Urrian bota ongarri, araberan uzta berri

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Zerbaren baztanga edo herdoila
2025-07-07 15:47 | Arantxa

Arratsalde on, Azelga landatu nuen maiatzaren erdialdera. Ederki sustraitu zen, nire uste apalean; eta berehala hasi zen hosto berde-berde eta ederrak ematen. Baina ez dalit zer gertatzen den, hostoa egiterako, pikor gorrixka batek hartzen du eta dena ximeldu. Zer gertatu da? Zerozer egin dezaket landarea sendatzeko? Pena handia daukat, ikaragarri polita zegoelako eta ikaragarri gustatzen zaigulako azelga. Eskerrik asko laguntzeagatik Arantxa Ihaben-Basaburua


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-09 12:30

Zerbaren gaitza arrunta da Cercospora onddoak eragina eta zerbaren baztanga esaten zaio. Gori epelak eta hezetasuna dagoenean sortzen da eta kentzen oso zaila da, erraz berritzen baita. Hala ere eraso handiena duten hostoak kendu eta erre. Ondoren azeribuztan ura eta salda bordelesarekin tratatu. Xaboi potasiko eta esne ttantta gutxi batzuk eransteak asko laguntzen du. Tratamendu hori astero errepikatu, batez ere euria edo lanbroa egin aurretik.

Gaur arte erantzundakoak (415 galdera-erantzun)

Kaixo, Jakoba: Tomatea negutegian hazten dugu: erdi batean tomatea eta piperrak landatzen ditugu eta beste erdian indiarrak. Eta hurrengo urtean alderantziz. Emaitzak onak dira, hala ere, jakin nahi nuke indiarren ordez zein beste landare jar daitekeen txandakatzen jarraitzeko. Mila esker zure lanagatik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-06 09:54

Txandakatzea indiarra bezalako lekadun batekin egitea oso egokia da. Hobetzeko gauza bakarra kaltzio/kare pixka bat ematea litzateke. Indiarraren ordez tomatea kendutakoan udazkenean beste lekadun bat, ilarra edota baba, erein daiteke negua-udaberria osatzeko eta ondoren, uda-udazkena osatzeko, hostoa ematen duen zerbait: uraza, eskarola, zerba, ziazerba… Baita uztailean jarri eta negura arte jateko porrua ere. Hostoetarako horietakoren batera edo porrura joz gero ongarri gehixeago beharko du lurrak.

Asuin salda espinaka, azalorea, brokolia, (hain familiako oro), letxuga, porrua, remolatxa...rentzat ona da? Ze kasutan ez da komenigarria? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-03 19:43

Asun salda edo mindak onura besterik ez dakartza landare guztientzako. Bi lanetarako erabiltzen da:

1.- Landarea indartzeko lurra ongarritu eta biziberrituz. Lurra ureztatuz egiten da. Hau alea lekatan ematen duten landareentzako (babarruna, leka, ilarra, baba…) ez da ona, nitrogeno gaindosia sortu bai dezake lurrean.

2.- Gaitzei aurrea hartzeko fungizida eta izurriteak apaltzeko intsektizida. Kasu horretan landarea lainoztatu edo ihinztatu behar da.

Jakin nahi nuke, ongarri berdea onena dela jakinda,baina zer gomendiko zenidake, negurako?.Dagoen belarra eta plastiko edo kartoiarekin tapatu, edo dagoen belarrak utzi eta udaberrian kendu ?Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-04 21:04

Zeuk diozun eran ongarri berdea ereitea litzateke, seguruenera, onena. Bertako belarra uztea ere ez da aukera txarra. Udaberrian ongarri berdearekin bezala jokatu: moztu eta lurrari nahasi edo gainean utzi edo lurrustela sortzeko pila batean jarri. Plastikoarekin ez nuke estaliko. Kartoiarena aukera polita da nahikoa luar edo simaur ondurik izango baduzu udaberrian. Belarra edo ongarri berdea ebaki duzunean kartoiarekin saila ondo estali eta luarra gainean jarri, nahi izatera moztutako material berdea kartoiaren gainean luarrak azpian hartzen duelarik. Eta baratzea luar horretan egin. Kartoiak azpiko belarra itoko du eta desegiten den eran sustraiak azpira lotuko dira.

Aurten kalabaza batzuk, laranja kolorekoak poti marron deiturikoak, zartatuta dute azala. Zergatik da? Iaz lehorte handiagoa izan genuen eta ez zen horrelakorik gartatu...

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-09-26 19:29

Zerorrek esan duzu dena. Lehortea denean hazi ezinik geratzen dira eta azala zailtzen dute eta bere horretan heldu. Aurtengoa bezalako udatan, beroa-euria-beroa-euria egiten duela, beroa eta lehorteko egunetan azala gogortu egiten da eta gero euriarekin hazi egin nahi du eta azal hori zartatu beste aukerarik ez zaio geratzen. Horrelakoetan lehorte gogorreko egunetan ureztatzea komeni da, edo azpiak egitea lastoa, belarra, orbela, luarra edo organikoa den edozer gai lurrestali jarriaz.

Lurra lehortzeko karea erabiltzea gomendatzen dozu? 150gr/M2? Lurgainean bota behar da edo lurperatu egon behar da? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-04 21:13

Karea ematerakoan neurria zein den jakiteko komeni da lur horren historiala ezagutzea. Urtero karetzen den baratze batentzako neurri arrunta metro kuadroko 75 gr dela esan daiteke. Hortik gora, urte askotan ez badu karerik izan edota lurra oso azidoa badago. Lurra lehortzen du bai, kareak, baina hezetasuna iraunkorra bada beste sistemaren bati ere heldu beharko zenioke. Adibidez, baratzeko taulenak alta, altura emanez gero askoz ere lehorragoa izango da altxatutako zati hori. Harea edo hondarra nahastea ere ez da txarra. Materia organikoa gehitzea da beste era bat: simaurra, luarra, orbela, edo dena delakoa…

Kaixo, Jagoba; aurten baratzean baditugu kalabaza ederrak, borobilak eta laranja kolorekoak...baina batzuk azala zartatuta daukate...beroagatik agian? baina iaz beroa handiagoa izan zen eta ez zen horrelakorik gertatu.... Milesker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-10-04 21:17

Zerorrek esan duzu dena. Lehortea denean hazi ezinik geratzen dira eta azala zailtzen dute eta bere horretan heldu. Aurtengoa bezalako udatan, beroa-euria-beroa-euria egiten duela, beroa eta lehorteko egunetan azala gogortu egiten da eta gero euriarekin hazi egin nahi du eta azal hori zartatu beste aukerarik ez zaio geratzen. Horrelakoetan lehorte gogorreko egunetan ureztatzea komeni da, edo azpiak egitea lastoa, belarra, orbela, luarra edo organikoa den edozer gai lurrestali jarriaz.

Apa jakoba. Lehen soroa zan lekun alpapea ein nahi diat eta garai ona zein dan jakin nahiko nikek. Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-09-05 19:44

Alpapa edo luzerna, argi-belarra, melga, betarokia, uribelar eta abar esaten zaiona udaberrian edo udazkenean ereiten da; beti dago bi sasoien zaleen arteko ika-mika, noiz ereinda gehiago ematen duen... Gauza bat izan behar da kontutan lurraren tenperatura eta izotzen etorrera. Urriaren erdira aldera arte lurra bero dago eta komeni zaio ernetzeko. Gero lehen izotzak etorri aurretik 6 bat hosto zabalduta izatea komeni da. Ahal duzun azkarren ereitea gomendatzen dizut, urria erdira arte. Bestela martxoa erdia aldera.

Egun on. Azenario batzuk horrela atera zaizkit. Zergaitik izan daiteke? Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-09-04 11:04

Azenarioak lur harroa behar du sustraia aise loditu eta luzatzeko. Lur buztintsu edo trinkoan hazten bada edo lurra harritsua edo legartsua bada gerta daiteke sardetzea edo adarkatzea. Lurra nola harrotu pentsatu beharko zenuke: altxatako taulena bat egin, harea eta ongarri ondu ugari eman, karea eman…

Kaixo, Jakoba!! Baratze txiki bat daukat, eta uste dut ongarritze premian dagoela, landareak ez baitita behar bezala hazten, nere ustetan behintzat. Zein ongarri gomendatuko zenidake? Eta edozein momentutan has naiteke ongarritzen? Milesker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-23 15:21

Lurrari bizia ematea da garrantzitsuena. Premia duela uste baduzu, libre dituzun taulena edo tarte guztian ongarri erdi ondu edo onduarekin estali. Ongarririk ez baduzu orbela, belar txikitua, paper birrindua… Eta gero urria-azaroa da benetan ongarritzeko sasoia, orduan bai eman luarra edo simaurra. Lan gehixeago eskatzen du, baina ongarri berdea erein dezakezu, oloa eta txirta adibidez. Neguan hazten utzi eta udaberrian moztu eta lurrarekin berarekin nahasi, axal axalean errotabatorra paseaz edo…

Egun on, Jakoba Noiz komeni da biltzea patata, luzerako gordetzeko? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-22 10:20

Jasotzeko baldin bada, patata landarearen zarbak ihartuta egon behar du. Onena ilbeheran ateratzea da, eta sustrai egunean bada hobe. Orain gauden ilbehera honetan abuztuaren 22 eta 29 dira onenak, baina 29a arteko ilbehera guztia ona da. Aukeratu egun bero eta lehor bat, patata atera eta lur gainean bertan utzi ondo lehortzen. Lehortutakoan azalean itsatsita daukan lur apurra ondo kendu eta toki ilun, fresko eta ondo haizeberritzen den batean jarri.

Kaixo, Noiz komeni da kuia biltzea irauteko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-22 10:34

Ilbeheran eta fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta ondoren freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Oraindik oso goiz da, hemen normalean urriko ilbeheran jasotzen da; oso goiz egindakoak badira agian irailean. Iraileko ilbehera 9tik 23 eguerdiraino izamgo da, eta fruitu egunak 13, 14 eta 23 goiza. Urrian ilbehera 6tik 20ra artean da eta fruitu egunak 10, 11 eta 12 goiza.

Kaixo Jakoba, Tomateek hazten zeudela birusa kiribilkorra harrapatu zuten. Hosto denak kiribildu zitzaizkien eta ez ziren hazten. Aurrera ez zutela egingo jakin arren, utzi egin genituen zeuzkaten tomate garo bakan haiek aprobetxatzeko. Kontua da, azkenaldian, ez daukatela kiribildutako orririk eta hazteaz gain, fruitu berria irten zaiela. Birusa gainditu dutela uste duzu? Beraien ondoan, tomate bakar bat gaixotu gabe egon da denboraldi guztian. Hau da, handi egin da, ez du kiribildutako hostorik izan eta produkzio normala mantendu du. Honen haziak hurrengo urterako gorde ditzaket, ala ez da komeni badaezpada eta hazi berria erostea hobe?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-19 17:58

Birusak ezin dira sendatu. Landareak berak aurre egin eta gainditzen baditu gaitzerdi. Birusa landareak berak ekarri dezake. Kanpotik ekarri baduzu landarea posible da batzuek birusa ekartzea eta beste bat horrek ez. Etxean egindako hazitik sortutakoetan berdin. Birusa maiz intsektuek kutsatzen dute. Birusa duen landare bat ziztatu eta gero hurrena ziztatzen dituenetara eraman. Hazia jasotzeko, ez dut arazorik ikusten ondo bizi izan den landare horretako ale batetik hartzeko.

Kaixo Jakoba, zure azken publikazioan kuiei lurra kentzeko diozu, gaitzuik gabe haz daitezen. Baina ez dakit nola egin. Kartoi edo harri batzuk jarrita azpian, adibidez? Ala egur batzuekin egitura bat egiteko edo diozu? Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-02 16:04

Edozein material erabili dezakezu, baina kartoia, belarra eta horrelakoekin kontuz. Horiek ere urari eusten diote eta usteldu daitezke kuiari ere kalte eginez. Erabili, zurezko paletak, ohol zatiak, kaxak, ontziak… lurra ukitzen ez duela eusteko gai izango den edozer gauza.

Kaixo Jakoba, Galderatxo bat dugu zuretzako: Tomate landareak gorriña dauka baina buruak (tomateak berak) ez. Balioko luke hazitarako? Eskerrik asko, lan ederra egiten duzu! Ana

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-27 22:37

Bai, lasai asko jaso dezakezu bere hazia. Landareak gaitzak jota egon daiteke baina tomate alea ederki ekarri heldutasuneraino. Haziak orduan izango dira ernetzeko gai.

Kaixo Jakoba. Negutegian Aretxabaletako 10 tomate landara eta Jack izeneko 5 landara ditut. Aretxabaletako tomateen hazia datorren urtean ereiteko gorde nahi nuke baina ez Jack landareana . Zalantza: Jack klaseak polinizatu ote dau Aretxabaletakoa? Edo Aretxabaletako klasea mantentzeko arazorik ez nuke izango bere hazia apartatuz gero? Eskerrik asko!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-27 16:51

Normalena ez nahastea da, tomatea landare autopolinizantea da, bere burua polinizatzen du. Baina polinizazio bidezko nahasketa gertatu daiteke. Aretxabaleta klasea ekarriko duten haziak izango dituzula ziurtatzeko landare horien lore batzuk isolatu behar dituzu: ireki aurretik paperezko poltsatxoekin bildu; gero ireki direnean bere beste lore bat hartu eta igurtzi, bere polena emateko, eta itxi berriro; fruitua hazten ari dela ikusten duzunean poltsa kendu daiteke. Tomate ale horren haziak klase horretakoak izango dira.

Ez nabil tomateak ureztatzen ezta ongarritzen bakarrik jorratu, ondo egiten nabil?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 12:28

Tomateak ureztatu gabe badituzu kalitate handiko fruituak jango dituzu. Lagundu nahi badiezu oso noizean behin asun urarekin ureztatu.

Galtzue jartzea orduko landare guztien inguruan ondo dago ala salbuespenak egin behar?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 12:26

Gurea bezalako eguraldia dagoen tokietan galtzuak mesede adina kalte egin dezake. Aurtengoa bezalako hezetasun iraunkorrarekin oso txarra da. Bero handiak eta lehoreta denean bai, ona da. Orain ez.

Kupre sulfatoa tomateetan zuzenean galtzerdi batekin bota dezaket? Zenbatero?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 12:24

Kobrea sekula ez bota hautsetan. Beti urarekin nahastuta eta berak esaten duen dosia errespetatuz. Kobrea metal astuna da eta landareetan, guk jaten dugun tomatean eta lurrean kutsatzailea izan daiteke.

Katuen populazioa goraka doan heinean nire ortue be inbadituten hasi dire ta nozepiñean katuen kakak topetan dodaz bertan. Interneten sartu nez ta honin inguruko ideia kontrajarriak topau dodaz. Beraz... katuen kaka ongarri ona da ortureko edo hobe ikusi bezain pronto kendutea?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 09:00

Zeuk esaten duzun eran denetatik entzun izan dut katu eta txakurren kaken inguruan. Ez dut inoiz topatu gai horren inguruko taxuzko ikerketarik edo saiorik. Katuak kaka egiteko lur gozo eta harroen bila ibiltzen dira, eta zer hobe baratzeetakoa edo loreontzietakoa baino… Inola ere, nik nahiago nuke nire baratzean horrelakorik ez topatzea…

Tomateak negutegian ditut, baina ale batzuen hostoak aleka zimeltzen doaz, Ikusi ala kendu egiten dizkiete ebakita. Zer da? Ondo egiten al dut?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-22 11:33

Nik esango nuke ez dela gorrina edo antzeko gaitzen baten erasoa. Gehiago lotuko nuke negutegiko giroarekin. Badirudi hosto horiek lehortea jasan dutela, daukaten ura eta egiten duen beroaren arteko lana. Ez dakit nola aireberritzen duzun negutegia, baina nik sasoi honetan beti irekita edukiko nuke. Hostoak bertan uztea ere ez da txarra, zeuk erabaki. Kentzen dituzunean zauria sortzen da eta gaitza sartzeko arriskua areagotu. Tratamenduak egiten badituzu moztu, bestela bertan utzi, lasai asko. Itxuera ez da beti garrantzitsuena…

Patata atera baino zenbat egun lehenago kendu daiteke arba edo landarea? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-19 14:31

Landarearen zarbaren egoera da gakoa. Zarba ihartu bada, lasai asko kendu eta egun batzuk egon daiteke patata lurpean. Garrantzitsuena zarba kentzerakoan ahalik eta patata gutxien azaleratzea da; kanpoan badago eguzkiak jo eta berdetuko da, txartuz.

Kaixo Jakoba: Apirilean negutegian jarritako tomate barietate desberdinetako landare batzukloratu ondoren, zurtoin nagusia hustuta dutela ikusi dugu. Ez dakigu gaitza ote den edo lurrean zerbait ote dagoenn. Ez zaigu tomate landare guztietan gertatu, baina bai barietate desbrdinetan. Zer izan daiteke? Mila esker eta ondo izan Argiloa

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 09:06

Nire ustez zurtoinarena ez da arazo bat. Ez gaitz ez izurrite, berezkoa baizik. Deigarriagoa egin zait hosto horituarena. Hori bat gorrinaren hasiera izan daitekeela. Ikusi dut azpiak eginda dituela landareak, lurra zerbaitekin estalia, alegia. Azken aste hauetako euriaren eta hezetasunaren emanarekin kalte egingo dio azpi horrek. Kontuz gaitzarekin.

Tomate landarak ditut estalita eta oso ondo etorri dira, baina orain, lehen fruituak jasotzen hasi geranian, hostoak lehortzen hasi dira eta goiko aldeko lorak erortzen . Argazkiak bidaltzen dizkizut zer izan daitekeen ote dakizun. Aurtengoa galdutzat joten dot baina ea datorren urterako zerbait esaten didazun. Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-12 10:55

Uraren eta hezetasunaren erabilera desegokiaren ondorio dela iruditzen zait. Ur falta: bero handiegia izatearen ondorioz (haizeberritze eskasa…), landareak ezin nahikoa ura eraman hostoetara eta loreetara eta biak ihartzea. Ur gehiegi: batzuetan lehor eta hurrengoan ur gehiegi bada lurreko onddoek erasotzea gerta daiteke, Phytophtora adibidez. Zeuk jakingo duzu ondoen falta edo gehiegia den. Onddoarengatik bada ondo ondo garbitu landare arrasto guztiak eta erre. Orokorrean: berotegia beti irekita eduki, eta ureztaketa gutxitan baina oparoa, sakon bustitzeko lurra.

Gordetzeko urteko patata jasotzeko egunik onenak jakin nahi nituzke, landarea ilartuta daukagu jada, beraz hilabete honetan ateratzea komeni delakoan nago. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 19:59

Patata bildu, jaso eta ahalik eta luzeen ondo irauteko ilbeheran atera behar da, eta ahal bada sustrai egunean. Uztaileko ilbehera 16, 11:00etatik eta 30 artekoa izango da; sustrai egunak 23 eta 24 egun osoak eta 26 eguerdi artea. Ahal baduzu egun horietako batean atera, lur gainean ondo lehortzen utzi, gero lur hondarrak kendu eta toki lehor, ilun eta ondo haizeberritzen den batean jaso. Baldintza horiek garrantzitsuak dira.

Alde batetik, tomateei dagokienean, azken asteko euriak pasata azpiak egin dizkiet duela egun pare bat moztutako belarrarekin (sekatzen hasia). Ez dakit ideia ona den... pentsatzen dut honek hezetasunari helduko diola eta gainera deskonposatzen hasiko da.
Bestetik, gorriña eta zuriñaren prebentzio moduan hurrengo nahasketa egitea pentsatu dut: azeri buztanaren irakiña, propoleoa eta esnea %10ean. Zer iruditzen zaizu? edo bestela, nola hobetuko zenuke?

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 09:53

Tomateari azpiak egitea Euskal Herri atlantiarrean ez da idea ona. Hezetasuna da tomatearen arerio nagusia eta azpiak horixe dakar hezetasun gehiago. Kendu ahalik eta azkarren. Azpiak toki edo sasoi oso lehorretan erabiltzea gomendatzen da. Aipatzen duzun gaitzen aurkako tratamendu horri nik itsasoko ura (%10) eta xaboi potasiko pittin bat erantsiko nioke. Gaitza indarrean bada baita kobrea eta sufre pittin bat ere.

gora