Asteroko buletina
San Bartolome: burua lodi ta lepua me.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Eskolako baratza martxan jarri nahi dugu
2017-11-18 09:57 | Marije
Kaixo Jakoba , proiektu berri baten aurrean gaude eta laguntza behar dugu, azaroan gaude, lurra prestatu ondoren zer landatu dezakegu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 16:06

Gauza asko landatu daiteke urte aro honetan: ilarra, baba, baratxuria, tipula... Garrantzitsuena zuen planifikaio lana da. Zenbat lur dezute, zer jaso nahi dezute, zenbat ordu eskainiko diozue baratzeari, noiz jaso nahi dezute uzta...

Hala ere, www.bizibaratzea.eus webgunean astero astero jartzen dugu sasoi horretan egin beharreko lanen berri, kanporako bezala berotegirako. Bertako buletina jasotzeko helbide elektroniko bat eman besterik ez duzu eta puntual-puntual astelehenoro, goizeko 08:00etan jasoko duzu beste osagai batzuen artean lan horiek dakartzan buletina. Adibidez aste honetarako lanak honoko hauek dira:

Baratzean ereiteko: laboreak (olo, gari, zekale, garagar...), porrua, baratxuria, udaberriko aza, uraza, baba eta ilarra. Berotegiaren babesperako erein daitezke: porrua, tipula gorria, baratxuria, errefautxoa, errukula, uraza, kukulua, ziazerba, baba eta ilarra.

Berotegian ereiteko: patata. Landatzeko: tipulina, uraza, kukulua eta ziazerba ere.

Laboreak ereiteko garaia etorri zen, azaroa hazi aroa. Gari, olo, garagar, zekale eta abar azaroko ilgoran ereiten dira. Ilgora honetan ezin egin bada otsailerako utzi. Neurria hartzeko, esaerak dio hazia zabaldu, txapela bota eta txapelapean hamar ale badaude tamainan!

Zuritu nahi diren karduak estali daitezke. Baita eskarolak ere, estalki bat ipiniz edo hostoak jaso eta motots batean lotuz. Hiru bat aste beharko dute zuritzeko. Kontuz barraskilo eta bareekin, bildu-estali horietan ederki babestuko baitira, eta gozo-gozoan jan. Euri asko ari badu usteltzeko arriskua ere kontutan izan.

Libre diren sailetan ondutako ongarria zabaldu daiteke: simaurra, satsa, luarra edo konposta, zizare-lurra... Oraindik lurra erabat hoztu gabe dago eta emandakoa ederki bereganatuko du. Neguan edo udaberrian jarriko ditugun landareen premia asetuko du.

Neguko erreboilak landatzeko azken aukera: idi-bihotza edo tulipa, hiazintoa, lilipa edo nartzisoa, irisa, fresia, azpelarra, eta abar

Soropila ongarritzeko garaia da. Urte osorako oinarrizko ongarri organikoa orain eman.

Zeuk erantzun

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora