Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herriko (kanntaurialde) zein landare dira aproposak etxerako? Pots, fikus, geranio, Platycerium bifurcatume, palmera eta abarren ordez bertakoak diren zein landare etxe barruan eta zein balkoian? (Klima tropiketan bidaiatzen ari naiz, eta etxerako erabiltzen ditugun landareeetako asko ari naiz naturan ikusten...)
ETXEKO LANDAREAK liburuan (https://azoka.argia.eus/produktua/etxeko-landareak-jakoba-errekondo-bizi-baratzea/ )ederki asko azaltzen dut: gure etxe barruetako baldintzak ez dira kanpokoak. Kanpoan hotz egiten duenean etxea berotu, bero egiten duenean etxea hoztu, iluntzen duenean etxean argiak piztu. Beraz barruen ezingo duzu hemen kanpoan ditugun landareak eduki. Balkoian edo kanpoan bai: begiratu orientazioa, eguzki orduak eta abar bezalako balkoiaren antzeko baldintzak dituen lur sailetan zer landare ikusten dituzun eta zein atsegin dituzun, eta haiekin hasi. Adibidez, eguzki galdatan egoten ez den balkoia baduzu garoekin saioa egin.
Gaur arte erantzundakoak (986 galdera-erantzun)
Egunon Jakoba,
Etxe inguruko zuhaitzak haunditzen ari dira eta arazo bihurtzen ere. Etxetik oso gertu daude eta udazkenean teilatu zikindu eta erortzen diren adarrak teilak puskatzen dituzte.
Lizar gazte batzuk ere badaude baina hoiek neuk botatzeko asmoa daukat eta lizar asko dago ( gure etxeko sasia Lizarra da eta). Gure zalantza haundiena pagoekin daukagu. Arbol zoragarriak dira, handiak ere eta izugarrizko pena ematen digu botatzea, baina beste aldetik egunen baten etxe gainean eroriko balira, kriston txikizioa egingo zuten.
Daukaten tamainakin pago-motz bihurtzea posible izango al zen? Lurretik bi metrora moztu ezkero, hilko al ziren? Teknikoki hori egiteak bere arriskuak dituela kontuan hartuta (basozalea gogo handirik ez du, ipurditik nahiago du, noski), beste proposamenik?
Milesker
Egun on Joseba!
Zuhaitz horiek ondoen oso osorik daude.
Mozten hastean zauri haundiak egiten dira eta horrek ekarriko du enborraren bihotza usteltzen hastea. Horrek arriskua handitu besterik ez du egiten. Begiratu mendian pago-motzek nolako amaiera izaten duten: denak barrutik hustuak.
Nik zalantzarik gabe ipurditik moztuko nituzke.
Eta lizar sasia berdin.
Zuhaitzen bat jarri nahi badezute, kontutan izan heldutasunean zer tamaina hartuko duen etxetik zenbateko tartea emateko…
Ondo izan
Zorria zergaitik dagoen hain ugari jakitea da garrantzitsuena. Tratamentuekin urritu dezakegu, baina laister izango da bueltan. Arrazoi nagusia gehiegizko ongarriketa nitrogenatua izan ohi da: nitrogeno gehiegi. Ongarri kimikoak edo ondo heldu gabeko simaur edo minda gehiegi; horrek zorria erakartzen du kimu berrietara.
Izurrite maila hartzen badu onena da neguko tratamentua, orain oso berandu da. Hurrengo neguan kontutan izan: kaltzio polisulfuroa %10 urtua eta urtarrilean. Garrantzitsua da arbola ahalik eta geldien egotea bestela erre egingo da.
Behin izerdia mugitzen ari dela Neemazal produktua erabili dezakezue.
Bi tratamentu horiek fruitugintza ekologikoan erabiltzeko baimenduak daude.
Goldetzeko asmoa baldin badek ez kendu. Goldetu gabe landuko bahukek, orduan bai belarrak izakitu edo zopizartu.
Intxaurrondoa berez ez da inausi behar. Hezetasunarekin zaurietatik onddoak sartu eta gaitzak sortzen zaizkio. Ahalik eta gutxiak ukitu behar da intxaurrondoa.
Hala ere mozketaren bat egitez gero, adar handiak badira martxoko ilbeheran egin. Adar txikiak mozteko uztaila ere garai oso ona da, berdetan, hostoz jantzia dagoenean.
Ongarri berdearen teknikaren helburua lurra aberastea da. Janariz aberastea baino garrantzitsuagoa da lurraren bizitza sustatzea. Bizitza horrek emango dio aukera ondo elikatzeko landareari. Ongarri berdea hemendik atzera nahi duzunean ebaki dezakezu. Ebaki eta bertan utzi lur gainean. Egun batzuk igaro ondoren eta usteltze prozesuak abiatu direnean azal-azalean landu daiteke, baina inolaz ere lurperatu gabe. Horrek lurrari harroago eutsiko dio, gero egin beharreko lanak erraztuz. Beste aukera, moztutako landareak bildu eta luartzeko edo konpostatzeko kanpora ateratzea da. Horrela saila libre geratuko da eta gero luar ederra izango duzu.
Bai orain negu neguan landatu eta maiatza-ekaina aldera jasotzeko moduan izango dira. Ongarri organiko zaharra (simaurra, luarra edo konposta...) eskuratu ahal baduzu lurrari asko eman, alde ederreko abiadan haziko da aza jendea.
Inausketa lorealdia amaitzean egiten da, lorearen ondoren hasiko baita adar berriak ematen.
Oso zaila da kamelia aldaxketik edo eskejetik sortzea. Nik uste dut aukera bakarra belaunketa dela, bai zuzenean lurrera, adarren bat oso behean badu, eta bestela aireko belaunketa, adar baten bueltan poltsa batean lurra jarriz. Hala ere errepikatzen dizut oso lan zaila hartu behar duzu.
Otsailean ilarrak erein ditzakezu, egokiena arba motza ematen duten aldaerak edo barietateak jartzea, epe motzagoan loratuko baitira. Babak jartzeko ere azken aukera duzu. Ahalik eta azkarren erein. Baratxuria burutako jartzeko berandu xamar da, baina agian asmatu egingo duzu. Eta baratxuria berdetan edo fresko jateko asmotan bazara lasai erein otsail osoan.
Plastikoak bi lan egiten ditu. Batetik belarrak atzeratzea eta bestetik lurretik lurruntzen den urari eustea. Belarrena ondo dago, baina urarenak arazoak sor ditzake. Tomatea toki lehor eta bero batean bizi bada, urari eusteak lagundu egingo dio. Aldiz, toki hezean bizi bada, edota lur motel buztitsua badu, plastikoak hezetasun hori areagotu egingo du, eta landarearen lepoaren aldean, lurretik sortzen den puntu horretan, onddoek eragindako gaitzak ugaltzeko arriskua handitu egiten da. Zeuk erabaki.
Berez emeak martxoko ilbeheran eta arrak loratu ondoren egin beharreko lana da.
Negarrarena ez da harritzekoa, ezta arduratzekoa ere. Hala ere uste baduzu toki gozoan bizi direla eta azkar mugitzen dutela izerdi berria, otsaileko ilbeherara aurreratu.
Etorkizunean sagarrondo hori nola haztea nahi duzunaren arabera hartu behar da erabaki hori. Eta amabirjin sagar hori zein mentuoinaren gainean txertatua dagoenaren arabera, hark aginduko baitu gerora zein tamaina izango duen. Orokorrean, erdiko ardatza deitzen den eran, sagarrondoa bera datorren forma horrekin utzi behar da, izan ere enbor luze hori da ardatza. Irekitzea nahi baduzu ardatza moztu eta alboetara sortu eta haziko diren adarrak izango dira arbolaren egitura. Nik ez nuke moztuko eta utzi ardatz hori. Beste gauza bat da alboetara sortuko zaizkion adarrekin zer egin. Ni sagarrondo handien zalea naiz eta azpiko adarra gutxienez metro eta ardira behar du, eta ahal bada gorago. Gero sagarra ematen hasten denean makurtuko da bai.
Berez ekarri duen fintasun hori beste sagarrondo batzuengandik oso hurbil egoteagatik izango da. Muintegian hori gertatzen da. Orain nahikoa toki eman eta ikusiko duzu nola zabaltzeko joera hartzen duen.
Eskabazio hori ikusi behar da. Igerileku bat bezala lau aldeetatik eskabatutako horma aldu? Horrela bada igerileku bat bezala beteko da urez, nahiz eta lurrarekin egon. Maila freatikoa beherako egonagatik agian zaila du urak alde egitea, hormako lurraren egituragatik.
Arrazoi duzu hezetasunarekin kezkatuta egonda. Isuri atlantiarreko lurreldeetako arazo nagusia da. Beraz eskabatutako gune hori imaginatu igerileku bat dela eta behe-behetik drenaia zulo bat prestatu. Hala ere harriarena eta geotextilarena bai ala bai jarriko nuke.
Bizi Baratzean bertan aipatzen dut kuia luzea (Cucurbita moschata) ere. Edankuia ere hor dago, gure etxean kurkubia deitzen duguna, Lagenaria siceraria. Garai batean edariak eramateko erabiltzen zen, eta bereziki pregrinoaren imaginari lotua dugu egun. Izango dira dagoenerako han eta hemen ezarritako izenak, baina nik ez ditut eskuera.
Berandu zabiltzanez, izan ere urri-azaroko lana da eta ez urtarrilekoa, ahal duzun azkarren landatu. Ilargiari begiratu gabe, oso da eta berandu. Bestalde horrelako erraboilak edo tuberkuloak hobeda gorapenean landatzea beherapenean baino, ilgoran alegia, eta ez ilbeheran.
Otea moztu eta ahalik eta kalte handiena egiteko izerdi betean dagoela eta ilgorna egitea komeni da. Ekainekoa, maiatzekoa eta uztaioekoa dira otearentzako txarrenak. Onena, moztu ondoren botako duen kimu berriak mozten jarraitzea da, beti ere ilgoran.
Kare hilak ez du, ezta gutxiagorik ere, kare biziak adina arrisku. Beti ere haizerik ez dabilenean zabaldu; eskularruak eta betaurrekoan ez daude soberan, jantzita hobe. Arriskuak ditu kare biziak, hezean dagoen edozer erretzeko gaitasuna baitu (eskua, azala, begia...)
Landatutakoaren tartean zabaldu. Zaila bada, utzi lasai, eta uzta jasotakoan, hurrengo landareak jarri aurretik orduan karetu. Belarra nahi baduzu moztu eta bertan utzi eta gainean karea eman, deseginten lagunduko du. Bestela lurra prestatzean.
Puri naiz, eta arretaz entzuten saiatzen naiz zure "landaberri saioa" Eskura dut baita ere, zure liburu eder "bizi baratzea"
Gure etxe ondoko baratzean gogoz saiatzen gara etxerako behar dugun guztia lantzen, baina azken urteetan, patata ederra bai baina, barnean dena hari-harrak hartu du urtetik urte gehiagora eginez. Zure liburuan aipatzen duzu lurra denboraz landu behar dela horri aurre egiteko. Zer esan nahi duzu zehazki? zer egin beharko nuke gaitz horren aurka? Mila esker aldez aurretik.
Puri eta familia
Lurra aurrez lantzeak arrautzak eta har txiki jaio berriak aireratzea dakar. Lehorrari eta eguzkiari beldur diote, hil egiten dituzte. Beraz, patata egin aurretik lurra landu, harrotu eta utzi. Denbora badago, bi alditan ere harrotu dezakezu. Kareak ere atzeratzen ditu. Lurra harrotutakoan karea zabaldu.
Erasoa handia bada, onena urtebetean edo bitan patatarik egin gabe uztea dela uste dut. Lur horretan beste zerbait egin edo belarrari hazten utzi. Belarra moztuz harra atzeratu egiten da.
Baratzea ongarritzeko eskura dudan simaurra astoarena da. Zati batzuk guztiz deseginda daude, beste batzuk, aldiz, puxtarriak bezalakoak dira. Simaurra zuzenean taulenetan jartzen dut. Rotabatorra pasatzerakoan, aurreko denboraldiko simaur-puxtarriak agertzen dira desegin gabe. <br />
Nire zalantza hauxe da. Lurrean simaur-puxtarriak agertzea ondo dago, ala hobe da simaur desegina bakarrik erabiltzea? <br />
Eskerrik asko!
Astoaren simaurra, behorrarena bezala, asko luartu edo desegin gabe erantsi dakioke lurrari. Astoak jan duenaren araberakoa izango da gorotzetan utziko dituen pustilen egitura. Zuntz asko eta nitrogenoa tamainan, jeneralean. Zuntzaren gogortasunak ekar dezake zeuk ikusi duzuna, lurpean erabat ez desegitea, alegia. Ez arduratu. Daukazunetik eman, desegindakoak bezala osorik dauden pustilak.
Inausketa egiteko izerdia mugitzera doan sasoia aukeratu behar da. Aipatu dituzun horien artean arbendolondoa edo elmendrondoa da goizen mugituko den. Hori bai otsailean inausi.
Baina sagarrondoa, udareondoa, intxaurrondoa eta hurritza lasai asko utzi ditzakezu martxorako ere. Hori bai, bai otsailekoak eta bai martxoko inausketa lan horiek ilbeheran egitea hobe da.
Informazio horrekin nire ustez arazoa izan daiteke:
- Arbolak itota egotea, elkarrengandik juntuegi, hazteko tarterik gabe, gora hazi sasi handi bat bezala eginez. Honek adierazten du lurpean ere gauza bera gertatzen ari dela, zabalera, lur onera jotzeko tokirik ez eta sustraiak beheruntz haztea beste aukerarik ez izatea.
- Ongarriketa eskasia. Ongarri asko behar du sagastiak, asko! Bi urtez behon ematea egokia da, baina erruz eman: simaurra, luarra edo konposta, txitxare-lurra... Buztin lurra bada kaera eman.
Zeuk aipatzen duzun polinizazio arazoa ere izan daiteke, baina polinizazioa zuzenduta ere, beste bi baldintza horiek ere hobera egin behar dute.
Sasiakazia egur gogorrak eta busti-lehorrean iraupen luzea dutenak egiteko erabiltzen da. Horien adibide garbia dira piketeak edo hesolak.
Nire iritziz negu-neguko ilbeheran moztu behar da. Jende askok, hala ere, ilgoran mozteko zuhaitza dela diote. Zer iruditzen zaizu zerorrrek saioa egiten badezu? Moztu batzuk ilgoran eta beste batzuk ilbeheran, Hori bai, negu neguan.
Tipularen landaketa ilbeheran egitea komeni da. Orain, udazkenean jartzen diren tipulak, udaberrian eta uda hasieran tipulun edo tipula fresko ebzala jatzen dira. Urte guztirako tipula izan nahi baduzu otsailean edo martxoan landatu.
Ilarra eta baba handia ilgoran ereiten dira.
Ez dakit eta ez dut informazio nahiko zabalik jaso urte kopuru zehatz bat esateko.
Euskal Herrian landatu ziren lehen kiwi landarean berrogei bat urte bizi izan ziren, eta ez ziren kendu hil zirelako... Beraz berrogeitik gora esaten baduzu ez zara oker ibiliko.
Ilar motza eta ilar luzearen arteko aldea hiru aiekatan laburbildu daiteke:
1.- Arbatzea, bakoitzak bere garaierako arba beharko dute, baina biek behar dute, motzak ere bai.
2.- Denbora, hazten denbora gehiago beharko du luzeak, beraz geroago loratuko da eta fruituak berandugo emango ditu.
3.- Uzta, luzeak lur sail berdinean uzta handiagoa emango du, leka gehiago alegia.
Nire iritziz pago landare gazte horren itxura erabat normala da. Agian ur falta pixka bat izan du udaren amaieran eta horregatik hostoen ertzak uste baino lehenago gorritu dira, baina normala da.
Ea udaberri berriari nole ekiten dion. Orduan ikusiko da bere indarra.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545