehera, fruitu-arbolen kasuan. Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-24 10:16

Euskal Herri hezean bizi baldin bada mertxikondo hori, inausketarekin kontuz ibili behar dugu. Hezetasuna ez du batere maite eta gaitzak har ditzake oso erraz zaurietatik. Inausketa egitera ohituta baldin badaukazu neguko inausketa orokorrean udaran egin; argitzeko inausketa nagusiki. Udan izerditan dagoenean erraz itxiko ditu zauriak eta osasuntsuago egongo da. Beste fruitu arbola batzuetan, sagarrondoetan adibidez, adar zurgatzaileak edo txupoiak kentzen dira. Hala ere jakingo duzunez adar zurgatzaile horiek gehiegizko inausketa edo inausketa zakarregia egiten denean azaltzen dira. Fruitu aleak sustatu nahi dituzunean ilbeheran egin, eta egurra, edo arbolaren egitura indartu nahi duzunean, berriz, ilgoran.

Kaixo Iagoba, lankide bati fruitu arbola bat loreontzi eder batean oparitu nahi diogu. Baserri/txaletean bizi da bera eta atarte inguruan jartzeko litzateke. Zer gomendatzen duzu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-11 16:08

Loreontzian fruitu arbola jartzea etorkizunik gabeko lana da. Loreontzi erraldoia beharko luke, lurrean jartzearen tankerakoa. Bestela, loreontzian bizitzeak eta gehiago lorea eta fruitua ematea nahi baduzu, izugarrizko lanak hartu behar dituzu. Lurra sekula ez lehortzeko adinako ureztaketa, ongarriketa maiz egin beharra, inausketa zehatz-mehatza zirujauaren tankerakoa… Nire ustez ez du merezi.

Kaixo, hazitik ateratako limoiondo bat daukat, orain dela 8 urte +/-. Lorontzi haundi baten dago eta hasi egiten da, baina ez du fruiturik ematen. Emango ote du ??? Zer falta zaio???? Milesker! Loli

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-11 16:16

Hazitik sortutako fruitu arbolek askoz denbora gehiago behar dute loretu eta fruitua emateko. Txertatutakoei lehenago sortzen zaie ugaltzeko grina. Hala ere zure ustez loreontzi handia da hori, baina begiratu adaburuak edo hostajeak duen tamaina eta loreontziarena. Loreontzi hori OSO TXIKIA da. Jarri hiru edo lau aldiz handiagoa, toki horretan kabitzen den handiena eta ongarriketa ez ahaztu. Azaroan lurrazala simaur onduz estali eta gero urtean zehar ureztaketa urari ongarri likidoa nahasi, udazkenean eta neguan ezik hilean bitaz gutxienez.

gora