Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herriko (kanntaurialde) zein landare dira aproposak etxerako? Pots, fikus, geranio, Platycerium bifurcatume, palmera eta abarren ordez bertakoak diren zein landare etxe barruan eta zein balkoian? (Klima tropiketan bidaiatzen ari naiz, eta etxerako erabiltzen ditugun landareeetako asko ari naiz naturan ikusten...)
ETXEKO LANDAREAK liburuan (https://azoka.argia.eus/produktua/etxeko-landareak-jakoba-errekondo-bizi-baratzea/ )ederki asko azaltzen dut: gure etxe barruetako baldintzak ez dira kanpokoak. Kanpoan hotz egiten duenean etxea berotu, bero egiten duenean etxea hoztu, iluntzen duenean etxean argiak piztu. Beraz barruen ezingo duzu hemen kanpoan ditugun landareak eduki. Balkoian edo kanpoan bai: begiratu orientazioa, eguzki orduak eta abar bezalako balkoiaren antzeko baldintzak dituen lur sailetan zer landare ikusten dituzun eta zein atsegin dituzun, eta haiekin hasi. Adibidez, eguzki galdatan egoten ez den balkoia baduzu garoekin saioa egin.
Gaur arte erantzundakoak (986 galdera-erantzun)
Pago horieri adar txikiak bakarrik moztu. Handiek enbarazu egiten badute, handi horien adar txikiak kendu, ahalik eta handi gehienak errespetatuz. Inausketa ilbeheran egin behar da eta martxoan, izerdi berria etortzekoa denean.
Ilarrak ez dira landatzen, erein egiten dira, hazia erein, alegia.
Hona "BIZI BARATZEA" liburuan diodana:
Babaren paretsu egiten da ilarra. Goizekoak irailean eta azkenekoak otsailean ereiten dira. Goiz eginez gero, hotzak etorri aurretik zertxobait hazten da; behin 5 bat cm-ko landarea bada hotz handienari ere aurre egingo dio. Neguan, sustraiak zabalduko ditu eta udaberria etortzen denean, eguna luzatzen hasten dela jabetzen denean ziztuan etorri eta loratuko dira.
Errenka batetik bestera 60-75 cm tartea utzi, zenbat eta luzeagoa egingo den tarte handiagoa utzi. Hazia errenkan, denean ugari botatzen da. 3-5 cm sakon sartu. Lurra hotzegia badago edo bero handiegiak badira ez da ondo jaiotzen. 15-20cm inguru hazi denean landarea lurreztatzea ona da, sendotu egingo du. Gero, arbatu egin behar da: hesolak sarearekin, zuhaitz eta zuhaixken zarbak.... edozein erabili daiteke. Lan hau azkar egite komeni da, landarea etzaten bada, bigarren mailako zurtoinak botako ditu eta uzta urritu eta atzeratuko da.
Bere langintza errazteko trikimailuak ere azaltzen ditut bertan:
Ilarra udaberrirako soilik egiteko ohitura dugu hemen. Saiatu udazkenean ere eskuratzen: ekaina edo uztaileko ilgoran goizeko aldaeraren bat erein.
Kontuz haize tokietan...
Udazkenean, hotz egiten badu, ereiteko errenka egiten dugunean azpian simaur berri pixka bat jarri, lurrez estali eta haren gainean erein. Simaurrak lurra berotuko du eta aiseago ernatuko da.
Txoriek ilarrak guk adina maite dituzte. Ereiten ditugunean ongi zanpatu aldameneko lurra, bi hanken artean. Denetatik ikusten da txori-izugarri: nylon hariak gurutzatuta, diskoak zintzilik, sareak... Gero, gu baino lehenago jabetuko dira lekak eta aleak jateko moduan direla. Orduan sarea da onena.
Eusko Jaurlaritzak 1985ean argitaratutako "Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landare Katalogoa"-n Oilaranaren kokapen ugari aipaten du. Araban Cestafe, Ribera, Ilarduia, Sobron, Arluzea, Cabrera, Kodesko Kostalera, Cervera eta Bernedo. Bizkaian Ogoño, Karrantza, Atxarte, Aramotz mendia eta Mendiola. Gipuzkoan Lizartza, Ataungo Aitarte-Ezkizabal eta Azpildi.
Mendi karetsuen goiko alde hotzak maite ditu, batez ere hegoaldera begira dauden penditz eguteretan.
Ugaritzeko onena zuhaitz horiek topatu eta bere haziak hartzea da onena. Adaxkatik ere saioa egin daiteke; hormonak erabiltze izango da onena. Nik ez dut zuzeneko erabilera berezirik ezagutu, ebanista baten lan batzuk kenduta.
Hemen duela urte batzuk ARGIA astekarian argitaratu nituen oilaranari buruzko artikulu parea:
http://www.argia.eus/argia-astekaria/1765/ahanzturaren-onurak
Hemen ardoa egiteko edo ardoak ontzeko erabilera aipatzen dut.
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2340/litxarreroon-lilura
Gauza asko landatu daiteke urte aro honetan: ilarra, baba, baratxuria, tipula... Garrantzitsuena zuen planifikaio lana da. Zenbat lur dezute, zer jaso nahi dezute, zenbat ordu eskainiko diozue baratzeari, noiz jaso nahi dezute uzta...
Hala ere, www.bizibaratzea.eus webgunean astero astero jartzen dugu sasoi horretan egin beharreko lanen berri, kanporako bezala berotegirako. Bertako buletina jasotzeko helbide elektroniko bat eman besterik ez duzu eta puntual-puntual astelehenoro, goizeko 08:00etan jasoko duzu beste osagai batzuen artean lan horiek dakartzan buletina. Adibidez aste honetarako lanak honoko hauek dira:
Baratzean ereiteko: laboreak (olo, gari, zekale, garagar...), porrua, baratxuria, udaberriko aza, uraza, baba eta ilarra. Berotegiaren babesperako erein daitezke: porrua, tipula gorria, baratxuria, errefautxoa, errukula, uraza, kukulua, ziazerba, baba eta ilarra.
Berotegian ereiteko: patata. Landatzeko: tipulina, uraza, kukulua eta ziazerba ere.
Laboreak ereiteko garaia etorri zen, azaroa hazi aroa. Gari, olo, garagar, zekale eta abar azaroko ilgoran ereiten dira. Ilgora honetan ezin egin bada otsailerako utzi. Neurria hartzeko, esaerak dio hazia zabaldu, txapela bota eta txapelapean hamar ale badaude tamainan!
Zuritu nahi diren karduak estali daitezke. Baita eskarolak ere, estalki bat ipiniz edo hostoak jaso eta motots batean lotuz. Hiru bat aste beharko dute zuritzeko. Kontuz barraskilo eta bareekin, bildu-estali horietan ederki babestuko baitira, eta gozo-gozoan jan. Euri asko ari badu usteltzeko arriskua ere kontutan izan.
Libre diren sailetan ondutako ongarria zabaldu daiteke: simaurra, satsa, luarra edo konposta, zizare-lurra... Oraindik lurra erabat hoztu gabe dago eta emandakoa ederki bereganatuko du. Neguan edo udaberrian jarriko ditugun landareen premia asetuko du.
Neguko erreboilak landatzeko azken aukera: idi-bihotza edo tulipa, hiazintoa, lilipa edo nartzisoa, irisa, fresia, azpelarra, eta abar
Soropila ongarritzeko garaia da. Urte osorako oinarrizko ongarri organikoa orain eman.
Barkatu atzerapenagatik.
Pagoa su-egurretarako abuztua, iraila, urria edo azaroko ilgoran botatzen da. Onena aurrenekoak dira. Hala ere zuhaitza ihartua badago ez dago alde handirik. Bota nahi duzunean. Ilargiaren eraginak izerdian eragiten du. Ihartutakoa aldiz, beti berdin egongo da. Bota lasai eta ahal duzun azkarren ebaki. Zenbat eta lehorrago, orduan eta zailagoa da egurra pitzatzea.
Gordetzeko, luze irauteko jaso nahi badira, ilbeheran bildu. Ilbeheraren barruan fruitu egunak lirateke egokienak. Beti ere izotzak etorri aurretik; Euskal Herrian aldaketa asko dira izotzaren aldetik, beraz zeuk ikusi zur kiwi horien aldean nola datorren hotza. Aurten azaroan ilbehera 8an hasi zen eta 22ko 03:07arte izango da. Fruitu egunak berria, 12 eta 13 (dagoenerako paseak direnak) eta 21 egun osoa. Abenduan ilbehera 5eko 12:43etan hasiko da eta 19an 10:33etan amaitu. Fruitu egunak 8 (10:00etatik), 9 egun osoa, 10 (15:00etatik 19:00etara) eta 18 (12:00etatik 17:00etara) izango dira.
Uzta on!
Gaitz gogorren bat ez badute, fruituak lasai bota daitezke konposterara edo luartokira. Iransagarren bihotzean har horien arrasto horiengatik soilik, bota bai luartokira.
Ederki diozu belar "txar" horiena. Nik esaten dut belarrak txarrak direla bere onura edo alde ona topatzen ez dugun artean. Euskal Herrian horieri buruzko informazioa biltzen duen ez internetgune ez liburu ez dut ezagutzen. Hala ere belarrei buruzko edozeinek balioko dizu, ongurukoak baitira orokorrean baratzean topatuko ditugunak. Zenbait belar kanpotik ekartzen dugu, haziekin nahasita edo beste landareekin lurrean eta abar. Liburu eta argitarapen asko dago, baina nik maiz eskuartean izaten dudan bat gomendatuko dizut: "Urola bailarako landareak" Xabier eta Igotz Arenas dira egileak, 206koa da eta argitaratzailea Azpeitiko Udala da.
Azaroa oso hilabete ona da. Baina baita abendua, urtarrila eta otsaila ere. Toki oso hotzetan baita martxoa ere.
Nahi duzunean, landatu. Kontutan izan behar duzun gauza bakarra hotza da. Hotz handia egingo duela sumatzen baduzu ez egin landaketa, sustraiak erre daitezke eta.
Landaketa egindakoan ongarri organikoa eman, erruz eman. Geruza lodi bat 3-4 behatz jarri denean, udaberrian eta udan nabarmenduko duzu. Marrubiak janari asko eskatzen du.
Igeltsuarenak ez du erremediorik, baina arazoa hori dela erabakitzeko, besteak konpondu behar dira.
Orkatzak atzeratzeko enborrak eta adar nagusiak baratzuri urarekin edo baratxuriarekin berarekin zuzenean igurtzi. Ez zaie usaina gustatzen eta pakean utziko dituzte.
Txertatutako intxaurrondoei buruz, txertuaren azpiko kimuak txikiak direnean kendu behar dira, sortu ahala. Beti, etengabe, alegia. Horiek bizi eta liuzatzen badira, txertuaren goiko aldekoak ez dira sekula haziko. Hortik hasi beraz.
Feijoak aldaera asko dago, batzuek bere burua ernaldu dezakete eta beste batzuek ez. Jakin beharko litzateke zein aldaeratakoak diren zuk dituzunak.
Lehen galdera lorerik ematen ote duten da. Loreak zabaldu eta gero fruiturik ez badute ematen arazoa polinizazio falta izan daiteke, hau da polen arra emearengana ez iristea. Adibidez “Robert” edo “Superba” bezalako aldaera batekoak badira beste polinizatzaile bat hearko dute beti. Aldiz, “Apollo” edo “Unique” bezalako aldaeratakoak badira bere burua ernaltzeko gai dira.
Hala ere argazkiak ikusten denak gaztea dirudi, fruitua eman ahal izateko heldutasunera iritsi gabea, alegia.
Arakatza, Ribes uva-crispa, gazteleraz uva espina, landare arantzatsua da. Toki eguzkitsuak maite ditu arakatzak, baina zenbait aldaerek sufritu egiten dute eguzki galdatan.
Ugaritzeko aldaxka baino eraginkorragoa da adarrak lurpera eramatea, handik kimu berriak ematean lurpeko tarte horretan sustraiak emango dituzte, ondoren moztu eta landatu. Antzeko lana egin daiteke landarearen ipurdia lurrez estaliz. Urtebete ondoren lurpean egond en zatia sustraiz jantzia izango da, moztu eta landatu. Ongarri zalea da arakatza. Neguan bere inguruko lurra satsarekin edo luarrarekin estali. Fruitu asko badu maiatza aldera beste ongarrialdi bat eman.
Andrearen hori ez dut ulertzen baina mizpirondoak ez du aparteko baldintzarik ezkatzen. Lurra zenbat eta hobea izan orduan eta hobeto emango dizu.
Eskuratzeko ez dut uste arazo handirik izango duzunik. Muintegiren batean galdetu eta ez badute ekarriko dizute. Oraindik garaiz zabiltza. Ahuakateondoak gero eta ugariagoak dira gure lurretan. Itsasaldeko lur epeletan fruitu ederrez jantziak oraintxe ikusten dira. Bejondeiola zureekin andreari.
Irasagarrondoa eztitu daiteke. Bai irasagarrarekin, beste aldaeraren batekin, edo baita madariarekin ere. Otsaila aldera adarreko txertua eta uztaila-abuztuan begiko txertua eginez.
Ez eztitzea erabakiz gero, eperdian sortu diren altsuma horietatik onena edo zuzenena datorrena aukeratu eta besteak moztu. Gero ere sortuko dira berriak, haiek ere kendu.
Hau diot nire "Bizi Baratzea" liburuan:
Ongarri mineralak bi eratakoak izan daitezke: mineral naturalak eta sintetikoak. Izenak esaten duen eran, naturalak naturak berak sortutakoak dira, lurrean bertan topatzen dira. Sintetikoak, aldiz, industriatan sortzen dira. Baratze ahalik eta logikoena egitez gero, ongarri mineralak ahal den gutxien erabiltzea komeni da, baita naturalak ere. Ongarri hauek lurraren oreka dantzan jartzen dute. Batzuk ikaragarrizko kaltea eragiten dute mikroorganismoak makalduz eta lurrari bizia kenduz. Beste batzuk janariak blokeatzea ekar dezakete, eta landareak jaki horiek hartu ezinik izango dira. Era berean lurra okitu daiteke eta pozoituta bezala, erreta gelditu, ezer emateko gai ez dela: erabat antzua.
Horrez gain, ongarri naturalak soilik erabiltzea komeni dela diot. Organikoak ahal bada: luarra, satsak, orbelak, etab. Horiek dira kalitatezko elikagaiak sortzeko bide onena. Zohikatza ere erabili daiteke, noski, organikoa da eta naturala, baina arazo larri bat sor dezakezu lurrean: urzale amorratua da eta berari ura falta zaionean, landareen barruan dagoena hartzeko gai da, hauek erabat ihartuz.
Errautsak eta kareak aparteko "liburu" bat mereziko lukete. Aipaturiko "Bizi Baratzea"n orriak dira material hauei emanak. Beraz izkribu horretan topatuko ditukelakoan...
Aupa Jakoba!!
Abonu berdeakiñ aberastu nahi nuke batzea ta sorok...
Ze erabiliko nike?
Hona ongarri berdeaz "Bizi Baratzea" liburuan diodana:
"Ongarri berdea. Ongarri berdearen teknika landareak, berde daudelarik lurrari ematea da. Baratzeko sailen bat tarte luze batean hutsik izan behar bada, lurra jantziko duen landareren bat ereiten da, eta, jeneralean, loratzear delarik moztu eta lurrarekin nahasi. Honen helburuak hauek dira: gainontzeko belarrak sartzea galeraziz lurreko jakiak probetxuzko landare batek hartzea, lurrean sakon sartuko diren sustraiek hango jakiak mugitzea, lurra harrotzea eta komeni denean hurrengo landareak baliatuko dituen jaki aproposak (materia organikoa eta mineralak) lurrari ematea. Loratzear dagoenean izaten du landareak jaki gehien. Lurra goldatu beharrik ez dago ongarri berdea sartzeko pixka bat lurperatzea nahikoa da.
Landare ugari erabiltzen da lan honetarako: laboreak, zolda-belarra, lekadunak... Bakoitzak berea eransten dio lurrari eta komeni zaiguna erabili beharko da. Adibidez, zolda-belarrak potasioa pilatzen du hostoan eta moztutakoan erraz usteldu eta lurrera igarotzen da; fruitua eman behar duten landareek eskertuko dute: tomatea, piperra, alberjinia... Alpapa edo luzerna, hirusta, zalkea, astailarra, itsabalkia, pagotxa, erua eta ailorbea bezalako lekadunek, berriz, lurra nitrogenoz lepo utziko dute eta hostoa jaten diegunek ederki baliatuko dute: letxu, zerba, ziazerba, eskarola..."
Urte osorako tipula jartzeko jendeak otsaila-martxoa baliatzen du. Hala ere landarea baldin baduzu, jarri orain ere lasai. Eta pixkanaka etorri eta erabili nahi baduzu, hemendik martxora bitarteko ilbehera guztietan jarri pixkanaka-pixkanaka.
Ez dakit zer esan nahi duzun gabon kantekin, ezta ostiraletakoarekin ere.
Argazkiko zerbaren gaitza zerkospora da. Onddo bat da, eta erasoak erakusten duen sintomatologiagatik zerbaren baztanga ere deitzen zaio. Oso ohikoa da zerban bezala bere sendiko erramolatxa arruntean ere.
Onddo bat denez, gorrinak edo usteldurak bezala tratatu behar da: azeribuztan edo lapa-belar ura, esnea eta salda bordelesa gehituta.
Nire iritziz, laranjondo horrek izurriteren bat du edo izan du. Jeneralean zorria edo kotxinila duten zitriko fruitu rboletan hau gertatzen da: zorriak edo kotxinilak izerdia zurrupatzen du eta horretarako zauriak egiten ditu arbolaren kimuetan eta hostoetan. Zauri horietatik izerdia kanpora ere jariatzen da. Izerdi honetan eta intsektuek uzten dituzten hondakinetan onddoak garatzen dira, gehienetan beltza ("negrilla" deitzen zaio gazteleraz) baina posible da beste edozein onddo ere etorri eta garatzea. Beraz ondo miatu arbola ea intsektuak topatzen dituzuen. Topatu edo ez, tabako urarekin eta xaboi potasikoarekin tratatu. Hiruzpalau tratamentu eman zortzi-hamar eguneko tartearekin, arbola ondo-ondo bustiaz, goi eta behe.
Lurra ahal duzun onena jarri behar duzu, harroa gustatzen zaio. Lur beltza, hondar pixka bat eta simaurra edo luarra nahastea da onena. Lurra baratzeren do sororen batetik hartua bada hobe. Marrubiak janari asko eskatzen du, ongarria maiz eman behar zaio. Oinarrizko ongarriketa, gutxi gorabehera 4 kg/m² simaur, hasieran egin, baina urtero errepikatu behar duzu, azaroa aldera. Bestetik, udaren sarreran beste ongarri pixka bat ere gustura hartuko du. Ohar bat, ongarria beti zaharra edo ondo ondutakoa erabili.
Ontzia ere garrantzitsua da, ahal duzun handiena jarri. Lehorteak ahuldu egiten du eta ureztaketa garrantzitsua da, inoiz ez dadila lurra erabat lehortu, baina itota ere ez eduki. Lur azala lehortzean eman ura. Eta azpian platerarik ez jarri, lurrak behar ez duen urak alde egin dezan. Argitasuna ere gustatzen zaio, baina toki oso beroetan asko sufritzen du. Kontuz beraz balkoian non jartzen dituzun.
Hona ongarri berdeaz "Bizi Baratzea" liburuan diodana:
"Ongarri berdea. Ongarri berdearen teknika landareak, berde daudelarik lurrari ematea da. Baratzeko sailen bat tarte luze batean hutsik izan behar bada, lurra jantziko duen landareren bat ereiten da, eta, jeneralean, loratzear delarik moztu eta lurrarekin nahasi. Honen helburuak hauek dira: gainontzeko belarrak sartzea galeraziz lurreko jakiak probetxuzko landare batek hartzea, lurrean sakon sartuko diren sustraiek hango jakiak mugitzea, lurra harrotzea eta komeni denean hurrengo landareak baliatuko dituen jaki aproposak (materia organikoa eta mineralak) lurrari ematea. Loratzear dagoenean izaten du landareak jaki gehien. Lurra goldatu beharrik ez dago ongarri berdea sartzeko pixka bat lurperatzea nahikoa da.
Landare ugari erabiltzen da lan honetarako: laboreak, zolda-belarra, lekadunak... Bakoitzak berea eransten dio lurrari eta komeni zaiguna erabili beharko da. Adibidez, zolda-belarrak potasioa pilatzen du hostoan eta moztutakoan erraz usteldu eta lurrera igarotzen da; fruitua eman behar duten landareek eskertuko dute: tomatea, piperra, alberjinia... Alpapa edo luzerna, hirusta, zalkea, astailarra, itsabalkia, pagotxa, erua eta ailorbea bezalako lekadunek, berriz, lurra nitrogenoz lepo utziko dute eta hostoa jaten diegunek ederki baliatuko dute: letxu, zerba, ziazerba, eskarola..."
Karea ematearena ongarri moztean egingo nuke.
Pena handia da horrelako loraldia duen zuhaitza inausi beharra. Nik loraldia amaitu arte itxarongo nuke. Neguko soiltasunaren ondoren loretza ikusgarria zabaltzen du, eta ondoren hostajea. Tarte horretan, hostoak irekitzan ari direnean inausiko nuke, izerdiak zauriak ahal den azkarren itxi ditzan.
Pagoak, berez, soildu beharrik ez dago. Lehen mugarrotze inausketa egiten zen helburu jakin batzuekin: ikazkintzarako egurra eskuratzea, ontzigintzarako edo beste helburu zehatz baterako materiala sortzea eta inausketaren ondorengo zuhaitzaren kimuberritzea aziendaren hortzetatik urruti izatea.
Berez, ez dago inausi beharrik. Hala ere, inausi nahi badituzu martxoko ilbeheran egin.
"Landareak Lantzen" gida-liburuaren azalaren hegalean edo barruko solapan argitzen du. Ilzaharra: ilargi betea ikusten dugunetik txikitzen ari den artean ilzaharra da, Ilargi berria arte. Hau da, ilargi betetik ilargi berrirako tartea, gutxi gorabehera hamabostaldi bat.
Ilberriaren alderantzizkoa da. Ilberria handitzen ikusten dugun hamabostaldia da.
Euskaraz ilzaharra eta ilondokoa esaten zaio, Ilargi betearen ondorengo fasea adierazten dute biek. Gazteleraz "Luna decreciente" eta frantsesez "lune decroissante" deitzen dute.
Bi eratara lehortzen ikusi izan ditut nik.
1.- Landarean beratn utzi, Hostajea dena ihartu eta erori denean kuiak bertan utzi, kanpoko eguraldiaren menpe. Hotz handiak egiten dituen tokietan baten bat izoztu eta alferrik galdu daiteke, baina orokorrean ondo eusten diote. Azala zaildu eta ondo lehortuta dagoenean jaso.
2.- Landarearen hostoak horitzen direnean behatz baten luzeroaren antzeko txortenarekin moztu. Txortena garrantzitsua da barrua ondo lehortzeko. Toki fresko eta haizea erraz dabilen batean jarro nahi baduzu zintzilik eta nahi baduzu etzanda, Azken honetan, tarteka mugitu, jiratu.
Azken era honetara egitez gero ilbeheran eta fruitu egunean egitea komeni da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545