Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herriko (kanntaurialde) zein landare dira aproposak etxerako? Pots, fikus, geranio, Platycerium bifurcatume, palmera eta abarren ordez bertakoak diren zein landare etxe barruan eta zein balkoian? (Klima tropiketan bidaiatzen ari naiz, eta etxerako erabiltzen ditugun landareeetako asko ari naiz naturan ikusten...)
ETXEKO LANDAREAK liburuan (https://azoka.argia.eus/produktua/etxeko-landareak-jakoba-errekondo-bizi-baratzea/ )ederki asko azaltzen dut: gure etxe barruetako baldintzak ez dira kanpokoak. Kanpoan hotz egiten duenean etxea berotu, bero egiten duenean etxea hoztu, iluntzen duenean etxean argiak piztu. Beraz barruen ezingo duzu hemen kanpoan ditugun landareak eduki. Balkoian edo kanpoan bai: begiratu orientazioa, eguzki orduak eta abar bezalako balkoiaren antzeko baldintzak dituen lur sailetan zer landare ikusten dituzun eta zein atsegin dituzun, eta haiekin hasi. Adibidez, eguzki galdatan egoten ez den balkoia baduzu garoekin saioa egin.
Gaur arte erantzundakoak (986 galdera-erantzun)
Kaixo Jakoba! Arbi gara edo greloa deritzona nola etorriko litzateke gure kostaldean?Ereiteko egunik aproposena? Mila esker
Arbigara, izenak dioen bezala arbiaren lore gara da. Arbia abuztuan ereiten da, hazi burua loditu eta gero hurrengo urteko udaberrian loretarako gara emango du. Orain egin dezakezun gauza bakarra, arbisororen batetik arbi landareak hartu eta baratze edo soro bazterren batean birlandatzea da. Gero negu amaieran garak biltzeko.
Otxandixon, baserri ondoan, leixar lizar handik bat daukagu; hazi eta hazi egin da eta etxeko hormak eta teilatua urratzen digu, eta ostotza ere teila artera botatzen digu. Guri aitak diño jota erdi ingurutik moztu behar direla adarrak, bestela laster dala barriro teilatuan, baina niri erreparoa emoten dit asko moztea, susterrak ahuldu eta ihartuko ote dan. Zer deritxozu Jakoba? Moztekotan, noiz moztu, hilberan edo hilgoran? Eskerrik asko.
Lizarra maiz jarri izan da etxearen inguruan. Etxea babesten duela esan ohi da. Hasiz gero nik mugarrotu egingo nuke. Arazoa beti hor izango da, baldin eta etxea mugitzen ez badezute. Beraz 3 metro ingurura enborra moztu eta hortik sortzen diren adarrak 5-8 urtetik behin moztu baita eta beti tamaina batean eutsiko diozue. Mendian lehen egiten zen zuhaitz motzak sortuz su egurra eta zura izateko. Adarrak erdi tamainan moztuta laister dituzu oraingo tamaina berean: enbarazu bera, buruhauste bera, lan bera… Honelako lanak beti izerdi berria etorri aurre horretan egin behar dira, Otxandion negua bero badoa otsaila amaieran edo, gainontzean, martxoa hasieran, beti ilbeheran eta ahal izanez gero sustrai egunean. Hurengo urtean hauek izango dira: otsailean 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18 eta martxoan 15 eta 16.
Kaixo Jakoba, mesedez beharko nituzke jakin 2025eko tenporak noiz (zein egunetan) diren. Mila mila esker aldez aurretik.
Tenpora egunak dagoenerako argitaratuak ditugu urteroko ILARGIAREN EGUTEGIAN. Bera eskuratzeko aukera duzu alkartasuna@usurbil.com edo bizibaratzea@bizibaratzea.eus helbideetan.
Baratzean ximaur pila tapatuta edukitzea komeni da? Tapatuta egotea komeni bada nolako tapakia da egokiena? Eskerrikasko.
Simaurra ukuilutik edo kortatik ateratakoan luartu egin behar da. Horretarako azpi onak izan baditu besterik gabe pilatu; organiko, edo azpi gutxi izan badu pilatzerakoan geruzaka nahasi. Gero bi edo hiru ilbeheratan irauli egin behar da. Ondoren bakean utzi. Bide hori dena lehen, ahal zen neurrian, estalpean egiten zen. Baita kanpoan ere. Hartzidurak eta luartzea amaitzen direnean orduan bai estaltzea ona litzateke. Estali baino ito gabe: euria kentzea da helburua, jakiak urtu eta eraman ez ditzan.
Etxe bueltan landare hesia jarrita daukagu aspaldi eta tamaña handia dauka, 2 metro pasa. Inausi behar denean lan handiak ematen digu eta iñoiz ikusi izan dut metro bete inguruan ebakitakoak. Egiterik ba al dago? Eta egitekotan noiz?. Gainera argazkian ikusten den moduan leku batzuetan ostoak galdu eta arre kolorea hartzen du, zerbait egin genezake?.
Horrelako hesiak egiterakoan oinarrizkoa da kontutan izatea zein lan emango zuen gero mantentzen. Garaieraren arabera lan hori nekeza, oso nekeza edo eraman ezina izango da. Bere lanerako (muga egiteko, zerbait ezkutatzeko…) garaiera hori ez baduzu behar lasai moztu nahi duzun altueran. Ondo hausnartu zein altueran izatea nahi duzun, eta mozterakoan urtebetean haziko dena kontutan izan eta hori beherago moztu., beti ere eskuera mozketa erraza izan dadin. Inausketa hori egiteko sasoi onena izerdi berriaren hasiera da, ez bada toki oso hotz batean martxoko ilbeheran. Indarrez biziberritzeko ongarritu ondo, onena orain udazkenean. Hosto arreena gertuagotik jarraitu beharreko gaia da. Agian lurreko onddoren batek sortutako gaitza da, edo hostaje handiaren barruan batzuk ihartzea… ea ebakialdi berriaren ondoren zer gertatzen den arretze horrekin.
Kaixo Jakoba, artoa aletu ondoren nola jaso tximeleta ez sortzeko? Gero jateko eta datorren urtean ereiteko izango da. Eskerrik asko aldez aurretik.
Nire ustez onena izozkailutik pasatzea da. Jarri artaleak ontzi edo poltsa hermetikoetan eta izozkailuan eduki 2-3 egunez. Honela aleetan egon daitezkeen tximeletak, arrautzak edo harrak hil egingo dira. Izozkailutik ateratakoan ontzi edo poltsa horietan mantendu, inola ere ireki gabe, bestela kanpotik tximeletak sartzeko arriskua dago. Erein behar dituzunak orduan bertan atera, eta gainontzekoak jan ahala atera.
Porruak,azak,azaloreak irailaren amaieran landatuta oso oso eskas daude.Zer egin?
Kaixo, Jakoba. Orain hogei egun inguru eraztundu zaigun Eskobare kerten baten neurriko Jupiter zuhaitza degu eta bere azalarekin zubi-txerto moduko bat egin genion segituan eraztunaren inguruan. Konturatu gera hostoak galdu dituela eta azken adarretako azala badirudi lehortzen ari dela -txertotik gertukoak ez du halako zantzurik-. Zalantza hauek sortzen zaizkigu: - Nola jakin txertoa bere funtzioa egiten ari den? berria egitea komeni da? hala bada noiz eta mota bereko beste zuhaitz baten azalarekin egin daiteke? edo hobeto adartxoekin egitea? bideragarria da bi motako txertaketak egitea aldi berean, azalarena eta honen azpi-goitik adartxoekin? zein da (dira) aukerik egokiena gure egoera honetan? Milesker.
Arbolari buelta osoan azala kentzea oso zauri larria da, gerrikotzea edo gerrikoa egitea da. Zalaren txertoak ondo hartzea oso zaila da, batez ere azala gogortua daukaten enborretan. Agian zubiarena egitea egokiagoa da. Nik azalarena mantenduko nuke eta zubiak egin. Neguaren amaiera aldera, martxoko ilbeheraren amaieran, lehen egindakoa azalarena lehortu eta askatzen bada kendu, goiko eta beheko ebakiak berritu eta berriz jarri, azal berri bat. Eta azal horren azpiagotik goraxeagora adar gazte indartsuekin zubiko txertoak egin. Txerto horiek egiteko indarrean dagoen espezie bereko arbola bat bilatu beharko duzu.
Kaixo Jagoba Azken hilabeteotan, duela bi urte aldatu nuen intxaur baten ingurua erreta edo igartua ageri da. Ematen du norbaitek herbizida bota duela, baina guk dakigula ez da holakorik gertatu. Susmorik hartzen al diozu? Mila esker
Herbizidaren itxura osoa du. Edo antzeko lana egiten duen zerbaitena. Adibidez aziendaren bat landareren batekin tematzen denean eta bere ipurdian pixa egiten badu, gainontzekoek ere arrasto hura berearekin estali nahi izaten dute eta horrelako guneak sortzen dira eta maiz landarea hil. Larreetan ere horrelako gunean maiz ikusten dira. Horrelako zerbait dela esango nuke. Zein animalia den jakin behar…
Arratsaldeon Jakoba Aiatik idazten dizut, guk etxevondoan sagasti bat dugu eta azken urteetan asuna asko ugaritu zaigu, ardiak ibiltzen dira zelaian tarteka baina urtean 2/3 aldiz desbrozatzen ditugu asunak. Entzuna dugu udaran ilberri garaian sasoi ona dela asuna eliminatzeko eta saiatzen gara horrela egiten. Orain udazken negu partean zer egin genezake? Ea laguntza txiki bat eman diezaiguzun, Eskerrikasko, Edurne
Asuna nitrogeno asko dagoen lurretan ugaltzen da. Simaurketagatik edo larretzen den aziendarengatik goititzen da nitrogenoa. Desbrozaketak laguntzen du atzeratzen; beti ilgoran egiten saiatu eta ahal izanez gero hosto egunetan. Udakoak oso eraginkorrak dira, baina onena urte guztian moztea da, azpiko sustraietako erreserbak ahultzeko. Era berean neguan egin dezakezuna da karea zabaldu. Sagastiarentzako bereiziki ona da eta asunari kalte egiten dio. Aspaldi karerik ikusi ez duen lurra bada 200 gr /m2 erabili. Eta urtetik urtera 50 gr gutxiago eman dosi arruntera iritsi arte: 75 gr/m2. Simaurrik ez eman urte pare batez behintzat…
Kaixo, Jakoba: Etxeko baratzerako bacillus thuringiensis-a erosi nahi eta produktu fitosanitarioen maneiatzaile-txartelik gabe ez didatela salduko esaten didate. Hori horrela izanik, Nafarroan non egin daiteke delako txartel hori eskuratzeko ikastaroren bat? Aldez aurretik, esker mila zure arretagatik
Hemen duzu Nafarroako Gobernuaren nekazaritza sailaren webgunean atal horren berri jasotzen duen gunea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/produktu-fitosanitarioen-erabiltzaile-profesionalaren-txartela
Bertan ikusiko duzunez edozein argibide behar izanez gero harremanetarako bide hauek dituzte:
Nekazaritza Zerbitzua
Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala
González Tablas kalea 9, 1. solairua
31005 Iruña (Nafarroa)
Telefonoak: 848 426 665 / 848 426 239
Helbide elektronikoa: spsv@navarra.es
Kaixo Jakoba . Tipulatxoak hartu dittut lehenengoz . Zer egiten dira hauek erein edo aldatu? noiz dira ilargi eta egun egokiak? eskerrikasko Joxe
Nire iritzia erein baino landatu gehiago da. Ez da hazi bat, landare baten erreserba bat baizik, eta ama haren kopia bat sortuko duzu. Hala ere saio polita egiteko aukera duzu tipula ttiki horiekin. Landatu ilbeheran eta sustrai egunean: azaroaren 25, 27 arratsaldea eta 28. Eta erein ilgoran eta sustrai egunean: abenduaren 5,6,13, 14 eta 15. Eta ikusi emaitzak. Denak batera atera eta pisatu. Hitz egingo dugu.
Kaixo,
Arkaziak (robinia pseudoacacia),noiz da sasoia botatzeko?
Ondo izan,
Sabin
Sasiakaziaren zurari gogorra izatea eta busti-lehorrean luze irautea eskatzen zaio. Horretarako negu-neguan eta ilbeheran botatzea komeni da. Abenduko ilbehera 16tik 29 arte izango da, urtarrilekoa 12tik 25era eta otsailekoa 9tik 22ra.
Kaixo. Kalabazak noiz bildu? Eskerrik asko!
Kaixo jakoba, jakin nahi nuke mendiko nisperoa hezurretik errez gehitu daiteken t nola. Mila esker. Paki
Nik ez dut ezagutu hezurretik sortutako mizpirondorik. Badira mendian, baina baratzean egindakorik ez dut ezagutzen. Mizpira ugaltzeko era ohikoena txertatzea da, elorri zuriaren gainean txertatzen da, neguan zotzetik eta udan begitik.
Ea ba Jakoba, densimetrok esaten ziak upela ixteko daketela, etxoin eingoiat ilbehera 19a eo oi baino lenau itxikoiat? Tenperatura 13°ta densidadea 1001. Ze komendatzeiak? Aioooo ta eskarrikasko aldez aurretio.
Historia osoa jakin beharko genikek (zer sagar mota, nahasketa, nozi jo eta muztioa upeleratua…) baina dentsitate horrekin nik lasai itxi egingo nikek. Nahi izatera, badaezpada, ixteko kortxoan zuloa egin eta tutu txiki bat jarri zeikek kanpoko muturra urez betetako botila batean sartuz. Urak etziok aireari sartzen utziko, eta era berean barruan gasik sortuz gero uretan barrena erraz asko aterako dek. Itxi, itxi, ilbehera arte itxaron beharrik eztakak.
Kaixo. Jakin nahi nuke,ea oilo ximaurra nahiko freskoa zabaldu daitekeen orain lurrean,eta ea udaberrian landaketa egiteko ez dihoen kalterik egingo lurrari Edo aldatzen denari fresko botatzeagatik ximaurra? Besterik gabe,zure erantzunaren zai geratzen naiz.Eskerrikasko!!
“Nahiko freskoa” horrek zer esan nahi duenaren arabera. Egin berria bada ez. Hobe bazterrean luartzen utzi eta hemendik urtebetera erabili. Luartzeko geruzaka jarri eta tartean materia organikoa sartu: garoa, orbela, belarra, arta zuztarrak… Eta Lehen bi ilbeheretan pila irauli. Dagoenerako 6-8 hilabetekoa bada, oilo zirinaren kasuan oraindik nahiko freskoa, orduan bai, beste 5-6 hilabete behintzat egingo dituelako lurrean ontze bidea osatzen. Aldatu berria den landareari ez eman sekula simaur berririk.
Hilgora honetan zein da egunon egokiena illarra ereiteko?
Ilgora datorren astelehena 18 eguerdian amaitzen da, eta egun guztiak dira onak, baina onena bihar ostirala 15, fruitu eguna baita.
Noiz bota bear dira arkaziak (robinia pseudoacacia), egurran elastikotasuna al dan aundia izateko?
Elastikotasunaren bila bazabiltza sasiakaziarekin ahaztu. Gurean ezagutzen den egurrik gogor eta zurrunenetakoa da. Zuzeneko tentsioak eramateko egur onenetakoa da, hesola, zutabe eta tankerakoetarako. Baina alboko tentsioa, edo okertzea bilatzen baduzu krak, laster hautsi eta pitzatuko da.
Hala ere elastikotasuna nahi baduzu izerditan dagoenean eta ilgoran moztu, abuztuan edo irailean adibidez.
Noiz izango dira egunik onenak biltzeko? Eskerrik asko
Dagoenerako iritsi da bai kiwiak biltzeko sasoia, izotzak ez harrapatzea baita garrantzitsuena. Ilbeheran biltzea komeni da eta ahal izanez gero eta sustrai egunean. Ilbehera 18 tik abenduaren 2ra izango da, eta sustrai egunak 25, 27 arratsaldea eta 28.
Kaixo Jakoba, Iaz geranioak garai hontan kimatu nituen, baina ez naiz ongi oroitzen azaro edo abenduan gomendatzen zenuen zuk, eta zein ilargi fasetan... ea lagundu nazakezun... Esker mile!
Martxoa da berez sasoi egokiena. Toki gozo eta negu epeleko urtetan otsailean ere bai baina onena martxoa. Ilbehera izaten da onena. Loreontzitan bizi badira eta urte pare batez edo gehiagoz luberritu gabe badaude hura berritu eta moztutako adarrak landare berriak sortzeko adaxka bezala erabili eta landatu. Bitartean toki hotzean bizi badira, horma bero baten kontra babestu eta behar izanez gero txapela bat jarri edota plastiko batekin harro harro tapatu.
Noiz txertatu egin behar da aguakatea eta zein dan txertaketaren era egokiena?
Bi txerto mota erabiltzen dira, batez ere, ahuakatea txertatzeko: zotzekoa eta begikoa. Zotzekoa ekaina aldera egiten da, sasoi berriko hazkunde nagusia apaldu denean. Hemen erabiltzen den zotzeko txerto arruntaren aldean errazagoa da: ez da mentu-oina zartatu behar, azalaren alderago irekitzen da goitik behera mentuaren zabalera duen ebakia eta hor sartzen da mentua behean txistuan egindako ebaki bakarra enborraren aldera jarriz. Begiko txertoa uztaila eta iraila artean egiten da. Txerto hu hemen egiten den ohikoa da: mentu-oinari gurutze formako bi ebaki eginda azala altxa eta azpian begi bat sartzen da; gero bil-bil egin eta ondo ixten da. Emaitza onenak ematen dituen txertoa zotzekoa da.
Kaixo. Altza baso txiki bat dugu etxe ondoan eta arraz bete dela ikusi dugu. Hauek kentzeko modurik badago? Neguan hilko dira? Fruta arboletan arrik ez dagoela ikusi dugu, salbu dira? Arriskurik badago? Eskerrik asko Jakoba
Ondo konpontzen ez diren bi barazkiren artean utzi daitekeen tartea Jakin nahiko nuke? Adibidez neguko kipula eta illarren artean? Eskerrikasko.
Onena tartean biekin ondo moldatzen den bat jartzea da. Orain negurako adibidez: uraza, marrubia, eskarola, erremolatxa, errefaua, azenarioa, aza eta azalorea. Ez bada aukerarik, sasoia egokia ez delako, barazki hori nahi ez dugulako edo dena delakoa, metro bete inguruko tartea utziko nuke. Borroka nagusia sustraien artean janaria harrapatzekoa da, eta tarte horrekin bi horientzako nahikoa da.
Arratsalde on, jakin nahi nuke negu partean baratza plastikoz estaltzea ona den edo ez? Askok egiten dute eta nire zalantzak ditut. Mila esker!
Lurra zerbaitekin estaltzea ona da. Baina plastikoa azken aukera da. Eta bere alde txarrak ere baditu: lurrari arnasa hartzen ez dio uzten, lurruntzen den ura bertan geratzen da lurra istilduz edo urasetuaz. Hobe da material organikoren bat jartzea eta denetan onena bizirik dauden landareak edukitzea sail horretan. Ongarri berdea erein daiteke, sortzen diren landareek lurraren higadura mugatuko dute, lurra aberastuko dute eta amaieran ongarri izango dira. Garai batean bertan jaiotzen ziren belarrak uzten ziren. Ezagunena sapelarra da (sapabelar, txabarkoia, Stellaria media); neguan lurrean hazten uzten zen eta udaberrian, giro epelekin horitzen hasten zenean berak adierazten zuen lurra lantzen hasteko garaia etorri zela.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545