Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo Jakoba! Kalabazinak landatu edo ez, eta non erabaki nahi dugu. Aurreko urtean ez genituen jarri, aurreko urteetan uzta txarra izan genuelako. Landareei hostoak gris jarri eta oso fruitu gutxi eta txikiak ematen zituzten azken urteetan; hasieran ale on batzuk baina gero jada ez. Beti leku berdinean landatzen genituen. Eta orain dela urte batzuk uzta onak izan genituen; baina azkenengo urtetan ez. Zergatik izan daiteke? Lekuagatik, lur zati horrek zerbait du faltan edo gehiegi agian? Aurten landatzera animatzen bagara, leku berdina egokia izan daiteke (aurreko urtean ezer landatu gabe egon da)? Edo beste toki bat hobe?
Zalantzarik gabe jarri. Iaz toki hori ezer gabe egon bada bertan landatzea egokia da. Ongarri asko behar du kuiatxoak. Ongarri heldua edo ondo heldu gabekoa berdin da. Ongarri gutxi izateak ekarri dezake hasi ondo baina gerora ale kaxkarrak ematea. Hauts zuri hori zurina da edo oidioa, onddoek sortutako gaitza. Urtean zehar zer gori egiten duen arabera ugaltzen da eta eraso latzak jotzen ditu. Giro epelak eta hezetasuna behar ditu. Oso zaila da berari aurre egitea, baina hostoren bat zurituta ikusten badezute kendu eta erretzea komeni da, gainontzekoetara ez hedatzeko. Polinizazioa ere zaintzeko kontua da. Erleek ez dute kuiatxoa polinizatzen, erlastarrek eta abarrek egiten dute. Giroaren arabera, baina eskuz egiteak laguntzen du. Nahi izatera 3-4 egunetik behin eskuz polinizatu. Lore emeak eta arrak izaten ditu. Emeak ireki aurretik dagoenerako atzean kuiatxo txiki bat du. Arrak aldiz ez, txortena eta lorea soilik. Hartu lore arra, -ezkil itxurako petalo hori handiak kendu eta barruan ixipu edo makiltxo iletsu bat geratuko da. Hor dago polena eta horrekin igurtzi behar da lore emeen barruko ziria. Orain lehen landaketa egin. Gero bigarrena uztailean.
Gaur arte erantzundakoak (393 galdera-erantzun)
Egun on Jakoba! Kaputxina landareetan, tomate landareetan ondoan dauzkat, eta xomorroz beteta daude. Zer egin beharko nuke? Kendu, zerbait eman?
Aza jendearen zimitza da, Eurydema ornatum. Aurten asko ikusten da. Izerdia zurrupatzen die, batez ere aza jendeari, Brasicaceae familia.
Nahi baduzu intsektizida batekin tratatu, baina landare horietan bakarrik baldin badauzkazu, Bildu eta beste norabaiterako bidean jarri…
Kaixo Jakoba, Euri ura biltzen ari naiz plastikozko ontzi batean gerora ortuan erabiltzeko. Neguan batez ere, ur hori bilduta hilabetetan egoten da ez baitut erabiltzen. Jakin nahi nuke ea arriskurik izan dezakeen. Tratamendurik beharko luke? Eskerrik asko
Ez dut bilketa sistemaren berririk, baina egokiena litzateke ontzia betetzean gainezka egin eta betetzen jarraitzea, euria egiten duenean etengabeko ur sartu-irtena izateko. Jario horrek ura biziberritzea lekarke eta hori da nire ustez ur onena izateko aukera. Bestela, geldik egondakoak ere ez du aparteko arriskurik; ez da hain bizia egongo baina arriskurik ez.
Egun on Jakoba! Ze iritzi duzu tomatearentzako erabiltzen diren fungizidien inguruan? Hauts urdin hori, esatearako. Nire inguruan tratamentu hori erabiltzen dutenek tomate ederrak izaten diztuztela ikusi dut eta niri urtero gaitzak harrapatzen dizkit nahiz eta osina, xaboi potasikoa... erabili. Eskerrik asko!
Tomatearena mundu bat da. Hasteko tontor baten gainean landatu, landatzeko zuloan asun zarbak sartu eta gainean landatu, ilada artean metroko tartea utzi eta landaretik landarera 80 cm, txapela jarri, estalki gardena (soilik gainean, alboak irekita), inausketa eguneko ordu beroenetan egin eta seguruenera ez zduzu tratamendurik beharko. Tratatzekotan xaboi potasikoak lagundu egiten du tratamendua ondo hedatzen landarean, ez da fungizida. Asun ura baino hobea da azeribuztanarena. Eta tratamendu urdina beharrezkoa bada egiten da. Urdin hori kobrea da eta kobre kimikoak edo naturalak daude. Lana berdin egiten dutenez naturala erabili; ohikoena salda bordelesa da, baina badaude beste formula batzuk ere. Eskuera duzuna erabili.
Egun on Jakoba! Patata gorniak jota dago, oraindik ez asko ordea. Erremediorik? Mila esker, segi horrela!
Aurten izugarri ikusten ari gara patataren gaitz hori. Berez gornia tratatzeko ohiko gaiak erabili: xaboi potasiko ttantta bat, azeribuztan ura eta salda bordelesa edo kobrea duen edozein produktu naturala. Tratatu euriari aurrea hartuaz eta sei egunetik behin. Hala ere zeuk erabaki, gutxi jota badago tratatu. Gaitza zabaltzen eta patata zarba zein tamainan dagoenaren arabera ez du mereziko tratatzea. Patata lurpean osatuta badago onena ateratzea eta ahalik eta azkarren jatea; aurtengo panorama honekin bere iraupena ere halako modukoa izango baita…
Kaixo Jagoba, Esperientziarik ezak (xaharrak bizi bitartean ez bait gara konturatzen zein garrantzitsua den arreta jartzea) gure baratzatxoak zer jarrera duen kezkatzen nau. Bidaltzen dizkizudan argazkiak ikusita, ze itxura hartzen diozu gure lanari?
Oso ona
Ilarrak jaso dittugu oraintxu, baina gorriñiek jota, uzta gutxi jaso dugu. Berriz orain sartu ditzaket edo itxaron egin beharko nuke? Orain sartzeko aukera izanez gero, noiz jasoko nuke uzta?
Udaren hasieran, eguna mozten hasten denean ilarra erein daiteke uda amaieran edo udazken hasieran biltzeko. Ilgoran erein eta ahal izanez gero fruitu egunean. Uztailean 19 arratsaldea, 20 egun osoa, 21 goiza, 28 egun osoa eta 29 goiza izango dira egokiak.
Kaixo! Hasi berria naiz baratzako kontuetan, eta galdera batekin nabil buruan; ingurukoei galdetu diet, baina inork ez du erantzuten jakin. Supermerkatuetan saltzen dituzten "pepinillo"-ak landatu nahiko nituzke, tipulatxo txikiekin eta azeitunekin saltzen dituztenak. Interneten begira ibili naiz, eta pepinoaren landaretik irteten direla ikusi dut, baina ez dakit ziur fidatu edo ez... Zer landatu beharko nuke pepinillo delakoa jasotzeko? Eta noiz/non? Ea laguntzerik duzun... Mila esker!
Luzokertxo txiki horiek fruitu ttikia emateko bereizitutako barietate batzuek ematen dituzte. Ez da luzoker arruntaren fruitua. Beraz landarea eskuratzerakoan eskatu ale ttikiak emango dituen horietakoa. Hala ere jendeak luzoker arruntaren landarea ere erabiltzen du eta fruitua ttikia, zeuk nahi duzun tamainakoa, dagoenean bildu eta salmueran sartzen du. Landaketa maiatza-ekaina aldera egiten da. Makilak edo sarea behar du arbatu eta lurra kentzeko, bestela usteltzeko aukera handia dago.
Kaixo Jakoba eta familia. Ekainaren hasieran patata baratzean, irabazian dagoenean, herdoiltzen hasi da. Herdoilan kontrakoa bota dio aitak baina zein erremedio eduki dezake gehiagora ez joateko? Patata Tolosaldean bizi da. Eskerrik asko.
Aurtengo giroari zor zaio patata sailetan daukagun panorama kaxkarra. Tratatzen ari bada segi dezala. Nire iritziz tratamendu eraginkorrena salda bordelesa edo kobre ekologikoa duen beste edozein formula, azeribuztan ura eta xaboi potasiko nahasketa da. 4 egunetik behin eman, ahal bada euria egin aurretik, gutxienez 3-4 ordu aurretik. Hala ere gaitza sartu bada oso zaila da garbitzea. Patata ateratzen eta jaten hasi, patata berria. Gerora gordetzeko edo jasotzeko ere arazoak ekarri ditzake, beraz ahalik eta azkarren jan. Jasotzez gero ahalik eta zorrotzen bete: giro lehorrarekin atera, lur gainean lehortzen utzi, itsatsita daukan lur hondarra kendu eta toki lehor, ilun, hotz eta haizeberritzen den batean jaso.
Kaixo Jakoba! Uda dator eta eskutik baratzearen fruiturik hoberenak. Beroarekin parrillada edo barbakoa sasoia dator ere. Barbakoa bat egin eta gero, errautsak eta erre ez diren ikatz zati txikiak lurran botatzea gomendatzen duzu? Hala bada, aporte hau zelan egin komenta zenezake mesedez? Mila esker!
Zuzenean lurrera baino egokiagoa da luar pilara bota eta nahastea. Bai errautsa, bai erretzen bukatu gabeko ikatz koxkorrak. Gauza bat izan behar duzu kontutan: ikatz horren gainera gatz asko bota bada ez erabiltzea hobe.
Kaixo, Jaerla motako patata berria jaso degu pasa den aste hontan. Patata azalean irudian ikus daitezkeen koxkor txuriak agertzen dira. Zer dela eta?
Azal poroak edo lentizelak dira. Lentizelak tuberkuluaren barrena eta kanpoaren arteko loturak dira. Hezetasun handia denean edo lurra urasetzen denean kanporantz ateratzen dira eta “azalore” forma edukitzen dutela esan ohi da. Gerora arre-marroi kolorea hartuko dute. Arazoa gehiegizko urak dakar eta horri aurre egiteko zer egin pentsatu hurrengorako: lurra harrotu eta uraren drenaia lagunduko duten lanak egin, batez ere. Hori dutela sumatuz gero patata ez atera, eta arbak ez kendu, koxkortxoak xurgatu eta barrurantz har ditzak tuberkuluak. Eta uzta ateratakoan kuberkuluak ondo-ondo lehortu.
Mila esker zure erantzunagatik. Eta, posible litzateke, etxeko su bajuan erretzen ditugun paperen hautsak botatzea barazki zirrinda tarte horietan, belarrei aurre egiteko? Bai piper landare, tipula, erremelatxa.................. Entzun izan dizut porruei ez zaiela belarrik kendu behar, eta begietako mina egiten didaten arren, hortxe dauzkat utzita, pake pakean. Ea pixkana ikasten dugun ikaragarri gustatzen zaidan baina orain arte gure etxeko zaharren esku utzita neukan mundu berri honetaz. Intentzio omen da lehen pausoa, hori behintzat badaukat☺️. Onintza
Paperaren errautsa egurrarenaren tankerakoa da. Paper guztiak ez dira berdinak, baina. Tinta asko eta plastifikatuak adibidez. Ahal dela horiek ez dira erabili behar. Gainontzean bai lurrari zuzenean eta baita luar edo simaur pilan nahastu.
Kaixo Jagoba, Ezin ditut begi bistan ikusi landare artean agertzen diren belar txarrak. Ibarrako piperra landatu dugu eta tartean belar ugari pilatzen zaigu. Bota al daiteke zerbait lurrean, hauek pixkanaka desagertzen joateko? Bi egunez behin aitzur txikiarekin pasadatxoa ematen diet erreka tarteko belar nazkante hauei, baina ez dakit ondo ari naizen. Aita zena joanda, nik hartu dut baratzerekin jarraitzeko ilusioa eta ene bada, zenbat ezjakintasun. Mila esker, Onintza
Hasteko lasai hartu; belarrak nahitaez izango dituzu. Plastikoa jartzea da aukera bat, baina landatu aurretik behar du. Nik, hala ere, plastikoa baino nahiago ditut belarrak. Beste aukera landareen tartea materia organikoren batekin estaltzea da: belar txikitua, txirbila, paper birrindua, kartoia, belar ondua, lastoa, orbela… Belarrak atzeratuko dira eta lurrarentzako janaria izango dira. Zerbait bota lurrera eta belarrak desagertzea mirari bat litzateke…
Formula bat probatu nahi baduzu: hartu 5 litro ozpin, erantsi 2 koilarakada bete Epson gatza eta koilara txiki bat xaboi potasiko. Nahastu ondo-ondo. Egun eguzkitsu batean, goizean ihintza lurrundu denean landarea ondo busti, eguzkiaren laguntzarekin ederki lana egingo du. Piperrak ez busti, horiek ere hilko ditu eta… zerbaitekin babestu piper errenkadak eta tarteko belarrak soilik busti. Ea balio duen…
Eta aitzurra kontuz dantzatu, piperren sustraiak oso ahulak eta sentikorrak bai dira.
Kaixo Jakoba. Negutegian tabako belarra landatua daukagu leku ugaritan eta bere hostoetan euli zuri dezente dago. Hasiera batean hor soilik zegoenez pentsatzen nuen tabako belarrak euli hau erakarri eta bertan izango zituela. Hala ere orain tomateetara ere pasatzen ari dira, beraz huntzaren infusioa aplikatzekotan naiz. Nire galdera honakoa da, tratamenduarekin batera tabako belarra kentzea komeniko litzateke? Eskerrik asko
Nik ez nuke kenduko. Kentzen baduzu euli zuri horiek beste norabait joan beharko dute. Eta normalena tomateetan amaitzea litzateke. Biak familia berekoak dira eta gustuko dituzte. Tabakoan izurritea dagoela jakinda tratamenduarekin han jo gogorren. Huntzarena ongi dago, baina beti xaboi potasikoa nahasita. Negutegi osoa busti, hezetasuna ez bai zaio gustatzen.
Kaixo Jakoba! Aurten ardi ongarria erosi diot bizilagun bati, aurtengo udarako landaketan erabiltzeko asmoz. Ongarria oraindik freskoegi dago eta temperatura (iada jeitsi zaion arren) beroa dauka erdialdean. Eskura ez dut beste ongarririk, beraz hau erabiltzeko modurik badagoen jakin nahiko nuke. Aipatu naute sustraiekin kontaktuan egotea ez dela komeni, bera, lur gainean landarea inguratuz ongarritzea egokia dela uste duzu? Eskerrikasko! Eki
Hobea da beti ondua. Badira landareak ondu gabeko ongarria ere har dezaketenak, ezagunenak kuiak dira. Lurgainean uztearena ere ez da txarra, horrek esan nahi du lehenik lan guztiak egin behar dituzula eta ondoren ongarria kontuz-kontuz zabaldu. Asko lagunduko du ongarria lurrean desegiten aurretik karea zabaltzen baduzu. Kareak mugitu eta azkartu egiten du ongarriaren ontze eta usteltze bidea. Bestela erabiltzen ez baduzu 150-200 gr/m2 erabili. Karetzeko ohitura baduzu 100 gramo. Aurrez lurrazalean pittin bat nahasi eta ondoren ongarria gehitu. 8-10 eguneko tartea uzten baduzu hobe. Eta gogoratu, orain hartu beste hainbeste ongarri, bazter batean pilatuta utzi eta hurrengo udazkenerako ederki onduta edukiko duzu.
Egunon Jakoba, patata goiztiarra sartu genuena ateratzen hasi gara, eta kanpotik sekulako itxura dauka, baino mozten hasitakoan barrutik kolore morea dute geienek eta beste batzuk beltza, zergatik da hau?
Birusek eta bakteriek sortutako orbanak dirudite. Tizoia edo burdinaren birusa edo antzeko zerbaiten eragin ez. Aurtengo maiatza ilun hotz eta hezeak ez dio patatari lagun du, eta horrelakoak agertzea ez da zaila. Hala ere jateko ez dira txarrak.
Arratsalde on Jakoba. Ez dakit mezua ikusiko duzun baina zure iritzia eskertuko nuke. Tomate piperrak, tipulak tipulak kuyak eta quijatxoak noiz dira hobeto jartzea gaur arratsaldean edo bihar goizean. Mila esker
Berdin da gaur edo bihar egin. Bihar igandean 19an egitez gero arratsaldeko 14:00 baino lehenago. Bestela hurrengo larunbata 25 arte berdintsu duzu; baina onena 22 goiza.
Egun on jakoba. Zer moduz? Ongi espero. Duela aste pare bat irratian aipatu zenuen baratzean landaketa egiteko egunik honenak 15, 16 eta 17 zirela. Nire galdera da: pena merezi du gaur jartzea edo egun batzuk itsoitea? Ez dator oso eguraldi ona egun hauetarako. Arabako mendialdetik idazten dizugu. Mila esker
Landarea hozteko arriskua badago atzeratzea hobe, bai. Abantaila izango da, nahiz eta egun ez hain egokiak izan. Hurrengo astean landatzez gero egun eta ordu hauek izango dira onenak: asteazkena 22 11:00 arte, eta 21:00etatik osteguna 23ko 07:00 arte. Hor ezin baduzu 23 eta 24 egun osoak.
Aupa Jakoba, nire baratzeko borrajei lorea atera zitzaien eta horrelaxe utzi nituen. Gaur atxurkada emateko asmoa nuen bertatik kentzeko, baina loreetan erle pilo bat zeudela ikusi dut. Ez diet kalterik egin nahi erleei eta ez dakit zer egin. Zuk zer egingo zenuke? Mila esker, Maitane.
Gure etxeko baratzean hor ditugu batean eta bestean sakabanatuta, berak sortzen diren eran utzita. Denak loretan daude, eta etxeko erleak zoratuta. . Lorea zimeldu eta pasa ahala moztu eta kentzen ditugu. Bateren bat utzita haziak sakabanatu eta hurrengo urtean ere izan daitezen. Gure etxeko baratzean hor ditugu batean eta bestean sakabanatuta, berak sortzen diren eran utzita. Denak loretan daude, eta etxeko erleak zoratuta. . Lorea zimeldu eta pasa ahala moztu eta kentzen ditugu. Bateren bat utzita haziak sakabanatu eta hurrengo urtean ere izan daitezen.
Asteazkenean, maiatzaren 15ean landatu nahi ditut tomateak,baina eguraldi txarra dator aste osoarako (8-14 gradu). Hobe datorren astera itxoin, tenperatura hobea egongo dela,naiz eta ilargiarengatik aste okerragoa izan?
Landarea hozteko arriskua badago atzeratzea hobe, bai. Abantaila izango da, nahiz eta egun ez hain egokiak izan. Hurrengo astean landatzez gero egun eta ordu hauek izango dira onenak: azteazkena 22 11:00 arte, eta 21:00etatik osteguna 23ko 07:00 arte. Hor ezin baduzu 23 eta 24 egun osoak.
Kaixo!! Jakoba, nai nuke jakin illarra egondan lekun tomatia aldatzea ondo etortzen zaion. Eskerrik asko.
Ilarrak, lekaduna denez, lurra nitrogenoz kargatuta uzten du. Tiraka ez atera landareak, moztu eta sustraiak bertan utzi, ongarri gehiago… Nitrogenoak, ordea, hostoa sustatzen du, eta tomateak hasieran hostoa eman eta hazi egin behar du, baina nitrogeno gehiegi badago, loraldia atzeratu daiteke. Hori ez gertatzeko, tomatea landatzean tarteetan jarri hostoa jaten diogun zerbait: letxuga, eskarola, ziazerba… Eta tomatea hazten den artean, osatuko dira eta jango dituzu. Horiek nitrogenoa ere ederki eramango dute, lurreko gaindosia bere oneratuz.
Kaixo Jakoba, Otsail hasieran tomate haziak sartu nituen, orain landareak handiegiak egiten hari dira inbernaderoan. Ez dakit jada kanpoan landatu naiz eta oraindik hotz egin edo eta barruan mantendu inbernaderoa txiki gelditu arren. Lekeition izanik noiz kanporatu ditzaket? Eskerrik asko.
Kanpoko tomatea maiatzean landatzearen aldekoa naiz. Maiatzaren hasiera edo amaiera, hori bakoitzak erabaki behar du. Tokia nolakoa denaren arabera: lurra, orientazioa, babesa… Nik uste dut Lekeition kanpoan landatu ditzakezula. Hala ere beste aukera litzateke, batzuk landatu eta beste batzuk negutegian mantendu. Azken horiek ontzi handixeagoetan jarri, hazteko aukerarekin; horrela kanpokoekin desastreren bat gertatuz gero, barruko horiekin saila osatu dezakezu…
Aupa Jakoba, duela bi aste lekak erein nituen. Dirudienez usteldu edo zeozerk jan egin ditu. Duela 3 egun berriz erein ditut eta zer moduz dauden begirtazean, zizare pila dago haizen inguruan baita milazango ugari ere. Arriskutsuak al dira? Nola ekidin daitezke?Eskerrikasko.
Ehunzagoek batik bat beste intsektu batzuk jaten dituzte, adibidez zizareak. Haien atzetik ibiliko dira, baina ez diote muzin egiten barazkien kimu berri gozoei. Nik uste dut beraiek jango zituztela leka ernatu berriak. Irtenbide egokiena lekak hazitegian erein eta landaretxoak sortzea litzateke, eta hiruzpalau hosto dituztenean landareak landatu.
Kaixo Alaia naiz berriro. Piper berdeak eta orain sartzen dira edo ez?
Piper berdeak negutegian dagoenerako landatu daitezke. Kanpoan, aldiz, maiatzean eta ekainean jartzen dira.
Kaixoo Jakin nahi nuen ea orain sartzen diren erremolatxak eta pepinoak edo inbernadoren egon behar duten. Edo oraindik goiz da hori sartzeko?
Luzokerrari dagokionez, negutegian apirilean landatu daiteke; kanpoan maiatzean landatzen da. Erremolatxa bai, kanpoan edo negutegian bai erein eta bai landatu daiteke apiriletik maiatzaren amaiera arte.
Gabon Jagoba zainzuriak ditut ortuan eta aurten bitxo batzuk agertu jakoz bati. Ez dakit kaltegarriak diren edo ez. Zer egin dezaket? Millesker
Zainzuriaren kakalardoa da, Crioceris asparagi, soilik zainzuriari erasotzen dio. Argazkikoa izugarrizko izurritea da. Eskuz bildu eta erre, edo harrapatu eta bertan zanpatu. Puntta berrietan harrak ere ikusiko dituzu, horiek ere berdin. Denborarekin arrautzak ezagutzem ikasiko duzu, adartxo berri txikienetan ilaran jartzen dituzte beltxak luxe mehe-meheak. Denak kendu eta desegin behar dituzu. Zenbat eta lehenago hasi hobe. Urtero zaindu behar duzu. Gure etxean, badugu eta urtero hasieratik goiz antzera eta gogor hartuz gero uda partean ez da izurriterik izaten.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545