Kaixo Jagoba, Ezin ditut begi bistan ikusi landare artean agertzen diren belar txarrak. Ibarrako piperra landatu dugu eta tartean belar ugari pilatzen zaigu. Bota al daiteke zerbait lurrean, hauek pixkanaka desagertzen joateko? Bi egunez behin aitzur txikiarekin pasadatxoa ematen diet erreka tarteko belar nazkante hauei, baina ez dakit ondo ari naizen. Aita zena joanda, nik hartu dut baratzerekin jarraitzeko ilusioa eta ene bada, zenbat ezjakintasun. Mila esker, Onintza
Hasteko lasai hartu; belarrak nahitaez izango dituzu. Plastikoa jartzea da aukera bat, baina landatu aurretik behar du. Nik, hala ere, plastikoa baino nahiago ditut belarrak. Beste aukera landareen tartea materia organikoren batekin estaltzea da: belar txikitua, txirbila, paper birrindua, kartoia, belar ondua, lastoa, orbela… Belarrak atzeratuko dira eta lurrarentzako janaria izango dira. Zerbait bota lurrera eta belarrak desagertzea mirari bat litzateke…
Formula bat probatu nahi baduzu: hartu 5 litro ozpin, erantsi 2 koilarakada bete Epson gatza eta koilara txiki bat xaboi potasiko. Nahastu ondo-ondo. Egun eguzkitsu batean, goizean ihintza lurrundu denean landarea ondo busti, eguzkiaren laguntzarekin ederki lana egingo du. Piperrak ez busti, horiek ere hilko ditu eta… zerbaitekin babestu piper errenkadak eta tarteko belarrak soilik busti. Ea balio duen…
Eta aitzurra kontuz dantzatu, piperren sustraiak oso ahulak eta sentikorrak bai dira.