Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo Jakoba! Jakin nahi nuke,bainak ereiteko,ze ongsrri mota edo ze alimentu mota bota behar dihodan lurrari? Ze gorotza edo ximaurra ez dela ona eta, ze abono mota erabili dezakedan jakin nahi nuke. Besterik gabe,zure erantzunaren zai geratzen naiz.Eskerrikasko!
Lekek ez dute ongarririk behar, baldin eta lurra oso kaxkarra ez bada. Lekak berak sustraietan apopilo hartzen ditu airetik nitrogenoa sustraietara ekarriko dioten bakterioak. Zerbait ematez gero, lur buztintsu astuna bada mesede handia egingo dio karea emateak. Aspaldi karerik ikusi gabeko lurra bada 150-200gr/m2 eta urtero hartzen badu 75 gr/m2.
Gaur arte erantzundakoak (379 galdera-erantzun)
Artoak, orokorrean, 6-8 egun behar ditu jaiotzeko. Asko jota 15 egun. Ez bada jaio arrazoi hauetakoren bat medio izan daiteke: hazia antzua, sakonegi ereina (4 cm inguru komeni da), lurpeko edo lurgaineko animaliaren batek edo hegaztiren batek jan izana.
Ez duzu gauza onik. Barrabasa kentzeko modurik ez da. Atera eta atera, hori da egin beharrekoa. Eta tipula ezin da aitzurrez landu, ukitzea nahikoa baita zauri bat egin eta bertatik usteldurak eragiten dituzten onddoak sartzeko. Eskuz egin beharreko lana da. Eta komeni da tipula belarrik gabe mantentzea, izan ere lehortea gustatzen zaio eta beroa, eguzkiak bere burua eta inguruan duen lurra ondo berotzea.
Hurrengorako kontutan izan, barrabasa izaten den lur sailean ez jarri tipularik. Eta barrabasa ere estu hartu. Lurra rotabatorrarekin lantzean dakar barrabasa barra-barra zabaltzea.
Argazkia ikusita hor zerbait berezia badagoela esango nuke. Hosto berriak batez ere bihurrituta eta kiribilduta ageri direla dirudi. Nik esango nuke ziztadak ematen dizkion intsekturen bat edo birusen bat dutela. Intsektua balitz nahiz eta txikia izan, ondo miatuta topatuko zenuke. Birusena okerragoa da. Intsektuak badu tratamentua, birusak ez. Bada ezpada, intsektuentzako tratamentua eman: xaboi potasikoarekin hasi. Ondo ondo busti landarea alde guztietatik; ez landareagatik, ezkutatuta egon daitezkeen intsektuak busti egin behar direlako. Behar bada tabako ura eta asun ura ere erantsi.
Horrela ikusita belarra ez dut identifikatzen. Loratzen deneko argazkiren bat ba al duzu? Gustura ikusiko nuke, eta identifikatzen saiatu. Bestela, orokorrean esan daitekeena da loratzean fruitua eta hazia ematen ez uzteko. Sustraietik ugaritzen dena bada, kontuz "rotabatorrarekin", sustraiak ebaki eta hedatuko baititu. Eta badaki, zenbat eta ugariago moztu orduan eta kalte gehiago egingo diozu.
Euli zuriari lehortea gustatzen zaio. Zorriari ongarri asko hartzen duten landareen kimua. Lurreko ongarria edo nitrogeno gaindosia kendu ezin duzunez, tratau egin beharko duzu. Tratamentuan erabiliko duzun urak berak uxatuko du euli zuria. BIZI BARATZEA liburuaren intsektiziden atalean jartzen duen bezala, tratatzeko jarri 100 gramo litro erdi alkohol eta litro erdi uretan, hamabost egunez beratzen utzi. Hamar litro uretan urtu eta xaboi potasikoa erantsi. Hamabost egun itxaroten ari zaren artean egun batez beratutakoarekin egin tratamentu pare bat. Xaboi potasikoa garrantzitsua da. Biak akabatuko ditu. Berarekin soilik ere trata dezakezu.
Biak erabili ditzakezu batera. Ongarri berdea eginez gero, sats gutxiago erabili beharko duzu. Satsak ongarri berdearen "usteltzea" sustatuko du. Eta ongarri horren ontzea edo lurreko bere lana azkartu eta indartu nahi baduzu, karea eman.
Nik esango nuke marga dela. Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian Tufa eta Cayuela aipatzen ditu...
Lur itoak ez zaizkio gustatzen azenarioari, beraz lurra lehortze aldera lan egin behar dezute. Inguruko landareek eman dezaketen itzala kendu, lurra harrotu karea emanez, eta asko gustatzen zaiona errautsa edo sutako hautsa da. Simaurra ere ez zaio gustatzen, batez ere oso ondo ondu gabekoa. Ea horrela...
Ez dut inoiz ezagutu hori. Eta lehenengo aldiz antzuten dut. Beraz hurrengo urte bisiestoan frogatu beharko dugu esaera hori. Hala ere, urte bisiestoek duten berezitasun bakarra da urtez urte pilatzen den denbora atzerapen txiki bati tartea egitea eta lau urtez behin atzerapen hori "berdintzea". Beraz landareen ikuspegitik aparteko ezer ez dakartela esatera ausartzen naiz. Egutegirik ez dute behar landareek, gu baino azkarragoak dira...
Patata ilbeheran landatzen da. Egun onenak sustrai egunak dira. Maiatzean bi baldintza horiek betetzen dituzten egunak hauetxek dira: 14 arratsaldea, 15 egun osoa, 16 goiza eta 17 16:00 arte.
Nik karearekin saioa egingo nuke. Karea eman lurrari urtero. Onena pikorra edo koxkorra. Kilo pare bat banatu arbolak adarrak hedatuak dituenen azaleran eta metro pare bat gehiago buelta osoan. Simaurra azaroan ematen den bezala karea otsailean eman behar da. Gogoratu urtero. Eta ea zer gertatzen den...
Zorria nitrogenoarekin lotu behar da. Garrantzitsuena hori da, beste arrazoiren bat izan daiteke, baina hasteko nitrogenoa. Landareen janari horrek hazkuntza sustatzen du: enborra, zuztarra, adarra, hostoa... Eta zorriak eztena sartu eta izerdia zurrupatzen du. Horretarako, noski, zati guriena, izerdi gehiena duena, biguinena hautatzen du. Beraz, ongarri nitrogenatu asko egoteak zorriak ekarriko ditu. Negutegian bertan, inguruko landareetan, ekarri dituzun landare txikietan... nonahi egongo dira negua igarotzen. Baina garrantzitsuena da izurrite bilakatzen bada nitrogeno sobredosia dagoelako dela. Zaindu beraz ongarriketa. Gutxi ongarritu, tamainan eta sekula ez ondu gabeko ongarria. Ongarri freskoa edo ondu gabekoa ekartzen baduzu, utzi bazter batean eta material "egituratzailea" karbono asko duena (adar zatiak, lastoa, txirbila...) nahastu eta luartu edo ondo konpostatu erabili aurretik. Horrek zorria atzeratzeaz gain landarearen bizimoduari lagunduko dio, eta batez ere uztaren kalitateari. Izan ere, nitrogenoa maila normal batera eramateak beste jakiak mugitzea ekarriko du, landarearen mesedetan. Oiloaren zirinak ere nitrogeno ikaragarri du. Kontuz, gutxi bota edo ahal baduzu ardiarena edo behiarena erabili. Euli txuria ia negutegi guztietako izurritea da. Plastikoa eta lurrak bat egiten duten tokian bizitzen da eta irauten du. Ingurune lehorrak atsegin ditu. Hartu motxila eta urarekin busti. Plastikoa metro bete alturan eta lurraren ertza. Ahalik eta maizen.
Inurriei gustatzen ez zaien landarea izpilikua da. Landatu aldamenean edota bere hosto eta lore lehorrak lur gainean jarri. Kafe hautsa lehorrarekin ere saioa egin dezakezu. Lur azalean geruza mehe bat jarri.
Jarri kanpoan lasai. Marrubi landareak hotza ederki jasatzen du. Horregatik udaberriarekin loratu eta fruitua ematen du.
Sustrato onena lurra bera da. Ahal baduzu inguruan topatu lur beltza emango dizun norbait. Baratze, soro edo erriberako lurra da onena. Horri ongarri organikoa erantsi: simaurra, luarra edo konposta, zizare-lurra... Zakuetan etortzen dena nahi baduzu Euskal Herrian zakuratzen dutenak ere badira. Donostiatik hurbilena, nire ezagutzan, Idiazabalen dago. Idiazabal + sustrato idatzita erraz topatuko duzu interneten.
Kalterik ez die egingo. Bacillusa ezpelaren harrarentzako kaltegarria da, baita beste edozein harrarentzako ere. Baina landareentzat ez. Ez da pozoina, eta beraz marrubiak lasai asko jan ditzakezu.
Arrosondo edo arrosa landareari lurra pittin bat azidoa gustatzen zaio. Sutako hautsak lurraren pHa igo egiten du, eta beraz azidotasuna kendu. Lurra buztintsua eta motela bada, eta simaurra edo ongarri organikoa erruz ematen bazaio, sutako hautsa ematea ez dago gaizki. Tamaina hartu behar. Ongarria eta sutako hautsa berezita eman behar zaizkio. Biek egingo dizute belarren aurkako lana.
Beraz, neguan ongarria eman badiozu: orain sutako hautsa eman eta hura saretu eta belarrak hastean jorratu eta berriz ongarria jarri, mardul. Neguan ez baduzu ongarritu: orain jarri simaur geruza lodi bat. Hura saretzean, orduan eman sutako hautsa, eta berriz hura saretzean simaurra.
Beste akera bat arrosondoaren azpian pinuaren orria edo azala jartzea da. Geruza lodi bat jarriz gero belarrak ederki atzeratuko dira.
Biodinamikari jarraituz gero, ereintza guztiak ilgoran egitea hobea dela esaten dute. Egutegian aukeratu beharko zenuke eguna beheko aldean duen kolorearen arabera. Adibidez patata, sustraia da guk aprobetxatzen duguna, bada sustrai egunean. Tomate hazia, aldiz, fruitu egunean.
Ilargiarekin lanean ari den beste jende batek ilgoran ereiten du lorea, fruitua edota hazia aprobetxetzen zaion landare guztia. Aldiz, sustraia, enborra, hostoa, erreserba, azala edo horrelakoak aprobetxatzen zaion landarearen hazia ilbeheran egitea gomendatzen dute.
Zergaitik ez zara zeu ikertzen hasten? Zeure baratzea bakarra da, ez dago beste bat bera bezalako baldintzak dituenik. Saioak egin eta emaitza zabaldu. Denok ikasiko dugu
Zainzuriak lur harroa behar du. Zenbat eta harroagoa eta hobe. Hasteko bertan dugun lurra nolakoa da? Horren arabera hondar asko edo gehiago beharko du. Gutxienez 10 zentimetroko geruza jarri eta nahastu. Zainzuria urte askotarako jartzen denez, gero urtero neguaren hasieran jarri 5-10 zentimetroko geruza eta gainean ongarri organikoa: simaurra, luarra edo konposta, zizare lurra... Azken honetatik ere erruz eman. Ematen zaion proportzioan jasoko duzu. Silizea soltean edo zakutan saltzen da, kooperatibetan edota nekazaritza gaien saltokietan. Eraikuntza materialen saltokietan eta harrobietan ere topatuko duzu.
Goldetzeko asmoa baldin badek ez kendu. Goldetu gabe landuko bahukek, orduan bai belarrak izakitu edo zopizartu.
Ongarri berdearen teknikaren helburua lurra aberastea da. Janariz aberastea baino garrantzitsuagoa da lurraren bizitza sustatzea. Bizitza horrek emango dio aukera ondo elikatzeko landareari. Ongarri berdea hemendik atzera nahi duzunean ebaki dezakezu. Ebaki eta bertan utzi lur gainean. Egun batzuk igaro ondoren eta usteltze prozesuak abiatu direnean azal-azalean landu daiteke, baina inolaz ere lurperatu gabe. Horrek lurrari harroago eutsiko dio, gero egin beharreko lanak erraztuz. Beste aukera, moztutako landareak bildu eta luartzeko edo konpostatzeko kanpora ateratzea da. Horrela saila libre geratuko da eta gero luar ederra izango duzu.
Bai orain negu neguan landatu eta maiatza-ekaina aldera jasotzeko moduan izango dira. Ongarri organiko zaharra (simaurra, luarra edo konposta...) eskuratu ahal baduzu lurrari asko eman, alde ederreko abiadan haziko da aza jendea.
Otsailean ilarrak erein ditzakezu, egokiena arba motza ematen duten aldaerak edo barietateak jartzea, epe motzagoan loratuko baitira. Babak jartzeko ere azken aukera duzu. Ahalik eta azkarren erein. Baratxuria burutako jartzeko berandu xamar da, baina agian asmatu egingo duzu. Eta baratxuria berdetan edo fresko jateko asmotan bazara lasai erein otsail osoan.
Plastikoak bi lan egiten ditu. Batetik belarrak atzeratzea eta bestetik lurretik lurruntzen den urari eustea. Belarrena ondo dago, baina urarenak arazoak sor ditzake. Tomatea toki lehor eta bero batean bizi bada, urari eusteak lagundu egingo dio. Aldiz, toki hezean bizi bada, edota lur motel buztitsua badu, plastikoak hezetasun hori areagotu egingo du, eta landarearen lepoaren aldean, lurretik sortzen den puntu horretan, onddoek eragindako gaitzak ugaltzeko arriskua handitu egiten da. Zeuk erabaki.
Eskabazio hori ikusi behar da. Igerileku bat bezala lau aldeetatik eskabatutako horma aldu? Horrela bada igerileku bat bezala beteko da urez, nahiz eta lurrarekin egon. Maila freatikoa beherako egonagatik agian zaila du urak alde egitea, hormako lurraren egituragatik.
Arrazoi duzu hezetasunarekin kezkatuta egonda. Isuri atlantiarreko lurreldeetako arazo nagusia da. Beraz eskabatutako gune hori imaginatu igerileku bat dela eta behe-behetik drenaia zulo bat prestatu. Hala ere harriarena eta geotextilarena bai ala bai jarriko nuke.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545