Kaixo, Jakoba: Etxeko baratzerako bacillus thuringiensis-a erosi nahi eta produktu fitosanitarioen maneiatzaile-txartelik gabe ez didatela salduko esaten didate. Hori horrela izanik, Nafarroan non egin daiteke delako txartel hori eskuratzeko ikastaroren bat? Aldez aurretik, esker mila zure arretagatik
Hemen duzu Nafarroako Gobernuaren nekazaritza sailaren webgunean atal horren berri jasotzen duen gunea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/produktu-fitosanitarioen-erabiltzaile-profesionalaren-txartela
Bertan ikusiko duzunez edozein argibide behar izanez gero harremanetarako bide hauek dituzte:
Nekazaritza Zerbitzua
Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala
González Tablas kalea 9, 1. solairua
31005 Iruña (Nafarroa)
Telefonoak: 848 426 665 / 848 426 239
Helbide elektronikoa: spsv@navarra.es
Gaur arte erantzundakoak (900 galdera-erantzun)
Atsaldeon Jakoba! Fruta arbolak erosteko hemen inguruko tokiren baten berri ba al duzu?. Besteak beste, sagardotarako sagarrondoak topatzen nabil baina Euskal Herriko leku askotan fruta arbolak saltzeari utzi diote. Eskerrik asko! Nora
Hurbil dudalako ezagutzen dut Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren kooperatiban saltzen direla. Ea horrekin moldatzen zaren. Gainontzean idatzi berriz.
Egunon!! Etumeta basarritik idazten diat. Belardin uztau eta asuna ikaragarri erten tzitek eta galdera dek karie noiz bota, ardi puriña bota aurretik edo gero?? Hil goran edo hil beran?? Eskerrikasko aldez aurretik
Uztaua eta asuna purinak indartzen dizkik. Ahal izanez gero purinik ez bota, edo dosia jaitsi. Purina orain ematea onena eta karea urtarrilean edo otsailean. Uda partean beste karealdi bat eman zitekek. Belardia karetzeko ohitura baduzue 100 gr/m2 eta aspaldi karerik usaindu ere ez badik egin 200 gr/m2. Hiru bat urte horrela eta hortik atzera 75-100 gr/m2.
Egun on Jakoba,
Babarruna bildu dut eta nola jaso jakiteko idazten dizut. Izoztea komeni dela dut entzuna, izan ditzakeen intsektu edo gaitzei begira. Nola egin nezake izozte hau?
Eskerrik asko aldez aurretik, eta azaro on!
Maria
Izozteak babarrunean izan daitezkeen gaitz eta izurriteen arrasto ia denak garbituko ditu. Arazo nagusia gurgurioa da. Aleak jan egiten ditu eta zulatu. Gurgurioa bera, edo bere arrautza edo harra egon daiteke babarrunetan. Izozteko ontzi hermetiko batean jarri eta izozkailuan eduki bi-hiru egunez. Ateratakoan ontzia ez ireki, bestela berriz kutsatu daiteke. Erabiltzerakoan behar den babarruna atera eta gainontzekoa bertan eduki, itxita.
Egunon. Limoi arbola bat daukat gaztea baina limoiz bete betea eta eder ederra dagoena baina… euli txuriz betea. Zer egin?
Milesker.
Euli txuria giro lehorrekin harrotzen da. Orain etorri zaigun freskura eta batez ere eurite honekin berak egingo du atzera.
Euli txuriarekin batera kotxinila egotea batere ez harritu. Orduan hasi xaboi potasikoa dantzatzen eta horri Neem olio aedo estraktoa nahasten badiozu hobe. Hiru tratamendu 8-10 eguneko tartearekin. Udaberrian ere miatu eta bietakoren bat azaltzen bada tratatu.
Gabon.Gure baratzan buztin asko daukagu.Askotan esaten duzu ibaiko ondarra ona dala.Etxean daukagu arrobiko ondarra,galdera da,ona da baratzan botatzeko eta zenbat? Mila esker
Harrobi horretako harriaren arabera erabaki beharko da. Adibidez, kare harria bada kaltzio emana kontutan izan beharko da, gaindosirik sortu gabe, gainontzean bestelako janariak lurrean kateatuta blokeatuta geratu daitezke. Hondarrik onena silize hondarra da. Arabako Laminoria harrobiko silize hondarra sonatua da Europa osoan. Lurra harrotu eta emankortasuna hobetzeko 5-10 kg/m2 hondar erantsi. Nahi baduzu bi emanalditan. Eta hurrengo urtean erreparatu; gehiago behar badu eman berriz ere. Ez daukazu lurpera sartzen ibili beharrik. Onena lurgainean utzi eta euriak sartzea da.
Kaixo, Tolosatik idazten dizut. Jardinean, melokotoi eta limoiondoa ditut eta noiz moztu behar diren jakin nahiko nuke. Bestalde, 5 urteko limoiondoak oraindik ez du fruiturik ematen eta ea normala den jakin nahiko nuke. Mila esker, eta ondo izan.
Ez melokotoia ez limoiondoa ez da komeni moztea. Melokotoia, fruta hezurduna ematen duten arbola guztiak bezala oso ahulak dira toki hezeetan. Zauriak eginez gero zura usteldu egingo da, tartean erretxin tankerako jariakin bat askatuz. Limoiondoa ere ez moztea hobe. 5 urte eta fruiturik ez ematea normala da, oraindik gaztea da. Inausten baduzu arazo hori areagotu egingo da, bera hazi eta zeuk moztu eta umetu. Horrela ez du fruiturik emango. Utzi hazten eta berak erabakiko du noiz eman. Arbola horiek soilik enbarazu egiten duen adar bat badute moztu behar dira; eta moztu aurretik beste nolabait konpondu badaiteke hobe, adarra okertu edo makurtu eta lotuz, adibidez.
Atsaldeon;
Kalabaza gordetzeko, noiz bildu behar da.
Mila esker, aldez aurretik.
Ilbeheran eta fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta ondoren freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Hurrengo ilbehera azaroaren 2 arratsaldean hasi eta 16 egun osoa arte izango da. Fruitu egunak berriz 8 eta 16.
Atsaldeon;
Baba haundia, ilarra eta baratxuria eraiteko egunik onenak zein dira.
Mila esker, aldez aurretik.
Ilarra eta baba ilgoran erein behar dira, eta fruitu egunean: azaroaren 17 eta 18 goiza, baita 25 eta 26; abenduan 14, 22, 23 eta 27.
Baratxuria aldiz ilbeheran eta sustrai egunean: azaroaren 9, 10, 11 eta 12; eta abenduan 6, 7 eta 9.
Noiz da alertzea mozteko garaia?, etxeko bigak jartzeko.
Etxearen zurajea osatzeko, zur gogorra eta iraunkorra komeni da. Horretarako neguan, izerdi gutxiena duenean eta ilbeheran botatzean komeni da. Ilbeheraren barruan onena sustrai eguna. Azaroaren 30 eta abenduaren 13 artean izango da ilbehera, sustrai egunak abenduaren 6, 7 eta 9 izango dira. Urtarrilean eta otsailean ere bota ahal izango da. Datan geroxeago argitaratuko den 2024ko Ilargiaren Egutegian ezagutuko ditugu.
Kaixo Jakoba, zein bide gomendatuko zenidake fruta arbolen zaintzan aurreratzeko? Kurso, liburu edota taldetan egiten diren jardueretan batzea pentsatzen ari naiz, gomendiorik? Eskerrik asko aldez aurretik!
Euskal Herrian ikastaro jakinak topatuko dituzu: gaztainaren etorkizuna, kiwia, inausketa, sagardo sagarrondoen zaintza, txerkaketa… Horietarako bidea aurkitzeko jo Fraisoro eskola, Fruitel elkartea, Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba, Nafarroako nekazaritza zerbitzura eta Arakilgo Udala eta Arrea elkartea. Gereziondoaren jakintzaz janzteko jo Itsasu aldera, ekoizle elkarte bat badute han antolatua. Oso ikastaro interesgarriak antolatzen ditu baita Asturiasko SERIDA zerbitzu publikoak; gure klimaren antzekoa dute han. Ahuakateondoari buruzko jakintza hedatzen ari da han bezala hemen; hemen jardunaldiren bat antolatu du Fraisoroko eskolak. .
Brokoliak hazten ari direnean belztu egiten dira.Zergatik da hori?
Alternaria generoko onddo ugarik erasotzen dute brokolia; baita burutzen den gainontzeko aza jendea (erromaneskua, azalorea…) eta gurutzedunen familia bereko belarrak ere. Berez familia hori hotza zalea da, baina landatu eta aurtengoa bezala, udazkenean hoztu beharrean epeletik eta berotik jotzen badu eta hezetasuna baldin badago erasoa segurua da. 18º eta 30º artean erasotzen dute, batez ere 20º eta 27º artean eta hezetasuna handia denean. Horrelako giroa datorrela badakizunean aurrez tratatu fungizida batekin: salda bordelesa eta asun ura; xaboi potasikoa ere gehitu, tratamenduak ondo ondo estali dezan landare guztia.
Noiz batu behar ditugu kiwiak?
Kiwia gure lurretan ez da landarean bertan heltzen edo umatzen. Han utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzeko edo gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.
Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahal den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jarri.
Kaixo Jakoba,
Sagar urtea izanik asko usteldu egin zaigu eta jakin nahi nuke kompostarako erabili dezakegun.
Zure erantzunaren zahi gelditzen naiz.
Inolako arazorik gabe. Sagar asko bada, eta luar pila desorekatuko badu, ondo nahastu lehendik daukazun luarrarekin. Usteltze errazekoa da sagarra, eta lehendik hasia badago gehiago. Horrek luar pila berotu egingo du eta udaberrian erabiltzeko moduan izango da. Haziak ere bertan izango direnez landaretxo asko sortzeko “arriskua” dago.
Noiz da 2023an kalabaza jasotzeko sasoirik onena?
Kuiak jaso eta irautea bada helburua ilbeheran eta sustrai egunean jasotzea komeni da. Aurten hurrengo ilbehera azaroaren 2aren 12:00etatik 16ra arte izango da. Sustrai egunak 9 arratsaldea, 10 egun osoa, 11 arratsaldea eta 12 goiza izango dira.
Kaixo
Jakin nahiko nuke ea noiz moztu behar den alkazia arbola piketek egiteko.
Eskerrikasko
Beti neguan eta ilbeheran. Abendutik otsailaren amaiera arteko ilbeheran, alegia.
Arratsalde on Jakoba
Duela hilabete batzuk aguakate bat landatu nuen.
Normal normal hazten joan da. Lehenengo uretan eduki dut, sustraia atera zedin, lorontzira lekualdatu dudanera arte.
Ondo zihoan, astiro, hosto berde berdeekin. Azken astean horrelako orban marroi batzuk agertzen joan zaizkio hosto batzuetan, hasieran puntutxo batzuk zirenak hedatzean doaz dexente azkar hostoak guztiz sikatu arte.
Interneten irakurri dudanaren arabera hainbat aukera daude honakoa azaltzeko, ur gabezi edo gehiegizko ura, tenperatura edo gehiegizko eguzkitzapena, lurraren konposizioa...
Ideiarik? Gehiegizko eta ur gabezia ez nuke esango denik... baina batek daki, lehenengo aldia denez honakoa egiten dudana agian oraindik ez dut neurria behar bezala hartu. Sikatzen dauden hostoak kenduko nituzke?
Eskerrik asko!
Zaindu
Nire ustez lehorte handi bat igaro du, egun gutxi batzuk bero handiarekin nahikoa dira horrelako erredurak sortzeko hosto berri gurietan. Bestetik eguzkiak zuzenean eman eta erreta ere izan daiteke. Lasai hartu, hosto berriak ederki asko datozela ikusten da.
Intxaurrondoaren eulia da horren erruduna. Udara osoan ibiltzen da, uztailean hasi eta uzta arte. Euliak intxaur ale txikien azal lodian edo zokotenean arrautzak jartzen ditu eta haietatik harrak sortzen dira. Har horiek kanpoko azal guri hori jaten dute. Horiek sortutako zulobide edo galeriak zauriak dira eta gaitzak erasotzen ditu. Horregatik belzten da. Uzta jasotzerakoan zokotena askatu ezinik gelditzen da eta maiz barruak harrak ikusten direlarik.
Rhagoletis completa izena du euliak eta tratamendua ez da samurra:
Uztailerako zebo-tranpak jarri, hori kolorekoak eta intsektizida dutenak, Intxaurrondoen hegoaldetik jarri eta uzta arte mantendu.
Arbola tratatzeko moduko tresneria izanez gero intsektizidarekin tratatu. Beti xaboi potasikoarekin nahastuta, eta onenaa Spinosad izeneko produktua da, ekologikoan erabiltzen da, alde txar bat du, garestia da.
Negua lurrean igarotzen du, azalpean sartuta epelean. Intxaurronbdoen azpiko lurra harrotuz azalera aterako ditugu eta hotzarekin hil. 10 cm imguruko sakoneran landu behar da azaroa eta apirila artean.
Kaixo.
Zuhaixka hau hazten hazten ari da oso azkar eskolako lorategian, uste dut "Aliantus" bat dela, argazkiak bidaltzen dizkizuet. Interneten begiratu dut eta espezie inbaditzaile bat dela uste dut, fama txarra dauka. Hala bada, zer egingo dut? Moztu?
Eskerrikasko.
Ailantoa da bai (Ailanthus altissima). Inbaditzaile izena ez dut batere gogoko, nork eta guk esaten dugunean… Hala ere jakin ingurua kolonizatzeko joera baduela. Eta zuhaitz oso handia egiten da, 25 metrotik gorakoa. Ez da luze bizitzen, baina ipurdiko altsumak eta sustraietako aldakaitzak medio ederki ugaltzen da. Zeuk ikusi zein tokitan dagoenaren arabera erabaki kendu edo ez.
Argazkietan ikusten dena hostoaren barrena jaten duen har bat da. Hostoaren gaineko eta azpiko azalak errespetatuz barruko mamia jaten du galeria kiribil horiek eginez. Ondorioz hostoa hazten den eran ezin du berezko formari eutsi eta kizkurtu bezala egiten da. Ez da izurrite larria. Orain tratatzea alferrik xamar da. Hurrengo urtean udaberritik atzera hosto berriak miatu eta horrelako galeria ikusi orduko barruan hantxe arituko da harra, behatzen artean zanpatu eta kitto.
Kaixo, Jakoba! Ausartu naiz galdera hau egitera: fumigatzen ari zaizkigu? Egunero ikusten ditugun hegazkin horiek, uzten duten arrastoa ... Susmoa aspalditik dator eta honek izugarrizko kaltea eragingo duenez ingurugiroan... Jakin nahiko nuke zure iritzia eta zer egin dezakegun... Milesker!!! *Badakit zentsura dagoela gai batzuen inguruan. Ulertuko nuke ez erantzutea.
Gai horren inguruan ez dakit ezer. Maiz entzuten da fumigazioaren gai hori. Noizpait zer produktu erabiltzen omen duten ere entzun izan dut. Esaten dizut, baina: nik ez dakit. Eta ez dakit nondik eskuratu dezakegun horri buruzko informazio zehatza eta fidagarria. Ea hau irakurtzen duen norbait animatzen den…
Kaixo, Jakoba! Gaurko Teleberrin hitz egin dute intxaurrondoaren inguruan. Gaitz, plaga, gaixotasun, bakteria, har, izurri beltz... nahastu dira eta nahastu da entzulea. Kontuak kontu, intxaurrondoak ihartzearena ez da kontu berria, eta arrazoiak ezin zehaztu. Zure esperientzian eta jakitean, halakorik baldin badakizu, zergatik ihartu dira? Eskerrik asko eta ondo izan!
Intxaurrondoak hezetasunak akabatzen ditu. Mediterraneo aldetik ekarri zuten intxaurrondoa erromatarrek eta bere berezko tokietan, lur eta ingurune lehorretan ondo egokitzen da, baina hezetasun handia dagoen tokietan ez da gustura bizi, toki askotan juxtu juxtu.
Ura izan dezake aldamenean, baina lur harritsu eta urak erraz alde egiten duen tokian. Kazetariak gaitzarekin nahasketa hori transmititzea ez naiz batere harritzen… Gaur egun Intxaurrondoak arazo bikoitza du. Batetik eulia (Rhagoletis completa), horrek fruituaren zokotenaren azalean arrautza jartzen du eta hortik sortzen den harrak zokoten guri gozoa erasotu eta jango du; honek zauriak sortzen ditu eta hezetasunaren laguntzarekin zauri horietatik gaitzak erraz asko sartuko dira.
Gaitz ugari du geurean intxaurrondoak, hezetasunaren bultzadarekin, baina nagusiak bakteriosia eta antraknosia dira. Beltzuneak hosto, fruitu, lore, kimu berri eta abarretan eta hostajea behar baino lehenago erortzea dakarte.
Intxaurrondoak badu beste gaitz beldurgarri bat: tinta. Lurreko onddo bat da sustraietako zaurietatik sartzen da. Horrek sustraiak usteltzea dakar eta gehienetan arbolaren ipurdian lika beltza azaltzen da. Sustrai ahulak ditu intxaurrondoak eta batez ere buztin lurretan gertatzen den busti eta handitu eta lehortu eta uzkurtu lurraren mugimenduekin sortzen dira hilgarriak izan daitezkeen zauri horiek.
Ederki esaten duzun eran intxaurrondoak hiltzea ez da berria geurean eta gero ere izango da. Batez ere zauriak sortzeko lanak egiten jarraituz gero, inausketak batez ere.
Kaixo Jakoba: Bi gairen inguruan hona hemen nire galderak. Batetik, gaurko "Bizi Baratzea" Telegrameko kontuan ikusi dut "Fruitu arbolak babestu" argitalpena. Horren harira fruitu-arbolen enborra, ipurditik gora, kareztatzearen zergatia zein da? Baduzu horren inguruko idatzirik? Hotz-berotik babestea, beldar edota bestelako izurri izan daitekeenaren igotzea galaraztea, ohitura kontuak... Bestetik, gaurko Teleberrin hitz egin dute intxaurrondoaren inguruan. Gaitz, plaga, gaixotasun, bakteria, har, izurri beltz... nahastu dira eta nahastu da entzulea. Kontuak kontu, intxaurrondoak ihartzearena ez da kontu berria, eta arrazoiak ezin zehaztu. Zure esperientzian eta jakitean, halakorik baldin badakizu, zergatik ihartu dira? Eskerrik asko eta ondo izan!
Kareztatzea ohitura zaharra da eta lurrak kareztatzea bezala ia erabat ahaztua izan da. Bere helburuak asko dira.
Orokorrean udaberriari garbiago ekiteko laguntza bat dela esan daiteke; baita lurra emankortzeko laguntza ere. Kare bizia uretan urtuz egiten da karesnea, edo latsun-ura, kisu-gesala, gisu-ura... Esnea, errautsa, buztin hautsa edota behi-kaka gehitu daiteke. Pintura bezalako esne lodia egin eta isipu edo zurdaki batekin ematen da. Karea arriskutsua da, beraz kontuz. Karesnea egiteko babestu, arropa itxia jantzi eta eskuak eta begiak behintzat babestu. Metalezko edo zurezko ontzian hiru parte uri parte bat kare bizia erantsi. Beti era honetara egin, ez alderantziz (kareari ura sekula ez). Irakiten hasiko da eta ontzia estali. Ordu pare batez utzi. Nahi izanez gero ur gehiago emanez urtu.
Euririk izango ez den egunetan ezarri, ondo itsatsi dadin. Arbolean fruitu ustelik bada kendu, hor ere gaitzak negua igarotzen du. Nahi izanez gero aurretik zepilo zakar batekin garbitu. Behetik gora zirrikitu guztiak ondo igurtziz margotu, enborra eta adar nagusiak. Azala zakarra bada, bigarren margoaldia ere egin.
2018ko ILARGIA ETA LANDAREAK, LANDAREAK LANTZEN AGENDAN Abenduan egiteko lan bezala argitaratu nuen.
Kaixo, Jakoba: Tomatea negutegian hazten dugu: erdi batean tomatea eta piperrak landatzen ditugu eta beste erdian indiarrak. Eta hurrengo urtean alderantziz. Emaitzak onak dira, hala ere, jakin nahi nuke indiarren ordez zein beste landare jar daitekeen txandakatzen jarraitzeko. Mila esker zure lanagatik.
Txandakatzea indiarra bezalako lekadun batekin egitea oso egokia da. Hobetzeko gauza bakarra kaltzio/kare pixka bat ematea litzateke. Indiarraren ordez tomatea kendutakoan udazkenean beste lekadun bat, ilarra edota baba, erein daiteke negua-udaberria osatzeko eta ondoren, uda-udazkena osatzeko, hostoa ematen duen zerbait: uraza, eskarola, zerba, ziazerba… Baita uztailean jarri eta negura arte jateko porrua ere. Hostoetarako horietakoren batera edo porrura joz gero ongarri gehixeago beharko du lurrak.
Lehenik eta behin, eskerrik asko aurreko galdera aerantzutegatik Jakoba! Hona hemen beste bat. Sagardoa egiten gabiltza eta zukua ateratako sagar hondarrak onuragarriak dira zeozertarako? txerriak segituan aspertzen baitira eta aprobetxatu arren. Eskerrik asko berriz ere!
Gure txerria eta behiak ez dira aspertzen! Patsa ontzi itxietan edo gainontzean ondo-ondo zanpatuta jaso behar da, bestela hartzitu egingo da eta bizituta alferrik galdu. Agian horregatik ez du jan nahi… Bestela Ongarriaren pilara gehitu, ederki luartuko da luarrarekin edo simaurrarekin nahastean.
Kaixo jakoba! Aurreko baten konturatu nintzen intxaurrondoetako batek, ipurdi inguruen kriston orban baltza daukola, aurten intxaurrik eztau emun eta hostua bestiek baiña lehenau hasi jako galtzen, urte batzuk badauko intxaurrak ta... ea zer ein neiken!
Argazkiren bat gustura hartuko nuke erantzun zehatzagoa eman ahal izateko, baina tira. Nik esango nuke non edo handik adarretan edo enborrean goian duen zuriren batetik gaitza sartu zaiola. Intxaurrondoa oso mizkina da, onddoen gaitzak ezin eraman ditu. Edozein zauri nahikoa da gaitza sartu eta ondoren zauri beretik sartzen den hezetasunak bultzatuta behera-behera egiten du. Azpian azaltzen den arte. Zer egin? Pentsatu enborra barrutik belzten eta iruditzen ariko dela, ustel uneak ere izango ditu, gero eta gehiago. Horrek ez du arbola arriskuan jarriko, baina bizimodua baldintzatu bai: ahulago egongo da, fruitu gutxiago…
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545