Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo Jakoba! Kalabazinak landatu edo ez, eta non erabaki nahi dugu. Aurreko urtean ez genituen jarri, aurreko urteetan uzta txarra izan genuelako. Landareei hostoak gris jarri eta oso fruitu gutxi eta txikiak ematen zituzten azken urteetan; hasieran ale on batzuk baina gero jada ez. Beti leku berdinean landatzen genituen. Eta orain dela urte batzuk uzta onak izan genituen; baina azkenengo urtetan ez. Zergatik izan daiteke? Lekuagatik, lur zati horrek zerbait du faltan edo gehiegi agian? Aurten landatzera animatzen bagara, leku berdina egokia izan daiteke (aurreko urtean ezer landatu gabe egon da)? Edo beste toki bat hobe?
Zalantzarik gabe jarri. Iaz toki hori ezer gabe egon bada bertan landatzea egokia da. Ongarri asko behar du kuiatxoak. Ongarri heldua edo ondo heldu gabekoa berdin da. Ongarri gutxi izateak ekarri dezake hasi ondo baina gerora ale kaxkarrak ematea. Hauts zuri hori zurina da edo oidioa, onddoek sortutako gaitza. Urtean zehar zer gori egiten duen arabera ugaltzen da eta eraso latzak jotzen ditu. Giro epelak eta hezetasuna behar ditu. Oso zaila da berari aurre egitea, baina hostoren bat zurituta ikusten badezute kendu eta erretzea komeni da, gainontzekoetara ez hedatzeko. Polinizazioa ere zaintzeko kontua da. Erleek ez dute kuiatxoa polinizatzen, erlastarrek eta abarrek egiten dute. Giroaren arabera, baina eskuz egiteak laguntzen du. Nahi izatera 3-4 egunetik behin eskuz polinizatu. Lore emeak eta arrak izaten ditu. Emeak ireki aurretik dagoenerako atzean kuiatxo txiki bat du. Arrak aldiz ez, txortena eta lorea soilik. Hartu lore arra, -ezkil itxurako petalo hori handiak kendu eta barruan ixipu edo makiltxo iletsu bat geratuko da. Hor dago polena eta horrekin igurtzi behar da lore emeen barruko ziria. Orain lehen landaketa egin. Gero bigarrena uztailean.
Gaur arte erantzundakoak (1015 galdera-erantzun)
Zuei adina gustatzen zaizkie horieri erte zuen barazkiak, ekologikoak baitira! Barekurkuiloak atzeratzeko landareak txikiak direnean inguruan karea edo sutako hautsa jarri, eta euria egiten duen bakoitzean berritu. Pixka bat haztea nahikoa da. Landareak hosto berri batzuk botatzen dituenean ez dute osorik jango, lasai. Zorriak kentzea zailagoa da, baina saiatu xaboi potasikoarekin. Emaitza oso onak ematen ditu. Deskuidoan ez badu landarea garbitzen, tabako ura nahastu. Formulak eta kantitateak BIZI BARATZEA liburuan eta webguneko galderen erantzunen txokoan badituzu.
Zorria ahalik eta azkarren tratatzea komeni da, gutxi diren artean. Xaboi potasikoa duen urarekin hasi. Tratamentu pare bat edo hiru egin eta ez bada erabat garbitzen tabako ura prestatu eta xaboiarekin batera bota. Txingurriak ikusten badituzu, arrisku handia dago txigurriek beraiek zorriak zabaldu eta zaintzearena. Haiek atzeratzeak ere zorriak galtzen lagunduko du.
Beti esan izan da pagoak azaleko sustraijea duela. Bibliografiara jotzen badezute nagusiki hori topatuko duzute. Horrek ez du esan nahi pago guztiek sustraije berdina dutenik. Ezin beraz esan sustrai horien “ama” zenbat metrotara egongo den... Azaleko esatean pentsatu, lasai asko sustraien sakonera pagoaren garaiera adinakoa izan daitekeela. Oñatin hor duzute Natur Eskola sonatua. Agian hango jendeak, bertatik bertara pagoak ikusita erantzun zehatzagoa emateko gai izango dira.
Pendoitza estaltzeko landare aukera handia duzu. Edozein tokitan igokari gisa erabiltzen direnak, adibidez, lur gainean zabaltzen utzi eta estaltzaileak dira: arrosa, wisteria, bignonia, huntza, Virginiako igokaria (Parthenocissus), jasmina, sasi jasmina, jasmin horia, plunbagoa eta abar. Igokariak beharrean zabalera hazteko joera duten zuhaixkak ere landatu daitezke: hortentsia, abelia, eskallonia, biburnumak... aukera izugarria da. Koniferoetan asko dira gora beharrean zabalduz hazteko joera dutenak.
Erabakia hartzerakoan kontutan izan bi gauza: hostoa galtzen dute edo ez eta landarearen kolorea eta testura. Zure gustuaren arabera osatu.
Azeribuztan ura: 200 gr hosto heze 10 litro uretan 24 orduz beratu eta 20 minutuz irakin. Horri litro bat esne (ahal baduzu gordina) nahasi. Salda bordelesa gehitu, paketean jarriko dizu proportzioa, 10 litro horientzako kalkuloa egin eta lixto.
Formula horiek denak "Bizi Baratzea" liburuan dituzu.
Tratamentua eguzkitan egitea komeni da, bazkalondorengo beroan onena. Bestela eguerdian.
Har lodi zurizta horiek kentzea hobe. Landareen sustraiak jateko gai dira. Zenbat eta lehenago kendu hobe.
Gorotz hori estali gabe egon bada, luze, lurrerako liratekeen elikagaiak galtzen joan da. Euriarekin urtu eta alde egin. Ongarri pobrea izango da. Materia organikoa izango da eta alde horretatik oso ona da. Lurra ez du aberastuko baina bizia emango dio. Nik zalantzarik gabe baratzean erabiliko nuke.
Egun onenak maiatzean 22 eta 23 goizak, eta 31 egun osoa; eta ekainean 1 egun osoa, 18 eta 19 ilunabarrak, 27 arratsaldea, 28 egun osoa eta 29 goiza. Ez hain onak, baina txarrak ez maiatzaren 28, 29 eta 30 eta ekainaren 24 arratsaldea eta 25 egun osoa.
Onenak maiatzean 22 eta 23 goizak, eta 31 egun osoa; eta ekainean 1 egun osoa, 18 eta 19 ilunabarrak, 27 arratsaldea, 28 egun osoa eta 29 goiza. Ez hain onak, baina txarrak ez maiatzaren 28, 29 eta 30 eta ekainaren 24 arratsaldea eta 25 egun osoa.
Artoak, orokorrean, 6-8 egun behar ditu jaiotzeko. Asko jota 15 egun. Ez bada jaio arrazoi hauetakoren bat medio izan daiteke: hazia antzua, sakonegi ereina (4 cm inguru komeni da), lurpeko edo lurgaineko animaliaren batek edo hegaztiren batek jan izana.
Ez duzu gauza onik. Barrabasa kentzeko modurik ez da. Atera eta atera, hori da egin beharrekoa. Eta tipula ezin da aitzurrez landu, ukitzea nahikoa baita zauri bat egin eta bertatik usteldurak eragiten dituzten onddoak sartzeko. Eskuz egin beharreko lana da. Eta komeni da tipula belarrik gabe mantentzea, izan ere lehortea gustatzen zaio eta beroa, eguzkiak bere burua eta inguruan duen lurra ondo berotzea.
Hurrengorako kontutan izan, barrabasa izaten den lur sailean ez jarri tipularik. Eta barrabasa ere estu hartu. Lurra rotabatorrarekin lantzean dakar barrabasa barra-barra zabaltzea.
Argazkia ikusita hor zerbait berezia badagoela esango nuke. Hosto berriak batez ere bihurrituta eta kiribilduta ageri direla dirudi. Nik esango nuke ziztadak ematen dizkion intsekturen bat edo birusen bat dutela. Intsektua balitz nahiz eta txikia izan, ondo miatuta topatuko zenuke. Birusena okerragoa da. Intsektuak badu tratamentua, birusak ez. Bada ezpada, intsektuentzako tratamentua eman: xaboi potasikoarekin hasi. Ondo ondo busti landarea alde guztietatik; ez landareagatik, ezkutatuta egon daitezkeen intsektuak busti egin behar direlako. Behar bada tabako ura eta asun ura ere erantsi.
Landarea melokotoia, muxika, brinoia edo horietakoa da. Albertxikua ez. Gaitza dauka. Muxika edo melokotoiaren lepra da gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doaneanbegiak puzten hasten direnean tratamentu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.
Horrela ikusita belarra ez dut identifikatzen. Loratzen deneko argazkiren bat ba al duzu? Gustura ikusiko nuke, eta identifikatzen saiatu. Bestela, orokorrean esan daitekeena da loratzean fruitua eta hazia ematen ez uzteko. Sustraietik ugaritzen dena bada, kontuz "rotabatorrarekin", sustraiak ebaki eta hedatuko baititu. Eta badaki, zenbat eta ugariago moztu orduan eta kalte gehiago egingo diozu.
Hostoa galtzen ez duten landareak neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran landatu behar dira. Oraintxe udaberriaren erdian gaude. Landarea oso ttikia bada, eta sustrai guztiekin ateratzeko moduan badago posible da orain egitea. Baina bi baldintza horiek zorrotz bete ahal izanez gero. Eta aurtengo udan maiz maiz ureztatu. Bestela hobe duzu hurrengo urterako utzi. Eta martxoaren erdia-amaiera aldera gogoan izan eta orduan aldatu.
Euli zuriari lehortea gustatzen zaio. Zorriari ongarri asko hartzen duten landareen kimua. Lurreko ongarria edo nitrogeno gaindosia kendu ezin duzunez, tratau egin beharko duzu. Tratamentuan erabiliko duzun urak berak uxatuko du euli zuria. BIZI BARATZEA liburuaren intsektiziden atalean jartzen duen bezala, tratatzeko jarri 100 gramo litro erdi alkohol eta litro erdi uretan, hamabost egunez beratzen utzi. Hamar litro uretan urtu eta xaboi potasikoa erantsi. Hamabost egun itxaroten ari zaren artean egun batez beratutakoarekin egin tratamentu pare bat. Xaboi potasikoa garrantzitsua da. Biak akabatuko ditu. Berarekin soilik ere trata dezakezu.
Lurrean aldatzeko sasoi onena negua da, hostoa galtzen duten landareak aldatzeko garaia.
Hostoetako zimurrena muxika edo melokotoiaren lepra da, gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doaneanbegiak puzten hasten direnean tratamentu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.
Biak erabili ditzakezu batera. Ongarri berdea eginez gero, sats gutxiago erabili beharko duzu. Satsak ongarri berdearen "usteltzea" sustatuko du. Eta ongarri horren ontzea edo lurreko bere lana azkartu eta indartu nahi baduzu, karea eman.
Hemen landareetaz dakigu. Lyme gaixotasuna akainek kutsatzen dutela bai, eta aurten sekula baino goizago eta ugariago ikusi ditugula mendian, ere bai. Bina hortik aurrera nik ez dakit zure galdera hori erantzuten. Irratian aipatuko dut eta ea norbaitek erantzun argiren bat emateko gai den. Medikuak, albaitariak edo mendizale jantziak erantzuteko galdera da.
Nik esango nuke marga dela. Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian Tufa eta Cayuela aipatzen ditu...
Lur itoak ez zaizkio gustatzen azenarioari, beraz lurra lehortze aldera lan egin behar dezute. Inguruko landareek eman dezaketen itzala kendu, lurra harrotu karea emanez, eta asko gustatzen zaiona errautsa edo sutako hautsa da. Simaurra ere ez zaio gustatzen, batez ere oso ondo ondu gabekoa. Ea horrela...
Argazkian ez da oso ondo ikusten, baina Aranondoa ez dut oso gaizki ikusten. Nik esango nuke arazoa inguruan duela. Aranondoari ez zaio itzala gustatzen. Eta hezetasuna ere ez. Beraz onena bakarrik, inguruan beste arbola edo zuhaitzik izan gabe du. Argazkian zuhaitzez inguratua ikusten dut... Horietakoren bat kentzerik bai? Egin behar duzun guztiak bide honi jarraitu behar dio: eguzkia eta argitasuna eman eta hezetasuna kendu. Hezetasuna kentzeko lurrean ura bideratu, eguzkia lurreraino sar dadila, karea eman...
Menda lur aberatsetan ugaltzen da. Artaldea dabilenez, etengabe ongarritzen dute sail hori. Horrek dakar lurrean nitrogeno freskoa barra-barra izango dela. Horrek indartzen du menda. Artaldea ateratzea ezinezkoa izango denez bi lan hartu: batetik ilgora guztietan menda moztu eta lur horri karea eman. Mozteak mendaren sustraietako erreserba makalduko du. Kareak lurraren pH-a goratuko du, lurra harrotuko du, hezetasuna urrituko du eta ongarri nitrogenatua desegiten lagunduko du, dena mendaren gustuen aurka.
Argazkiko zuhaitzaren arazoa belarra moztetik etor daitekeela dirudi. Belarra mozterakoan makinak zuhaitzaren azala jotzen badu hau harrotu eta erori egingo da. Zauria ikusiko duzu. Lan hori etengabe errepikatzen bada, zauria haunditu besterik ez da egingo, zuhaitzari kalte handian eraginez. Indarra baduela ikusten da, altsuma berria botatzeko gai baita. Belarra mozteko makinak bezala desbrozadorak ere kalte bera eragiten du.
Hobe duzu zuhaitzaren ipurdiaren inguruan belarra handia utzi. Edo zuhaitzaren inguruan lore edo zuhaixka batzuk jartzeko txokoa sortu. Azpian edertzen dute eta belarra mozteko makinei azaletik urrun dagoen muga jartzen die.
Haritzen enborraren erdialdeko zauri horiek ikusi egin beharko dira, zer diren eta nondik-norako arrazoia duten jakiteko...
Lorontzia ikusi behar da arazoaz jabetzeko. Baina elikadura arazo bat aurrikusi daiteke. Aurrez, hala ere kotxinila edo antzeko izurriteren bat ez duela ziurtatu behar da. Hostoetan eta adar ttikietan lapa antzeko intsektu itsatsi batzuk dira kotxinilak. Bera dagoen tokian hostajea erori aurretik kraka beltz batek estaltzen du. Bestela elikadurari erreparatu: ontzia txikiegia eta landare handia mantendu behar. Hori gutxi balitz fruitu mordoxka. Hasteko, kendu fruituak. Nahi izatera erakusle izango den bakar bat utzi. Ontzi handiago batean jarri, ondo drainatzen duela ziurtatu, urak erraz alde egin behar du. Lur ona jarri, ahal duzun onena eta ureztaketa zaindu. Maiz ureztatu, baina esan bezala, soberan duen urak erraz alde egiteko moduan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545