Asteroko buletina
Orri irtetze, arto ereite.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Ilarrak noiz eta nola landatu
2017-11-21 12:15 | Juanjo
Egunon Jakoba, noiz eta nola landatu illarrak. Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-12-05 16:46

Ilarrak ez dira landatzen, erein egiten dira, hazia erein, alegia.

Hona "BIZI BARATZEA" liburuan diodana:

Babaren paretsu egiten da ilarra. Goizekoak irailean eta azkenekoak otsailean ereiten dira. Goiz eginez gero, hotzak etorri aurretik zertxobait hazten da; behin 5 bat cm-ko landarea bada hotz handienari ere aurre egingo dio. Neguan, sustraiak zabalduko ditu eta udaberria etortzen denean, eguna luzatzen hasten dela jabetzen denean ziztuan etorri eta loratuko dira.

Errenka batetik bestera 60-75 cm tartea utzi, zenbat eta luzeagoa egingo den tarte handiagoa utzi. Hazia errenkan, denean ugari botatzen da. 3-5 cm sakon sartu. Lurra hotzegia badago edo bero handiegiak badira ez da ondo jaiotzen. 15-20cm inguru hazi denean landarea lurreztatzea ona da, sendotu egingo du. Gero, arbatu egin behar da: hesolak sarearekin, zuhaitz eta zuhaixken zarbak.... edozein erabili daiteke. Lan hau azkar egite komeni da, landarea etzaten bada, bigarren mailako zurtoinak botako ditu eta uzta urritu eta atzeratuko da.

Bere langintza errazteko trikimailuak ere azaltzen ditut bertan:

Ilarra udaberrirako soilik egiteko ohitura dugu hemen. Saiatu udazkenean ere eskuratzen: ekaina edo uztaileko ilgoran goizeko aldaeraren bat erein.

Kontuz haize tokietan...

Udazkenean, hotz egiten badu, ereiteko errenka egiten dugunean azpian simaur berri pixka bat jarri, lurrez estali eta haren gainean erein. Simaurrak lurra berotuko du eta aiseago ernatuko da.

Txoriek ilarrak guk adina maite dituzte. Ereiten ditugunean ongi zanpatu aldameneko lurra, bi hanken artean. Denetatik ikusten da txori-izugarri: nylon hariak gurutzatuta, diskoak zintzilik, sareak... Gero, gu baino lehenago jabetuko dira lekak eta aleak jateko moduan direla. Orduan sarea da onena.

Zeuk erantzun

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora