Egunon Jakoba, kalabazak baratzean dauzkat ´noiz bidu beharko nituzke?
Gaur arte erantzundakoak (268 galdera-erantzun)
Pentsatzen dut, menta galtzeko jakin nahi dudula noiz moztu.
Horrelakoetarako, eta menta bezala beste landareak, ilgoran moztu behar dira. Onena bi edo hiru moztualdi ematea da. Urte sasoi onena hauxe da maiatzetik uztailera arteko hau.
Aipatzen dituzun lan horiek denak egiteko garaiz zabiltza. Patata ereiteko ilebehera baliatu, eta potamea, kiatxoa eta piper minak jartzeko ilgora.
Zein ilargi sasoitan gauden jakiteko jo www.bizibaratzea.eus webgunera. Bertan dituzu, baita ere, sasoi bakoitzean zein lan egin behar diren “Asteko lanak” atala.
Brokolia urteko garai askotan jateko bil dezakegu freskoa. Horretarako landaketa sasoia ere oso luzea da: maiatzaren erditik irailaren erdira aldera arte. Orain maiatzean landatu ezkero, abuztuan jan dezakezu. Eta irailean jartzen duzuna hurrengo urteko negu osoan jango duzu. Landatzen duzun sasoiaren arabera abuztuatik hurrengo martxora arte jateko brokoliak izan ditzakezu. Brokolia mota bera da bai.
Brokoliak bezalaxe, azaloreak eta erromaneskuak ere antzeko zikloa dute.
1.- Oso erraza da orain ongarri naturala topatzea. Haziak eta ongarriak saltzen dituen edozein tokitan aurkituko duzu zakuetan datorren ongarri organiko naturala. Lehorra eta koxkorretan dator, beraz erabiltzen eta banatzen oso erraza da. Minerala baina askoz ere hobea da.
2.- Luartoki onena bertan eraikitakoa izaten da. Egurrezko abt egitea oso erraza da. Hiru gunekoa egin; bata betetzen ari zarena, bigarrena geldirik egiten ari dena eta hirugarrena, egina dagoena eta behar ahala ateratzen ari zarena. Egur onena sasiakazia da (Robinia pseudoacacia), gogorra da eta iraupen luzea dau.
3.- Hazi gehienek urte batzuetarako bizitza dute. Erabili ez dituzunak, ontzi batean jaso toki fresko eta ikun batean.
Bai harra hori izan daiteke landareak ipurditik mozten dituenak. Ipurdiko lurra pixka bat kendu eta bistaratu. Harraren kontrako tratamentua eman: osin-ura eta xaboi potasikoa nahastuta. Baita ere, surtako hautsa eskuera badezute, landarea bera azpiko aldetik hautsarekin "zikindu", horrela harrari ez zaio gustatuko.
Sustraien arteko borroka eta ezin eramana da arrazoia. Tartea metro pare batekoa utziz gero nahikoa litzateke, beti ere tarte horretan beste zerbait jarrita.
Gaur konposta ateratzen hasi naiz baratzean banatzeko, bertan bi sagu kume azaldu dira. Behean alanbrea ipinia dut eta ez da arratoia, urtean sagutxoa inoiz barruan ikusi dut. Ez diot gehiegizko garrantzirik eman, dena dela zirrikituak ondo itxi behar ditut.
Galdera da, konpost hau kutsatuta egon daiteke saguen patogenoren batekin? edo aprobetxa dezaket?
Zure iritzia jakin nahi dut, baina akaso "bustitzea" zaila da...
Mila esker
Jon
Saguak habia egin du luartokia toki epela, lehorra eta babesa delako. Lasai erabili luarra edo konposta. Nik ez dut sekula patogenoen horren konturik jakin. Luarra lurrera doa, eta bertan makina bat prozesu, kimiko, fisiko eta abar, bizi beharko ditu oraindik. Lurraren biziak berak bereganatuko du luarra, ez zuk.
Atzerakoa ematen badizu, luartokia ondo miatu zirrikiturik edo tarterik ba ote dagoen, eta itxi, ondo itxi sare sendo batekin.
Hostoa kentzen diegun barazkiak onenak: uraza, eskarola, ziazerba, zerba... Udazken negurako porrua, aza jendea... Era berean urte guztia baratzean igarotzen duen marrubiarentzako ere ona izango da.
1.- Urrian edo azaroan beharrean lehenago jarri. Zerba bi urteko landarea da, hau da saoi batean hazi egiten da eta negu-udaberri koska bat igarotzen duenean garatu. Zurean udazkenean hazi egiten da eta gero udaberrian garatu. Jarri lehenago, ekainaren erditik hasi eta abuztuaren amaiera artean.
2.- Ez dut uste itzalaren gorabehera izango denik. Nire iritziz lurpean bien sustraien arteko borroka dela esango nuke. Elkarrekin landatzen al dituzu? Letxugak gero jartzen badituzu, ordurako tometeek sustrai handiak izango dituzte eta janaria errazago bereganatuko dute. Lurrari janari gehiago emanda saioa egin. Beti ere ongarri organikoa eta ondo luartua edo konpostatua, bai simaurra bai luarra bera bada.
Bi alderdi aztertu beharko dituzu. Batetik argi jakin behar duzu txertatutako landareak beti lore eta fruitu gehiago emateko joera izango duela, fruitu arboletan bezala. Beraz txertatutako landarea jartzeak fruitu gehiago izaten lagunduko du.
Bigarren alderdia lurrarena da. Alferrik izango dira landatuko dituzun txertatutako tomate landareak izatea eta hauek lore eta fruitu asko emateko joera edukitzea, gero elikatu beharko dituen lurra erdipurdikoa bada. Nik zalantzarik ez nuke izango: jarraitu ongarri organikoa (simaurra, luarra...) eta karea ematen. Tomateak asko eskatzen du, ASKO.
Negutegian ongarriketa organikoa egiteko nahikoa berandu da. Beraz oso ondo luartu edo konpostatutako simaurra erabili. Eta ilargialdi bat geroago karea.
Nire iritziz bi aukera daude: edo satorrak jandu bere lurpeko zulobideak irekitzeko ahaleginean edo sataina, porrua bera jateko. Sakoneragatik satorra dela esango nuke. Satorra bada, metro eta erdiko burdinezko ziri edo hagatxo batzuk sartu, erdia lurperatuta, baratzearen inguruan, gainean plastikozko botilak sartu buruz behera. Honek uxatu egingo ditu. Sataina bada, zailagoa duzu. Baratzea eta bere ingurua garbi eduki beharko duzu, lur azalean mugitzen da eta agerian mugituz gero bere arerioek (hegaztiek batez ere) errazago ikusi eta ehizatuko dute.
Galderari zuzen erantzuteko belazearen egoera jakin beharko nuke. Belarra ondo datorren, belar aniztasuna badagoen, zakartzen ari ote den... Hala ere orokorrean, artaldeak nahikoa ongarri organiko utzuliko dio lurrari urte osoan hor baldin badabil. Karearena, baita ere orokorrean hitz eginda, beharrezkoa ikusten dut. Lur buztintsuak, simaur ugari dutenak eta euri ugariak lurra azidotzera darama. Karea ona da horri buelta eman eta lurreko jakiak landareek errazago sustraira ditzaten. Belarraren kalitatea ere hobetuko da, eta ondorioz ardien elikadurarena ere.
Karea botatzeko garai oso ona da negu parte hau. Karea pikorrean bota, urtu ahala denbora luzez lan egin dezan. Hasteko metro kuadroko 100 gr. bota, bi edo hiru urtez. Gero biz behin 50-60 gr/m2 eman.
Perretxikoak azaltzeak gauza bat adierazten du nabarmen: hezetasuna dago. Baina baita ere bizitza asko dagoela lur horretan. Horixe bilatzen da lurrean landareei azpiak egiten zaizkienean. Arazoa izan dezakezu hezetasun hori gehiegizkoa bada eta lehorzaleak diren landareak jartzea. Horri aurre egiteko taulenetan edo baratzeko zatietan tontorrak egin. Lurra bera tontortu edo egurreki, harriekin edo dena delakoarekin lurra altxa hezetasun horri ihes egin eta lur harroa eta lehorragoa izateko.
Ilarrak ez dira landatzen, erein egiten dira, hazia erein, alegia.
Hona "BIZI BARATZEA" liburuan diodana:
Babaren paretsu egiten da ilarra. Goizekoak irailean eta azkenekoak otsailean ereiten dira. Goiz eginez gero, hotzak etorri aurretik zertxobait hazten da; behin 5 bat cm-ko landarea bada hotz handienari ere aurre egingo dio. Neguan, sustraiak zabalduko ditu eta udaberria etortzen denean, eguna luzatzen hasten dela jabetzen denean ziztuan etorri eta loratuko dira.
Errenka batetik bestera 60-75 cm tartea utzi, zenbat eta luzeagoa egingo den tarte handiagoa utzi. Hazia errenkan, denean ugari botatzen da. 3-5 cm sakon sartu. Lurra hotzegia badago edo bero handiegiak badira ez da ondo jaiotzen. 15-20cm inguru hazi denean landarea lurreztatzea ona da, sendotu egingo du. Gero, arbatu egin behar da: hesolak sarearekin, zuhaitz eta zuhaixken zarbak.... edozein erabili daiteke. Lan hau azkar egite komeni da, landarea etzaten bada, bigarren mailako zurtoinak botako ditu eta uzta urritu eta atzeratuko da.
Bere langintza errazteko trikimailuak ere azaltzen ditut bertan:
Ilarra udaberrirako soilik egiteko ohitura dugu hemen. Saiatu udazkenean ere eskuratzen: ekaina edo uztaileko ilgoran goizeko aldaeraren bat erein.
Kontuz haize tokietan...
Udazkenean, hotz egiten badu, ereiteko errenka egiten dugunean azpian simaur berri pixka bat jarri, lurrez estali eta haren gainean erein. Simaurrak lurra berotuko du eta aiseago ernatuko da.
Txoriek ilarrak guk adina maite dituzte. Ereiten ditugunean ongi zanpatu aldameneko lurra, bi hanken artean. Denetatik ikusten da txori-izugarri: nylon hariak gurutzatuta, diskoak zintzilik, sareak... Gero, gu baino lehenago jabetuko dira lekak eta aleak jateko moduan direla. Orduan sarea da onena.
Gauza asko landatu daiteke urte aro honetan: ilarra, baba, baratxuria, tipula... Garrantzitsuena zuen planifikaio lana da. Zenbat lur dezute, zer jaso nahi dezute, zenbat ordu eskainiko diozue baratzeari, noiz jaso nahi dezute uzta...
Hala ere, www.bizibaratzea.eus webgunean astero astero jartzen dugu sasoi horretan egin beharreko lanen berri, kanporako bezala berotegirako. Bertako buletina jasotzeko helbide elektroniko bat eman besterik ez duzu eta puntual-puntual astelehenoro, goizeko 08:00etan jasoko duzu beste osagai batzuen artean lan horiek dakartzan buletina. Adibidez aste honetarako lanak honoko hauek dira:
Baratzean ereiteko: laboreak (olo, gari, zekale, garagar...), porrua, baratxuria, udaberriko aza, uraza, baba eta ilarra. Berotegiaren babesperako erein daitezke: porrua, tipula gorria, baratxuria, errefautxoa, errukula, uraza, kukulua, ziazerba, baba eta ilarra.
Berotegian ereiteko: patata. Landatzeko: tipulina, uraza, kukulua eta ziazerba ere.
Laboreak ereiteko garaia etorri zen, azaroa hazi aroa. Gari, olo, garagar, zekale eta abar azaroko ilgoran ereiten dira. Ilgora honetan ezin egin bada otsailerako utzi. Neurria hartzeko, esaerak dio hazia zabaldu, txapela bota eta txapelapean hamar ale badaude tamainan!
Zuritu nahi diren karduak estali daitezke. Baita eskarolak ere, estalki bat ipiniz edo hostoak jaso eta motots batean lotuz. Hiru bat aste beharko dute zuritzeko. Kontuz barraskilo eta bareekin, bildu-estali horietan ederki babestuko baitira, eta gozo-gozoan jan. Euri asko ari badu usteltzeko arriskua ere kontutan izan.
Libre diren sailetan ondutako ongarria zabaldu daiteke: simaurra, satsa, luarra edo konposta, zizare-lurra... Oraindik lurra erabat hoztu gabe dago eta emandakoa ederki bereganatuko du. Neguan edo udaberrian jarriko ditugun landareen premia asetuko du.
Neguko erreboilak landatzeko azken aukera: idi-bihotza edo tulipa, hiazintoa, lilipa edo nartzisoa, irisa, fresia, azpelarra, eta abar
Soropila ongarritzeko garaia da. Urte osorako oinarrizko ongarri organikoa orain eman.
Gaitz gogorren bat ez badute, fruituak lasai bota daitezke konposterara edo luartokira. Iransagarren bihotzean har horien arrasto horiengatik soilik, bota bai luartokira.
Ederki diozu belar "txar" horiena. Nik esaten dut belarrak txarrak direla bere onura edo alde ona topatzen ez dugun artean. Euskal Herrian horieri buruzko informazioa biltzen duen ez internetgune ez liburu ez dut ezagutzen. Hala ere belarrei buruzko edozeinek balioko dizu, ongurukoak baitira orokorrean baratzean topatuko ditugunak. Zenbait belar kanpotik ekartzen dugu, haziekin nahasita edo beste landareekin lurrean eta abar. Liburu eta argitarapen asko dago, baina nik maiz eskuartean izaten dudan bat gomendatuko dizut: "Urola bailarako landareak" Xabier eta Igotz Arenas dira egileak, 206koa da eta argitaratzailea Azpeitiko Udala da.
Hau diot nire "Bizi Baratzea" liburuan:
Ongarri mineralak bi eratakoak izan daitezke: mineral naturalak eta sintetikoak. Izenak esaten duen eran, naturalak naturak berak sortutakoak dira, lurrean bertan topatzen dira. Sintetikoak, aldiz, industriatan sortzen dira. Baratze ahalik eta logikoena egitez gero, ongarri mineralak ahal den gutxien erabiltzea komeni da, baita naturalak ere. Ongarri hauek lurraren oreka dantzan jartzen dute. Batzuk ikaragarrizko kaltea eragiten dute mikroorganismoak makalduz eta lurrari bizia kenduz. Beste batzuk janariak blokeatzea ekar dezakete, eta landareak jaki horiek hartu ezinik izango dira. Era berean lurra okitu daiteke eta pozoituta bezala, erreta gelditu, ezer emateko gai ez dela: erabat antzua.
Horrez gain, ongarri naturalak soilik erabiltzea komeni dela diot. Organikoak ahal bada: luarra, satsak, orbelak, etab. Horiek dira kalitatezko elikagaiak sortzeko bide onena. Zohikatza ere erabili daiteke, noski, organikoa da eta naturala, baina arazo larri bat sor dezakezu lurrean: urzale amorratua da eta berari ura falta zaionean, landareen barruan dagoena hartzeko gai da, hauek erabat ihartuz.
Errautsak eta kareak aparteko "liburu" bat mereziko lukete. Aipaturiko "Bizi Baratzea"n orriak dira material hauei emanak. Beraz izkribu horretan topatuko ditukelakoan...
Aupa Jakoba!!
Abonu berdeakiñ aberastu nahi nuke batzea ta sorok...
Ze erabiliko nike?
Hona ongarri berdeaz "Bizi Baratzea" liburuan diodana:
"Ongarri berdea. Ongarri berdearen teknika landareak, berde daudelarik lurrari ematea da. Baratzeko sailen bat tarte luze batean hutsik izan behar bada, lurra jantziko duen landareren bat ereiten da, eta, jeneralean, loratzear delarik moztu eta lurrarekin nahasi. Honen helburuak hauek dira: gainontzeko belarrak sartzea galeraziz lurreko jakiak probetxuzko landare batek hartzea, lurrean sakon sartuko diren sustraiek hango jakiak mugitzea, lurra harrotzea eta komeni denean hurrengo landareak baliatuko dituen jaki aproposak (materia organikoa eta mineralak) lurrari ematea. Loratzear dagoenean izaten du landareak jaki gehien. Lurra goldatu beharrik ez dago ongarri berdea sartzeko pixka bat lurperatzea nahikoa da.
Landare ugari erabiltzen da lan honetarako: laboreak, zolda-belarra, lekadunak... Bakoitzak berea eransten dio lurrari eta komeni zaiguna erabili beharko da. Adibidez, zolda-belarrak potasioa pilatzen du hostoan eta moztutakoan erraz usteldu eta lurrera igarotzen da; fruitua eman behar duten landareek eskertuko dute: tomatea, piperra, alberjinia... Alpapa edo luzerna, hirusta, zalkea, astailarra, itsabalkia, pagotxa, erua eta ailorbea bezalako lekadunek, berriz, lurra nitrogenoz lepo utziko dute eta hostoa jaten diegunek ederki baliatuko dute: letxu, zerba, ziazerba, eskarola..."
Urte osorako tipula jartzeko jendeak otsaila-martxoa baliatzen du. Hala ere landarea baldin baduzu, jarri orain ere lasai. Eta pixkanaka etorri eta erabili nahi baduzu, hemendik martxora bitarteko ilbehera guztietan jarri pixkanaka-pixkanaka.
Ez dakit zer esan nahi duzun gabon kantekin, ezta ostiraletakoarekin ere.
Argazkiko zerbaren gaitza zerkospora da. Onddo bat da, eta erasoak erakusten duen sintomatologiagatik zerbaren baztanga ere deitzen zaio. Oso ohikoa da zerban bezala bere sendiko erramolatxa arruntean ere.
Onddo bat denez, gorrinak edo usteldurak bezala tratatu behar da: azeribuztan edo lapa-belar ura, esnea eta salda bordelesa gehituta.
Hona ongarri berdeaz "Bizi Baratzea" liburuan diodana:
"Ongarri berdea. Ongarri berdearen teknika landareak, berde daudelarik lurrari ematea da. Baratzeko sailen bat tarte luze batean hutsik izan behar bada, lurra jantziko duen landareren bat ereiten da, eta, jeneralean, loratzear delarik moztu eta lurrarekin nahasi. Honen helburuak hauek dira: gainontzeko belarrak sartzea galeraziz lurreko jakiak probetxuzko landare batek hartzea, lurrean sakon sartuko diren sustraiek hango jakiak mugitzea, lurra harrotzea eta komeni denean hurrengo landareak baliatuko dituen jaki aproposak (materia organikoa eta mineralak) lurrari ematea. Loratzear dagoenean izaten du landareak jaki gehien. Lurra goldatu beharrik ez dago ongarri berdea sartzeko pixka bat lurperatzea nahikoa da.
Landare ugari erabiltzen da lan honetarako: laboreak, zolda-belarra, lekadunak... Bakoitzak berea eransten dio lurrari eta komeni zaiguna erabili beharko da. Adibidez, zolda-belarrak potasioa pilatzen du hostoan eta moztutakoan erraz usteldu eta lurrera igarotzen da; fruitua eman behar duten landareek eskertuko dute: tomatea, piperra, alberjinia... Alpapa edo luzerna, hirusta, zalkea, astailarra, itsabalkia, pagotxa, erua eta ailorbea bezalako lekadunek, berriz, lurra nitrogenoz lepo utziko dute eta hostoa jaten diegunek ederki baliatuko dute: letxu, zerba, ziazerba, eskarola..."
Karea ematearena ongarri moztean egingo nuke.
Kaixo Jakoba:
Asier Altuna naiz, azkoitin eman zenuen hitzaldi batean ezagutu ginen. Galdera bat egin nai nizun. Batatza belar txar honekin josita daukagu. Zer da belar hau? Ba al dago baratzatik kentzeko modurik? Ahal duzunean erantzuterik izango bazenu eskertuko nizuke.
Mila esker!
Sabia izango dela uste dut, Amaranthus retroflexus. Agian bere generoko besteren bat, Amaranthus hybridus, adibidez. Ezagutzen ez ditugun lurretan landare hauek txartzat ditugu. Ameriketatik ekarritakoak dira.
Jangarriak dira, bai bere hostajea, berria denean eta haziak ere bai. Kentzeko moztu eta moztu. Eta hurrengo ilgoran ere moztu.
Ezagutzen duzu har hau? Tomate landare batean zegoen.
Zer egin daiteke? Mila esker
Tomatea eta bere familiako landareak gustatzen zaizkio adardun beldarrari. Bere izen zientifikoa Manduca quinquemaculata da. Atzeko aldean duen adar horrengatik hartzen du izena. Hosto, adar, lore, fruitu denetik jaten du, beraz ahal duzun azkarren bildu eta hil. Bestela nahikoa jan duenean lurrera joan eta nagua han igaroko du, gero sits handi bat bihurtuko da eta hurrengo urteko tomateetan arrautzak jarriko ditu eta beldar berriak eta...
"Bacilus thuringiensis" deituriko botikarekin tratatu daiteke, baina errazena, hain handiak direnez, landareak ondo miatu eta biltzea da.
Edozein tabako erabili daiteke, azken beltzean nikotina da behar duguna intsektuak akabatzeko.
Tabakoa lantzea galerazita dago, baina zeuretzako dozena erdi bat landare egiten baduzu ez dut uste inor etorriko zaizunik kontu eske. Hazia beharko zenuke... Landareak eskuratzeko, lehendik lantzen duen baten baten berri izan beharko zenuke.
Xaboi potasikoa nola egiten den ez dakit. Badakit xaboi sodikoa baino bihurriagoa dela, baina hortik aurrera batere ez. Agian gure irakurle lagunetakoren batek badaki eta zalantza argitzen digu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.