Uzta, eraintzaren saria.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Belardia hazitik nola sortu
2026-05-26 08:24 | Eneka

Kaixo Jakoba: Ikastolarekin baso-eskolan gabiltza eta eremu batean belarra erein nahiko genuke. Azalduko diguzu mesedez nola egin? Aurretik hazia busti beharko genuke?


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-05-27 19:46

Belardi berriak sortzeko bi urte sasoi dira nagusiak: martxoa eta iraila. Orain berandu samar da, hala ere Aurrera eginez gero kontutan izan arazo larriena ureztaketarena izango dela. Uda partean maiz samar ureztatu beharko duzue, sustraiak azalean egongo dira eta konturatzerako landareak ihartu egingo dira. Prozedura ez da zaila, baina urrats ugari du. Lehenik lur ona prestatu, ongarritu eta harrotu; agian karea ere beharko du eta hondarra eskuratzerik izanez gero hobe. Gero lurrazala nibelatu, hau oso garrantzitsua da, gero zulorik ez izateko. Ondoren hazia zabaldu, ez dago aurrez busti beharrik; kopuru osoa erdibitu eta bi norabidetan banatu, haziak ondo hedatzeko sail osoan. Ondoren lurrazalean eskuarea edo arrastelua pasa, arin arin, hazia pixka bat estaltzeko. Gainetik alferra pasa, enbor formako traste borobila, lurra eta hazia itsasteko. Azkenik ureztatu. Eta uda partean ureztatu, eta ureztatu, eta ureztatu…

Zeuk erantzun

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera
gora