Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herriko (kanntaurialde) zein landare dira aproposak etxerako? Pots, fikus, geranio, Platycerium bifurcatume, palmera eta abarren ordez bertakoak diren zein landare etxe barruan eta zein balkoian? (Klima tropiketan bidaiatzen ari naiz, eta etxerako erabiltzen ditugun landareeetako asko ari naiz naturan ikusten...)
ETXEKO LANDAREAK liburuan (https://azoka.argia.eus/produktua/etxeko-landareak-jakoba-errekondo-bizi-baratzea/ )ederki asko azaltzen dut: gure etxe barruetako baldintzak ez dira kanpokoak. Kanpoan hotz egiten duenean etxea berotu, bero egiten duenean etxea hoztu, iluntzen duenean etxean argiak piztu. Beraz barruen ezingo duzu hemen kanpoan ditugun landareak eduki. Balkoian edo kanpoan bai: begiratu orientazioa, eguzki orduak eta abar bezalako balkoiaren antzeko baldintzak dituen lur sailetan zer landare ikusten dituzun eta zein atsegin dituzun, eta haiekin hasi. Adibidez, eguzki galdatan egoten ez den balkoia baduzu garoekin saioa egin.
Gaur arte erantzundakoak (986 galdera-erantzun)
Ilbehera da egokiena bi lanak egiteko, bai landarea tokiz aldatzeko eta baita adarrak mozteko ere.
Sasoi onena martxo aldeko ilbehera da, aurten otsailaren 26tik martxoaren 10 arte. Hori emeak inausteko. Arrak oso-osorik utzi eta loratu ondoren, loreak ondo ihartu zaizkionean inausi.
Nik esango nuke geranioentzako oso toki ona duzula. Urte sasoi honetan horrelako indarrarekin, hostajea mardul eta lore pipittekin egotea ikaragarria da. Tokia eta ontzian duen janaria, biak onak. Uda partean eskasago egotea agian hori bai tximeletaren harrak eagin dezake. Enborrean sartu eta goitik behera jaten duten harrak dira. Orain harra horietako batzuk tximeleta bihurtuta eta beste batzuk negua igarotzen ari dira eta geranioa pakean. Udaberriarekin hor azalduko zaizkizu. Ordurako pronto egon, tratamentuetarako batez ere. Tratamentua "Bacyllus thuringiensis" eta "Neem" olioarekin egin, lehen harrak ikusi ordurako eta zortzi egunero errepikatu, harrak desagertzen diren arte.
Pena da pikondoa inaustea, izan ere egur oso ahula du, eta zauriekin asko sufritzen du. Hala ere nahitaezkoa baderitzozu inausketa kimuak mugitzen hasten denean egin. Kontuz ibili ebakitako zatiekin eta zauriekin, inola ere ez ukitu. Bere izerdiak erre egiten du. Ezagutzen dut inolako babesik gabe pikondoa inausten ibili eta ospitalean bukatu zuen bat.
Argazkian garbi ikusten da ez dela ongi bizi. Janaririk ematen al diozue? Alegia, ongarri organikoa, asko eta asko; onena simaurra eta ez badaukazu luarra. Adar mutur lehorren bat ere antzematen da, beraz arazoa ez da oraingoxekoa.
Bestetik hosto batzuetan hauts beltz baten tankerakoa ikusten da. Hori onddo bat da. Onddo hori intsekturen baten erasoaren atzetik etorri izan ohi da. Beraz miatu ongi hosto azpiak eta adarrak ea zorria edota kotxinila ikusten duzun. Eta hauek tratatu beharko dituzu. Bietako edozeinek ere, landarea asko ahultzen du.
1.- Urrian edo azaroan beharrean lehenago jarri. Zerba bi urteko landarea da, hau da saoi batean hazi egiten da eta negu-udaberri koska bat igarotzen duenean garatu. Zurean udazkenean hazi egiten da eta gero udaberrian garatu. Jarri lehenago, ekainaren erditik hasi eta abuztuaren amaiera artean.
2.- Ez dut uste itzalaren gorabehera izango denik. Nire iritziz lurpean bien sustraien arteko borroka dela esango nuke. Elkarrekin landatzen al dituzu? Letxugak gero jartzen badituzu, ordurako tometeek sustrai handiak izango dituzte eta janaria errazago bereganatuko dute. Lurrari janari gehiago emanda saioa egin. Beti ere ongarri organikoa eta ondo luartua edo konpostatua, bai simaurra bai luarra bera bada.
Bi alderdi aztertu beharko dituzu. Batetik argi jakin behar duzu txertatutako landareak beti lore eta fruitu gehiago emateko joera izango duela, fruitu arboletan bezala. Beraz txertatutako landarea jartzeak fruitu gehiago izaten lagunduko du.
Bigarren alderdia lurrarena da. Alferrik izango dira landatuko dituzun txertatutako tomate landareak izatea eta hauek lore eta fruitu asko emateko joera edukitzea, gero elikatu beharko dituen lurra erdipurdikoa bada. Nik zalantzarik ez nuke izango: jarraitu ongarri organikoa (simaurra, luarra...) eta karea ematen. Tomateak asko eskatzen du, ASKO.
Negutegian ongarriketa organikoa egiteko nahikoa berandu da. Beraz oso ondo luartu edo konpostatutako simaurra erabili. Eta ilargialdi bat geroago karea.
Sagarrondoak "txukuntzeko" adarrak mozteko sasoia martxoa aldea da. Onena ilbehera, 2018an: otsailaren 26tik martxoaren 10era. Zein adar moztu esatea zaila da. Asko ez kendu, behintzat. Hobe da bi edo hiru urteetan bere onera ekartzea. Adarrak aukeratzeko: muturra ihartua duenak, zauritutakoak, adar bat beste baten gainera edo elkarren kontra daudenean...
Nire iritziz bi aukera daude: edo satorrak jandu bere lurpeko zulobideak irekitzeko ahaleginean edo sataina, porrua bera jateko. Sakoneragatik satorra dela esango nuke. Satorra bada, metro eta erdiko burdinezko ziri edo hagatxo batzuk sartu, erdia lurperatuta, baratzearen inguruan, gainean plastikozko botilak sartu buruz behera. Honek uxatu egingo ditu. Sataina bada, zailagoa duzu. Baratzea eta bere ingurua garbi eduki beharko duzu, lur azalean mugitzen da eta agerian mugituz gero bere arerioek (hegaztiek batez ere) errazago ikusi eta ehizatuko dute.
Kameliak ez du hostajerik galtzen neguan. Beraz udaberrira itxaron behar da. Behin loraldia amaitu denean, apirila aldera da egokiena. Sustrai batzuk galduko dituenez, kimaketa arin bat ere egin.
Landarea handia bada onena litzateke udaberria hostajearen parean lurrean sustraiak zuzen goitik behera ebaki buelta osoan. Bertan utzi landarea, eta hurrengo urteko apirilean atera. Ebakia egindako pare horretan susttaiek sustraitxo berriak emanda izango dituzte, itsasten lagunduko dutenak.
Egurraren iraupena luzatzeko izerdi gutxiena duenean eta ilbeheran moztea komeni da. Urtarrila eta otsaila onak dira. Ilbehera urtarrilaren 29ko 12:33etatik otsailaren 11 arte izango da. Egunei begira sustrai egunak izango dira egokienak: otsailaren 3 (12:00etatik atzera) eta otsailaren 6 artean.
1- Mahatsondoa inausteko sasoi onena otsaila da, eta onena ilbehera. Toki hotzetan martxoa aldera ere lasai asko inausi daiteke. Eta Mahatsondoa ebakietatik bnigarrez hasten bada ez larritu.
2- Okarana goiz mugitzen denez, otsailean txertatzen da. Adarreko txertua egiten da neguan. Begikoa egin nahi izanez gero abuztuan. Ni kimuak txertuak egiterakoan bertan biltzearen aldekoa naiz. Ezin baldin bada eta aurrez hartu behar izanez gero, trapu batean bil-bil egin eta bustita eduki hozkailuan.
Kuku-sagarra, kuskuilua eta beste izen mordoa dugu koskor horiek izendatzeko. Intsektu batek egindako erasoaren aurrean, landareak berak sortzen du koskorra, eta intsektua isolatuz bere burua babestu.
Beraz ez da gaitza, eta hori sortzea eragiten duten intsektua tratatzeak ez du merezi. Izenak bezala, kuku-sagarrak erabilera anitz izan ditu. Horietako batzuk aipatzen ditutn ARGIA astekarian 2010ean argitaratu nuen artikulu honetan: http://www.argia.eus/argia-astekaria/2220/lupu-jostailua
Kaixo Jakoba.
Asteasutik idazten dizut. Sagarrondo zahar bat daukagu aurreko uztan erdia erori zitzaiona eta beste erdiak ez duela asko iraungo iruditzen zaigu. Ez dakigu ze sagar mota den (errege sagar tankerakoa da baino goxoagoa, ez hain bizia...). Nahiko genukeena da horren txertagai batzuekin beste sagar batzuek txertatzea.
Noiz egingo genuke? Nola egin dezakegu? Non bilatu horri buruzko informazioa?
Mila esker.
Txertatzaile baten premian zarete. Hark ekarriko dizue mentu-oina izango den sagarrondoa. Nik sagar basaka edo makatza edo sagarmina deitzen dena jarriko nuke. Iraupen luzekoa eta indartsua, baina leku asko behar izaten du.
Mentu-oin hori landatu eta gero adarreko txertoa martxoa aldera egiten zaio. Begiko txertoa ere egin daiteke; hori abuztuan egiten da.
Inguruan txertatzailerik ez badezute, berriro idatzi eta emango dizuet bateren batekin harremanetan sartzeko bidea.
Galderari zuzen erantzuteko belazearen egoera jakin beharko nuke. Belarra ondo datorren, belar aniztasuna badagoen, zakartzen ari ote den... Hala ere orokorrean, artaldeak nahikoa ongarri organiko utzuliko dio lurrari urte osoan hor baldin badabil. Karearena, baita ere orokorrean hitz eginda, beharrezkoa ikusten dut. Lur buztintsuak, simaur ugari dutenak eta euri ugariak lurra azidotzera darama. Karea ona da horri buelta eman eta lurreko jakiak landareek errazago sustraira ditzaten. Belarraren kalitatea ere hobetuko da, eta ondorioz ardien elikadurarena ere.
Karea botatzeko garai oso ona da negu parte hau. Karea pikorrean bota, urtu ahala denbora luzez lan egin dezan. Hasteko metro kuadroko 100 gr. bota, bi edo hiru urtez. Gero biz behin 50-60 gr/m2 eman.
Baso berria sortzeko ez da hirukote txarra. Haritza da hiruren artean berozaleena, pagoari hezetasuna gustatzen zaio eta urkiak hotza maite du. Nahi baduzu beheko aldean haritza jarri, goian pagoa eta urkia beste bien artean, nahasian.
Bertako zuhaitzak asko dira. Zeuk hautatutakoez gain lizarra, astigarrak, ezkiak, otsolizarra, maspila edo basagurbea, hostazuria, zumarra, ametza, artea, artelatza, erkametza, hagina, pinu gorria eta abar. Basoa osatzeko ertzetan edota tartean jar dotzakezu fruitu arbola basak (hurritza, maaltza, sagar makatza, oilarana, gurbitza, elorri beltza...) eta baita auhaixkak ere.
Hostajea galtzen ez duten landarean neguaren aurretik edo atzetik landatu behar dira. Urriaren amaiera edo azaroaren hasiera, toki oso hotzetarako egokia da. Martxoa edo apirila edozein tokitarako ona. Hotzaren beldur bazara apirila arte itxaron, baina bestela martxoan ere lasai landatu. Lorontzietan izateak bere abantailak ditu, nagusia sustrai guztiekin jarraituko duela landareak. Bestalde, lorontzitik ateratzerakoan sustraiak azpiko aldean kiribilduta daudela ikusten baduzu, kiribilak askatu eta bizitoki berriko zuloan sustraiak luze-luze eginda jarri.
Ahuakatondoa itsasaldeko lurretan ondo hazten da. Zenbat eta toki babesagoan hobe. Azpeitia hotza xamarra irudituko zaiola uste dut. Hala ere badira aldaera edo barietate desberdinak eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. -7° C arte izoztu gabe eusten dionik ere bada. Toki egutera gozoa baduzu, aldaera gogor horietakoren bat eskuratu eta saiatu. Landatzeko sasoia udaberriaren hasiera da, hostajerik ez baitu galtzen, apirila aldera. Zaintzan ez du apartekorik eskatzen. Arbola handia egiten dela gogoan izan, jartzen duzun tokian gero, urteetara enbarazurik egin ez dezan... Lehen urtetan eta gero hotz handia egiten duenetan, babestu: arbolaren inguruan simaur berria jarri, beroa zabaldu dezan; enborra eta adar nagusiak oihalez bildu eta ahal izanez gero izotzaren goitik beherako eraso zuzena kenduko dion txapela tankerako estalkia jarri.
Gorostiak hostajerik ez du galtzen neguan, horregatik negua amaitzean landatu behar da. Itsasaldeko lur epeletan martxoaren amaieran eta barrualderago bada, apirilean.
Gororstia edozein tokitara egokituko da, baina egutera nahiago du. Hala ere baratze ertza izaki, pentsatu handia izango den egunean itzala egingo duela eta ahal dela ez dezala baratzearen aldera egin...
Arteak neguan ez du hostajea galtzen, ez da soiltzen, horregatik urrian edo, hobe, martxoa-apirilean landatu behar da. Inausketari dagokionez kimua mugitzen zaionean, orduan izerdi berria datorkiola adierazten bait du. Honek zauriak ixten lagunduko dio.
Zorionak! Loreen adarretan landaretxoak eman baditu indarrean dela adierazten du. Ez ezer egin landaretxo horiek sustraiak ematen ez dituzten artean. Orain arte bezala zaindu, alegia. Sustraiak luzatzen dituenean lorearen txorten hori landarearen azpitik moztu eta orkideoentzako berezia den "lurretan" landatu. Ez da benetako lurra, azal kozkorrak balira bezalako nahasketa bat baizik. Lorontziak gardea izan behar du. Amaren aldamenean jarri, toki onean dagoela nabarmena da eta.
Gereziondoa bi sasoitan txertatzen da hemen. Negu-udaberrian, martxoan adarreko edo zotzeko txertua eginez. Udan begiko txertoa egiten da. Esan ohi da gereziondoarentzako hilabete egokiena iraila dela. Txertuak denak ilgoran egitea gomendatzen da. Niri ilbeheraren amaieran egitea gustatzen zait, ilgora etprri ordurako izerdiaren emana har dezan.
Aholkua bat emango dizut: tokia. Gereziondoari lur harroa gustatzen zaio, motela edo buztintsua behintzat ez, eta eguzkizalea da.
Sagarrondoa inausi behar duzun edo ez erabaki behar duzu lehenengo.
Nahikoa tokia badute eta ez badute ez beraien artean ez ingurukoei enbarazorik egiten ez nituzke inausiko. Errazago biziko dira, hobeto eta fruitua urte gehiagotan emango dute.
Hala ere inaustea erabakitzen baduzu, martxoko ilbeheran egin.
Abendua urte sasoi ona da hostajea galtzen duten landareak landatzeko. Ahal baduzu ilbeheran egin. Garrantzitsua da hotz handiak eta izotzak direnean ez egitea, sustraiak erretzeko arriskua dago eta.
Haritza gogorra da eta ia edozein tokitan etorriko da. Hala ere eguzki alde gozoa gustatzen zaio. Beroena hegoa da, ondoren mendebala, gero ekia eta hotzena iparra.
Perretxikoak azaltzeak gauza bat adierazten du nabarmen: hezetasuna dago. Baina baita ere bizitza asko dagoela lur horretan. Horixe bilatzen da lurrean landareei azpiak egiten zaizkienean. Arazoa izan dezakezu hezetasun hori gehiegizkoa bada eta lehorzaleak diren landareak jartzea. Horri aurre egiteko taulenetan edo baratzeko zatietan tontorrak egin. Lurra bera tontortu edo egurreki, harriekin edo dena delakoarekin lurra altxa hezetasun horri ihes egin eta lur harroa eta lehorragoa izateko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545