Haltzari ez eska fruituak.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Hesi bat landatu, baratzea ezkutatzeko
2025-12-23 09:59 | Julen

Egun on Jakoba, gaurko proposamenean hesi natural bat egiteaz hitz egin duzu. Nik hesi natural bat jarri nahi dut ortuan eta ez dakit horretarako zein landare gomendatzen dozun. Nire asmoa zipresak jartzea da. Helburua baratzea ezkutatzea da. jende asko ibiltzen da inguruan eta. Eskerrik asko!!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-12-24 17:50

Zipres edo altzifreetan nire ustez onena Lawson altzifrea da (Chamaecyparis lawsoniana). Indartsua da eta haizeari aurre egingo dio. Handia egiten da eta kontuz, behar duzun garaiera hartzen duenean moztu egin beharko duzu, gainontzean handiegia izango da eta inguru guztiko lurrak jango ditu. Jartzeko modukoa da baita Portugal erramua, Prunus lusitanica. Honek ere hostaia iraunkorra du eta gogorra da. Ez da altzifrea bezain indartsua eta gehiago kostatzen zaio haztea, baina baita ere inausi egin behar da.

Gaur arte erantzundakoak (451 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba. Iraila aldean lagun batek bere baratzean erakutsi zidan niretzat landare arraro samarra, besteren batek emana. Berak “tomatina” deitzen dio, eta jan egiten du. Baina niretzat ez dauka zer ikusirik tomatearekin. Fruituak bai, gorriak eta cherri tomatearen antzekoak ditu. Garaieran ia bi metro. Enborra behatz baten lodierakoa eta tomatearena baino egurtsuagoa da. Arantzak ere baditu, zentimetro bat ingurukoak, zapalak eta punta zorrotzekoak. Aleak, goitik behera txortan edukitzen ditu, baina ez tortoan. Ezker-eskuin, ilaran hamar bat ale. Hazia tomatearena bezalakoa da, baina askoz ere gehiago ditu. Neguan galdu egiten da baina udaberrian berriz behetik sortzen da. Ez dakit deskribapen honekin nahikoa izango duzun zer motako landarea den eta haren fruituak jangarriak diren esateko. Aldez aurretik eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2010-01-31 00:00

Kaixo Juan Ramon. Nire ustez, deskribatzen duzun hori “tamarilloa” da. Hori da komertzialki duen izena 1970ean Zeelanda Berrian adoptatu eta zabaltzen hasi zirenetik. Patata, piperra, alberginia eta tomatearen familia amerikarrekoa da, Solanaceae. Izen zientifikoari dagokionez, Solanum betaceum da zabalduena baina ondorengo sinonimo guzti hauei lotua ere topatuko duzu: Cyphomandra betacea, Solanum crassifolium, Pionandra betacea, Cyphomandra procera, Solanum insigne, Cyphomandra crassifolia eta Cyphomandra hartwegi. Berari buruzko gorabeherak, besteak beste, ttiki.com/9398 web orrian topatuko dituzu, txukun asko azalduta. Lasai, jateko ona da, baina familia honetako kide guztiek bezala baditu alkaloide petral samar batzuk, bateren bati mesede baino kalte gehiago egin diezaiokeela, alegia... On dagizuela.

gora