Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo Jakoba! Jakin nahi nuke,bainak ereiteko,ze ongsrri mota edo ze alimentu mota bota behar dihodan lurrari? Ze gorotza edo ximaurra ez dela ona eta, ze abono mota erabili dezakedan jakin nahi nuke. Besterik gabe,zure erantzunaren zai geratzen naiz.Eskerrikasko!
Lekek ez dute ongarririk behar, baldin eta lurra oso kaxkarra ez bada. Lekak berak sustraietan apopilo hartzen ditu airetik nitrogenoa sustraietara ekarriko dioten bakterioak. Zerbait ematez gero, lur buztintsu astuna bada mesede handia egingo dio karea emateak. Aspaldi karerik ikusi gabeko lurra bada 150-200gr/m2 eta urtero hartzen badu 75 gr/m2.
Gaur arte erantzundakoak (379 galdera-erantzun)
Nahi duzunean. Bere lana egiteko zenbat eta lehenago hobe. Aurten gainera garoak aurreratuta datoz eta kanpoa mugitzen ari da. Zu ere mugitu, beraz.
Tipula beti ilbeheran landatu behar da. Ilbeheraren barruan sustrai egunak dira onenak. Aurtengo azaroko ilbehera 16ko 14:55etatik 29ko 11:35 artean izango da. Sustrai eguna 22a izango da.
Aupa, Jakoba: orain dela bost urte negutegi bat erosi nian eta geroztik bertan aldatu dizkiat tomateak. Gainera, tomatezalea izaki, fungizida eta intsektizidarik gabeko edo gutxiko tomateak jan nahi nizkian.
Esan bezala, urtero , negutegiaren erdialdean ( altura gehien duen eremuan) bi ilara tomate jarri izan dizkiat. Ingurukoek diotenez ez duk lur oso ona ( rellenokoa omen duk), baina urtero karea eta simaurra emanez nire ustez zerbait gozatu diat. Iaz tomate exkaxak izan nizkian, baina aurtengoa desastre bat izan duk.
Beti bezala erosi nizkian 20 landare txertatutakoak, eta ondo hasi hituen hazten ( martxoaren amaieran jarrita). Baina landare ederrak zeudenean hasi zitzaizkioan hostoak ihartzen eta ihartzen. Nire ustez ez huen erdoia. Denborak aurrera egin ahala gero eta gehiago joan hituen hostoak ihartzen. Eman dituen tomateak benetako kanikak izan dituk.
Zerk eragin ote dik horretara heltzeko? Urtero leku berean aldatzeak eragin ote dezake? Nik tomateak azaroan edo abenduan kendu ondoren letxuga batzuk eta espinakak jarri izandu dizkiat. Lurra gehiago ari ote nauk esplotatzen?
Nire ustez gorrina sartu da. Azeri-buztanaren eta asunaren purinak erabili beharko dituzu. Bestetik lur oso eskasa ikusten dut argazkietan. Simaurra ejmaten diozula diozu, vaina kolorean antzematen da oso lur buztintsua dela. Hori tomateari ez zaio batere gustatzen. Simaurra eman behar diozu. Orain da hori egiteko sasoia azaroa-abendua. Baina eman, ez erakutsi... Eman lodi: lurra simaurrez estali. Asko! Eta urtero. Pixkanaka lurra hobetzeko...
Orburuak orain, udazkenean sartzean indartzen eta berritzen da azpitik altsumak emanez. Agian udako beroekin ur falta ere izango zuten. Inurriak baldin badabiltza, agian hostoetan zorriak izango dituzte. Horiek tratatzea da onena; xaboi pitasikoa eta tabakoa erabili. Laguntzeko inguruan ongarri asko jarri. Orburuak janari asko eskatzen du. Simaur edo luar zaharra jarri erruz buelta osoan.
Gaitzak espora bidez hedatzen dira. Landarea gaixo egon bada, pentsatu zure baratzeko ingurune guztia esporez gainezka dagoela, hurrengo landare ahulen edo zaurituen zain. Beraz, gaitzengatik behintzat lasai bota luar pilara. Bakterio edo virus edo bestelako eraso arraroren bat badago, hori beste upeleko sagardoa da. Orduan bai, seguruenera erretzea hobe.
Garatu egin zaizu baratzuria. Garatu edo tontortu, zildu, kukulatu, morronkatu, goiti joan, muskildu, hozitu, buztandu, gogortu, burutu. Lorea eman du gararen gain gainean eta lore horiek haziak. Baratxuri batzuek hazia eman beharrean baratxuri atal txikiak ematen dituzte. Atalak badira baratxuri arrunta bezala landatu. Haziak badira, erein eta landarea egitean landatu, tipula balitz bezala. Hazitik baratxuri aldaera desberdinak ezateko aukera duzu, ea zer emaitza eskuratzen duzun.
Berezitasunik gabe, denak ilgoran. Denekin lorea da bilatzen duzuna, eta hori ilgorak sustatzen du.
Kuiak jasotzeko ahalik eta helduen egotea komeni da. Dasta hobea izango dute. Arazoa hotza da. Izotzak etorri aurretik jaso behar dira. Kuiak berak erakusten du heldutasuna, landareara lotzen duen txortena zimeltzen denean orduan da garaia. Izotzarena non bizi denaren arabera. Eta beti txortena osorik duela jaso, nahi izatera landarearen zarbaren zati batekin.
Lasai jaso eta jan. Azala ondo zailduta baldin badute lasai jan. Onena ilgoran moztutakoa izaten da. Jasotzeko, negurako gordetzeko, aldiz, ilbeheran moztu; betie re txorten eta guzti.
Nire iritziz satagina izango da, gazteleraz “topillo de campo” eta frantsesez “campagnol” esaten diotena. Oso zaila da uxatzea. Jarri sator-belarrak ingurua, sustraien izerdiak erre egiten du. Lurraren azala garbi mantendu, bnelar zakar eta hondakinik gabe. Gauez ibiltzen da, batez ere, eta harrapariek ondo ikuzteko aukera izatea komeni da. Intsusa inguruan landatuta ere uxatzen dira.
Gai horiek jorratzen dituen Unitate Didaktiko oso bat daukazu, neronek egindakoa:
https://eathink2015.org/download/KIT_Basque_Country-20170928T110432Z-001.zip
Ez dakit nongo arrazakoak edo aldaerakoak izango diren, baina itxura ederra dute. Zure baratzean ongi ematen dutenaren seinale. Horrexegatik bakarrik merezi du hazia jaso eta aurrerako landareak sortzeko mantentzea.
Zeure eskutan dauden bi gauza egitea komeni da behintzat. Batetik inguruneko hezetasuna handitu. Aire eta inguru lehorrak indartzen du armiarma gorria. Bestetik gehiegizko ongarriketarekin kontuz, eta batez ere nitrogeno gaindosia. Hau da, ondo heldu gabeko edo luartu gabeko ongarririk ez erabili. Eta ondo egindakoa ere tamainan.
Kuiak ez du arazo handirik izaten, baldin eta lurra urtsua ez bada. Lurra beti heze baldin badago edo maiz urasetzen bada kuiak gaitza harrapatzeko arriskua handia da. Bestetik kuiak janari asko behar du. Asko esaten dudanean ASKO esan nahi dut. Kuiak ondoena simaur pilaren bazkerrean etortzen dira. Baserri ugaritan ikusiko dituzu horrela.
Nire iritziz onena bere horretan uztea da. Goi horretan hostoak ditu eta hostoetan sortzen du landareak janaria. Kenduta aleak heldu eta elikatzeko janari gutxiago izango du landareak.
Zanbroa deitzen duzun hori artaburua erasotzen duen onddo bat da, Ustilago maydis. Beizaman añua edo arto-añua deitzen diote, beste toki batzuetan ikatza ere bai. Onddoak arta ale esnetsuak erasotzen ditu eta forma berezietako kozkor horiek sortzen dira. Mexikon huitlakotxe edo kuitlakotxe deitzen dute eta urte guztiko gutizia onena bezala dute. Gero eta gehiago baloratzen da jaki hori mundu guztian eta Mexikoko boilurra edo trufa eta kabiar azteka esaten zaio. Agi danean, izugarrizko nutrizio balioak ditu.
Txartzat baduzu, onena ahalik eta azkarren kendu eta erretzea da onena.
Zeuk ikusi behar duzu. Gehiegi ugaltzen bada kendu. Jangarria da, beraz badakizu... Negu partean hutsik dauden taulenetan bertan utzi daiteke eta udaberrian kendu. Berozaleak diren landareen artetik kendu (tomate, tipula, baratxuria eta abar).
Zalantzarik gabe kendu. Xartaxa edo gorrina azaldu ordurako kendu eta garbitzea ona da. Tomate bat galduko duzu, baina agian gainontzeko guztiak salbatuko dituzu.
Makilarik gabe sarea jartzez gero, iladak metrobete eta metro eta erdi arteko tartearekin ereiten dira. Beraz zuen 1,2 metro egokia da. Argazkikoaren moduan, makilekin lotzeko, ilada artean 70-90 zentimetro eta iladan bertan, zulotik zulora 50-70. Egokiena zeuk erabaki. Beti esan izan da babarrun finena itzaletan hazitako lekak ematen duela. Gero sistema bakoitzak dituen lanak ere kontutan hartu eta zeuk erabaki...
Tipularen bizitasuna edo gozotasuna aldaera edo barietateari lotua da. Berezko ezaugarria da. Klase bakoitzari lotutakoa. Bizi punttua duenak beti izango du. Baratzean nola landu denak ez du ia eraginik. Pixka bat giroari lotzen zaio, hau da, giro hezeetan bizitasuna apaldu egiten da, aldiz giro bero eta batez ere lehorrarekin bizitasuna handitu egiten da. Baina, beti izango du bizitik.
Hurrengorako jakin behar dena da aldaera edo barietate hori zein den berdina ez jartzeko.
Tipula ez da baratzean bertan ereiten. Hazitegian ereiten da. Hazitegia baratzeko txoko batean ere egin dezakezu. Hazitegian lur harroa behar da. Hazia egun betez uretan beratzen eduki eta gero lur azalean zabaldu. Lur pittin batekin estali eta ondo ureztatu. Belarrik gabe mantendu. Hilabete pare batean landatzeko moduan egongo dira landaretxoak.
Tomatearen kimaketa azaltzen duen euskarazko bideorik ez dut ezagutzen. Gazteleraz edo frantsesez erruz topatuko dituzu interneten. Oso erraza da tomatearen kimaketa eta edozein bideorekin ulertuko duzu. Ikusita gero zalantzaren bat baduzu idatzi lasai.
Lurraren azaleko arazo bat izan behar da. Onddoek sortutako gaitzak izaten dira horiek. Gaitz horiek garatzeko hezetasuna nahitaezkoa da. Humusak ere eragin dezake. Ez baldin badago behar bezala ondua, usteltze horrek ahuldu dezake landarearen lepoa. Beraz ahal baduzu ongarri hori landarearengandik aldendu eta ura kontuz erabili.
Kendutako kimu horiek gero intsektizida eder bat egiteko erabili daitezke. Beraz onena lehortu eta jasotzea. Bestela landarearen oinetara botatzea ere ez dago gaizki.
Bi arrazoi izan daitezke: edo ongarri gehiegi eta lepo alde hori ahuldu egiten da, edo zerbaitek jaten du lurraren azal alde horretan. Nire ustez zerbaitek azala janaren antza du. Luhartza edo satagina izan daiteke. Hala ere horietako bat balitz seguruenera erabat lepoa moztuko lioke. Hain axaleko zauriak izateko, ez dira bada bare txikiak izango? Bada ezpada gauez, ilunpean linterna batekin ondo miatu inguruko lurra kenduta. Baina, era guztietara, kontuz ongarria ematearekin, babarrunak ez du ongarririk behar. Ahulago hazten da. Ongarria berak sortzen du. Eta ongarri gutxiagorekin indar gehiagorekin etortzen da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545