Astelehenero 8:00etan zure epostan
Eskertuko nizuke esango bazenida argazkian ikusten den izurritea zer motakoa den eta nola ekidin daitekeen.
Zorria da. Ohiko izurritea da eta beti izerdi gozoena dabilen tokian pilatzen da, kimu berrietan, alegia. Tratamendua xaboi potasikoarekin egiten da. Uretan xaboi potasiko pittin bat nahasi eta dena ondo busti. 3-4 egunero tratatu garbitu arte.
Gaur arte erantzundakoak (233 galdera-erantzun)
Pena da pikondoa inaustea, izan ere egur oso ahula du, eta zauriekin asko sufritzen du. Hala ere nahitaezkoa baderitzozu inausketa kimuak mugitzen hasten denean egin. Kontuz ibili ebakitako zatiekin eta zauriekin, inola ere ez ukitu. Bere izerdiak erre egiten du. Ezagutzen dut inolako babesik gabe pikondoa inausten ibili eta ospitalean bukatu zuen bat.
Argazkian garbi ikusten da ez dela ongi bizi. Janaririk ematen al diozue? Alegia, ongarri organikoa, asko eta asko; onena simaurra eta ez badaukazu luarra. Adar mutur lehorren bat ere antzematen da, beraz arazoa ez da oraingoxekoa.
Bestetik hosto batzuetan hauts beltz baten tankerakoa ikusten da. Hori onddo bat da. Onddo hori intsekturen baten erasoaren atzetik etorri izan ohi da. Beraz miatu ongi hosto azpiak eta adarrak ea zorria edota kotxinila ikusten duzun. Eta hauek tratatu beharko dituzu. Bietako edozeinek ere, landarea asko ahultzen du.
Sagarrondoak "txukuntzeko" adarrak mozteko sasoia martxoa aldea da. Onena ilbehera, 2018an: otsailaren 26tik martxoaren 10era. Zein adar moztu esatea zaila da. Asko ez kendu, behintzat. Hobe da bi edo hiru urteetan bere onera ekartzea. Adarrak aukeratzeko: muturra ihartua duenak, zauritutakoak, adar bat beste baten gainera edo elkarren kontra daudenean...
1- Mahatsondoa inausteko sasoi onena otsaila da, eta onena ilbehera. Toki hotzetan martxoa aldera ere lasai asko inausi daiteke. Eta Mahatsondoa ebakietatik bnigarrez hasten bada ez larritu.
2- Okarana goiz mugitzen denez, otsailean txertatzen da. Adarreko txertua egiten da neguan. Begikoa egin nahi izanez gero abuztuan. Ni kimuak txertuak egiterakoan bertan biltzearen aldekoa naiz. Ezin baldin bada eta aurrez hartu behar izanez gero, trapu batean bil-bil egin eta bustita eduki hozkailuan.
Kaixo Jakoba.
Asteasutik idazten dizut. Sagarrondo zahar bat daukagu aurreko uztan erdia erori zitzaiona eta beste erdiak ez duela asko iraungo iruditzen zaigu. Ez dakigu ze sagar mota den (errege sagar tankerakoa da baino goxoagoa, ez hain bizia...). Nahiko genukeena da horren txertagai batzuekin beste sagar batzuek txertatzea.
Noiz egingo genuke? Nola egin dezakegu? Non bilatu horri buruzko informazioa?
Mila esker.
Txertatzaile baten premian zarete. Hark ekarriko dizue mentu-oina izango den sagarrondoa. Nik sagar basaka edo makatza edo sagarmina deitzen dena jarriko nuke. Iraupen luzekoa eta indartsua, baina leku asko behar izaten du.
Mentu-oin hori landatu eta gero adarreko txertoa martxoa aldera egiten zaio. Begiko txertoa ere egin daiteke; hori abuztuan egiten da.
Inguruan txertatzailerik ez badezute, berriro idatzi eta emango dizuet bateren batekin harremanetan sartzeko bidea.
Ahuakatondoa itsasaldeko lurretan ondo hazten da. Zenbat eta toki babesagoan hobe. Azpeitia hotza xamarra irudituko zaiola uste dut. Hala ere badira aldaera edo barietate desberdinak eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. -7° C arte izoztu gabe eusten dionik ere bada. Toki egutera gozoa baduzu, aldaera gogor horietakoren bat eskuratu eta saiatu. Landatzeko sasoia udaberriaren hasiera da, hostajerik ez baitu galtzen, apirila aldera. Zaintzan ez du apartekorik eskatzen. Arbola handia egiten dela gogoan izan, jartzen duzun tokian gero, urteetara enbarazurik egin ez dezan... Lehen urtetan eta gero hotz handia egiten duenetan, babestu: arbolaren inguruan simaur berria jarri, beroa zabaldu dezan; enborra eta adar nagusiak oihalez bildu eta ahal izanez gero izotzaren goitik beherako eraso zuzena kenduko dion txapela tankerako estalkia jarri.
Gereziondoa bi sasoitan txertatzen da hemen. Negu-udaberrian, martxoan adarreko edo zotzeko txertua eginez. Udan begiko txertoa egiten da. Esan ohi da gereziondoarentzako hilabete egokiena iraila dela. Txertuak denak ilgoran egitea gomendatzen da. Niri ilbeheraren amaieran egitea gustatzen zait, ilgora etprri ordurako izerdiaren emana har dezan.
Aholkua bat emango dizut: tokia. Gereziondoari lur harroa gustatzen zaio, motela edo buztintsua behintzat ez, eta eguzkizalea da.
Sagarrondoa inausi behar duzun edo ez erabaki behar duzu lehenengo.
Nahikoa tokia badute eta ez badute ez beraien artean ez ingurukoei enbarazorik egiten ez nituzke inausiko. Errazago biziko dira, hobeto eta fruitua urte gehiagotan emango dute.
Hala ere inaustea erabakitzen baduzu, martxoko ilbeheran egin.
Gordetzeko, luze irauteko jaso nahi badira, ilbeheran bildu. Ilbeheraren barruan fruitu egunak lirateke egokienak. Beti ere izotzak etorri aurretik; Euskal Herrian aldaketa asko dira izotzaren aldetik, beraz zeuk ikusi zur kiwi horien aldean nola datorren hotza. Aurten azaroan ilbehera 8an hasi zen eta 22ko 03:07arte izango da. Fruitu egunak berria, 12 eta 13 (dagoenerako paseak direnak) eta 21 egun osoa. Abenduan ilbehera 5eko 12:43etan hasiko da eta 19an 10:33etan amaitu. Fruitu egunak 8 (10:00etatik), 9 egun osoa, 10 (15:00etatik 19:00etara) eta 18 (12:00etatik 17:00etara) izango dira.
Uzta on!
Azaroa oso hilabete ona da. Baina baita abendua, urtarrila eta otsaila ere. Toki oso hotzetan baita martxoa ere.
Nahi duzunean, landatu. Kontutan izan behar duzun gauza bakarra hotza da. Hotz handia egingo duela sumatzen baduzu ez egin landaketa, sustraiak erre daitezke eta.
Landaketa egindakoan ongarri organikoa eman, erruz eman. Geruza lodi bat 3-4 behatz jarri denean, udaberrian eta udan nabarmenduko duzu. Marrubiak janari asko eskatzen du.
Feijoak aldaera asko dago, batzuek bere burua ernaldu dezakete eta beste batzuek ez. Jakin beharko litzateke zein aldaeratakoak diren zuk dituzunak.
Lehen galdera lorerik ematen ote duten da. Loreak zabaldu eta gero fruiturik ez badute ematen arazoa polinizazio falta izan daiteke, hau da polen arra emearengana ez iristea. Adibidez “Robert” edo “Superba” bezalako aldaera batekoak badira beste polinizatzaile bat hearko dute beti. Aldiz, “Apollo” edo “Unique” bezalako aldaeratakoak badira bere burua ernaltzeko gai dira.
Hala ere argazkiak ikusten denak gaztea dirudi, fruitua eman ahal izateko heldutasunera iritsi gabea, alegia.
Arakatza, Ribes uva-crispa, gazteleraz uva espina, landare arantzatsua da. Toki eguzkitsuak maite ditu arakatzak, baina zenbait aldaerek sufritu egiten dute eguzki galdatan.
Ugaritzeko aldaxka baino eraginkorragoa da adarrak lurpera eramatea, handik kimu berriak ematean lurpeko tarte horretan sustraiak emango dituzte, ondoren moztu eta landatu. Antzeko lana egin daiteke landarearen ipurdia lurrez estaliz. Urtebete ondoren lurpean egond en zatia sustraiz jantzia izango da, moztu eta landatu. Ongarri zalea da arakatza. Neguan bere inguruko lurra satsarekin edo luarrarekin estali. Fruitu asko badu maiatza aldera beste ongarrialdi bat eman.
Andrearen hori ez dut ulertzen baina mizpirondoak ez du aparteko baldintzarik ezkatzen. Lurra zenbat eta hobea izan orduan eta hobeto emango dizu.
Eskuratzeko ez dut uste arazo handirik izango duzunik. Muintegiren batean galdetu eta ez badute ekarriko dizute. Oraindik garaiz zabiltza. Ahuakateondoak gero eta ugariagoak dira gure lurretan. Itsasaldeko lur epeletan fruitu ederrez jantziak oraintxe ikusten dira. Bejondeiola zureekin andreari.
Irasagarrondoa eztitu daiteke. Bai irasagarrarekin, beste aldaeraren batekin, edo baita madariarekin ere. Otsaila aldera adarreko txertua eta uztaila-abuztuan begiko txertua eginez.
Ez eztitzea erabakiz gero, eperdian sortu diren altsuma horietatik onena edo zuzenena datorrena aukeratu eta besteak moztu. Gero ere sortuko dira berriak, haiek ere kendu.
Nire iritziz, laranjondo horrek izurriteren bat du edo izan du. Jeneralean zorria edo kotxinila duten zitriko fruitu rboletan hau gertatzen da: zorriak edo kotxinilak izerdia zurrupatzen du eta horretarako zauriak egiten ditu arbolaren kimuetan eta hostoetan. Zauri horietatik izerdia kanpora ere jariatzen da. Izerdi honetan eta intsektuek uzten dituzten hondakinetan onddoak garatzen dira, gehienetan beltza ("negrilla" deitzen zaio gazteleraz) baina posible da beste edozein onddo ere etorri eta garatzea. Beraz ondo miatu arbola ea intsektuak topatzen dituzuen. Topatu edo ez, tabako urarekin eta xaboi potasikoarekin tratatu. Hiruzpalau tratamentu eman zortzi-hamar eguneko tartearekin, arbola ondo-ondo bustiaz, goi eta behe.
Bai, ilbeheran jasotzea komeni da, beldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Aurten fruitu egunak izaki, urriak 15, 16 eta 25 oso onak izango dira. Gogoan izan kuiari txortenaren zati bet berarekin utzi behar zaiola, hortik usteldu ez dadin.
Kiwiak neguan hostajea galdu egiten du, eta ezaugarri hau duten landare guztiek bezala negu-neguan landatu behar da. Nahi izatera aurrez zuloak prestatu daitezke, hemendik atzera nahi denean: zuloa egin eta simaurra nahasi lurrari.
Kontutan izan beharreko gauza bakarra izotza da. Izotza egin duen egunean edo hurrengo egunetan egiteko arriskua badago landaketa ez egin, sustraiak erretzeko arriskua dago eta.
Hurraren gurgurioa da, Curculio nucum.
Hurraren arazo handiena da. Intsektu txiki bat da. Negua har forman igarotzen du lurpean, udaberrian heldu bezala atera eta hur txikiak eta hosto eta kimu berriak jaten ditu. Maiatza eta iraila artean helduak ibiliko dira, arrautza berriak hur samurretan sartuko dituzte, bakoitzean bana. Hauetan harra sortuko da eta hurra barrutik jango dute. Gero zulo bat egin eta aterako dira lurpera joateko, negua pasatzera. Lurpean hiru urtera arte egon daitezke.
Toki hezeak eta freskoak maite ditu.
Ez da erraza borroka. Tratamenduak intsektua arrautzak jartzen dabilenean egin beharko lirateke, ekologikoa: "Neem" olioa + xaboia. Garai batean goizean goiz edo ilunabarrean, bero handienak joandakoan hur adarrak maindire zuri bat azpian jarrita astinzen ziren, gurgurioak bildu eta hiltzeko.
Adar artean laranjak erditik ebakita jarri eta bertan luze aritzen omen dura zurrupatzen, biltzeko aukera emanez...
Izurrite bat da: eriniosia. Akaro baten erasoaren ondorio dira koxkor horiek. Azpiko aldetik hasieran zuriak dira eta gero gorritzen joango dira, haizearekin oxidatuz.
Ez da izurrite ikaragarri horietakoa. Jeneralean ez da tratatzen, baina bi gauza egitea gomendatuko dizut:
1. udaberrian kimuak irekitzen dituenean eta arra beteko luzera duten arte bizpahiru alditan sufre hautsa zabaldu landarearen gainetik
2. inausketa egiten duzunean moztutako aihenak edo adarrak ez jaso edo lurrean bertan utzi, arretaz bildu eta bertan erre.
Harjoa tximeleta batek (Cydia pomonella) sagarrean jartzen duen arrautza batetik sortzen den harrak sortzen du. Tratamenduaren emaitza ona tximeleta noiz dabilen jakitea da. Hemen, jeneralean, urtean bi belaunaldi izaten dira: maiatzaren amaiera-ekainaren hasiera eta uztailaren amaiera aldera.
Hasteko txoriak erakarri, tximeleta eta har ttikiak jan ditzaten. Jarri habiak egiteko etxetxoak. Era berean neguan enborra karesnez margotu, bertan egon daitezkeenak erretzeko. Enborrari kartoi izurtuzko gerrikoa jarri udaberrian, bertan gera daitezen harrak lurreraino jaitsi gabe; tarteka miatu eta daudenak akabatu.
Lehen belaunaldiko harrek harrapatutako alerik ikusten baduzu, bildu eta erre, ez utzi lurrean, bigarren belaunaldia eragotziko duzu horrela.
Sasoi horietan tranpak jartzen dira sagastietan: hormona usaina dute eta tximeletaren gustuko kolorea. Sagastiaren tamainaren arabera hainbat tranpa jartzen dira. Heuk arrak erakartzen dituzte eta bertan itsatsita geratuko dira. Azaltzen direnean tratatzen hasi.
Tratamendu naturalak bi dira: Karpobirusina eta Bacillus thuringiensis. Lehena da onena. 3-4 tratamendu egin 8-10 eguneko tartearekin. Nahi izatera bi produktuak txandakatu.
Bai aurten bada zorritik!
Kontuz simaurrarekin edo nitrogeno asko duen ongarriketarekin, horrek ikaragarri laguntzen dio.
Zorriaren aurkari onak amona mantangorriak eta krisopak dira. Erosi eta zabaldu daitezke. Ondorengo landare hauen urak erabili: intsusa, izpilikua, tomatea, larranbiloa, bortusaina, mota-belarra, baratxuria, garoa, asuna, azeribuztana, zolda-belarra eta, batez ere, tabako-belarra. Hauen urei beti xaboia erantsi, ahal baduzu xaboi potasikoa. Tratamendua hirutan errepikatu, 8 bat eguneko tartearekin.
Nik esango nuke hurritzak urtero ematen duela fruitua. Eta ez bada hala arazoren bat dugu. Hau gertatzeko hiru arazo posible ikusten ditut: lurreko gaitza izatea, hau da hemengoa ez den aldaeraren bat izan eta onddoren bate erasotzea; bestetik, polinizazioan arazoak izatea, udazkenaren amaieran loratu eta polinizatzen da eta orduan arazo bereziren bat izatea, batez ere eguraldiari lotua; edo fruitua erortzea, fruitua hartuagatik, hostoa ireki eta fruituak azaltzen direnean giro bero edo lehor edoantzeko txarkeriren batengatik fruitu pinport ttikiak erortzea.
Kiwia (Actinidia sinensis), gure lurretan ez da arbolean bertan heltzen edo umatzen. Arbolean utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzeko edo gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.
Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahal den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jarri.
Nire iritziz honelako lanak egiteko ilbehera da egokiena. Sagardoari gehixeago kostako zaio etortzea baina luzeago iraungo du. Botilaratzeko ere ilbehera aukeratu, inolako zalantzarik gabe. Sagardoak dantzatu ederra hartzen du botilaratzean eta hobe da ilbeheraren apaltasunean egitea. Egun ekaiztsuetan eta haizetsuetan ez nuke nik lan hori egingo. Hotzak, aldiz, lagundu egiten duela esango nuke, sagardoa garbiagoa, ama gutxiagorekin, izango da.
Argazkiak ez du informazio gehiegirik ematen, baina saiatuko naiz. Itxuraz limoiondoa (Citrus x limon) kartzelan bizi da, lorontzi batean, alegia. Ontzia txikitxoa izango da. Fruitu arbolak hazteko ontzi handia jarri, HANDIA. Limoiondoari eguzkia gustatzen zaio, ahalik eta gehien izan dezan saiatu. Ureztaketa zaindu, erraz drainatzen diren lurrak atsegin ditu. Eta etengabe ongarritu, hilero edo bi hilabetetik behin ongarri organiko ona (simaur zaharra, luarra...) jarri lurraren gainean.
Kontutan izan: ontzietan bizitzen diren landare guztiak ahulagoak dira, eta gaitzek eta izurriteek errazago erasotu eta kaltetzen dituzte.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545