Asteroko buletina
Sasoi guztietan behatzaile izaten saiatu. Baratzeak zuri erakusteko zerbait berria eta zoragarria du egunero

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Urteko tipula boiz landatu
2025-02-11 09:33 | Aiora

Egun on Jakoba! Ilargiaren zure liburuan irakurri dut urteko tipula landatzeko egun aproposa otsailak 9a zela baina pasa zaigu eguna... noiz landa dezaket? Oraindik ere garaian gaude? Eskerrik asko!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-02-11 10:27

10 urte betetzera doan BIZI BARATZEA liburuan tipularen fitxaren trikimailuak atala irakurtzen baduzu esaten du sasoi onena otsailaren ilbehera dela. Beranduenera martxoaren erdia. Otsailaren ilbehera oraintxe da eta 22ra arte luzatuko da. Ilbehera osoa ona da landaketa hori egiteko baina egun onenak sustrai egunak dira: 15 arratsaldea, 16, 17 eta 18. Martxoko ilbehera 8tik 21 arte da eta sustrai egunal 15 eta 16.

Gaur arte erantzundakoak (368 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba! Piper eta gindilla landareak karakol zuri txikiz josita ditut. Banaka - banaka kentzeko saioak egin ditut baina alferrik. Zer egin dezaket? Bestetik, Kaki zuhaitza jarri nuen orain dela hiru urte. Fruitu ederrez josita zegoen baina erraztasun handiarekin erortzen zaizkio. Ez dakit gabeziaren bat duen edota oraindik gazteegia denez, ezin dituen guztiak mantendu. Hostoek kolore osasuntsua dute baina dagoenekoz 8 bakarrik geratzen zaizkit eta ez dakit ba zer pentsatu...Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-09-02 10:01

Izugarrizko izurrite gogorra da barraskilo txiki zuri horiena. Denak pilatuta egoten dira, bat jartzen den tokian atzetik gainontzekoak… Ezagutzen dudan aukera eraginkorrena zeure hori da: eskuz biltzea, baina lan handia da, eta egun gutxiko tartearekin errepikatu egin behar da. Probatu nahi baduzu saiatu xaboi potasikoarekin. 5 litro uretan 100 gr xaboi erantsi, irabiatu eta ondo nahasi. Horrekin busti ondo barraskiloak eta egunero edo biz behin errepikatu. Gustura jakingo nuke emaitzaren berri.

Badira bi urte baratzeko tomateak beratzen edo gorritzen ez direla. Bero handiko eremu batean dut ortua, Arabako hegoaldean. Zer egin nezake gorritzen laguntzeko? Esker mile

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-29 12:28

Hasteko tomate barietatea zein den zehatz mehatz jakin beharko zenuke. Barietate batzuek verde irauteko joera dute. Onena zenuke inguruan, bertoko barietateren bat lantzen duen nekazariren edo mintegiren batengandik landarea eskuratzea. Honela zihur badakizu lurralde horretan zikloa ongi osatzen duen barietate bat lantzen duzula. Tenperatura altuegia ere izan daiteke arazoa. Tenperatura bajuek eta argi faltak eragin dezakete ez gorritzea, baina baita tenperatra altuegiek ere. Bestetik, ongarriketa desoreka batek ere eragotzi dezake gorritzea; gehiegizko ongarriketa batek, adibidez.  

Babarrunen azala ebakita agertzen denean zergaitik da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-27 18:11

Nire ustez uraren estresa da. Hau da, ura izan dute hazteko. Gero azala sortu eta lehorte egun batzuetan azal hori zaildu, gogortu egin da. Gero berriz ura etorri da eta berriz hazteko aukera izan dute, orduan hazteko aurreko azala zartatu egin behar. Beste barazki batzuekin ere gertatzen da antzekorik: tomatea, patata…

Kaixo!! Kalabaza ruperta noiz jaso behar da? Haundiak daude ta arratoia dabil inguruan Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-16 10:22

Ilbeheran eta fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta gero freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Oraindik oso goiz da, hemen normalean urriko ilbeheran jasotzen da; oso goiz egindakoak badira agian irailean. Iraileko ilbehera 1etik 11raino izango da, eta fruitu egunak 1, 2 eta 3. Hurrengo ilbehera irailaren 25etik urriaren 9ra da eta fruitu egunak 28 arratsaldea, 29, 30 eta 1 goiza. Hurrengo ilbehera ere ez da txarra izango: urriaren 22tik azaroaren 5era; fruitu egunak 26, 27 eta 28 izango dira.

Kaixo jakoba!zein litzateke baina motza ereiteko egunik aproposena?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-14 16:38

Leka motza uztailera arte ereiten da, baina abuztuan erein lasai, hemen udazkena, jeneralean, oso ona izan ohi da eta lekak sortzeko. Ilgoran ereiten dira eta egun egokienak fruitu egunak dira. Ilgora abuztuaren 16tik 28 eguerdira arte izango da eta fruitu egunak 16, 17, 24 eta 25.

Kaixo, tomatean ikusten diren zuloak zer egiten ditu eta erremediorik ba al dauka?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-08 11:42

Bareak edota barraskiloak izan daitezke. Horiek badira iluntzean erraz topatuko dituzu, bildu eta... Zulo sakonagoak harren sortutakoak izan daitezke. Horieri aurre egiteko erabili nahasketa hau: Bacillus thuringiensis, Neem (olioa edo aterakina) eta xaboi potasikoa. Zerbait eskuratu ezin baduzu hiru horietatik ahal duzunarekin tratatu, 6-8 egunero. Landare osoa, goi eta behe, eta aleak ondo-ondo busti. Gai horiek erabat naturalak dira eta tomatea lasai jan daiteke.

Baratzeko hainbat tomatek zuloak dituzte (insekturen batek jan da bezala) eta gusano txiki hori bat ere aurkitu dut ale baten. Zer da? Nola konpondu dezaket era natural baten? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-06 13:06

Harra da bai. Aurre egiteko erabili nahasketa hau: Bacillus thuringiensis, Neem (olioa edo aterakina) eta xaboi potasikoa. Zerbait eskuratu ezin baduzu hiru horietatik ahal duzunarekin tratatu, 6-8 egunero. Landare osoa, goi eta behe, eta aleak ondo-ondo busti. Gai horiek erabat naturalak dira eta tomatea lasai jan daiteke.

Kaixo, Jakoba: Arazo bat daukagu Ibarrako piperrekin. Landareak ondo hazten zaizkigu eta fruitu asko ematen dituzte, baina horietako asko oso minak dira, ezin dira jan. Batez ere ale handienekin gertatzen da, baina txikiagoekin ere bai. Baratza Gasteizen daukagu. Giro lehorragatik izango da? Zer egin dezakegu? Gehiegi ureztatzea ere ez omen da ona... Eskerrik asko zure laguntzagatik. Larraitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-31 17:14

Piperminaren mina, agi danean, ingurune lehorrak eragiten omen du. Beraz Gasteizen oso zail izango duzu pipermin gozoak sortzea. Ureztatzeak lagunduko luke, baina horrek gaitzak ere ekarriko ditu landarearengana. Txikiak, oso txikiak bildu eta horietan minaren probabilitatea txikiagoa da.

Aurtengo eguraldiarekin gorrine sartuko zaiela ia zihur, zer da erremedio onena. Tomate batzuk zulatuta azaldu dira eta harra dela dirudi, zer egin daiteke??? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-31 17:04

Gorrin arriskua usaintzen baduzu sartu aurretik tratatzea duzu onena: salda bordelesa edo kobrea duen edozein formula naturala duen produktua eta azeribuztan ura da nahasketa egokiena.

Harrak era askotakoak izan daitezke eta argazkiren bat bidaltzen baduzu zehatzago hitz egingo dugu.

Aupa! Baratzian lurra lantzen ibiltzian noizbenka holako arraultz batzuk agertzen dira. Jakin nahiko neban ia zer diran.. Edo zerenak.. siraun arraultzak akaso..?

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 20:42

Ziraunarena izan daiteke, baita muskerrarena ere edo sugandilarena. Ez ditut horretaraino ezagutzen. Ea horretan jakitun den baten batek argitzen digun…

Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 22:13

Iñaki Sanz Azkue, Bizi Baratzeako biologoak dioenez seguruenera horma-sugandilarena izango da.

TOmatea asko luzatzen bada, punta moztea egokia da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 21:50

Tomatea luzatu bada orain punta moztea ez da egokia. Moztuz gero alboetarako adarrak emango ditu, asko eta indarrean, loreak eta fruituak atzeratuz. Nire iritziz hobe da puntak okertu eta albo aldera lotu, hurrengoaren makilara i edo sokari edo…

Freskotan jasotzeko berakatzak noiz ereitzea komeni da? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 17:33

Freskotan edo berdetan jaten den berakatza irailaren bigarren hamabostalditik otsailaren amaiera arte erein daiteke. Beti ilbeheran ereitea komeni da.

Kaixo Jakoba, leka hostoak xomorroren batek jaten dizkigu. Ze erremedio egin beharko genuke? Eskerrik asko aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-25 19:32

Garrantzitsuena xomorroa zein den jakitea da. Hori gabe ez dago irtenbide egokia izango den erremediorik. Bareak, bare-xixak, barraskiloak, harraren bat… nik esango nuke horietakoren bat izango dela. Gauez egin bisita eta ondo miatu hostoak alde guztietatik. Hala ere zulotxo horiekin landareak ez du izugarri sufrituko, baldin eta ez bada izurritea asko ugaritzen. Hala balitz ea identifikatzen duzuen eta orduan hitz egingo dugu.

Kaixo Jakoba. Oraingoan ere badugu zerbait tomateekin. Puntatik belzten hasi dira fruitu batzuk argazkian adierazten dizudan moduan. Hori gorriña da edo beste zerbait? Konpontzeko biderik badago? Mila esker eta hurrengora arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-31 16:49

Hori kaltzio falta da. Kaltzio faltak arrazoi asko izan ditzake; nagusiak bi dira lurrean kaltziorik ez edo kaltzioa izanagatik uraren gorabehera handiak izan eta estres horrek behar adinako kaltzioaren emana ez ekartzea fruituraino. Lurreko falta karea emanez konpontzen da. Estresarena zailagoa da; ureztatzeko ohitura baduzute hortik sor daiteke. Sustrai txikiagoak ditu ureztatzen den landareak eta bere gisa elikagaiak bilatzeko gaitasun txikiagoa. Ureztatzen baduzu ez hutsik egin. Onena, hala ere tomatea ez ureztatzea da; arazo hori ziateko arriski gutxiago eta ahosabaian ere ederki igarriko diozu.

Arratsalde on: Galdera bat egin nahiko nuke. Gure tomateei zuloak atera zaizkie eta interneten argazkiak ikusiz, Tuta absoluta dela gaitza dutela uste dugu. Tratamendurik dago? eta horrela bada zein da egokiena? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 17:01

Izurrite hori oso zabaldua dago. Dagoenerako sartua baduzue lau egunetik behin tratatu Bacillus thuringiensis eta Neem olioa aurkariekin. Laguntzeko nahasi asun minda eta xaboi potasiko pixka batekin. Ahaztu gabe lau egunero. Tratamendu horrekin lasai jan daiteke tomatea. Hurrengo urtean gogoan izan maiatzaren amaieratik hasi eta hamar egunero tratatu, hor egongo da tomateen zai eta. Baten bat zulatuta ikusten baduzue zazpi egunero tratatu eta asko bada lau egunero.

Piper landara ederrak ditut. Hala ere, konturatu naiz lurpeko zurtoin nagusian orban zuriak dituztela guztiek, onddo itxurakoak (ikus argazkia). Zer ote da? Arduratzeko modukoa da? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-21 18:34

Landareen lepoa oso toki ahula da, gaitzen erasoen aldetik: asko hortik sartzen dira. Onddo itxura dute marra zuri horiek, eta horrela erasotzen duen gatz gogor bat bada: Sclerotium rolfsii. Baina gaitz hori bada oso denbora gutxian landarea apaldu, horitu eta ihartzeraino galtzen da. Zeurea aldiz oso indartsu eta sasoian ikusten da, beraz ez nintzateke arduratuko. Aleren bat ihartzen hasten bada azkar atera lurretik, sustrai eta guzti eta erre. Bitartean: Piper on!

Kaixo Jakoba Nun erosi dezaket kalsotz landareak Noiz da garaia landatzeko?? Merezi du hemen ?? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-25 19:08

Calçotak ziklo oso luzea du. Tipula berezi horren hazia udazkenaren amaieran ereiten da, otsailean landatu eta ekaina aldera tipula burua jaso. Orain lehorra dugun buru hori irailean edo urriaren hasieran landatuko da. Goiko muturra moztu eta landatzen dira, ilada artean 80 zm. eta buruik burura 30 zm.. Buruaren erreserbetatik kimu berriak etorriko dira, 5-15 tarttean buruko. Sorta hori da lurreztatuko dena. Hortik datorkio izena, katalaneko “calçar” edo ipurdia lurreztatzea. Horrek kimua luzatzera behartzen du, bide batez tipula buru forma izan beharrean porru itxura luzea hartzen du, lurpeko zatia 15-25 cm, zurituaz eta bere dasta finduz. Lurreztaketa hiruzpalau aldiz egin behar da eta noiz atera eta erre zeuk erabaki, baina burua jarri dugunez  bi urtekoa izango da udaberrian eta zildu, loratu eta hazia emateko joera azkar piztuko zaio, eta beraz luzeetsi gabe jaten hasi. Jeneralean azaroa eta apirila artean jaten da.

Landarea beharrean tipula buruak eskuratu behar dituzu. Ez dakit hemen saltzen diren. Eta merezi ote duen? Nire ustez bai. Saioa egin eta esango diguzu.

Atxondoko Biezko Baserriko Aner lagunak “Blanca gran tardana de Lleida” deritzan aldaera erabiltzen du, Catalunyan sonatuena. Lehen tipula gorriak ere egiten ziren. Euskal Herrirako tipulina egiteko erabiltzen den “Babosa” aldaera proposatzen du berak.

Behar bereziak bi: batetik janari asko eskatzen du, aurrez eskuzabal ongarritutako lurra nahi du eta, gogoratu, tipula da: tipulak lur motela, astunak, buztintsuak eta urasetutakoak gorrotatzen ditu. Lur harroak maite ditu. Lur tontorrak egin eta alboetan landatu edo koskatan igo... Baina kontutan izan gero lurra eman eta eman lurrak bere bueltan geratzeko modua beharko duela...

 

 

 

Noiz landatu behar dira?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-18 18:52

Uda partean egiten den lana da. Uztailean egin daiteke, landare osoa ihartuta dago eta lurretik ateratzen diren adar gazteenak sustrai eta guzti atera eta landatu. Bestea iraila aldera, ipurdian sortu zaizkion altsumak ebaki eta kendu eta landatu. Bietan ureztaketa zaindu, ondo itsatsi arte, gero, toki oso lehor batean bizi behar ez badute behintzat, ez du ureztaketa beharrik. Bi saosi horietan ilbehera eta sustrai egunak dira egokienak.

Hemen nunbait irakurri dut zuk norbaiti erantzunda gorrinaren aurka berakatz burua txikitu litro bat uretan infusionatu eta tomateari botatzeko. Zenbat denboraz irekinda? Eta landarea osorik busti edo azpian bota?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-13 13:16

Bai baliagarria da, baina aurten dugun gorrin giroarekin eta gorrin erasoarekin, ni kur hori osatu egingo nuke. Gehitu azeribuztan ura, eta era bateko edo besteko kobre ttantta bat. Kobrea ekologikoan erabiltzeko formula bat baino gehiago topatuko duzu. Irakiten 15-20 minutu eduki, bezperatik txiki txiki eginda ur horretan eduki ondoren. Landarea osorik busti bai, eguerdi aldera onena, gero eguzkiak ondo lehortu dezan.

Arratsalde on! Lehenik eta behin, eskerrik asko egiten duzun lanagatik eta halako arreta emateko eskuzabaltasunagatik. Piperrak aldatu ditugu saioa egiteko eta... zulatuta dauzkagu. Zer egin ez dakigula gabiltza. Laguntzerik? Eskerrik asko, aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-11 18:43

Nik esango nuke B & B klubaren eraso bat dela. Barraskilo eta Bare, alegia. Edo bat edo beste. Miatu ondo loreontzia, goi behe, inguru, eta ertzeko borobil horren azpiko aldea… Hala ere gauez ibiltzen direnez egin bisita sorpresa bat linterna indartsu batekin eta hostoaren azpian edo gainean topatuko dituzu. Bide batez, loreontzia erdi hutsa dago, lur gutxi su, eta piper landareak uzta oparoa ematea nahi baduzu jarri lur gehiago, onena oso osorik atera landare eta lurra batera eta azpia bete.

Kaixo!!! Gure tomate zurtoin batzuk beltzak jartzen ari dira eta hosto nahiko ustelduak daude. Zer egin dezakegu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-28 10:42

Gorrina da. Onddoak erasotu du eta zurtoinak, hostoen txortenak, hostoak... Giro honekin denak errekom ditu. Nik uste du egokiena litzatekeela eraso handia duten landareak kentzea. Kendu edo ez, geratzen direnak tratatu ahalik eta azkarren azeribuztan ura eta salda bordelesarekin. Bi tratamendu zortzi eguneko tartearekin eta hortik atzera, eurria datorrela diotenean aurrez tratatu.

Orain arte animali-simaurra erabiltzen nuen baratzean , orain auzo-konposta egiten degu herrian, 5. kontenedorearen ordez. Zein da hobea edo zer komeni da baratzerako?. Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-06 21:36

Biak onak dira. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina denak egokiak dira. Simaurra ere zein aziendarena denaren arabera desberdina da; luarra edo konposta bezala, nola eta zein materialarekin egiten denaren araberakoa izango da. Baratzean erabiltzeko bat bezala bestea. Nire ustez egokiena biak erabiltzea da. Luarra baduzu eskuera hori erabili baina tarteka simaur pixka bat emanez gero hobe.

Zenbateko maiztasunarekin bota diezaieket salda bordelesa tomateei? Maizegi botatzea kaltegarria da? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-03 18:50

Salda bordelesak bi osagai ditu: kaltzioa eta kobrea. Kaltzioak mesede asko ditu bai landarean bertan, baita gero lurrera joaten denean ere. Kobrea metal astuna da; landarean onddoen aurkako lan bikaina egiten du, baina landarean bertan eta gero lurrean pilatu daiteke. Astuna denez ez da erraz mugitzen eta metaketak arazoak sor ditzake lurrean bezala gure gorputzean ere. Beraz, kontuz ibili behar da kobrearekin. Behar beharrezkoa denean soilik erabili, asko jota sasoi bakoitzean 2-3 aldiz. Bestela azeribuztan edota osin urak, esne gordina, bikarbonatoa eta abar ere erabili ditzakezu tartean, tratamenduak txandakatuz.

Eunon Jakoba!!! Sardoa botillan sartzeko ze eun izangoituk egokinak oain uztailen? Ta marrubiri umek ata ta banaka hontzitan jartzeko ze garai dek ona?? Aldez aurretik eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-02 12:36

Sagardoa botilaratzeko uztaileko egun onenak hauetxek izango dituk: 12 arratsaldea, 13, 14 eta 15 goiza.

Marrubiak banandu eta landatzea udazkenean egiten da. Ordurako herrestadarren muturretan hazi dituzten landaretxoak errotzeko sustrai onak eginak izango dituzte. Azaroa dela onena esan ohi da. Hala ere sustrai egokiak ikusten badizkiezu noiznahi landatu; baina ureztaketa zaindu, badakizu ontzia kartzela da landarearentzako, ezin du nahiko lukeen adina janari eta urik aurkitu.

Kaixo !! Ekialdera ematen duen baratza txiki koxkor batetan, izkin batean lizar bat hazi zen iaz...ez degu gogoan noiz baina kimatu genion punta ez dugulako goraka haztea nahi...hurrengo kimaketa noiz eta nola egin beharko genioke ?? Eta bere ondoan landatzen ditugun porruk edo baiñak kaltetuak izango dira ..??? Eskerrik asko, Olga

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-01 09:17

Zuhaitz eta arbolak baratze ertzean ez dira lagun oso onak. 6-8 metroko tartea behintzat utzi beharko litzateke, eta lizarraren tankerako zuhaitz handiak direnean baita gehiago ere. Moztuta bai, zuhaitza motzagoa ikusiko duzu, baina lurpetik ederki etorriko da zure baratzera. Hura egongo da landua, ongarritua… Eta bazka ederra aurkituko du bertan, zura barazkien kalterako. Itzalarena kontutan izan gabe. Ahal duzun azkarren, handiegia egin aurretik atera eta toki egoki batean birlandatu. Hori egiteko sasoi onena negua da, abendutik otsailera artean; ahal izanez gero ilbeheran eta sustrai egunean.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora