kuku miku txoriak umeak sasian ditu

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Hesi bat landatu, baratzea ezkutatzeko
2025-12-23 09:59 | Julen

Egun on Jakoba, gaurko proposamenean hesi natural bat egiteaz hitz egin duzu. Nik hesi natural bat jarri nahi dut ortuan eta ez dakit horretarako zein landare gomendatzen dozun. Nire asmoa zipresak jartzea da. Helburua baratzea ezkutatzea da. jende asko ibiltzen da inguruan eta. Eskerrik asko!!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-12-24 17:50

Zipres edo altzifreetan nire ustez onena Lawson altzifrea da (Chamaecyparis lawsoniana). Indartsua da eta haizeari aurre egingo dio. Handia egiten da eta kontuz, behar duzun garaiera hartzen duenean moztu egin beharko duzu, gainontzean handiegia izango da eta inguru guztiko lurrak jango ditu. Jartzeko modukoa da baita Portugal erramua, Prunus lusitanica. Honek ere hostaia iraunkorra du eta gogorra da. Ez da altzifrea bezain indartsua eta gehiago kostatzen zaio haztea, baina baita ere inausi egin behar da.

Gaur arte erantzundakoak (451 galdera-erantzun)

Ezagutzen al duzu gaitz hau? Zein da? Aurre egiteko modurik ba la dago?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-05 13:02

Nik ustez mamiaren edo medularen nekrosia da, Pseudomonas corrugata. Enborrean orban arreak edo gorri-marroiak azaltzen dira. Ondoren enborra zartatu eta ikusten diren koxkor horiek sustrai berrien hasiera dira. Barrua hustu egiten da.

Jeneralean nitrogeno gehiegi dagoen lurretan agertzen da, enbor lodi eta indartsuak dituzten landareetan. Berotegian hezetasun handiegia eta argi gutxitxo den tokietan, batez ere.

Inausketarekin hedatzen da, zaurietatik, eta batez ere berotegietan. Landare gutxi batzuk badaude gaixo, onena kendu eta erretzea. Inausketa arindu eta inausketa tresnak desinfektatu.

Egunon, aurtengoan patatak nahiko gaizki atera zaizkit, agian goizegi jarri nituen. Hostoetan orban beltz handiak atera ziren hasieran eta patata ateratzerakoan hau. zer dira zulo beltzak patatetan? azkar usteltzen ari dira. Milesker !
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-23 05:45

Zalantza ugari nuen ea arazo larriren bat ote zen zuen papatetan azaltzen den hori. Azkenean uste dut gorrina dela, mildiua alegia, Phytophtora infestans. Gorrinak landarea erasotzen du, hostoak, zurtoinak eta zuen kasuan ondoren lurpeko tuberkuluetara hedatu da. Pentsatuko duzun bezala, kontserbazio garaian, patata usteltzen joango da. Ez dakit zein duzun egoera, baina ahalik eta azkarren kendu patata hori. Hurrengo urtean beste soro batean jarri patata. Hazia ere aldatu eta landareetan orban gorri-beltz horiek azaldu bezain pronto tratatu: salda bordelesa, esne gordina eta asun ura. Azeribuztan ura ere erabili dezakezu.

Hezetasunagatik tomateetan sortzen den gaitzari nola egin diezaioket aurre? Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-02 09:51

Gorrina da tomatearen gaitz arruntena. Hasteko tomatearen landaketan kontutan izan: lur-tontorra egin, landaketa zuloan asun adarrak jarri, tarte handia utzi (tartean ibiltzerakoan ez ukitzeko moduan, makilak jartzerakoan kontutan izan gero estaltzeko "txapela" jartzeko aukera (goia soilik estali, aldeak libre). Gaitza egun ilun eta bustiak segidan direnean etortzen da; aurrea hartu behar zaio. Tratamentua: asun-ura, azeribuztan ura, esnea (ahal bada gordina) eta salda bordelesa. Hezetasun handi hori etorri aurretik tratatu behar da.

Arratsaldeon, txingurriak ikusi ditut bainetan. Zer egin dezaket txingurriak bainetatik bidaltzeko?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-26 15:39

Txingurriek zuzenean ez dute kalterik egiten. Begiratu, ordea, leka landareen aihenen muturretan eta han zorriak egon daitezke. Horiek txingurriek ekarriak eta zainduak izan daitezke. Horiek egiten dute kalte. Horiek ez badaude txingurriak ez dira hurbilduko. Tratatu xaboi potasikoa, neem olioa eta Bacillus thuringiensisarekin.

Kaixo.
Ortuan tipulak, porruak... etb landatu eta zuztarrak usteldu egiten zaizkie askori, eta hortaz aparte, landareei haztea kostatzen saie, normala baino denbora gehiago. Tipulin guztiak usteldu zaizkigu, erdian koroi bat moduan irtetzen zaie...
Zein izan daiteke arazoa? Lurraren gaixotasunen bat edo?

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-26 15:46

Usteldura hori zergaitik sortu daitekeen aztertu behar da. Ez ote dago animaliatxoren bat sustraiak jaten dizkiona? Hark egindako zaurietatik sartuko litzatake usteldura sortzen duen onddoa. Sataina, luhartza... Begiratu ea galeria tankerako zulotxorik ikusten duzuten sailean. Beste aukera bat da hezetasun handiegia izatea, plastikoa jarri delako, edo ura pilatzen den tokia delako sustraien hasierako parte hori usteldu daiteke. Pentsatu tipulari hezetasuna ez zaiola zipitzik ere gustatzen. Usteldura guztiak, azken beltzean, hezetasunak ekartzen ditu. Edozein eratara lurra harrotu, ildo-bizkarrak edo muntoak egin eta han landatu, eta abar egin saila lehortzeko.

Arbol ipurdietan belarra pilatzea ona da? Zelaia mantentzeko belar zaharra moztu eta inguruko arbol ipurdietan pilatzea ongarritzat balio du?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-27 10:13

Edozein materia organiko ongarri bihurtzen da. Beraz belar zaharra ere ongarri izango da ontzen denean. Onena simaurrarekin nahasi edo geruzaka pila egitea litzateke, luarra edo konposta bihurtzeko. Ezin bada, beste era bazter batean pilatu eta piskanaka jiratuz luarra egitea da. Azkenekoa litzateke lurrean barreiatuta uztea, baina horrela ere denborarekin desegingo da. Lur gainean zabalduta uzten baduzu, simaur zahar pixka bat bota gainetik, usteltzerako bidea azkartzeko. Inoiz ez utzi belarra enborraren kontra, usteltzerakoan azala erre bai diezaioke. Enborretik aparte, ukitzen ez duela utzi.

Arratsalde on Jakoba.
Galdera bat egin nahi Arratsalde on Jakoba.
Galdera bat egin nahi nizuke, lupulo landare pare bat ditut, eta zorriak eta armiarma gorri txiki batzuk ere bai, baita amona mantangorri batzuk ere badakit beraiek direla zorrin aurkako botikarik onena, zer egingo det? gauzak bereartan utzi? edo tratamenduren bat hasi?
Eskerrikasko eta ondo izan., lupulo landare pare bat ditut, eta zorriak eta armiarma gorri txiki batzuk ere bai, baita amona mantangorri batzuk ere badakit beraiek direla zorrin aurkako botikarik onena, zer egingo det? gauzak bereartan utzi? edo tratamenduren bat hasi?
Eskerrikasko eta ondo izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-24 10:55

Amona mantangorria arduratuko da zorrien izurriteari tamainan eusten. Armiarma gorri ttikiak ikusteko modukoak baldin badira ez arduratu. Kalte egiten dutenak ia ikusi ezinak dira. Zerorrek ikusi, deskuidoan zorriak ugaritzen hasten badira tratamentua egin beharko duzu: tabako ura, neem olioa eta xaboi potasikoa edo beltza. Bidali duzun argazkia, ordea, beste gauza batek eman dit atentzioa: hostoak hori antzera ez ote dauden... Agian argazkiarena da, baina lupuloa oso berde iluneko landarea da. Zuri ere horrela iruditzen bazaizu, ongarri organiko hondua eman: simaurra, luarra, zizare lurra...

Kaixo Jakoba,

Ortua "potro bedarrez" beteta daukagu eta eskertuko genizuke luzatuko bazenigu metodoren bat barauek desagertarazteko.

Eskerrikasko, Ramon.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-19 21:50

Antzeko galdera egin zidanari hauxe erantzun nion:

Borroka luze baterako prestatu behar zara. Potro-belarra egoskorra da. Lurpean duen tipulatxoa da gakoa. Hori akabatu behar da. Hor energia pixka bat den artean berpiztuko da. Borroka bakarra hostoak eman ahala kentzea da. Barkamenik gabe, bi edo hiru egunero hosto berriak tira eta atera. Horrela tipulak berriro hosto berriak eman beharko ditu bere energia xahutuz, eta zuk kendu hostoa, eta berak eman eta zuk kendu... Horrela tipulako energia bukatzen den arte.

Lan hau lursail ttiki batean egin daiteke, baina saila handi xamarra bada... Bestea ezikusiarena egitea da. Niri ez dit enbarazurik egiten landare artean ikustean. Landare ttikiak direnean dugu arazoa, gaina hartzen dietelako. Orduan bai, behin edo bi aldiz kendu hostoak eta landarea koskortzean berak hartuko ditu azpian.

Errotabatorra eta baratzeko tresnak dira potro-belarraren aliatu nagusiak, beraiek zabaltzen dute... Kontuz. Gune berri ttikiak kupidarik gabe kendu: aitzurrarekin eman eta lurpeko tipulak atera. Gutxi diren artean egin daiteke hori. Bestela laister izango da han ere andere eta jabe.

Kaixo Jakoba: Azken egun hauetan piperminetan eta baita piperretan amona mantangorri asko ikusten ari naiz. Ez dut uzte landarea jango dutenik. Bainan jakin nahiko nuke zertan ari diren. Zomorro baten atzetik badabiltza harek agian bai minduko du landarea ezta?
Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-19 22:01

Amona Mantangorriak mesede besterik ez du egiten. Landareei kalte egiten dieten zomorroak jaten ditu. Beraz, saiatu ahalik eta amona mantangorri gehien izaten zure baratzean.

Kaixo, kerezi aleak artxo txuri bat daukate barruan. Hau ekiditeko zer neurri hartu beharko nituzke ? Mila esker. (Kereziondoa Nafarroan daukagu, Gares inguruan).
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-19 22:11

Gereziaren eulia izango da, Rhagoletis cerasi. Heldua denean euli bat da, baina hasieran harra zurizta bat da. Apirila aldera jartzen ditu euli helduak arrautzak gerezi aletxoetan. Helduak lurrean sortu dira, hori ekiditea komeni da: lurrean gerezi ale kutsatuak ez utzi, eta bat bera ere. Eta udaberrian, apirila aurretik gereziondoaren azpiko lurra landu, euliak hiltzeko. Era berean apirileako, tenperatura 18º eta gehio denean tratatu: bacilus thuringiensis + neem olioa eta xaboi beltza edo potasikoa. 15 egunero tratatu, 3-4 tratamentu.

Kaixoo
Ezagutzen al duzu norbait baratze biodinamikoa eramaten duena eta bere produktuak saltzen dituena etxeko kontsumorako??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-20 10:45

Ez dut inor ezagutzen baratzea sistema biodinamikoan egin eta bere produktuak banatzen dituenik. Agian galdera hau bera Argian eta Irratian egin beharko dugu publikoari zabalduz, ea inor ezagutzen duen horrelakorik...

Artoa erein nuen eta orain babarruna erein nahi dut. Orain egun egokia da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-15 17:03

Lan hori egiteko sasoia ilgora da. Ilgora ekainaren 18an 17:29ean hasiko da. Egun horren azken ordu horiek onak dira, baina hurrengo eguna, ekainaren 19ko arratsaldea ere, 16:00etatik atzera.

Tomate landarea sano sano goraka doa baina orain dela aste batzuk irten ziren loreak lehortzen ari dira, fruiturik eman gabe
Zergaitik izan daiteke?
160 *30 zm tako tiesto batzutan daude, alboan azenarioa kipulina eta albahaka dituela
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-13 18:12

Tomatearen loreak zapuztearen arrazoi nagusia uraren estresa da. Jeneralean arazo hori bero handiekin sortzen da. Duela ez asko izan dira tenperatura oso goian ibili den egun batzuk. Orduan landareak ezin du behar adina ura garraiatu hostoetara eta estres hori pairatzen du. Arazo hori areagotu egiten da landarea ontzian dagoenean, ontzia bera, eta lurra ere gehiago berotzen baitira. Arazoa ez berritzeko, ureztaketa zaindu, batez ere bero handietako egunetan.

Nola galdu leike gardulatza ze garai da ona guztiak atxurrakin moztu eiten deu
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-03 17:02

Aitzurrarekin moztea ona da; ahal baduzu lurrari pixka bat joaz, landarea berritzea zailtzeko. Onena maiz moztea da, txikia dalarik ere, ikusi ordurako jo. Lan hori egiteko sasoi onenean gaude. Beti ere ilgoran egin, maiatza, ekaina eta uztaileko ilgoran. 2019an ekainean 19tik uztailaren 2ra eta uztailaren 16tik 29ra.

Kaixo Jakoba, zure iritzia jakin nahi nuen mendia eta zaborrari buruz. Zilegi al da fruten azalak mendian botatzea? (begi bistan ez, noski). Edo hobe etxera bueltatzea zabor guztia?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-27 11:07

Nire iritziz hobe da fruituen azalak etxera ekarri eta organikoaren zikloan sartzea. Horrela naturara bueltatuko da ongarri moduan, luarra bihurtuta.

Orain dela 2 aste artoa erein nuen eta ez zait landarea atera. Berriro artoa ereintzeko, noiz da egokia.
Mila esker zure erantzunagatik.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-26 21:46

Ilgoran gaude eta bihartik, 2019ko maiatzaren 27tik ekainaren 5 eguerdira arte ona izango da, Ilgora. Egun onenak 27, 31 eta 1.

Baratza ekologikoan lantzen dugu. Txikia da baina pozik gaude. Baina barakurkuilu batek kalabazin landarea jaten topatu dugu eta azelgak denak kendu ditugu, zirriak lepo indda zeundelako. Txingurrixar ere badauzkagu.
Zer egin dezakegu?
Zaldi-buztanan ura, garagardoa, ......bota arren ez dakigu zer egin.

eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-23 18:02

Zuei adina gustatzen zaizkie horieri erte zuen barazkiak, ekologikoak baitira! Barekurkuiloak atzeratzeko landareak txikiak direnean inguruan karea edo sutako hautsa jarri, eta euria egiten duen bakoitzean berritu. Pixka bat haztea nahikoa da. Landareak hosto berri batzuk botatzen dituenean ez dute osorik jango, lasai. Zorriak kentzea zailagoa da, baina saiatu xaboi potasikoarekin. Emaitza oso onak ematen ditu. Deskuidoan ez badu landarea garbitzen, tabako ura nahastu. Formulak eta kantitateak BIZI BARATZEA liburuan eta webguneko galderen erantzunen txokoan badituzu.

Kaixo,

Kamamila landarea zorriz josita jartzen zait. Zer dela eta da hori? Zer egin dezaket?
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-29 14:51

Zorria ahalik eta azkarren tratatzea komeni da, gutxi diren artean. Xaboi potasikoa duen urarekin hasi. Tratamentu pare bat edo hiru egin eta ez bada erabat garbitzen tabako ura prestatu eta xaboiarekin batera bota. Txingurriak ikusten badituzu, arrisku handia dago txigurriek beraiek zorriak zabaldu eta zaintzearena. Haiek atzeratzeak ere zorriak galtzen lagunduko du.

Kaixo!!!
Erdoiaren aurkako tratamentua ikusi dut osin edo azeri buztan ura + esnea + salda bordelesa

Baino bakoitza zein proportziotan? Ureta disolbatu behar da dana?
Ze komeni da tratamentuak goizeko edo arratxaldeko ihintzarekin? Edo eguardian edo egin behar da?

Mila eskerr guztiagatik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-18 18:24

Azeribuztan ura: 200 gr hosto heze 10 litro uretan 24 orduz beratu eta 20 minutuz irakin. Horri litro bat esne (ahal baduzu gordina) nahasi. Salda bordelesa gehitu, paketean jarriko dizu proportzioa, 10 litro horientzako kalkuloa egin eta lixto.

Formula horiek denak "Bizi Baratzea" liburuan dituzu.

Tratamentua eguzkitan egitea komeni da, bazkalondorengo beroan onena. Bestela eguerdian.

Kaixo Jakoba, lur sail berri bat hartu dut eta han behi gorotza dago,baina gorotz horrek lau bat urte ditu tapatu gabe.Hau da galdera, gorotz horrek balio al dit baratza ongarritzeko? Edo beste ongarri bat botako diot?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-15 09:49

Gorotz hori estali gabe egon bada, luze, lurrerako liratekeen elikagaiak galtzen joan da. Euriarekin urtu eta alde egin. Ongarri pobrea izango da. Materia organikoa izango da eta alde horretatik oso ona da. Lurra ez du aberastuko baina bizia emango dio. Nik zalantzarik gabe baratzean erabiliko nuke.

Kaixo Jakoba!
Gure osaba banabarrak (babarrunak Leitzen) ereitteko gogoz dago baino aste honetan eguraldi txarra datorrela eta kezkatuta. Ez daki zer egin...
Zuri galdetzeko eskatu dit, ia zein egun den ona, noiz ekin diezaioken lan horri.
Ilargiari erreparatu behar zaiola eta ia noiz, nola, ...

Eskerrik asko denagatik,
Segi bizkor!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-15 09:24

Egun onenak maiatzean 22 eta 23 goizak, eta 31 egun osoa; eta ekainean 1 egun osoa, 18 eta 19 ilunabarrak, 27 arratsaldea, 28 egun osoa eta 29 goiza. Ez hain onak, baina txarrak ez maiatzaren 28, 29 eta 30 eta ekainaren 24 arratsaldea eta 25 egun osoa.

Kaixo,
Maiatzean edo ekainean zeintzuk lirateke egun aproposenak artoa eta babarruna ereiteko?
Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-14 16:38

Onenak maiatzean 22 eta 23 goizak, eta 31 egun osoa; eta ekainean 1 egun osoa, 18 eta 19 ilunabarrak, 27 arratsaldea, 28 egun osoa eta 29 goiza. Ez hain onak, baina txarrak ez maiatzaren 28, 29 eta 30 eta ekainaren 24 arratsaldea eta 25 egun osoa.

Artoa erein dut eta nere galdera da: zenbat denbora behar du landarea azaltzeko? Mila esker zure erantzuna gatik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-14 16:04

Artoak, orokorrean, 6-8 egun behar ditu jaiotzeko. Asko jota 15 egun. Ez bada jaio arrazoi hauetakoren bat medio izan daiteke: hazia antzua, sakonegi ereina (4 cm inguru komeni da), lurpeko edo lurgaineko animaliaren batek edo hegaztiren batek jan izana.

Tipula jarri nuen eta oso ondo dator bainan barrrabasakin ez dut burutik altxatzen,nola dezaket tipula garbi mantendu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-13 22:09

Ez duzu gauza onik. Barrabasa kentzeko modurik ez da. Atera eta atera, hori da egin beharrekoa. Eta tipula ezin da aitzurrez landu, ukitzea nahikoa baita zauri bat egin eta bertatik usteldurak eragiten dituzten onddoak sartzeko. Eskuz egin beharreko lana da. Eta komeni da tipula belarrik gabe mantentzea, izan ere lehortea gustatzen zaio eta beroa, eguzkiak bere burua eta inguruan duen lurra ondo berotzea.

Hurrengorako kontutan izan, barrabasa izaten den lur sailean ez jarri tipularik. Eta barrabasa ere estu hartu. Lurra rotabatorrarekin lantzean dakar barrabasa barra-barra zabaltzea.

Arratsalde on Jakoba. Lehendabizi zorionak eta esker mila zure lanagatik.
Hazitegian ditudan piperrak uste dut oso triste daudela, belarri makur.
Zer egin dezaket horiek poztasun pitin bat hartzeko.
Mila esker.
Imanol
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-10 10:42

Argazkia ikusita hor zerbait berezia badagoela esango nuke. Hosto berriak batez ere bihurrituta eta kiribilduta ageri direla dirudi. Nik esango nuke ziztadak ematen dizkion intsekturen bat edo birusen bat dutela. Intsektua balitz nahiz eta txikia izan, ondo miatuta topatuko zenuke. Birusena okerragoa da. Intsektuak badu tratamentua, birusak ez. Bada ezpada, intsektuentzako tratamentua eman: xaboi potasikoarekin hasi. Ondo ondo busti landarea alde guztietatik; ez landareagatik, ezkutatuta egon daitezkeen intsektuak busti egin behar direlako. Behar bada tabako ura eta asun ura ere erantsi.

gora