A zer parea karakola eta barea

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Kuiatxoa erorita
2026-07-03 17:57 | Beñat

Kaixo, Jakoba! Hiru kuiatxo landare ditut jarrita, dagoeneko handituta eta kuiatxoak ematen hasiak. Ordea, hiruetako bat guztiz erorita topatu dut, argazkian ikusten den moduan. Beste biak, aldiz, ondo daude. Zein izan daiteke arazoa?


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-07-03 18:10

Nik esango nuke lurpeko erasoren bat izan dela. Saiatu hosto guztiei heldu eta gora tira eta ea libre dagoen. Sustraiak edo sustrai batzuk jan eta moztuta egotea ez harritu. Hala bada, ondo zaindu eta hor azpian zer dabilen arakatu, gainontzean aldamenekoak ere atarramentu bera izan dezakete…

Gaur arte erantzundakoak (501 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba. Iraila aldean lagun batek bere baratzean erakutsi zidan niretzat landare arraro samarra, besteren batek emana. Berak “tomatina” deitzen dio, eta jan egiten du. Baina niretzat ez dauka zer ikusirik tomatearekin. Fruituak bai, gorriak eta cherri tomatearen antzekoak ditu. Garaieran ia bi metro. Enborra behatz baten lodierakoa eta tomatearena baino egurtsuagoa da. Arantzak ere baditu, zentimetro bat ingurukoak, zapalak eta punta zorrotzekoak. Aleak, goitik behera txortan edukitzen ditu, baina ez tortoan. Ezker-eskuin, ilaran hamar bat ale. Hazia tomatearena bezalakoa da, baina askoz ere gehiago ditu. Neguan galdu egiten da baina udaberrian berriz behetik sortzen da. Ez dakit deskribapen honekin nahikoa izango duzun zer motako landarea den eta haren fruituak jangarriak diren esateko. Aldez aurretik eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2010-01-31 00:00

Kaixo Juan Ramon. Nire ustez, deskribatzen duzun hori “tamarilloa” da. Hori da komertzialki duen izena 1970ean Zeelanda Berrian adoptatu eta zabaltzen hasi zirenetik. Patata, piperra, alberginia eta tomatearen familia amerikarrekoa da, Solanaceae. Izen zientifikoari dagokionez, Solanum betaceum da zabalduena baina ondorengo sinonimo guzti hauei lotua ere topatuko duzu: Cyphomandra betacea, Solanum crassifolium, Pionandra betacea, Cyphomandra procera, Solanum insigne, Cyphomandra crassifolia eta Cyphomandra hartwegi. Berari buruzko gorabeherak, besteak beste, ttiki.com/9398 web orrian topatuko dituzu, txukun asko azalduta. Lasai, jateko ona da, baina familia honetako kide guztiek bezala baditu alkaloide petral samar batzuk, bateren bati mesede baino kalte gehiago egin diezaiokeela, alegia... On dagizuela.

gora