Asteroko buletina
Lurra lantzea eta zaintzea ahaztea, geure burua ahaztea da

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Produktu fitosanitarioen erabiltzaile txartela eskuratzeko
2024-11-19 23:02 | Imanol

Kaixo, Jakoba: Etxeko baratzerako bacillus thuringiensis-a erosi nahi eta produktu fitosanitarioen maneiatzaile-txartelik gabe ez didatela salduko esaten didate. Hori horrela izanik, Nafarroan non egin daiteke delako txartel hori eskuratzeko ikastaroren bat? Aldez aurretik, esker mila zure arretagatik


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-20 16:03

Hemen duzu Nafarroako Gobernuaren nekazaritza sailaren webgunean atal horren berri jasotzen duen gunea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/produktu-fitosanitarioen-erabiltzaile-profesionalaren-txartela

Bertan ikusiko duzunez edozein argibide behar izanez gero harremanetarako bide hauek dituzte:

Nekazaritza Zerbitzua
Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala
González Tablas kalea 9, 1. solairua
31005 Iruña (Nafarroa)
Telefonoak: 848 426 665 / 848 426 239
Helbide elektronikoa: spsv@navarra.es

 

Gaur arte erantzundakoak (900 galdera-erantzun)

Aupa Jakoba, urkiaren hazia jaso eta ereiteko asmoa daukat aurten, nik neuk lortzekotan zuhaitza hasiera-hasieratik. Irakurria dut abuztu amaieran/irala hasieran jaso behar direla haziak, artean guztiz helduta ez daudela, ostean, udagoienean ereiteko. Baina une honetan, uztaila amaitu barik dagoela, hazi ugari helduta daudela ikusi dut. Era berean, haziak bildu eta jarraian erein beharrekoak direla ere esan didatenez, zelan jokatu ere ez dakit honezkero. Nik badaezpada hazi helduak hartu eta ereiteko asmoa daukat. Zer deritzozu? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-21 13:00

Haziak helduta daudenean bildu behar dira. Urki bakoitza mundu bat da; zeinengandik sortua denaren eta non bizi denaren araberako zuhaitza izango da. Horri erantsi behar zaio eguraldiaren zikloa, baina ez urtebetekoa, urteetakoa baizik, Hori dena kontutan izanda ulertu daiteke urte batean irailean eta beste batean uztailean heltzea haziak.

Zure urki horren haziak heltzen ari badira, bildu eta geruzatu. Geruzatzea teknika zaharra eta eraginkorra da. Haziak naturalki biziko lukeek bidea egiten uzten zaio. Errekako hondarretan jartzen da, geruza bat hondar, gainean beste bat haziak, gainean hondarra, gainean haziak. Zuloak dituen ontzi batean, eta kanpoan eduki. Gakoa horixe da, kanpoan bizitzea udazkena eta negua. Horrela gero udaberriarekin ernatuko dira.

Hondarrak azalean ebaki ttikiak egiten ditu eta hortik ura sartzea erraztu. Gero haziak, ura hartu eta neguko giroak pasa direla sentitzean ernatuko da.

Jeneralean errazago ernatuko da toki ilun batean, eguzki galdatan baino hobe zuhaitz edo zuhaixken itzaletan.

Kaixo Jakoba, Hur zuhaitz bat dugu era urtero ale mordoa izaten ditu baina heldu ahala guztiak erortzen dira zulo txiki batekin, "hutsik", ustelduta, ..... Zer izan daiteke? Nola zaindu daiteke? Sagarrondo eta aranen alboan dago.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-19 17:27

Hurraren gurgurioa da, Curculio nucum.

Hurraren arazo handiena da. Intsektu txiki bat da. Negua har forman igarotzen du lurpean, udaberrian heldu bezala atera eta hur txikiak eta hosto eta kimu berriak jaten ditu. Maiatza eta iraila artean helduak ibiliko dira, arrautza berriak hur samurretan sartuko dituzte, bakoitzean bana. Hauetan harra sortuko da eta hurra barrutik jango dute. Gero zulo bat egin eta aterako dira lurpera joateko, negua pasatzera. Lurpean hiru urtera arte egon daitezke.

Toki hezeak eta freskoak maite ditu.

Ez da erraza borroka. Tratamenduak intsektua arrautzak jartzen dabilenean egin beharko lirateke, ekologikoa: "Neem" olioa + xaboia. Garai batean goizean goiz edo ilunabarrean, bero handienak joandakoan hur adarrak maindire zuri bat azpian jarrita astinzen ziren, gurgurioak bildu eta hiltzeko.

Adar artean laranjak erditik ebakita jarri eta bertan luze aritzen omen dura zurrupatzen, biltzeko aukera emanez...

Aupa Jakoba!

Duela bi astetatik, oraingoz, 12 metro karratu inguru dituen lur zati batetan baratza egiten hasi naiz. Lur saila Donostiako Ulia mendiko magalean kokatua dago. Lehen pausoa, lur gainean zeuden belar eta sastraka danak kentzea. Ondoren, lurrari buelta eman atxurrakin sustraiak kentzeko eta lurra arintzen joateko. Orain lantxo honekin nabil. Ondoren, pala hartu eta lurra arintzen joan. Ondoren, landatzen hasiko naiz.

Hona hemen nire galderak:

- Lurra ez da duela urteak erabili eta esan bezala sastrakez beteta dago, batez ere morak ateratzen dituzten horiek. Pentsatu dut ongarri zeozer eman beharko niokela. Ez dut inor gertu gorotza eman diezadakena, beraz, boltsatso bat erostea pentsatu dut baina zer erosi: substrato unibertsala, humus de lombriz edo sustrato mantillo? besteren bat? 12 metro karraturentzako zenbat kg beharko nituzke?

- Landareak erein/transplantatu eta ilargiaren inguruan. Beste baratza bat eduki nuen eta bertan esan zidaten ilargia goraka zioanean, beraka ateratzen diren barazkiak landatu zitezkela: azenarioa, patata, tipula... eta ilargia behera dioanean, ordea, gorantz hazitzen direnak: tomatea, letxuga, piperra... Liburua irakurtzen, zuk ez duzu ilargiaren eragina horrela erabiltzen landatzerakoan. Zuk egutegi dinamikoa jarraitzen duzu eta bertan lau talde daude: fruitua dutenak, sustraia dutenak (niretzako berantz bizi direnak?), lorea dutenak eta ostoa dutenak. Niretzako barazki batzuk zein taldetan dioazen jakitea zaila egiten zait bi edo hiru taldetan ikusten ditut. Bada nonbait barazki bakoitza dagokion taldean agertzen duena? Trukoren bat zein taldetan dioazen bereizteko?

Mila esker. Agur bat. Aitor
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-17 14:01

Sastrakadia edo belardi edo baso zen tokian baratzea sortzeko lurra gorritu eta luberria egiten denean, lur aberatsa izan ohi da. Hala ere ondo dago ongarritzea. Denborarekin baratean bartean sortzen zaizkizun hondakinekin eta etxeko organikoarekin luarra izango duzu. Zeuk aipatzen dituzun ongarri horietan zizare luarra da onena, baina jakin ezazu gaur egun simaur deshidratatua eta koxkorretan bildua saltzen da. Baita Gipuzkoako Hondakin organikoekin egindako luarra ere. Horietatik nahi duzuna erabili. Hasteko 2-4 kg. eman metro kuadroko.

Landare bakoitza zein multzotakoan den jakiteko ez da asmakizun handirik behar: zer baliatzen duzu landare horretatik? Adibidez: uraza-hostoa, tomatea-fruitua, patata-sustraia, orburua-lorea, azenarioa-sustraia, azalorea-lorea, zerba-hostoa, kuiatxoa-fruitua...

Kaixo Jakoba,
Aurten ez dugu orturik prestatu etxe alboko landatxoan zeren eta gure ezkontza ospatu nahi dugu bertan Irailean. Hori dela eta lurra ondo berdindu nahi dugu, eta belar motaren bat landu txukun egon dadin Irailak aldera.
Baina ez dakigu zein belar mota landu berarko genuke, hurrengo urteetan arazorik ez izateko (eta aldi berean lurra ondo zaintzeko). Batzuk hirusta diote, baina ez gaude ziur. Besteak ryegrass diote...
Zer gomendatuko zeniguke?
Lurra ongi berdintzeko irudian agertzen den motako tresna bat erabiliko zenuke?

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-11 12:05

Irailean gainean dantzatzeko moduko belardi bat nahi badezute azkar mugitu. Belardi berri bat zanpatzeko moduan egoteko hiru edo lau moztualdi emanda izan behar da. Eta mozteko makinaren mozten duen zafla txorrotx-txorrotx egin da jarrita, bestela belar jaio berria atera egingo du, moztu beharrean. Ureztaketa ere zaindu urte sasoi txarra da eta. Berez ereinta lan hori udaberrian egin beharko litzateke...

Nik bertako etxe bat gomendatuko nizueke, Tuterako Zulueta etxea. Eta bere katalogotik, belar nahasketa pare bat horietatik aukeratzeko “Boston” eta “Classic”

Argazkian bidali didazun tresna hori alferra deitzen da, eta ez da lurrak berdintzeko, baizik eta hazia zabaldu denean hazia lurrera ondo itsasteko, azkarrago ernatu edo hozitu dadin.

Hosto batzuk gaixotasun bat daukate, zer da ta zer egin dugu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-11 11:41

Izurrite bat da: eriniosia. Akaro baten erasoaren ondorio dira koxkor horiek. Azpiko aldetik hasieran zuriak dira eta gero gorritzen joango dira, haizearekin oxidatuz.
Ez da izurrite ikaragarri horietakoa. Jeneralean ez da tratatzen, baina bi gauza egitea gomendatuko dizut:
1. udaberrian kimuak irekitzen dituenean eta arra beteko luzera duten arte bizpahiru alditan sufre hautsa zabaldu landarearen gainetik
2. inausketa egiten duzunean moztutako aihenak edo adarrak ez jaso edo lurrean bertan utzi, arretaz bildu eta bertan erre.

Egun on,
Azken urtetan potro bedarra (Barrabas belarra) esaten dioguna majo zabaldu zaigu ortuan, badakit borroka luzea dugula aurrean baina eskertuko nizuke zure ikuspuntua eta gomendio batzuk jasotzea.
Honetaz aparte. lehengo batean orain arte izan ez dugun beste inguru baten agertu zaigu, ortutik aparte dagoen zona batean, hemen hasi berria da ez daude asko (argazkian dagoen makatzaren azpian ikusten dira ale batzuk eta aldamenean dagoen melokotoi baten azpian ere badaude, baina ez dira asko....hasiera dela dirudi, hau gerta ez dadin zer egin? garaiz ahal gaude orain? nola?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-30 15:55

Esaten duzun eran, borroka luze baterako prestatu behar zara. Potro-belarra egoskorra da. Lurpean duen tipulatxoa da gakoa. Hori akabatu behar da. Hor energia pixka bat den artean berpiztuko da. Borroka bakarra hostoak eman ahala kentzea da. Barkamenik gabe, bi edo hiru egunero hosto berriak tira eta atera. Horrela tipulak berriro hosto berriak eman beharko ditu bere energia xahutuz, eta zuk kendu hostoa, eta berak eman eta zuk kendu... Horrela tipulako energia bukatzen den arte.

Lan hau lursail ttiki batean egin daiteke, baina saila handi xamarra bada... Bestea ezikusiarena egitea da. Niri ez dit enbarazurik egiten landare artean ikustean. Landare ttikiak direnean dugu arazoa, gaina hartzen dietelako. Orduan bai, behin edo bi aldiz kendu hostoak eta landarea koskortzean berak hartuko ditu azpian.

Errotabatorra eta baratzeko tresnak dira potro-belarraren aliatu nagusiak, beraiek zabaltzen dute... Kontuz. Argazkiakoak bezalako gune berri ttikiak kupidarik gabe kendu: aitzurrarekin eman eta lurpeko tipulak atera. Gutxi diren artean egin daiteke hori. Bestela laister izango da han ere andere eta jabe.

Asteko lanetan, sagarrondoaren harjoaren kontrako tratamentu egiteko garaia dela diozu. Esango zenidake mesedez ea ze tratamentu eta nola egiten den.
agurrak,
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-06-30 16:01

Harjoa tximeleta batek (Cydia pomonella) sagarrean jartzen duen arrautza batetik sortzen den harrak sortzen du. Tratamenduaren emaitza ona tximeleta noiz dabilen jakitea da. Hemen, jeneralean, urtean bi belaunaldi izaten dira: maiatzaren amaiera-ekainaren hasiera eta uztailaren amaiera aldera.

Hasteko txoriak erakarri, tximeleta eta har ttikiak jan ditzaten. Jarri habiak egiteko etxetxoak. Era berean neguan enborra karesnez margotu, bertan egon daitezkeenak erretzeko. Enborrari kartoi izurtuzko gerrikoa jarri udaberrian, bertan gera daitezen harrak lurreraino jaitsi gabe; tarteka miatu eta daudenak akabatu.

Lehen belaunaldiko harrek harrapatutako alerik ikusten baduzu, bildu eta erre, ez utzi lurrean, bigarren belaunaldia eragotziko duzu horrela.

Sasoi horietan tranpak jartzen dira sagastietan: hormona usaina dute eta tximeletaren gustuko kolorea. Sagastiaren tamainaren arabera hainbat tranpa jartzen dira. Heuk arrak erakartzen dituzte eta bertan itsatsita geratuko dira. Azaltzen direnean tratatzen hasi.

Tratamendu naturalak bi dira: Karpobirusina eta Bacillus thuringiensis. Lehena da onena. 3-4 tratamendu egin 8-10 eguneko tartearekin. Nahi izatera bi produktuak txandakatu.

Iaz, piperrak ustelkeri borobilekin izan nituen. Ez zen ustelkeri urtsua, nahiko sikua baizik. Eraman nituen ale batzuk analizatzera eta Alternaria zela esan zidaten. Kobrea duten fungizidak erabiltzeko esan zidaten baita. Zuk jakingo duzu gaitz horren aurkako beste erremedio naturalen bat. Eta baita zer komeni den piper sanoak edukitzeko. Mila esker Jakoba!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 20:05

Ondo esan zizuten Alternariarentzako onena kuprea da. Hala ere kupre ahalik eta naturalea erabili: salda bordelesa. Era berean horri azeribuztanaren ura, asunaren ura eta esnekiren bat nahasi. Hori da tratamendu eraginkor naturalena.

Aurrez hartu behar dira neurriak, hezetasunak indartzen du gaitza dakarren onddoa eta beraz: tarte zabala utzi, toki egutera aukeratu, ez ureztatu... Azken hau da garrantzitsuena baldin eta kalitatezko piperrak jan nahi badituzu.

Kaixo jakoba,
ezagutzen al duzue hortentsiatan hedatzen den kotxinilla kentzeko edo gitxitzeko modurik?? Nire bizilagunaren hortentsiak dira eta erabat harrapatuak dituzte. Mile esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:46

Kotxinila kentzeko era onena eskuz egitea da: hartu guata edo kotoi harro zati bat alkoholetan busti eta enborra igurtziz kotxinilak askatzen eta biltzen dira. Gero zuzenean erre. Lan hori hartu nahi ez baduzu, tabako ura egin. Litro erdi bat alkohola eta beste erdi bat ura, hor tabako-belarra jarri, 100 gramo. Hamabost egunez utzi. 100 gramo xaboi potasiko nahasi. Hori dena 10 litro uretan urtu. Eta tratatu. Kotxinila bera ondo busti behar da. Tratamendua errepikatu egin beharko duzu, behar adina aldiz.

Kaixo Jakoba,

Baratzean arrak dauzkat bereziki aza eta kolifloretan. Orain arte ez diet ezer bota eta ahalik eta naturalen jan nahi nituzkenez ez dakit zer bota diezaiekedan. Ze gomendio emango zenidake burua pixka bat egin ahal izateko eta arrak kentzeko modu naturalean?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:23

Behin harrak sartutabere kontra egin behar duzu. Batetik arrautza multzoak hostoen azpian topatzen dituzunean zanpatu eta akabatu. Bestetik harrekin ere eraginkorrena eskuz zanpatzea da. Hau egin nahi ez baduzu, Bacillus thuringiensis botikarekin busti. Erabat naturala den botika da, ez du kalterik sortzen eta bota eta segidan jan dezakezu barazkia; soilik harrari kalte egiten dio, baina horretarako harra ukitu egin behar du, beraz tratamendua egiterakoan saiatu goi eta behe, ezker eta eskubi landare osoa ondo bustitzen.

Har hauek tximeleta batek etorri eta jartzen dituen arrautzetatik sortzen dira. Tximeleta hori uxatzea da lehenengo lana. Horretarako garo hostoak jarri azen gainean eta lurrean tarteetan.

Aupa Jakoba: aurten sartutako sagarrondei zorriak edo "pulgoiak" izugarrizko kaltea eragin diete. Zer botatzea aholkatuko zenidake?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:15

Bai aurten bada zorritik!

Kontuz simaurrarekin edo nitrogeno asko duen ongarriketarekin, horrek ikaragarri laguntzen dio.

Zorriaren aurkari onak amona mantangorriak eta krisopak dira. Erosi eta zabaldu daitezke. Ondorengo landare hauen urak erabili: intsusa, izpilikua, tomatea, larranbiloa, bortusaina, mota-belarra, baratxuria, garoa, asuna, azeribuztana, zolda-belarra eta, batez ere, tabako-belarra. Hauen urei beti xaboia erantsi, ahal baduzu xaboi potasikoa. Tratamendua hirutan errepikatu, 8 bat eguneko tartearekin.

Etxean hiru hagin dauzkagu eta horietako batek hiru enbor dauzka. Azken horren hiru enborretako bi sikatzen ari dira aurten. Haginaren ondoan aitak txakurrarentzako hormigoi zola ipini zuen. Behe partetik hainbat inausketa ere egin dizkie haginei, guztiei, besteak ondo daudelarik. Nere ustez hormigoiak dauka errua, baina aitak ezetz.... zer uste duzu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:00

Ezin da erabat zihurtatu, baina nik zalantza handirik ez nuke egingo, arazoa bikoitza da: hormigoia eta txakurra. Ez bat eta ez bestea ez ditu maite haginak. Hormigoiak inguruko lurra erre egiten du, baita sustraiak ere. Eta txakurraren pixak ere haginak erretzen ditu; makina bat ikusten dira lorategi publikoetan.

Aurten berandu nabil eta, gauza bat eta bestea dela.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:05

Niri maiatzaren amaiera aldera jartzea gustatzen zait. Behin ekainean sartuta, ahal duzun azkarren egin. Behin ekainean sartuta ilargiari ere ez begiratu. Eguraldiak laguntzen badu, udazkenean ere jan ahal da hemen tomate eta piper. Eta tomateari txapela jartzea ez ahaztu, baldin eta leku oso lehor batean ez badago.

Zorte on!

Kaixo Jakoba. Lursail batean zuhaitzak aldatzeko asmoa daukat.
Lursaila kostaldetik gertu eta hegoaldera begira dago. Aldapa dexentekoa du eta hondar-lurrak dira. Nik haritzak eta gaztainondoak jarri nahi nituzke, baina zein beste espezie izan daiteke egokia? Bestalde, gaztainondoen gaitza ekiditeko, zer egin dezaket? Noiz aldatu behar ditut?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-10 08:34

Haritza eta gaztainondoa, biak dira hemengo lur hondartsuetarako egokiak. Espezie gehiago aipatzeko, zein baso mota sortu nahi duzun jakin behar da. Nik, baso nahasi eta natural samar bat egin nahi duzula pentsatzeko lizentzia hartu dut. Haritza eta gaztainondoaz gain ametza (Quercus pyrenaica), artelatza (Quercus suber), gurbitza (Arbutus unedo), intxaurrondoa (Juglans regia), intxaurrondo beltza (Juglans nigra) eta gerezi basatia (Prunus avium) jarri lasai. Toki hezeenetan, beheko aldean edo erreka ingururik bada otsalizarra (Sorbus aucuparia), hostazuria (Sorbus aria), maspila (Sorbus torminalis), hagina (Taxus baccata) eta lizarra (Fraxinus excelsior).

Gaztainondoaren gaitza ekidin ezina da. Lurreko onddo bat da eta ezin da kendu. Borrokatzeko bide bakarra hezetasuna kentzea da. Zure hondar lurra ona da.

Landaketa lanak azaroan hasi ditzakezu, eta otsaila bitartean egin. Izotzik bada ez landatu.

Kaixo! Astebukaera hau (ekainak 10 - 11) artoa ta babarrunak ereiteko beranduegi da? Alkiza-Larraul inguruan .... pixkat pasa zaidala ustet, ezta?
Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 19:01

Ez da berandu, egin ereintza lasai. Jeneralean maiatzean egiteko lana da, baina hamabost eguneko atzerapena ez da ezer hainbeste hilabetetan soroan izan behar duen landaketan. Hemen udazkena ona izan ohi da, eta hamar egun beranduago uzta biltzeko aukera izatea ez da harrigarria.

Patataren loreak fruitu borobil eta berde batzuk ematen ditu, barruan patataren haziak daude. Beraz neretako patata landatu egiten da eta egutegiaren ilbehera egunetan egiten dut. HORRELA DA EDO EZ? eztabaida dugu herrian eta...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 16:33

Arrazoi osoa duzu, patata landatu egiten da. Baina ez duzu arazoi, patata erein egiten da.

Patata berez tuberkulua da eta ez da hazia. Beraz landatu egiten da. Patata loratu eta ematen duen fruitutxoaren barruko haziak ez dira ereiten. Tuberkulua landatzen da. Baina landatzen den horri hazitako patata deitzen zaio.

Hizkuntza kontua da dena. Patata landatu egiten da, baina "patata erein" esaten da. Beraz ilargiari begiratu behar diozunean landaketa dela kontutan izan.

Leka asko biltzeko ez al da hobe lore egunetan ereitea? Horren fruitua ez da jaten babarruna edo potxa bezala.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 12:56

Nik bietako edozein egunetan ereingo nuke. Biak dira lekaren alde egiteko egunak. Zeuk adierazten duzunaren arabera leka bera loretik gertuago ikusten duzu hazitik baino. Ez dut hori dioen inolako ikerketaren berririk. Animatzen bazara saioa egin beharko genuke: lekak batzuk erein fruitu egunetan eta beste batzuk lore egunetan. Urte batean hilabete desberdinetan. Animatu eta asmoa hartzeko prest al zara?

Nafarroako mendialdetik galdera; hemengo ustea da pagoa ilgoran (creciente) eta haritza ilberan (decreciente) bota behar dela surako egur hobea lortu nahian. Ilargiaren orbitari kasu egin gabe. Zer esaten ahal diguzu Jakoba? milesker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 13:08

Nik uste dute erabat zuzen zabiltzatela. Pagoa zura biguina da eta ilgoran harro-harro egongo da. Hau erretzean sua ere harro ibiliko da bere barrenean eta gar handia egingo du, baina ez du asko iraungo. Haritza aldiz egur gogorra da eta ilbeheran botata itxi-itxi eginda egongo da. Honek ez du gar handiko sua egingo, baina bai txingarra eta iraupen handikoa.

Ilargiaren orbitaren kontuarekin, gakoa da noizkoa den ilgora edo ilbehera hori. Udazkenekoa edo negukoa denean ilbehera eta ilzaharra edo ilgora eta ilberria ia batera doaz.

Larunbatean Euskadi Irratian parte hartu nuen, erantzuna eman zenidan zurina zuela landareak, nahiko nuke jakin zer neurri sufre zaldi buztana eta esnea, eta nola prestatu.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-30 15:58

Sufrea etiketak berak esango dizu zenbat bota, zenbat litro prestatu nahi duzunaren arabera. Azeri buztana kazuela bat bete belarrez eta gero urarekin, irakin 15 minutuz eta hoztutakoan emateko pronto dago. Ur horri litro bat esne erantsi. Gero behar dezun beste ura erantsi eta proportzioan sufre hautsa.

Kaixo Jakoba! Arbola hau dugu baratzean. Etxea erosi genuenean duela 3 urte hor zen eta ez dut lehengo jabeak esaniko izena. Esango zenidake, mesedez, izena eta zainketa berezirik behar duen? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 10:30

Irudi horrekin bakarrik ezin dizut zihurtatu. Ea hostoen eta adarren bertagoko argazkiren bat bidaltzen didazun. Hala ere galdera bat, udaberriaren amaiera eta udaren hasiera aldera loratzen da? Lore horixka ttiki batzuekin? Eta usain gozoa zabaltzen du?

Hori jakin artean nire apustua da "Eleagnus angustifolia" dela. Begiratu ezazu interneten eta ea ezaguna egiten zaizun.

Esango didazu.

Iepa!
Bizi baratzean aipatzen duzu tomateak inaustean kimuak jasotzeko. Nola egiten dut zorriak tratatzeko aipatzen duzun ura?
Milesker,
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-18 14:00

65. orrialdean duzu erantzuna. Zorrien eta porruaren eta azaren harren kontrako intsektizida egiten da tomate kimu horiekin. Erdi-irakina prestatu behar da: kilo bat hosto edo kimu xehatu eta 10 litro uretan 3 egunez eduki, egunero indarrez irabiatuz. Gero horko litro bakoitzari 10 litro ur erantsi eta tratatu. Zorrien kontrakoa alkoholetan ere prestatu daiteke. Orrialde horretantxe daukazu formula.

Egunon Jakoba,
Lehenengo aldiz zuzentzen naiz zuregana
Jakin nahiko nuke zer ari dan gertatzen gure inguruan ezpelarekin eta zer irtenbidea proposatzen dezun
Zure erantzunaren zain
agur bat
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-09 14:29

Ezpelak (Buxus sempervirens) bi arazo nagusi ditu gurean gaitza (Cilindrocladium buxicola) eta harra (Cydalima perspectalis). Azken aldi honetan harra dabil ugari eta oso txarra da, hostoak jaten ditu eta gero adarren azala, landarea erabat soildu arte. Hosto batzuetan harizko habitxoak bezala topatuko dituzu.

Ahal duzun azkarren tratamendua egiten hasi: astero-astero egin behar da, "Bacilus thuringiensis" izena duen botika bat erabili behar da. Harraren beraren gaitza bat da eta ez landareei ez guri ez lurrari ez dio kalterik egiten. Nekazaritza ekologikoan erabiltzen da. Xaboiarekin nahastuta bota behar da, ahal izanez gero xaboi potasikoa. Eta ez ahaztu, astero-astero, landarea alde guztietatik ondo bustiz.

Aupa Jakoba! parebat galdera ditugua baratzaren inguan - kuaiatxoak ontzitik lurrera pasatzean, ipurdian iñurritegiak eta arrautzak zituzten eta orain fruitua jaten ari dira, baita orburuak ere izpilikua daukagu baina non eta zenbat jarri bear dira? edo beste zerbait gomendatzen? -marrubiaren umeak nola kendu eta aldatu daitezke? -azelgak hazten laga genituen hasia ateratzeko asmoz, noiz eta nola hartu ditzakegu hazia? mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 18:07

Txindurriak uxatzeko izpilikuarekin irakina edo infusioa egin behar da. Irakina: kilo bat landare heze edo 200 lehorra, 10 litro uretan 10 egunez, egunero indarrez irabiatuz; gero hemengo litro bat 10 litro urekin nahasi eta landarea eta lurra erruz busti, maiz samar. Infusioa: ura-landarea proportzio berean nahi duzun kantitatean eta zuzenean berarekin busti.

Marrubien herrestadarren muturrean sortzen diren marrubi landaretxoak behin sustraiak eman dituztenean adartxoa moztu eta landatzeko moduan daude. Landaketa iraila-azaroa artean edo otsaila-maiatza artean. Zenbaiterainoko negua egiten duenaren arabera. Oso toki hotza bada udaberrian egin.

Argazkiko zerba edo azelga ikusgarria dago, dena fruituz eta haziz jantzia. Haziak oraindik heldu gabe daude. Utxo oraindik lasai, haziak marroi edo arre kolorekoak jartzean orduan daude biltzeko moduan; aleka aleka lurrerarortzen hasiko dira, orduan ipurditik atera landarea eta buruz behera zintzilikatu, azpian haziak biltzeko zerbait jarrita. Bitartean, kontuz hegaztiekin.

Ba al da modurik urtero hurrak jaso ahal izateko? Inausi,bai, ez....
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 17:37

Nik esango nuke hurritzak urtero ematen duela fruitua. Eta ez bada hala arazoren bat dugu. Hau gertatzeko hiru arazo posible ikusten ditut: lurreko gaitza izatea, hau da hemengoa ez den aldaeraren bat izan eta onddoren bate erasotzea; bestetik, polinizazioan arazoak izatea, udazkenaren amaieran loratu eta polinizatzen da eta orduan arazo bereziren bat izatea, batez ere eguraldiari lotua; edo fruitua erortzea, fruitua hartuagatik, hostoa ireki eta fruituak azaltzen direnean giro bero edo lehor edoantzeko txarkeriren batengatik fruitu pinport ttikiak erortzea.

Azenarioak erein nahi ditut baina ez dakit garaian gauden . Bestaldetik zein zaintza bereziak behar dituzte? Behin landatu nituen eta ez nuen sorte handirik izan. Araban.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 17:14

Lur sakona behar du azenarioak, eta harroa, beraz buztin lurrik ez. Azenarioa erein behar dugun tokia ondo ongarritu, simaur zaharrarekin eta karea edo errautsa erruz eman. Beroa gustatzen zaionez, eguteran egin. Martxoan hasi eta uztaila erdira arte erein. Hazia ttikia da eta ez da ia lurrean sartu behar, lur gainean zabaldu eta hondar edo lur fin pixka batekin soilik estali.

Landare ttikiak direnean tarteko belarrak kendu, gero beraiek gaina hartuko diete.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora