Atsaldeon! Duela 8 bat urte eje zentralean landatutako sagarrondo sail bat azkenengo urteetan kasurik egin gabe daukagu. Zuhaitz gehienek ez dute sagar bakar bat. Gainera, ardiek enbor askoren azala jan dute… Honek ba al du soluziorik? Nola? Ongarri faltagatik izan daiteke?. Bestetik, ardiek egindako miñak soluziorik bai?. Eskerrik asko!
Sagarrondoak ezagutu beharko genituzke, lehenik. Zein mentuoinaren gainean txertatuta daude, zein barietate dira eta erdiko ardatza izanik ere zein gobernu mota dute: era askean hazteko, sarean edo alanbrean hesi bezala hazteko… Horretan inausketa gakoa da, ez egiteko edo behar beharrekoa izan daiteke… Bestetik ardiak ibiltzea berez ona da; sagastian zenbat denbora bazkatzen direnaren arabera ongarriketa nahikoa emango dute. Baina ongarriketa hori desegokia izan daiteke, lurraren arabera: agian nitrogeno gehiegi pilatzen da lurrean eta horrek adar eta hosto asko ekartzen du, baina lore eta fruitu gutxi. Horrela balitz ardien bazkatzea urritu beharko litzateke eta karea dantzatu, batez ere lurra buztintsua bada. Zenbat urte da karerik ez duzula eman? Edo ematen baduzu zenbatsuko dosia erabiltzen duzu? Ardiek sagarrondoen azala jatearena beste sagardotegiko barrikotea da. Ardiak, batik bat, belarra jan ohi du, baina gogorretik ere behar du. Bazka sailean zuhaixkak eta arbolak behar ditu, hortza hazi egiten zaizkio eta horiek higatzeko edo gastatzeko zerbait gogorra hozkatu behar du. Zuhaixka edo zuhaitzik ez badu fruta arbolari helduko dio. Konpontzeko zuhaixkak edo zuhaitzak landatu ertzetan edo bazkalekua zabaldu eta barruan sartu inguruan dagoen zuhaixka-zuhaitz multzoren bat. Zauriak sendatzeko, labana zorrotz batekin zauri printzatsuak garbitu eta denean salda bordelesa eman isipu batekin. Salda bordelesa hautsa poto batean jarri eta ura pixkanaka erantsi ondo nahasiz; ore bat egindakoan hori zabaldu zaurietan.
Irtenbidea, beraz, ongarriketa zehaztu behar du edo ez, karetu, ardien sartu-etera kontrolatu, arbolak haien hortzetatik babestu eta zuhaitz-zuhaixkak eskuera jarri, eta zauriak sendatu. Lan horiek zehatzago azaltzeko agian profesionalen baten laguntza jasotzea ez legoke gaizki…