Horrek esan nahi du oraindik ez duzutela BIZI BARATZEA liburua eskuratu...
Bertan honelaxe dio: errenka artean 25-30 cm eta errenkadaren barruan porrutik porrura 10-15 cm. Zenbat eta tarte handiagoa porruak lodiagoak egingo dira. Tarte estuagoarekin porru meheak baina gehiago.
Gaur arte erantzundakoak (267 galdera-erantzun)
Kaixo Jakoba!
Gipuzkoako Goierrin baratza bat daukat. Iaz berandu hasi ginen baratza jartzen (aurretik baratza izan gabeko lursail batean).
Aurten ongarriketa lanak ongi egin nahian nabil: Abenduaren 23an ximaurra banatu nuen baratzean, eta orain karea eman nahiko nuke. Gauza da, ximaurra oraindik desegin gabe dagoela lur gainean (erruz bota nuen). Eta belar batzuk jaiotzen ere hasi direla....nola egitea gomendatuko zenidake??
- Zuzenean gainetik karea bota?
- Zopizartu belarrak kentzeko, eta gero karea bota zuzenean?? edo zopizartu eta gero lurra irauli, eta gero karea bota?
- Lurra irauli, eta ximaurra desagertutakoan bota karea?
"2021 ilargia eta landareak" liburu-agendarekin nabil, eta bertan ximaurra eta karearen artean ilargi bateko aldea uzteko gomendatzen duzu, baina lurra irauli edo ez ez zait garbi gelditu....gero ezer landatu aurretik, beste ilargi bat itxaron beharra dagoela argi daukat.
Lagungarri moduan pare bat argazki uzten dizkizut.
Eskerrik asko aldez aurretik.
Karea ematerako simaurra ondo hartua behar du lurrak. Agian gehiegi emango zenion... Lurra irauli edo ez da erabaki nagusia. Gero irauli behar baduzu. Orain egin, simaurra nahasi eta gainean karea erantsi. Iraultzeko asmorik ez baduzu utzi bere horretan azken momentuan karea eransteko, landaketak egin behar dituzunaren arabera zatika, alegia. Karea eman eta ez duzu denbora luzez itxaron beharrik. Lurra hezea badago egun batzuk utzi, bizpalau eta landatu.
Eskerrik asko Jakoba!
Orain irauliko dut palaren laguntzaz, eta ximaurra ondo hartzen duenean karea emango diot.
Ondo segi!!
Xabier
Leitzetik idazten det. Berria naiz baratze lanetan, illarra (guisante), egin nao det, noiz ? Aste ontan ongi? Eskerrikasko
Ostegunetik atzera, urriaren 22tik azaroaren 5a bitartean nahi duzunean. Ilgorako lana da ilarraren ereintza.
Kaixo Jakoba.
Aitor naiz eta Beruetetik idazten dizut. Aste honetan etxeko bi belazetan sekulako har pila azaldu da. Ikaragarrizko mordoa. Argazki batzuk erantsi dizkizut ikus ditzazun. Batzuk errepidera ere atera dira, milaka.
Bi soroak oso desberdin daude. Bat lehorra dago oso. Ongarria bota berria du eta udan behiak ibili dira. Bestea berriz ureztatutako belar soroa da. Ez da animaliarik ibili udaberriaz geroztik. Jakin dut Gipuzkoan Billabona eta Anoetan ere azaldu direla horrelaxekoak. Ez dugu ezer berezirik egin aurten eta harriturik gaude nondik atera ote diren.
Uda honetan inguruko zuhaitzetako hostoetan har asko egon dira, gaztainondo eta intxaurreta su atu ditut. Hosto barruan halako garau batean har zurixka bat hazi da. Ez dakit honekin loturarik izanen duen.
Zer diren, nondik agertu diren, ze tratamendu egin... Jakinen bazenu asko eskertuko nizuke zerbait erantzutea.
Mila esker eta agur bero bat.
Belarjalea den har bat da, Mythimna unipuncta. Belar bat den artoa ere jaten du. Beroarekin suspertu eta ikaragarrizko izurritea izan da aurten. Etxe ingurua libratzeko bacillus thuringiensis eta xaboi potasikoa nahastuta tratatu, hiru bat egunetik behin hiru bat aldiz.
Hona informazio gehixeago:
https://www.google.com/search?client=firefox-b-d&q=agrologica+mythimna
Iratzea eta asuna galtzeko gorapenean, bai ilgoran moztea komeni da. Onenak maiatza ekaina eta uztailekoak dira. Ahal dezun moztualdi gehienak eman. Kareak kontra egiten die, baina ongarriak lagundu egiten die. Ahal baduzu urte batean ongarririk ez eman eta kare dosi ona, 100-150 gr/m2
Inolako zalantzarik gabe. Moztu aitzurrarekin edo eskuekin tiraka atera, nahi duzun eran baina gero lasai utzi lur gaunean. Landareentzako azpiak egingo dituzu: urari hobeto eutsiko dio lurrak (aurten ondo etorriko zaio, urte hezeetan arriskutsua da), beste belarrak ateratzea eragotziko du eta ongarri gisa lurra elikatuko du.
Garoa mozteko sasoi onena maiatza, ekaina eta uztaileko ilgorak dira. Hiruretan egiten baduzu hobe. Eta garomena karez ongarritzeak ere atzeratzen laguntzen du. Aurten maiatzeko ilgora 25ean amaituko da; ekainekoa 8tik 21era da eta uztailekoa 5etik 19ra. Hurrengo hilabeteetako ilgoretan mozten jarraitzea ere ez da txarra.
Tomatearen kimaketa landarearen tamaina eta tomate fruitu ale bakoitzaren tamainaren arteko orekaren bila egiten da. Gerezi Tomateak oso ttikiak dira eta landare bakoitza asko hazi eta heltzeko gai da. Normalean ez da kimatzen eta bere zarba guztia uzten zaio. Horrek esan nahi du beste tomateetan uzten den tartea baino handiagoa utzi behar dela Gerezi Tomateetan.
Guk zaran-belarra esaten diogu. Inguruan iodo-belarra ere esaten diote. Enada-belarra eta ainhara-belarra ere esaten zaio. Bere izerdi hori zauriak sendatzeko eta garatxoak kentzeko erabiltzen da. Zatitxo bat moztu eta zaurian sortzen den izerdi horrekin igurtzi garatxoa. Etxe inguruetan bizitzen da bai. Gure beharra du bizitzeko eta geuk ere bai berea.
ahozko hizkuntzan españolezko hizki batez Añarra esaten dugu
euskeraz nik Ainarra edo... ez nekien nola izango zen
frantzesez Agnarra
kontua da hiztegia 3000 n ez zen agertzen ez eta Euskadi.elhuyar hiztegian ere
ea ulertzeko moduan idatzi dudan
Jon Uitzi
Añarra esaten diozuen hori txilarra edo ainarra da. Landare askori esaten zaio, denak hiru generotan bilduak. Baita izen asko dituzte: ainar, ainara, inar, ainizkar, ginarra, kilarra, gindarra, ilar...
Hemen duzu Euskaltzaindiako orotariko Hiztegian nola agertzen den:
Patata ereiteko sasoi onena ilbehera da. Hurrengo ilbehera martxoaren 5 eta 17 artekoa izango da. Patatarentzako egun onenak sustrai egunak dira, hain juxtu martxoaren 11 eta 12.
Txandakatzea ez da familiaka egin behar. Bi gauza izan behar dituzu kontutan: familia bateko bat ez da jarri behar familia bereko beste baten ondoren eta elkarren aldamenean ez jarri, ahal bada. Garrantzitsuena lehena da. Bigarrena ahal baduzu.
Hasi berria dugun ilbehera hau ona da. Jeneralean martxoan egin beharreko lana da, baina aurten eguraldiak hartu duen trazarekin, orain egin dezakezu.
Nahi duzunean. Bere lana egiteko zenbat eta lehenago hobe. Aurten gainera garoak aurreratuta datoz eta kanpoa mugitzen ari da. Zu ere mugitu, beraz.
Tipula beti ilbeheran landatu behar da. Ilbeheraren barruan sustrai egunak dira onenak. Aurtengo azaroko ilbehera 16ko 14:55etatik 29ko 11:35 artean izango da. Sustrai eguna 22a izango da.
Aupa, Jakoba: orain dela bost urte negutegi bat erosi nian eta geroztik bertan aldatu dizkiat tomateak. Gainera, tomatezalea izaki, fungizida eta intsektizidarik gabeko edo gutxiko tomateak jan nahi nizkian.
Esan bezala, urtero , negutegiaren erdialdean ( altura gehien duen eremuan) bi ilara tomate jarri izan dizkiat. Ingurukoek diotenez ez duk lur oso ona ( rellenokoa omen duk), baina urtero karea eta simaurra emanez nire ustez zerbait gozatu diat. Iaz tomate exkaxak izan nizkian, baina aurtengoa desastre bat izan duk.
Beti bezala erosi nizkian 20 landare txertatutakoak, eta ondo hasi hituen hazten ( martxoaren amaieran jarrita). Baina landare ederrak zeudenean hasi zitzaizkioan hostoak ihartzen eta ihartzen. Nire ustez ez huen erdoia. Denborak aurrera egin ahala gero eta gehiago joan hituen hostoak ihartzen. Eman dituen tomateak benetako kanikak izan dituk.
Zerk eragin ote dik horretara heltzeko? Urtero leku berean aldatzeak eragin ote dezake? Nik tomateak azaroan edo abenduan kendu ondoren letxuga batzuk eta espinakak jarri izandu dizkiat. Lurra gehiago ari ote nauk esplotatzen?
Nire ustez gorrina sartu da. Azeri-buztanaren eta asunaren purinak erabili beharko dituzu. Bestetik lur oso eskasa ikusten dut argazkietan. Simaurra ejmaten diozula diozu, vaina kolorean antzematen da oso lur buztintsua dela. Hori tomateari ez zaio batere gustatzen. Simaurra eman behar diozu. Orain da hori egiteko sasoia azaroa-abendua. Baina eman, ez erakutsi... Eman lodi: lurra simaurrez estali. Asko! Eta urtero. Pixkanaka lurra hobetzeko...
Orburuak orain, udazkenean sartzean indartzen eta berritzen da azpitik altsumak emanez. Agian udako beroekin ur falta ere izango zuten. Inurriak baldin badabiltza, agian hostoetan zorriak izango dituzte. Horiek tratatzea da onena; xaboi pitasikoa eta tabakoa erabili. Laguntzeko inguruan ongarri asko jarri. Orburuak janari asko eskatzen du. Simaur edo luar zaharra jarri erruz buelta osoan.
Gaitzak espora bidez hedatzen dira. Landarea gaixo egon bada, pentsatu zure baratzeko ingurune guztia esporez gainezka dagoela, hurrengo landare ahulen edo zaurituen zain. Beraz, gaitzengatik behintzat lasai bota luar pilara. Bakterio edo virus edo bestelako eraso arraroren bat badago, hori beste upeleko sagardoa da. Orduan bai, seguruenera erretzea hobe.
Garatu egin zaizu baratzuria. Garatu edo tontortu, zildu, kukulatu, morronkatu, goiti joan, muskildu, hozitu, buztandu, gogortu, burutu. Lorea eman du gararen gain gainean eta lore horiek haziak. Baratxuri batzuek hazia eman beharrean baratxuri atal txikiak ematen dituzte. Atalak badira baratxuri arrunta bezala landatu. Haziak badira, erein eta landarea egitean landatu, tipula balitz bezala. Hazitik baratxuri aldaera desberdinak ezateko aukera duzu, ea zer emaitza eskuratzen duzun.
Berezitasunik gabe, denak ilgoran. Denekin lorea da bilatzen duzuna, eta hori ilgorak sustatzen du.
Kuiak jasotzeko ahalik eta helduen egotea komeni da. Dasta hobea izango dute. Arazoa hotza da. Izotzak etorri aurretik jaso behar dira. Kuiak berak erakusten du heldutasuna, landareara lotzen duen txortena zimeltzen denean orduan da garaia. Izotzarena non bizi denaren arabera. Eta beti txortena osorik duela jaso, nahi izatera landarearen zarbaren zati batekin.
Lasai jaso eta jan. Azala ondo zailduta baldin badute lasai jan. Onena ilgoran moztutakoa izaten da. Jasotzeko, negurako gordetzeko, aldiz, ilbeheran moztu; betie re txorten eta guzti.
Nire iritziz satagina izango da, gazteleraz “topillo de campo” eta frantsesez “campagnol” esaten diotena. Oso zaila da uxatzea. Jarri sator-belarrak ingurua, sustraien izerdiak erre egiten du. Lurraren azala garbi mantendu, bnelar zakar eta hondakinik gabe. Gauez ibiltzen da, batez ere, eta harrapariek ondo ikuzteko aukera izatea komeni da. Intsusa inguruan landatuta ere uxatzen dira.
Gai horiek jorratzen dituen Unitate Didaktiko oso bat daukazu, neronek egindakoa:
https://eathink2015.org/download/KIT_Basque_Country-20170928T110432Z-001.zip
Ez dakit nongo arrazakoak edo aldaerakoak izango diren, baina itxura ederra dute. Zure baratzean ongi ematen dutenaren seinale. Horrexegatik bakarrik merezi du hazia jaso eta aurrerako landareak sortzeko mantentzea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.