Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo Jakoba! Jakin nahi nuke,bainak ereiteko,ze ongsrri mota edo ze alimentu mota bota behar dihodan lurrari? Ze gorotza edo ximaurra ez dela ona eta, ze abono mota erabili dezakedan jakin nahi nuke. Besterik gabe,zure erantzunaren zai geratzen naiz.Eskerrikasko!
Lekek ez dute ongarririk behar, baldin eta lurra oso kaxkarra ez bada. Lekak berak sustraietan apopilo hartzen ditu airetik nitrogenoa sustraietara ekarriko dioten bakterioak. Zerbait ematez gero, lur buztintsu astuna bada mesede handia egingo dio karea emateak. Aspaldi karerik ikusi gabeko lurra bada 150-200gr/m2 eta urtero hartzen badu 75 gr/m2.
Gaur arte erantzundakoak (379 galdera-erantzun)
Kaixo Jakoba, Tomateek hazten zeudela birusa kiribilkorra harrapatu zuten. Hosto denak kiribildu zitzaizkien eta ez ziren hazten. Aurrera ez zutela egingo jakin arren, utzi egin genituen zeuzkaten tomate garo bakan haiek aprobetxatzeko. Kontua da, azkenaldian, ez daukatela kiribildutako orririk eta hazteaz gain, fruitu berria irten zaiela. Birusa gainditu dutela uste duzu? Beraien ondoan, tomate bakar bat gaixotu gabe egon da denboraldi guztian. Hau da, handi egin da, ez du kiribildutako hostorik izan eta produkzio normala mantendu du. Honen haziak hurrengo urterako gorde ditzaket, ala ez da komeni badaezpada eta hazi berria erostea hobe?
Birusak ezin dira sendatu. Landareak berak aurre egin eta gainditzen baditu gaitzerdi. Birusa landareak berak ekarri dezake. Kanpotik ekarri baduzu landarea posible da batzuek birusa ekartzea eta beste bat horrek ez. Etxean egindako hazitik sortutakoetan berdin. Birusa maiz intsektuek kutsatzen dute. Birusa duen landare bat ziztatu eta gero hurrena ziztatzen dituenetara eraman. Hazia jasotzeko, ez dut arazorik ikusten ondo bizi izan den landare horretako ale batetik hartzeko.
Kaixo Jakoba, zure azken publikazioan kuiei lurra kentzeko diozu, gaitzuik gabe haz daitezen. Baina ez dakit nola egin. Kartoi edo harri batzuk jarrita azpian, adibidez? Ala egur batzuekin egitura bat egiteko edo diozu? Mila esker!
Edozein material erabili dezakezu, baina kartoia, belarra eta horrelakoekin kontuz. Horiek ere urari eusten diote eta usteldu daitezke kuiari ere kalte eginez. Erabili, zurezko paletak, ohol zatiak, kaxak, ontziak… lurra ukitzen ez duela eusteko gai izango den edozer gauza.
Kaixo Jakoba, Galderatxo bat dugu zuretzako: Tomate landareak gorriña dauka baina buruak (tomateak berak) ez. Balioko luke hazitarako? Eskerrik asko, lan ederra egiten duzu! Ana
Bai, lasai asko jaso dezakezu bere hazia. Landareak gaitzak jota egon daiteke baina tomate alea ederki ekarri heldutasuneraino. Haziak orduan izango dira ernetzeko gai.
Kaixo Jakoba. Negutegian Aretxabaletako 10 tomate landara eta Jack izeneko 5 landara ditut. Aretxabaletako tomateen hazia datorren urtean ereiteko gorde nahi nuke baina ez Jack landareana . Zalantza: Jack klaseak polinizatu ote dau Aretxabaletakoa? Edo Aretxabaletako klasea mantentzeko arazorik ez nuke izango bere hazia apartatuz gero? Eskerrik asko!!!
Normalena ez nahastea da, tomatea landare autopolinizantea da, bere burua polinizatzen du. Baina polinizazio bidezko nahasketa gertatu daiteke. Aretxabaleta klasea ekarriko duten haziak izango dituzula ziurtatzeko landare horien lore batzuk isolatu behar dituzu: ireki aurretik paperezko poltsatxoekin bildu; gero ireki direnean bere beste lore bat hartu eta igurtzi, bere polena emateko, eta itxi berriro; fruitua hazten ari dela ikusten duzunean poltsa kendu daiteke. Tomate ale horren haziak klase horretakoak izango dira.
Ez nabil tomateak ureztatzen ezta ongarritzen bakarrik jorratu, ondo egiten nabil?
Tomateak ureztatu gabe badituzu kalitate handiko fruituak jango dituzu. Lagundu nahi badiezu oso noizean behin asun urarekin ureztatu.
Galtzue jartzea orduko landare guztien inguruan ondo dago ala salbuespenak egin behar?
Gurea bezalako eguraldia dagoen tokietan galtzuak mesede adina kalte egin dezake. Aurtengoa bezalako hezetasun iraunkorrarekin oso txarra da. Bero handiak eta lehoreta denean bai, ona da. Orain ez.
Kupre sulfatoa tomateetan zuzenean galtzerdi batekin bota dezaket? Zenbatero?
Kobrea sekula ez bota hautsetan. Beti urarekin nahastuta eta berak esaten duen dosia errespetatuz. Kobrea metal astuna da eta landareetan, guk jaten dugun tomatean eta lurrean kutsatzailea izan daiteke.
Katuen populazioa goraka doan heinean nire ortue be inbadituten hasi dire ta nozepiñean katuen kakak topetan dodaz bertan. Interneten sartu nez ta honin inguruko ideia kontrajarriak topau dodaz. Beraz... katuen kaka ongarri ona da ortureko edo hobe ikusi bezain pronto kendutea?
Zeuk esaten duzun eran denetatik entzun izan dut katu eta txakurren kaken inguruan. Ez dut inoiz topatu gai horren inguruko taxuzko ikerketarik edo saiorik. Katuak kaka egiteko lur gozo eta harroen bila ibiltzen dira, eta zer hobe baratzeetakoa edo loreontzietakoa baino… Inola ere, nik nahiago nuke nire baratzean horrelakorik ez topatzea…
Tomateak negutegian ditut, baina ale batzuen hostoak aleka zimeltzen doaz, Ikusi ala kendu egiten dizkiete ebakita. Zer da? Ondo egiten al dut?
Nik esango nuke ez dela gorrina edo antzeko gaitzen baten erasoa. Gehiago lotuko nuke negutegiko giroarekin. Badirudi hosto horiek lehortea jasan dutela, daukaten ura eta egiten duen beroaren arteko lana. Ez dakit nola aireberritzen duzun negutegia, baina nik sasoi honetan beti irekita edukiko nuke. Hostoak bertan uztea ere ez da txarra, zeuk erabaki. Kentzen dituzunean zauria sortzen da eta gaitza sartzeko arriskua areagotu. Tratamenduak egiten badituzu moztu, bestela bertan utzi, lasai asko. Itxuera ez da beti garrantzitsuena…
Patata atera baino zenbat egun lehenago kendu daiteke arba edo landarea? Eskerrikasko
Landarearen zarbaren egoera da gakoa. Zarba ihartu bada, lasai asko kendu eta egun batzuk egon daiteke patata lurpean. Garrantzitsuena zarba kentzerakoan ahalik eta patata gutxien azaleratzea da; kanpoan badago eguzkiak jo eta berdetuko da, txartuz.
Kaixo Jakoba: Apirilean negutegian jarritako tomate barietate desberdinetako landare batzukloratu ondoren, zurtoin nagusia hustuta dutela ikusi dugu. Ez dakigu gaitza ote den edo lurrean zerbait ote dagoenn. Ez zaigu tomate landare guztietan gertatu, baina bai barietate desbrdinetan. Zer izan daiteke? Mila esker eta ondo izan Argiloa
Nire ustez zurtoinarena ez da arazo bat. Ez gaitz ez izurrite, berezkoa baizik. Deigarriagoa egin zait hosto horituarena. Hori bat gorrinaren hasiera izan daitekeela. Ikusi dut azpiak eginda dituela landareak, lurra zerbaitekin estalia, alegia. Azken aste hauetako euriaren eta hezetasunaren emanarekin kalte egingo dio azpi horrek. Kontuz gaitzarekin.
Tomate landarak ditut estalita eta oso ondo etorri dira, baina orain, lehen fruituak jasotzen hasi geranian, hostoak lehortzen hasi dira eta goiko aldeko lorak erortzen . Argazkiak bidaltzen dizkizut zer izan daitekeen ote dakizun. Aurtengoa galdutzat joten dot baina ea datorren urterako zerbait esaten didazun. Eskerrik asko.
Uraren eta hezetasunaren erabilera desegokiaren ondorio dela iruditzen zait. Ur falta: bero handiegia izatearen ondorioz (haizeberritze eskasa…), landareak ezin nahikoa ura eraman hostoetara eta loreetara eta biak ihartzea. Ur gehiegi: batzuetan lehor eta hurrengoan ur gehiegi bada lurreko onddoek erasotzea gerta daiteke, Phytophtora adibidez. Zeuk jakingo duzu ondoen falta edo gehiegia den. Onddoarengatik bada ondo ondo garbitu landare arrasto guztiak eta erre. Orokorrean: berotegia beti irekita eduki, eta ureztaketa gutxitan baina oparoa, sakon bustitzeko lurra.
Gordetzeko urteko patata jasotzeko egunik onenak jakin nahi nituzke, landarea ilartuta daukagu jada, beraz hilabete honetan ateratzea komeni delakoan nago. Eskerrik asko
Patata bildu, jaso eta ahalik eta luzeen ondo irauteko ilbeheran atera behar da, eta ahal bada sustrai egunean. Uztaileko ilbehera 16, 11:00etatik eta 30 artekoa izango da; sustrai egunak 23 eta 24 egun osoak eta 26 eguerdi artea. Ahal baduzu egun horietako batean atera, lur gainean ondo lehortzen utzi, gero lur hondarrak kendu eta toki lehor, ilun eta ondo haizeberritzen den batean jaso. Baldintza horiek garrantzitsuak dira.
Alde batetik, tomateei dagokienean, azken asteko euriak pasata azpiak egin dizkiet duela egun pare bat moztutako belarrarekin (sekatzen hasia). Ez dakit ideia ona den... pentsatzen dut honek hezetasunari helduko diola eta gainera deskonposatzen hasiko da.
Bestetik, gorriña eta zuriñaren prebentzio moduan hurrengo nahasketa egitea pentsatu dut: azeri buztanaren irakiña, propoleoa eta esnea %10ean. Zer iruditzen zaizu? edo bestela, nola hobetuko zenuke?
Tomateari azpiak egitea Euskal Herri atlantiarrean ez da idea ona. Hezetasuna da tomatearen arerio nagusia eta azpiak horixe dakar hezetasun gehiago. Kendu ahalik eta azkarren. Azpiak toki edo sasoi oso lehorretan erabiltzea gomendatzen da. Aipatzen duzun gaitzen aurkako tratamendu horri nik itsasoko ura (%10) eta xaboi potasiko pittin bat erantsiko nioke. Gaitza indarrean bada baita kobrea eta sufre pittin bat ere.
Kaixo Jakoba. Lagun baten tomateak horrela daude, eta ez dakigu zerk eragin duen. Ondorioz, ezta nola jarri erremedioa, baldin badago.
Nire ustez txori edo hegaztiren batek jaten ditu; mokokadaren arrastoa ageri dela dirudi. Oiloak, zozoak, mikak, beleak… Beraiek ez inguratzeko zerbait jartzea komeni, onena eta errazena sarea.
Negutegian tomate landarak dauzkagu. Horko tomate haziak balio du datorren urtean landatzeko? Edo kanpoko ortuko tomateen hazia bakarrik balio du?
Negutegikoak kanpokoak bezalaxe balio du, berdin berdin. Tomate alea sortu bada loretik ernaldu dela esan nahi du eta haziak sortu. Hazi horiek ondo heltzea komeni da. Hazitarako jaso nahi dituzun aleak ondo heltzen utzi eta gero kanpokoen bide berdinetik haziak jaso.
Zer iruditzen zaizu piparrak eta tomatiak landatzia, zulotxoan berakatz zati txikiekin? Lagun baten trikimailua da baiña ez naiz fidatzen. Ez al dio kalte egongo berakatz txikituak piper eta tomate sustraieri?
Inoiz ez dut entzun horrelakorik. Ea zer emaitza izaten duen. Asuna bai, asuna zuloan jartzen da gero usteldu ahala landareari gorrinari aurre egiten laguntzen diolako. Baratxuri ura gaitzari aurre egiteko landarea bustitzeko erabiltzen da. Buru bat txikitu eta litro bete uretan infusioa eginda; edo txikitu eta uretan 10 egunez eduki ondoren. Nire ustez sustraiei ez die kalterik egingo; agian jaleren bat uxatzeko mesedea bai. Gustura jakingo nuke zure lagun horren saioaren emaitzaren berri.
Kaixo Jagoba. Negutegian dauzkagun tomate batzuk azpitik belzten hasi zaizkigu. Hosto batzuk ere horitzen hasi dira. Gorrina edo zein gaitz dela iruditzen zaizu? Nola trata dezakegu? Orain arte osin urarekin ureztatu besterik ez ditugu egin. Eskerrik asko.
Ipurdi beltza esaten zaio gaitz horri. Gaitza baino gabezia bat adierazten du. Kaltzioa falta zaio landareari. Bi arrazoi izan daitezke: lurrean kaltzioa falta da eta beraz ongarriketan kontutan izan behar da emateko(karea, dolomita, errautsa…). Beste arrazoia uraren gorabeherak izan daitezke; lurrean kaltzioa badago baina tarte batzuetan ur eskasiagatik landareak ezin du behar adina hartu. Nire ustez ur falda tude; oasin ura oso ona da, baina negutegian ur asko behar du… Ureztatu gutxitan, baina oso sakon, ur asko emanez.
Gabon Jakin nahi nuke saltsa bordelesa eta kuprea fruitua dagoenean bota al leiken. Milesker aldez aurretik
Bai bota daiteke. Gauza bakar bat izan behar duzu kontutan, salda bordelesa edo kobredun beste produkturen baten ontziaren etiketak garbi adieraziko dizu zein den segurtasun epea, hau da tratamendua egin eta bustitako landarearen edozein atal jan aretan errespetatu behar dena. 10 eguneko epea jartzen badu ezin duzu jan hamar egun igaro arte.
Kaixo Jakoba! Aurreko asteko eguraldiak eta bota zituen kazkabarrak gure tomate landareak jipoitu ditu (negutegirik ez dugu). Ondorioz, ditugun landare guztiei mildiu delako onddoak eraso die zurtoinean, hostoetan eta ale batzuetan. Hainbeste landare eta gehienak etxean hazitik ateratzen ditugunak dira, mimo guztiekin. Orain ordea, zer egin dezakegu? Nola gelditu onddoa? Nola lagundu landareei? Mantxa marroiak dituzten hosto eta landareak kentzea komeni da? Sekulako pena... Eskerrik asko!
Toki askotan dagoenerako atzera bueltarik egoeran daude tomate sailak. Goiz antzera jarri eta udaberri amaiera petral honek harrapatu. Nik uste dut egokiena litzatekeela tratamendu gogor bati ekitea: salda bordelesa, asun ura, sufre ttantta bat eta itsasoko ura. Adibidez 15 litroko motxilakada prestatzeko 3-5 litro asun ura, litro bat itsasoko ura, sufre goilarakada txiki bat eta salda berak jartzen duen proportzioan. Salda bordelesa erabili beharrean kobrea beste forma batzuetan ere erabili daiteke, glukonatoa, adibidez; Glucosei eta beste izen batzuekin topatuko duzu. Hala ere landare batzuk oso jota eta gaitzak erabat harrapatuta baditu kentzea litzateke onena, besteak salbatze aldera… Hurrengorako gogoan izan tomateari txapela gustatzen zaio, makil puntatik makil puntara zabaldutako plastiko gardena, goia bakarrik estaltzen duena. Horrelako eguraldi kaskarretatik babesten du (txingor, euri jasa, udako ihintza handiak…) eta batere maite ez duen hezetasun handiena kentzen dio.
Azken eurite hauen ondoren tomate aleak lehertuta bezala dauzkat. Zergatik? Ur gehiegi agian? Eskerrikasko
Ur gorabeherak eragiten du azala lehertzea. Ur gutxi, ur asko, aldaketa horrek fruitua handitzea dakar eta azalak nahikoa ematen ez badu lehertu egiten da. Lurpean patatari ere antzeko zerbait gertatzen zaio.
Zerben hostoetan zuloak ateratzen hasi dira. Zergatik? Nola tratatu?
Zerbetan azaltzen den gaitz hori Cercospora da. Onddo batek eragiten du eta giro epel eta hezea denean agertzen da. Nahi baduzu tomatearen gorrinaren aurkako tratamendu bera egin: salda bordelesa eta asun ura. Gainontzean landareak berak gainditzen du, giroak laguntzen badu…
Arratsalde on, Aspaldiko partez ortua lantzen dudala eta urtero duda bera sortzen zaidala Ortu osoan zehar ateratzen den hirusta kentzea komeni da? Ortu batzuetan uzten dituztela ikusi dut, beste batzuetan, aldiz, guztiz garbi egoten dira Konprobatu dudan gauza bakarra zera da, hirusta kendu barik utzi dudanean lurrak hezetasuna hobeto gordetzen duela, honek eguzkitik babesten duelako. Aldiz, ez dakit honek landareei indarra edo elikagaiak kentzen dioten... Zer egin beharko nuke? Eta kentzekotan, ba al dago banan-banan kentzea ez den beste modurik? Agian beste landare batzuk erabiliz, likidoren bat sortu eta lurrean botaz? Eskerrik asko.
Barrabasa (Oxalis acetosella) hori da berez gehien daukaguna, naiz eta bestekoa ere zerbait badagoen, baina apenas. Aurreko urtean uda hain beroa izan zen ezen ez zen ezta hirusta hazi, baina aurten badirudi dexente aterako dela, edo behintzat dexente ateratzen dabil. Ortua Algortan daukagu, lursail eguzkitsua da eta lurra batez ere buztintsua dela esango nuke. Aurten froga bat egingo nuen karea botatzen idien ongarriaz gain, urtero botatzen dudana, baina azkenean "yeso agrónomo" deritzona bota diogu, batez ere tomateentzako. Ez dakit horrek gehiago ateratzen lagundu duen...
Eskerrik asko!
Hasteko Barrabas-belarra ez da hirusta. Hirustak Trifolium generokoak dira eta barrabasa ondo diozun eran Oxalis acetosella da. Barrabasa ahaztu. Gutxi, ale bakan batzuk baldin badituzu merezi du lurpean duen tipulatxo eta guzti atera eta akabatzen saiatzea, gainontzean hasi baino lehenago galdutako guda da. Nik ez ikusiarena egiten dut eta bertan utzi. Aukera bakarra landareen azpian lurgaina estaliz zerbait jartzea da: lastoa, belarra, orbela, kartoia… Ez ateratzeko. Hezetasuna mantentzen duela egia da, eta uda beroetan mesedegarria da. Beraz zeuk aukeratu.
Egunon Jakoba! Ander nai Eibarkua. Juen zan astian patata barrixa lurretik etara neban, eskuz lurra kendu, otarrian sartu ta ganbarara iyoz. Ta oiñ konturatzen hasitxa nao mordo bat baltzunaz usteltzen darela. Zer dala ta gertatzen jakue hori? Eskarrikasko Jakoba!
Oin beltza esaten zaio gaitz horri. Bakterio batek sortzen du, Pectobacterium generokoren batek. Hazitarako erabilitako patatak ekartzen du edo soroan bertan egon daiteke aurreko urtetik. Aterata dituzula usteldura arrastoa ikusi ahala kendu eta erre, edo bazter batean pilatu, plastikoz estali eta erabat deskonposatzen utzi. Ez erabili nolanahiko tuberkulurik hazitarako. Aurtengo horietatik bat bera ere ez eta zertifikatutakoak soilik erabili. 3 urte gutxienez utzi aurten egindako sorora patatarekin itzultzeko. Kontuz patata lantzean, jorratzerakoa, biltzerakoan eta abar aleak ez zauritzeko. Kontuz hezetasunarekin; lur hezea, biltegi hezea, ondo garbitu edo ondo lehortu gabeko patatarik ez jaso. Jasotzeko tokian aireztapena nahitaezkoa da. Oin beltza esaten zaio gaitzari patata landarearen oina kaltetzen duelako; soroan bertan kendu eta erre, osasuntsuak ez kaltetzeko. Kaltetutako landareak eta patatak bazter batean pilatu eta estali ondo deskonposatu arte.
Egun on, Jakoba: Maiatzaren lehenengo hamabostaldian landatu genituen piperrak. Ondorengo egunetan hotzak harrapatu zituen, eta harrezkero, kolore horixka dute. Badago ezer egiterik berdetu daitezen? Eskerrik asko.
Zalantzarik gabe eguraldia izango da arrazoi nagusia. Hala ere lasai hartu. Beroak badatoz eta piper berdeegia, luzeegia ez da komeni bestela asko luzatu eta lorea eta fruta geroago hasi. Hobe da indar gutxixeagorekin haztea, zabalagoa behetik. Nik uste dut orain buelta emango diola… argazkirik baduzu bidali eta jarraipena egin dezakegu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545