Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo Jakoba! Nerea galdera bainak eta porruei buruzkoa da.ze egun den egokiena ilgora honetan baina ereiteko,eta beste galdera....portuaria,aldatzeko unean,komeni den,edo on egiten dihoen,erroilan bertan ximaur zaharra botatzea? Besterik gabe,zure erantzunaren zai geratzen naiz.agur bat,eta eskerrikasko!
Lekak ereiteko egun onenak ilgora eta fruitu egunak dira. Ilgoran sartuta gara eta 24 arte luzatuko da. Fruitu egunak 21 eta 22 izango dira.
Porrua landatzerakoan onena simaur edo luar zaharra lurrari nahasita izatea da. Ez badu denborarik eman zuloan bota daiteke, baina zaharra izan behar du. Karea ere gustuko du porruak. Lehen bota gabea bada, gero landatu eta gero ere ilada artean ere jarri daiteke lurrazalean.
Gaur arte erantzundakoak (404 galdera-erantzun)
Kaixo Jakoba, zer gertatzen zaie gure azaloreei? Baratzean hasi berriak gara eta alferrik galduz gero nahigabe ederra hartuko genuke. Eskerrik asko.
Arratsalde on, Jakoba. Lehenik eta behin, eskerrik asko Argian astero egiten duzun ekarpenarengatik. A ze nolako euskara darabilzun! Eta zenbat ikasten dudan! Gure ingurumen “berdea” beste begi batzuekin ikusten dut irakurtzen zaitudanetik. Eta eremu horretan gure nortasunari atxikitzeko bidea egin ere... Kontua zera da: udarako baratze txiki bat atontzen dugu etxean; larunbat batez tomateak landatu, eta astelehen arratserako horitu edo zurituak zeuzkaten gehienek hostoak. Tomateak eman zizkidan baserritarrari gauza bera gertatu zaio sorta bereko aleekin, piper eta letxugekin ez ordea. Zer ote? Ureztatze sistema automatikoa jarri dugu aurten. Goizeko eta arratseko zazpietan oren erdi ureztatzen du hodi zilotuak. Simaurrarekin –behi gorotzez eta iratzez osatua– ongarritu genuen lurra aste bat lehenago. Eta “belar txar” direlakoak atera ez daitezen oihal sendo batekin estali lurra. Gorrinarentzat goiztxo eta agudotxo, ez? Zer egin?
Kaixo Garazi, galdera interesgarria. Gorrina ez da, ezta gaitz edo izurriterik ere. Nire ustez arazo fisiologiko bat da argazkian ageri dena. Landareari ez dio ezerk eraso, aldiz irauteko eta bizitzeko arazoak ditu. Nik uste, arazoaren jatorria bi hauetakoren bat edo bien batura da: ur gehiegia edota simaur berria eta behar bezala ondu gabea izatea. Ea zer deritzozun, esango didazu. Ongi izan.
Kaixo Jakoba. Aurren-aurrena, zorionak eta eskerrik asko egiten duzun lanagatik eta ematen duzun informazioagatik. Konposta nola egin litekeen jakin nahi nuke. Guk baserrian jan-hondarrak plastikozko ontzi batean botatzen ditugu, baina mindu egiten zaizkigu. Zerekin, non eta nola egin liteke konposta?
Iepa lagun. Konposta, lur-ustela edo luarra hondakin organikoak hartzituz lortzen da. Hartzidura hori oxigenoa hartuz egin behar da. Ontzi itxi batean, horixe, airerik hartu ezinik oxigeno faltan itota, hartzitu beharrean mindu egiten da. Luarra edozein tokitan egin daiteke, hondakin organikoak (hostoak, belarrak, sukaldeko kondarrak...) metatu, tarteka-tarteka lur pixka bat edo aurreko eginaldiko luarra jarriz. Metro bete baino gehiago ez pilatu. Hezetasuna behar du baina euri batean edukitzea ez da komeni; nahi izatera estali, baina ito gabe. Hilean behin jiratu pila, aireberritzeko, eta behin sei bat hilabetetik aurrera erabiltzeko moduan egongo da, erraz igarriko diozu. Egokiena metatx2o horiek egiteko toki apropos bat eraikitzea da. Lur gainean, metro koadro bateko azalera eta 80 zentimetro garaiera duten hiru kaiola sailean, alde batetik erraz kendu eta jartzeko moduko oholez itxiak: bat betetzen, bestea hartzitzen eta hirugarrenetik luarra atera eta erabiltzen.
Kaixo Jakoba. Iraila aldean lagun batek bere baratzean erakutsi zidan niretzat landare arraro samarra, besteren batek emana. Berak “tomatina” deitzen dio, eta jan egiten du. Baina niretzat ez dauka zer ikusirik tomatearekin. Fruituak bai, gorriak eta cherri tomatearen antzekoak ditu. Garaieran ia bi metro. Enborra behatz baten lodierakoa eta tomatearena baino egurtsuagoa da. Arantzak ere baditu, zentimetro bat ingurukoak, zapalak eta punta zorrotzekoak. Aleak, goitik behera txortan edukitzen ditu, baina ez tortoan. Ezker-eskuin, ilaran hamar bat ale. Hazia tomatearena bezalakoa da, baina askoz ere gehiago ditu. Neguan galdu egiten da baina udaberrian berriz behetik sortzen da. Ez dakit deskribapen honekin nahikoa izango duzun zer motako landarea den eta haren fruituak jangarriak diren esateko. Aldez aurretik eskerrik asko.
Kaixo Juan Ramon. Nire ustez, deskribatzen duzun hori “tamarilloa” da. Hori da komertzialki duen izena 1970ean Zeelanda Berrian adoptatu eta zabaltzen hasi zirenetik. Patata, piperra, alberginia eta tomatearen familia amerikarrekoa da, Solanaceae. Izen zientifikoari dagokionez, Solanum betaceum da zabalduena baina ondorengo sinonimo guzti hauei lotua ere topatuko duzu: Cyphomandra betacea, Solanum crassifolium, Pionandra betacea, Cyphomandra procera, Solanum insigne, Cyphomandra crassifolia eta Cyphomandra hartwegi. Berari buruzko gorabeherak, besteak beste, ttiki.com/9398 web orrian topatuko dituzu, txukun asko azalduta. Lasai, jateko ona da, baina familia honetako kide guztiek bezala baditu alkaloide petral samar batzuk, bateren bati mesede baino kalte gehiago egin diezaiokeela, alegia... On dagizuela.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545