Buruileko euriek mahastia ontzen.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Kuiak noiz jaso
2026-09-21 14:05 | Xabier

Kaixo Jakoba; Zeintzuk izango dira kuiak jasotzeko egunik onenak? Luze irauteko asmoarekin, noski.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-09-22 09:02

Luze irauteko asmoarekin ilbeheran eta, ahal bada, sustrai egunean jaso behar dira. Urriko ilbehera, 2ko 13:27etatik 15era arte izango da, eta sustrai egunak 9, 10, 11 eta 12ko 13:00 arte. Azaroko ilbehera urriko 30ean hasiko da eta azaroaren 12ko 10:31 arte izango da, eta sustrai egunak 6, 7 eta 8 izango dira.

Gaur arte erantzundakoak (520 galdera-erantzun)

Eguraldi aldaketarekin tomate landaran itsura aldatu da eta tomateei gorritzea gehiago kostatzen ari zaie. Zer egin? landarean bertan utzi gorritzen hostoak kenduta???? Ala ipurditik atera landarak eta babesean utzi?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-10-22 15:46

Bi aukera dituzu. Bata aleak landarean utzi eta pixkanaka gorrituko dira. Batzuek ezingo dira hor gorritu eta orduan etxeratu eta han gorrituko dira. Edo gorritzen ez badira berdetan jan, saltsan adibidez. Bestea landare osoa atera eta bruz behera zintzilikatu , gorritu arte. Bietan hostorik ez kendu inola ere, mamia gozatzeko gaia handik baitator.

Kaixo jakoba, duela bi egun zerbak landatu nituen ortuan (Barrikan), eta ordutik hosto batzuk zulatu zaizkit, beste batzuei pumtutxoak atera zaizkie eta gehien laeeitzen nauena hosto batzuk zurbil daudela da. Puntutxoentzako eta abar egur batzuk jarri ditut gauean bareak izatekotan tranpa moduan laguntzen omen dutelako eta bertan jasotzeko landeraz gain. Txorientzako ere badezpada CDak jarri ditut hosto bat apurtuta ikusi nuelako aurrekoan. Baina ez dakit zer egin zurbil dauden hostoekin. Zer izan daiteke? Bestetik, intsektuen kontrako zeozer naturalik dago? Bestetik makil batzuekin heldu ditut aurrekoan lurrari erabat itsatsita topatu nituelako euriagatik eta indartsuago hazteko hasieran lagungarri bezala jarri diet, ideia ona ahal da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-10-22 15:55

Zuloak bareen edo barraskiloen lana izango de seguruenera. Haiek atzeratzeko bide onena gauez bisitak egitea da; linternaren argitan ederki harrapatu eta akabatuko dituzu. Puntutxoak eta zurbil kolorea eguraldiarenak izango dira. Toki epel eta gozo batetik atera landaretxoak eta baratzean jarritakoan giro petral samarra hartu dute. Utzi lasai. Lur ona badute laster emango diote buelta. Intsektuen hori zehaztu beharko zenuke, zeintzuk dira? Eta hazten diren neurrian ez dute makilarik beharko, zerbak nahiko indarra izaten du bere buruari eusteko. Hala ere gogoan izan hurrengoan urte guztirako zerba izateko maiatza aldera landatu.

Kaixo: Udaran balkoiko loreontzi eta jardineratan tomateak, letxugak eta piperrak eduki ditut. Horiek kendu ditut eta udazken-negu partean loreontzi eta jardinera horietan zer jarri pentsatzen nabil. Aurreko urtean azaloreak jarri nituen. Landareak asko hazi ziren, baina oso buru txikiarekin gelditu ziren (suposatzen dut lur gutxiegi izango zutela). Udazken-neguan ze barazki landatu ditzazket balkoiko loreontzi eta jardineratan lurra aprobetxatzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-10-22 16:35

Eskarola, ziazerba, tipulina, tipulatxa, “calçota”, marrubia, letxuga eta berdetarako baratxuria.

Aupa Jakoba! Aurtengo udan hau bedarra urten jaku soloan iñoiz baiño geixau. Ezagutzen dozu?ta zeren seiñale da? Oiñ geixau ez zabaltzeko artazixekin ebai eta sue emongotxet,ia hurrengoan ez Bada hainbeste urtetan. Hurrengorarte,eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-09-30 10:39

Sabia edo amarantoa da landare hori. Negu-udaberriko gehiegizko ongarriketa baten ondorioz ugaltzen da. Onena egingo duzu. Urtero loratu aurretik moztu, eta haziren bat izango ote duen irudipena baduzu erre. Bestela luartokira.

Kaixo, Jakoba: Ez dakit hemen egiteko moduko galdera ote den, agian ez dago argitaratu beharrik, baina meloiari buruz zera esaten duzu Bizibaratzean: "Euskal Herria ez da, inolaz ere, meloi lurra. Erronka ederra beraz!". Kontua da Arriarango historiari buruzko lan bat idatzi dudala, eta 1630eko epaiketa batean bertako apaizak baratzean dauzkan barazki eta fruta arbolak aipatzen direnean: “…que tiene árboles de fruta como son guindos, ciruelos, melocotones y otros semejantes…”. Horrerarte ondo, baina gero meloiak aipatzen dituzte: “…que planta MELONES, árboles fructíferos, hortalizas y otras curiosidades…”. Posible al da 1630ean Arriaranen meloiak haztea? Ezagutzen duzu hori baino testigantza zaharragorik? Mila esker eta ondo izan, Iker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-09-22 11:25

Bitxikeria ederra! Eskerrik asko! Posible da bai orduan haztea, zer clima ote zen jakin beharko genuke… Eta bestea, zer meloi klase landatzen zuen? Gaur egun ditugun meloi fin eta ahulak ez ziren izango inolaz ere. Meloi “primitiboagoa”, oraingoen amaba zaharra. Eta hurrengoa da: landatzen zituen, bale, eta zer biltzen zuen? Eta ez dut ez ezagutzen testigantza zaharragorik. Milesker hain informazio ederra eta zehatza gurekin partekatzeagatik. Gehiago ere hartuko genuke!

Kaixo , oporretatik bueltan...zer egindezaket?.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-09-01 16:31

Zerbait gogorra gertatu da hor. Harriak edo kazkabarrak jo al du? Eta loreontziko lurra zeharo lehorra ikusten da. Loreontzian bizi diren tomateak ura behar dute, beti landarea busti edo zipriztindu gabe emanda.

Baliteke astakeria izatea, baina dilistak ereitea otu zait, gure inguruan arrotza den arren (Bizkaian, Urdaibairen muga-mugan). Indaba ("babie" guretzat), oso ondo etortzen da (orkatzek jaten ez dutenean behintzat), baina dilistak? Egia esan, nondik hasi ere ez dakit, baina halaxe hasi nintzen zainzuriekin aspaldian eta txarto ere ez gaur egun!. Aholkurik?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-09-01 16:13

Erein lasai eta ingurukoak harrituta utziko dituzu. Araba eta Nafarroa aldean batez ere “pardina” izeneko barietatea ereiten dute. Lur harroa eta ongarritua maite du, karea ere bai. Martxoa aldera erein eta 4-5 hilabete ondoren abuztuan-edo bilduko dituzu. Dilistak bezalaxe txitxirioak ere erein ditzakezu, berdin-berdin.

zure iritzia rotabatorrari buruz jakin nahi nuke. Ortuan, Neguko barazki batzuk (azar, porruak,…) landatu baiño leheneago pasatu ala ez, 
ezetz ezbada, zer egin?

eskerrik asko zure lanagatik

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-08-16 19:37

Rotabatorra berez ez da tresna txarra. Erabilera da txarra. Rotabatorra azaleko lurra harrotzeko eta gaineko belarrak azpira sartzeko erabili behar da. Ez ordea. Abiadura handian eta mugitu gabe, ahalik eta sakonen lan egiteko eran erabiltzen da. Horrek denborarekin lan egiten den sakonera horretan geruza gogor eta iragazkaitza sortzen du, oso txarra landareentzako. Erabili nahi baduzu, arin arin, eta azkar aurrera mugituaz egin. Beste gauza bat da lurra harro nola eusteko beste lan batzuk egin behar direla: karea eman, ongarri organikoa nahasi, toki lehorra bada azpiekin lurrazala estali, saila hutsa dagoenean belarrak eduki edo ongarri berdea erein…

Kaixo Jakoba! Hortu bat zerotik hasi asmotan nabil. Hesia eta zuhaixka artean zer aukeratu pentsatzen ibili naiz hortuaren perimetrorako. Azkenean zuhaixkek nahiz eta espazio gehiago kendu nahiago ditudalakoan nago. Beraz, nire galderazera da: ea zein zuhaixka den aproposa hortua perimetratzeko (intsektu ez desieagarriak aldentzeko, iraunkortasunerako kantauri isurialdean (Barrika aldean), ...) Mila esker eginten duzuen lan guztiagatik! Oier

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-08-06 12:46

Zuhaixka ugari dago lan horretarako aproposa. Nik bakar bat jarri beharrean nahasketa bat sortuko nuke. Tamainak ere garrantzia badu, gero bestela lan handia izan dezakezu inausketan… Zure gustua ere nahitaezkoa da hautaketa egokia izateko. Hona gure inguruko adibide batzuk: marmaratilla, arbustu arrunta, basaerramua, elorri beltza eta zuria, ereinotza, gartxua, gorostia, intsusa, oilakarana… Bestetik fruitu arbolak ere jar ditzakezu. Garrantzitsua da tamainarena, itzala nola egingo duten aurreikusi eta non jarri hautatzeko. Hosto iraunkorra dutenak haize nagusia nondik datorren aldetik jarri babesa sortzeko.

Iakoba galdera da meloia eta sandia noiz bilduko ditut ahalik eta geien iraun dezaten ? Kalababazak bezela txortena leortu arte itxoin bear da ? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-08-06 15:15

Meloiak eta angurria jateko bilduko zenukeenean jaso behar da. Ez luzatu, zartatzeko arriskua dago, baita usteltzeko ere, eta gozozaleak diren intsektuek eraso dezakete bere azukre usainak erakarrita. Ondo garbitu. Lur hondarrak kenduaz eta lehor-lehor jaso. Toki ilun, fresko eta lehorrean jaso, inguruan beste fruiturik gabe.

Kaixo, zer da da NEEM? eta potasa? Ongo egin nahi dut eta nahiago dut zuk gomendatzea Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-28 16:02

Neem izena du zuhaitz batetik ateratzen den produktu batek. Olioa edo esentzia forman saltzen da eta berak jarriko dizu zein dositan erabili. Potasa xaboia egiteko erabiltzen den produktu kimiko basikoa da. Xaboi arrunta sosarekin egiten da eta potasikoa potasarekin.

Kaixo Jagoba: Egun batetik bestea, hiru piper landare (zortzitik), tomate landare bat...ximeldu egin zaizkit. Lurretik atera ditudanean, zuztarra txuri aurkitu det. Ondo motaten bat al da? Zer egin behar dut ondokoek harrapa ez dezaten? Zein izan leike konponbidea? Eta ondfoa agertzearen arrazoia?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-26 10:04

Lepoko gaitza da. Bero hauekin eta ureztaketaren ondorio zuzena. Ureztaketa gutxi eta maiz egiteak ura lurrazalean pilatzen du. Horrek onddo urzaleak ere horra ekartzen ditu. Horiek sortzen dituzte kalte horiek. Ureztaketa egin nahi baduzu landare artean zangak egin eta horiek urez bete. Ureztaketa sakona egin behar da landarea ukitu ere egin gabe, ezta zipriztinek ere, eta ura behera joan dadila, 10-15 egunean behin.

Kaixo, Barrido kareagaz bueltaka. Orain kipulak jaso dodaz, arlo zati hori berri landa tu baiño aurretik karea bota beharko neunke eta hilabete (hilargi bat) ondoren lur ongarria?? Hau da, prozesu hau behin eta berriz errepikatu behar da? Bestetik, noiz da Ilena landatzeko sasoia? Eskerrik asko! Garikoitz Leitza Ozaeta

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-21 15:50

Ongarriketa nagusia udazkenean egiten da, eta orduan errespetatu behar da karea eta ongarri organikoa emateko tarte hori. Kipularen alor hori ongarritu gabe egon bada orain ongarritu dezakezu, edo soilik ongarri organikoa (satsa, luarra…) eman. Eta udazken neguan bien ongarriketara bueltatu, organikoa + karea.

Ilena landatu ahalik eta azkarren. Udaberrian komeni da landatzea. Hurrengorako gogoan izan. Orain arte egin ez baduzu jarri ahal duzun azkarren.

Atsalde on Jakoba, KUIATXOAK: Kuiak horitzen hasi dira. Lehen aleak onak eman zituen baina orain daudenak ounta mehe eta horitzen ari dira. Zergatik izan daikete? Beroa? Ur gutxiegi? Satza bora izan diet. Zer egin? Nola horitsauna ekiditu? TOMATEAK Lehen aleak gorritzen hasi dira. Ze pena azpia begiratu eta marroi ikusterakoan? Zer da gaixotasunen bat? Zer egin genezake? IKusi argazkiak mesedez. Mila esker eta gogor segi

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-22 14:45

Nire ustez kaltzio falta da. Bietan gauza bera gertatzen ari da. Uraren estresa medio, hau da orain ur asko, gero gutxi, gero batez, gero ikaragarri… Horrek lurreko kaltzioaren asimilazioari eta landare guztira banatzeko garraioari eragiten die. Izan daiteke uraren estresari lurrean kaltzio falta izatea erantsi beharra. Karea ematen al diozu? Edo beste zerbait kaltzioarekin ongarritzeko. Hori ondo zaindu beharra dago. Nahi baduzu lur gainean karea zabaldu eta gero sakon-sakon ureztatu. Hurrengo urterako gogoan izan udazken-neguan ongarritzen duzunean simaur-sats-luarrarekin ongarritu baina baita karearekin, 150-200 gr/m2. Bi ongarriketen tartea gutxienez ilargi bat, hilabete bat. Kuiatxoetan arazo antzekoa etorri daiteke polinizazioa kaxkarra delako horrelakoetan lore arra hartu eta eskuz polinizatu behar dira emeak. Hala ere kasu honetan uste dut bi arazoak bat direla, kaltzioarena.

Egunon! Inguruan dauden landare desberdin hauek, argazkietan agertzen diren bezala jarri dira 2/3 egunetan. Beste guztiak ondo daude! Ur gehiegi bota zaiela irakurri dut, baina arraroa da, denak berdin ureztatzen ditugu eta. Gainera tomate landarea ez da ureztatzen. Eskerrikasko zuen lanagatik!!!;;;;

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-22 14:34

Nik esango nuke bereziki landare gutxi horiek ur gehiago behar dutela. Ez dakit bere kokapena besteekiko nolakoa den, baina nire ustez egarri bizia dute. Eman ura ondo: goizez, egunsentia aldera, ura asko sakon beheraino joan dadin, ez gutxi eta maiz (hori okerrena da).

Tomateetan hosto batzuk argazkian bezala ageri dira.Hosto horiek kendu eta erre ditut.Horrez gain ,tomate fruitu batzuk mantxa boribil marrixka zeukaten.Horrek ere erretiratu nituen.Gaixoa da?Zer egin dezaket?.Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-13 16:38

Nik uste dut hosto horietan agertzen diren orbain gorri horiek erredurak direla. Tomate aleetakoak ikusita errazago litzateke arazoa ikustea, baina ez dut uste gaitza denik, eguzki kolpea baizik.

Egunon! Tomatei lehengo asteako berón ondoren,loratan zeona ihartu egin zait lorea baino tomatea agertu ez, hosto batzuk kolore hau daukate, argazkian ikusten da. Besteak Ondo daude. Baina ale gehio espero nituen Aste hontan eta lorea ihartuta ezin tomatea atera. Zin dizut argazki bat baino gehio bidali eta bi bidali nahi dizkizut, tomate lorea nola ihartu den bata, eta bestea, hosto batzuk nola dauden.Zergatik ote? Iratxe

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-05 14:32

Izan dugun beroaldi horrekin lorea galtzea ez da harritzekoa. Argazkiko tomate landareari ez diot aparteko ezer ikusten, kolorea normala da eta ageri den gauza bakarra da inausi beharreko hostoaren oineko kimua kendu gabe dagoela eta oso handia da. Horiei ez zaie hainbeste handitzen utzi behar, bestela inausketa zauria gero oso handia izango da. Kontuz.

Kaixo, Jakoba! Hiru kuiatxo landare ditut jarrita, dagoeneko handituta eta kuiatxoak ematen hasiak. Ordea, hiruetako bat guztiz erorita topatu dut, argazkian ikusten den moduan. Beste biak, aldiz, ondo daude. Zein izan daiteke arazoa?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-03 18:10

Nik esango nuke lurpeko erasoren bat izan dela. Saiatu hosto guztiei heldu eta gora tira eta ea libre dagoen. Sustraiak edo sustrai batzuk jan eta moztuta egotea ez harritu. Hala bada, ondo zaindu eta hor azpian zer dabilen arakatu, gainontzean aldamenekoak ere atarramentu bera izan dezakete…

Egun on Jakoba! Helda leken landareak xelebre ditugu aurten baina ez dakigu zer den, hostoak okertuta/kizkurtuta eta tontortxo berde ilunekin bezala aterea dira (ez denak) eta ez dakigu zergatik den. Bestalde, kilo pare bat jaso ondoren (3m inguruko sarean) ez dugu lore gehiagorik, nolabait bultza daiteke lore gehiago produzitzea? Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-05 15:44

Nire ustez akaro bat edo birus bat da. Inola ere ez bata ez bestea ezin dira tratatu eta garbitu; aldiz, oso kutsakorrak dira. Hartu hori duten landare guztiak, ipurditik atera eta erre.

Kaixo Jagoba: Egun hauetan, landaketa berriak egin ahala, lurrak txingurriz josia daukagula onartu gara. Zein izan daiteke konponbidea?landareei bacylus botatzea? Azeri buztana? Osina?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-02 19:08

Begira aurtengo “Ilargia eta Landareak 2026” agendan argitara eman genuen trikimailua:

Txortaloa txingurriak uxatzeko

Txortaloak (Mentha pulegium) txingurriak uxatzen ditu, mendafinak bezala. Bien usaina ez zaie gustatzen. Beraz, txingurriek kalte egiten duten tokian edo zorriak ez izateko fruitu arbolen inguruan txortaloa landatu. Lur hezeetan txortaloa mendafina baino hobe da. Honek, gainera, erleak erakartzen ditu.

 

Beste hau txingurriak non dabiltzan eta zein landareetara igotzen diren ikusi eta haietan tratamendua egiteko:

Landareetako inurriak ezabatzeko irtenbide natural bat da ondorengo hau.

Nahastu 10 ml ozpin zuri litro 1 uretan eta ontzi-garbigailu xaboia tanta batzuekin.

Ihinztatu intsektuetan, ukitu ahala berehala hilko dira. Errepikatu prozesua inurriak ezabatu arte.

Kaixo, Kalabazin eder bat jaso dut baina gehiago ateatzea edo jaio direnak handitzea asko kostatzen ari zaio. Zer izan daiteke? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-01 19:26

Arrazoi ugari izan daiteke. Hasteko beroa eta lehortea. Horrek ez dio polinizazioari batere laguntzen. Ezta euri  egunek ere. Polinizazio xelebrea dute kuiatxoek: alde batetik lore arrak eta bestetik emeak dituzte eta polena kakalardoek eramaten dute. Badaezpada zeuk egin polinizazioa. Hartu txorten mehe baten muturrean zabaldutako loreak eta azpian kuiatxo txiki potxoloa duten loreetan igurtzi. Lehenak arrak dira, bigarrenak emeak. Hori bi-hiru egunero egin. Ea ugaltzen den uzta.

Egun on Jagoba, lagun batek bidali deust argazki hau, ikusten dozunez oso txikiak hasi jakoz tomateak. Kristalezko hormak daukozen gela batean daukoz, loreontzi haundietan, beroa bai baina ondo aireztatuta. 6 landara inguru daukoz eta danak dauke ale txikiak. Zergaitik hasi dira hain txikiak? Ongarri falta izan leike?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-06-29 12:25

Arazoa landare guztietan azaltzen bada, oinarrizko akatsa dagoela esan nahi du. Loreontziaren tamaina, agian. Tomateak gutxienez 20 litroko loreontzia behar du, gutxienez. Handiagoa bada hobe. Beste aukera lorontzian dagoen lurraren kalitatea da. Tomateak jaki asko behar du, fruitua eskatzen diogu eta horretarako ziklo osoa bete behar du… Eman ongarria astero. Eskuratu nitrogeno gutxi eta fosforoa eta potasioa ugari duen zerbait eta ureztaketa urarekin nahasita eman.

Piper txorizeroaren zurtoin oina marroituta eta landarea zimelduta. Phytophthora capsici izan leike? Zer egin geinke? Landare barriak jarri ezkero bardin-bardin kaltetuko dira?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-06-27 12:28

Izan daiteke, edo lurreko beste onddoren bat. Seguruenera uraren erabilera desegokiagatik ugalduko zen. Maizegi ureztatzea izan daiteke arrazoia. Landarea jarri aurretik ondo, sakon busti saila eta gero oso noizean behin ureztatu eta inola ere landareak busti gabe.

Kaixo Jakoba, Tomate-landareekin arazo bat daukat eta zure iritzia jakin nahiko nuke. Duela hiru aste 15 tomate-landare landatu genituen baratzean. Lurra drainatze onekoa da, ez da buztintsua, eta landatu ondoren landare bakoitzari bi egunez behin bi litro ur inguru eman dizkiogu. Hasieran gehiegi ureztatu ote genituen pentsatu nuen, eta azken egunotan 15 landaretatik 4 hil dira. Hildako landareak ez zeuden batera, sakabanatuta zeuden. Zurtoina lurrarekin elkartzen den tokian kalte handiak ikusi ditut: zurtoina zurbil eta hondatuta dago, eta sustraien inguruan eta lastoaren artean zuntz edo onddo zuri moduko batzuk agertu dira. Sustraiak, ordea, ez dira oso ustelduta edo beltz ikusten. Beste tomate-landare batzuk oraingoz osasuntsu dirudite. Zure ustez zer izan daiteke arazoa? Onddo bat izan daiteke? Kobrezko fungizida ematea gomendatuko zenukete? Eskerrik asko aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-06-26 08:20

Ulertzen dudanez, landareei azpiak egin dizkiezu lastoarekin. Hori Euskal Herri hezean ez da batere egokia, baldin eta lur oso lehorrean ez badaude. Hori eta hainbeste ur emateak sortu du lepo aldeko onddoen eraso bortitz hori. Utzi ureztatzeari eta kendu lastoa landareen ingurutik. Eguzkiak landare guztia eta bere inguruko berotu ditzala, berotu eta lehortu. Horra irtenbidea: onddoei behar-beharrezkoa duten hezetasuna kentzea.

Aupa! Gure baratzean, Errekalden (Añorgan), piper min exotiko lerrokada bat jarri dugu (naga, habanero, etab. motatakoak). Baratzara aldatzerakoan jada nahiko haundik zian eta itxura ona zekaten. Aldatu eta astebetera hostoak janda agertzen hasi zian, eta horrela gertatzen ari da gaur egunera arte. Bisitari honi ez diogu bare itxurarik hartzen. Ar mota bat dela pentsatzen dugu, nahiz eta hostoak harakatzean ez dugun aurkitzen. Pasa den astean eskura genuen etxean egindako baratxuri salda bota genien baina ez dugu emaitza positiborik lortu. Ea laundu gaitzakezun. P.D.: letxugek ere bisitari bat izan dute, posible al da bareaz aparte arrak ere erasotzea? Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-06-26 17:10

Nik esango nuke B&B gure lagun parearen azaña dela, barraskilo eta bareena, alegia. Gauez egin bisitak, maiz- maiz linterna hartuta eta ondo miatu. Bareak txiki-txikiak izan daitezke, bare-xixak, alegia. Harrak baldin badira, erraz ikusten dira, piperretan bezala letxugetan.

gora