Arratsalde on Jakoba. Duela hiru urte marrubi batzuk landatu genituen. Hasiera batean kasu egiten genien baina denbora pasata abandonatu egin ditugu pixka bat: asko zabaldu dira eta belarra ere dexente dute tartean. Pentsatu dugu landareak ateratzea, lurra arrotu (nahiko lohitsua da) eta berriro birlandatu, txukun txukun. Belarren aurkako malla jartzea zer iruditzen? Ez plastiko beltz, itxi hori baizik eta ura pasatzen uzten duen beste hori, belarrak ekiditzeko. Mila esker.
3-4 urtetik behin nahitaez egin beharreko lana da hori. Marrubi landareak sastraka sortzen du eta berritu, gaztetu eta tartea eman behar zaio fruitua taiuz eman dezan. Horretarako sasoi onena udazkenaren amaiera da. Orain ere egin dezakezu baina uztaren hasiera galduko duzu. Nola egin: atera landare guztiak, gazteenak bereizi eta jaso, zaharrak botatzeko, toki berri bat hautatu, ongarri zaharra nahasi lur azalean, 35 x 35 cm tartearekin landatu. Azpiak egiteko sare tankerako hori jarri dezakezu, belarra kenduko diozu baina gero kontuz fruitua bere gainean zintzilikatzen denean eta eguzkiarekin bero-bero dagoenean erre eta usteltzen hasi daiteke; bestetik urteroko ongarriketa egiteko zailtasunak izango dituzu. Ona litzateke marrubidia izango den txokoa lur buztintsutik altxatzea, ertzetan nahi duzun materialarekin koska bat egin eta ongarri onduz bete, altxa eta errazago zainduko duzu. Belarra atzeratzeko marrubien artekoa bete lasto, belar ondu, orbel, soropileko belar moztu berriz edo antzeko materialen batez estali.
Zeuk erantzun
Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.