Atsaldeon! Gure etxeko belazea errekatxo batean amaitzen da.Pixkanaka pixkanaka, uraren erosioagatik lurra juten ari da.Jakin nahinukena da Altzarerin egindako estakillak ateratzen diren edo ez. Ingurun asko dago eta...
Bai itsasten dira haltzaren aldaxkak. Arra bete luzeko adar muturrak moztu, azkenekoa ezik gainontzeko hostoak kendu, oinaren azala labana batekin urratu, eta lurrean egindako zuloan sartu eta ondo estutu. Toki epelean eduki eta lurrari heze eutsi. Udaren hasieran, ekaina aldera egin daiteke. Udaberriaren hasieran ere bai; orduan, baina hostorik ez du izango. Itsasten laguntzeko hormona kimikoak erabili ditzakezu edo ernetutako dilisten ura (dilistak paper bustian ernetu arazi, eta uretan irabiatu eta txikitu, ur horrekin ureztatu) edo sahatsa edo zumearen ura (azala uretan txiki-txiki egin eta ureztatzeko erabili). Haltzaren adarrak baino errazago itsasten dira zumearenak. Hori ere jar dezakezu, beti ere kimuberritzen hasi aurretik.
Gaur arte erantzundakoak (941 galdera-erantzun)
Guk hazitako limoiondoa daukagu.Iparrera begira lorontzi handi baten Udaletxeak emana. Nola egin fruitua emateko, injertua egin beharko dogu...Nola egin. Mila esker, Amaia
Hazitik sortutako landareek ere lorea eta fruitua ematen dituzte, baina txertatutakoak baino denbora gehiago behar dute. Bestetik iparrera begira egoteak ez du batere laguntzen. Loreontzian bizi delarik ahalik eta baldintza onenak beharko lituzke, eta orientazio horrek ez du batere laguntzen. Beraz: ahal bada orientazio egoki batera eramanhego-ekialdea edo hego-mendebaldea; ezin bada lurrean landatzeko toki bat topatu, orientazio horietako bat duena; txertatzeko gustuko duzun klase bat hautatu eta begiko txertua egin orain uztaila-abuztuan edo adarreko edo txotxeko txertua udaberrian, martxoa aldera.
Hemen nunbait irakurri dut zuk norbaiti erantzunda gorrinaren aurka berakatz burua txikitu litro bat uretan infusionatu eta tomateari botatzeko. Zenbat denboraz irekinda? Eta landarea osorik busti edo azpian bota?
Bai baliagarria da, baina aurten dugun gorrin giroarekin eta gorrin erasoarekin, ni kur hori osatu egingo nuke. Gehitu azeribuztan ura, eta era bateko edo besteko kobre ttantta bat. Kobrea ekologikoan erabiltzeko formula bat baino gehiago topatuko duzu. Irakiten 15-20 minutu eduki, bezperatik txiki txiki eginda ur horretan eduki ondoren. Landarea osorik busti bai, eguerdi aldera onena, gero eguzkiak ondo lehortu dezan.
Arratsalde on! Lehenik eta behin, eskerrik asko egiten duzun lanagatik eta halako arreta emateko eskuzabaltasunagatik. Piperrak aldatu ditugu saioa egiteko eta... zulatuta dauzkagu. Zer egin ez dakigula gabiltza. Laguntzerik? Eskerrik asko, aldez aurretik.
Nik esango nuke B & B klubaren eraso bat dela. Barraskilo eta Bare, alegia. Edo bat edo beste. Miatu ondo loreontzia, goi behe, inguru, eta ertzeko borobil horren azpiko aldea… Hala ere gauez ibiltzen direnez egin bisita sorpresa bat linterna indartsu batekin eta hostoaren azpian edo gainean topatuko dituzu. Bide batez, loreontzia erdi hutsa dago, lur gutxi su, eta piper landareak uzta oparoa ematea nahi baduzu jarri lur gehiago, onena oso osorik atera landare eta lurra batera eta azpia bete.
Kaixo!!! Gure tomate zurtoin batzuk beltzak jartzen ari dira eta hosto nahiko ustelduak daude. Zer egin dezakegu?
Gorrina da. Onddoak erasotu du eta zurtoinak, hostoen txortenak, hostoak... Giro honekin denak errekom ditu. Nik uste du egokiena litzatekeela eraso handia duten landareak kentzea. Kendu edo ez, geratzen direnak tratatu ahalik eta azkarren azeribuztan ura eta salda bordelesarekin. Bi tratamendu zortzi eguneko tartearekin eta hortik atzera, eurria datorrela diotenean aurrez tratatu.
Arratsaldeon Etxean ardiak dauzkagu eta larrean argazkian agertzen diren belarrak erabat ugaritu dira, eta besteak ia desagertu. Uste dugu bere jatorria ardiei emandako pentsua dela. Gutxi gora behera hektarea bateko lurra da. Nola kendu ditzakegu? Mila esker
Aukera erreal bakarra moztu eta moztu egitea da. Ilgorak dira onenak eta lore edo fruitu egunak. Eta sekula ez utzi loratzen eta hazia zabaltzen. Egun egokiak izango dira: uztailaren 19 arratsaldea, 20 eta 21 goiza. Baita 28 eta 29 goiza ere. Abuztuan 16, 17, 24 eta 25. Egun horietan ezin baduzu ilgorako beste egunetan: uztailaren 19 eguerditik 31ra eta abuztuaren 16tik 28 eguerdira. Hurrengo urterako gogoan izan horrelako lanak egiten maiatzean hasi behar dela. Moztualdi bakarrarekin ez konformatu, moztu eta kimu berria ematen duenean berriz moztu, eta berriz, atzeratu arte.
Aupi! Nire balkoiko landareei (albaka, menda, erromeroa eta ezkaia) orban zuri/hori hauek atera zaizkie. Izurritea al da? Nola zaindu ditzaket? Albakaren adar batzuk ere zuriak eta puztuak jartzen ari dira. Mila esker zure laguntzagatik!
Nik uste dut zerbaitek kosk egiten diola: euli txuria, armiarma txikiak edota tripsa. Horien aurka xaboi potasikoarekin tratamendua egin. Alde guztietatik ondo busti landare guztiak eta baita loreontziak eta balkoiko hormak ere. 4 egunero tratatu, izurritea garbitu eta landarea garbitu arte.
Orain arte animali-simaurra erabiltzen nuen baratzean , orain auzo-konposta egiten degu herrian, 5. kontenedorearen ordez. Zein da hobea edo zer komeni da baratzerako?. Eskerrikasko
Biak onak dira. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina denak egokiak dira. Simaurra ere zein aziendarena denaren arabera desberdina da; luarra edo konposta bezala, nola eta zein materialarekin egiten denaren araberakoa izango da. Baratzean erabiltzeko bat bezala bestea. Nire ustez egokiena biak erabiltzea da. Luarra baduzu eskuera hori erabili baina tarteka simaur pixka bat emanez gero hobe.
Santu guztitarako (Azaro 1) nahi ditut loreak, noiz landatu bulboak Eskerrik asko
Kanpoan edo barruan landatu ditzakezu lirio erraboilak. Badakizu lirioa ez dela berozalea, beraz azaroaren lehenean loratzeko asmo hori beretzako ikaragarrizko erronka da, uda osoa izan beharko baita hostotan, bero handienetan… Baina zoriari berea emanez, uztailean eta abuztu hasieran landatuko nituzke nik batzuk ez badira besteak loretan izateko ahaleginean. Hona egun ustez egoki batzuk: uztailaren 9, 10, 19 arratsaldea, 20, 21 goiza, 28 eta 29 goiza; abuztuaren 5, 6, 7, 16 eta 17. Gutxienez bi txandatan landatu
Etxeko loreetan purgoia egin da. Xaboiarekin garbitu ditut, halare berriro azaldu da. Zer egin dezaket? Mila esker Ana
Zorriaren kontrako tratamendu onena xaboi potasikoa da. Urarekin nahasi eta landare guztia, alde guztietatik ondo busti. 4-6 egunero zorriak bukatu arte.
Aupa!
Zizare honen izena eta ezaugarriak zeintzuk diren jakitea gustatuko litzaidake.
Eskerrik asko
Nire ustez hari har bat da, Gazteleraz “gusano de alambre” eta frantsesez “ taupin des moissons”esaten zaien horietako bat: Agriotes lineatus, Agriotes obscurus, Agriotes sputator edo Agrypnus murinus. Materia organiko berria jaten dute, baina baita haziak eta landareen sustraiak ere, belarra barne. Horregatik ereintza egindakoan edota landare txikiak landatutakoan argi ibili behar da. Hezetasuna nahitaezkoa dute eta lursailetan toki hezeenean topatuko dituzu. Ez da erraz gainditzen. Ez dago fundamentuzko tratamendu naturalik, eta tratamendu kimikoek lurra erabat kutsatzen dute eta hor egindako ezer ez jatea gomendatuko nizuke. Proposatzen den borroka da zulatutako ontzi batean lur pixka batekin gari edo arto haziak nahasi eta lurpoeratu eta maiz maiz miatu, harrak bildtzeko; baita azenarioa edo patata zatiak lurperatu eta maiz miatu baita ere. Bildutako harrak zanpatzea zaila da, onena ebaki eta erdibitu edo erre.
Zenbateko maiztasunarekin bota diezaieket salda bordelesa tomateei? Maizegi botatzea kaltegarria da? Eskerrik asko!
Salda bordelesak bi osagai ditu: kaltzioa eta kobrea. Kaltzioak mesede asko ditu bai landarean bertan, baita gero lurrera joaten denean ere. Kobrea metal astuna da; landarean onddoen aurkako lan bikaina egiten du, baina landarean bertan eta gero lurrean pilatu daiteke. Astuna denez ez da erraz mugitzen eta metaketak arazoak sor ditzake lurrean bezala gure gorputzean ere. Beraz, kontuz ibili behar da kobrearekin. Behar beharrezkoa denean soilik erabili, asko jota sasoi bakoitzean 2-3 aldiz. Bestela azeribuztan edota osin urak, esne gordina, bikarbonatoa eta abar ere erabili ditzakezu tartean, tratamenduak txandakatuz.
Eunon Jakoba!!! Sardoa botillan sartzeko ze eun izangoituk egokinak oain uztailen? Ta marrubiri umek ata ta banaka hontzitan jartzeko ze garai dek ona?? Aldez aurretik eskerrikasko
Sagardoa botilaratzeko uztaileko egun onenak hauetxek izango dituk: 12 arratsaldea, 13, 14 eta 15 goiza.
Marrubiak banandu eta landatzea udazkenean egiten da. Ordurako herrestadarren muturretan hazi dituzten landaretxoak errotzeko sustrai onak eginak izango dituzte. Azaroa dela onena esan ohi da. Hala ere sustrai egokiak ikusten badizkiezu noiznahi landatu; baina ureztaketa zaindu, badakizu ontzia kartzela da landarearentzako, ezin du nahiko lukeen adina janari eta urik aurkitu.
Egun on, Jakoba:
Lagun bati amak horrelako hiru landare jarri dizkio lorategian. Eta zomorroz bete zaizkio.
Zer egitea gomendatzen diguzu? Atzoko argazkia da.
Eskerrik asko zure zerbitzu apartagatik.
Egun ederra izan.
Edurne
Aza jendearen zimitza da, Eurydema ornatum. Aurten asko ikusten da. Izerdia zurrupatzen die, batez ere aza jendeari, Brasicaceae familia.
Nahi baduzu intsektizida batekin tratatu, baina landare horietan bakarrik baldin badauzkazu, Bildu eta beste norabaiterako bidean jarri…
Egun on Jakoba.
Galderatxo bat dekot. Erregalatu doztie gorosti bat, dau tiestu txiki baten eta eukiko deuz 1'98m Edo. Gure dot lurrean landatu, Elorrion. Noz izengo zan sasoirik aproposena horretarako??
Eskerrik asko
Loreontzi txikian bizi bada, handiago batean jarri ahalik eta azkarren. Gero, hurrengo urteko martxoaren erditik apirilaren erdira arteko tartean, ahal izanez gero ilbeheran eta sustrai egunean, izango da behin betiko lurrean landatzeko sasoi aproposena. Tamaina horretakoa izanda, lehen urtean lurrean ureztaketa zorrotz zaindu beharko duzu.
Kaixo barriro !! Etxeko balkoietako geranioetako hosto azpiak ontto moduko mantxaz beteta daude etengabe kentzen dizkiet hostoak baina.....zer egin bestela ??? Esker mile ! Olga
Gorrina da, onddo batek sortzen duen gaitza. Hezetasunak sustatzen du. Erraz antzematen da: kolorea galdua duten borobilak gainean eta hostoaren azpiko aldeak puntu gorri-marroiak. Salda bordelesa edo kobrea duen edozein fungizidarekin tratatu. Berak jartzen duen proportzioan urarekin nahasi eta landarea ondo busti, ahal bada eguzki ordu gogorrenetan. Garbitu arte tratatu 6-8 egunero.
Kaixo !! Ekialdera ematen duen baratza txiki koxkor batetan, izkin batean lizar bat hazi zen iaz...ez degu gogoan noiz baina kimatu genion punta ez dugulako goraka haztea nahi...hurrengo kimaketa noiz eta nola egin beharko genioke ?? Eta bere ondoan landatzen ditugun porruk edo baiñak kaltetuak izango dira ..??? Eskerrik asko, Olga
Zuhaitz eta arbolak baratze ertzean ez dira lagun oso onak. 6-8 metroko tartea behintzat utzi beharko litzateke, eta lizarraren tankerako zuhaitz handiak direnean baita gehiago ere. Moztuta bai, zuhaitza motzagoa ikusiko duzu, baina lurpetik ederki etorriko da zure baratzera. Hura egongo da landua, ongarritua… Eta bazka ederra aurkituko du bertan, zura barazkien kalterako. Itzalarena kontutan izan gabe. Ahal duzun azkarren, handiegia egin aurretik atera eta toki egoki batean birlandatu. Hori egiteko sasoi onena negua da, abendutik otsailera artean; ahal izanez gero ilbeheran eta sustrai egunean.
Egun on Jakoba! Kaputxina landareetan, tomate landareetan ondoan dauzkat, eta xomorroz beteta daude. Zer egin beharko nuke? Kendu, zerbait eman?
Aza jendearen zimitza da, Eurydema ornatum. Aurten asko ikusten da. Izerdia zurrupatzen die, batez ere aza jendeari, Brasicaceae familia.
Nahi baduzu intsektizida batekin tratatu, baina landare horietan bakarrik baldin badauzkazu, Bildu eta beste norabaiterako bidean jarri…
Seguran Santa engrazi egunean erein behar ditugun haziak bedeinkatzen dira. Erein beharreko hazi guztiak eramatea komeni al da edo bakoitzetik banaka batzuk eramanda nahikoa izan ohi den jakin nahiko nuke. Mila esker.
Inolako zalantzarik gabe denak eraman. Hazi bakoitza bat eta bakarra da. Aita baten eta ama baten arteko hibridazio edo nahasketaren ondorioa. Ez da inoiz bere kopiarik sortuko. Kopiak edo klonak sortzeko era bakarra hibridazio kontrolatua da. “F1 hibridoa” ikusiko zenuen noizpait, agian, hazi poltsatxoren batean… Hori da landare berdinak sortuko dituzten hazi berdinak egiteko era bakarra. Ohiko haziak, aldiz jeneralean ezezaguna den aita eta hazia daraman fruitua emango duen amaren eman-hartu eta nahasketa sexualetik datoz. Agian ezaguna egiten zaizu aita ezezagunarena eta ama ezagunarena; bedeinkazio bila elizatik elizara bazabiltza are eta ezagunagoa.
Beraz hazi bakoitza bat eta bakarra izaki, bat bakoitz horrek hartzen duen bedeinkazioak zereraginik ez du izango beste hazietan. Bedeinkazioa bedeinkazioa da, ez da, Beñat Sarasola Santamaria poetak dioen bezala, xaguxarraren eguerdiko doministikua. Bedeinkatua izango da mirakulurako bidea zedarritzen duen uraren ttanttak busti duena. Bedeinkazioaren grazia hartzen duena hazia denez, eta hazi guztiek bezala landarea sortzeko bidean lehen lana sustraiak sortu eta lurra ahalik eta indartsuen jo jo eta zulatzea duenez helburu, ur ttantta horrek ernetzeko asmoa piztuko dio, haziaren baitan lo dagoen landare berriaren muina esnatuko da, urak zelula berriak sortu eta zaina indarrean zut jartzen du, eta ur hori bedeinkatua bada zutitze eta tentetze hori are eta bulardetsuagoa, gogorragoa, balenkiagoa, berdekiagoa, bihoztunagoa, indartsuagoa, harditagoa, kementsuagoa, dulabreagoa, sutsuagoa, errimegoa, mutiriagoa, gotorragoa, azkarragoa, azarriagoa, irmoagoa, fierrago, zimelagoa, bortitzagoa, suharragoa, errutsuagoa, kuraiosagoa, gotorragoa, kaliputsuagoa, irmoagoa, fetxoagoa, sendoagoa, pijoagoa, tinkoagoa, bipilagoa, kartsuagoa, fermuagoa, goriagoa, tenkorragoa, zozkotsuagoa, adoretsuagoa, finean zinki eta finki erskonagoa izango da, dudipe.
Etzazula deabru txerrenenaren izenean hazi bakar bat bera ere bedeinka gabe utzi. Hazi horretatik letorkeen landarea erruki dut: soro osoa asaldatu, senetik atera, oldartu, matxinatu, mutinatu eta ernegatuko duen artaldeko ardi beltza, amak sekula miaztu gabeko sasiardia, behikundeko adar bakarra, betizu begi-oker ezkela, herriko zakil-handi erreena, oilar ezproi kamuts gandor gabea, txerri-jende arteko masto errena izango da. Sorojorran aritu behar duen jorratzailearen jorraiak laister berarena egingo duena. Garbizaleari ere garbitze lana aurreratuko zaio, zaizu, hazi hori behar bezala bedeinkatua izan izan balitz.
Etzazula, sekula jo eta jokatu gabe berrogei azkazaldun bihurtu zenaren izenean, hazi bat bera ere Santa Engraziko ur mirarigile horretan blaitu gabe uztearen sakre madarikazioa egin. Une horretatik atzera bizi ezin eta iraungo duzun eguna bai eta hurrengoan ere bai, Bitoriano Gandiaga Artetxe fraide poeta zenak zioen bezala zure arima, bere aldiz, ernegu bizitzea nahi ez baduzu.
P.S. Erreguzazu, arren, inongo zopajale segurarrek ez dezatela hau irakurri; sekula sekulorum iraungo lukeen “hazien zalantzatia” edo ezizen aise maltzurragoren batekin bedeinka ez zaitzaten.
Arrasande on,
Landare bat daukat eta hostoak horitzen ari dira. Irakurri dut ur faltagatik edo gehiegizko uragatik izan daitekeela. Argazki bat bidaliko dizuet ikus dezazuen eta posible bada arrazoia zehatz-mehatz esan ahal diezadazuen.
Eskerrik asko aldez aurretik.
Amaia
Elefante oineko juka bat da landarea. Enborretako azpiko aldeko hostoak horitzearena bi arrazoirengatik gertatzen dela dirudi. Batetik enborra luzatu ahala hosto berriak eman eta zaharrak galtzen ditu. Janari mugatua du eta horretarako ohitu behar da, hau da, hosto kopuru ia berdina izango du beti, berri bat ekarri eta zahar bat bota. Bestetik badirudi bai gehiegizko ura dagoela ontzi horretan. Landare horrek enborretan ura pilatzen du sasoi lehorretarako, baina beti ureztatzen, eta euri ura ere hartzen duelarik dena gehiegi. Ez ureztatu premia handia ez duen artean eta loreontziaren azpiko aldeko drenaia zuloak irekita eta urak erraz alde egiteko moduan dauden begiratu. Ez da ba ureztaketa automatikoa duten eta azpian zulorik ez duten ontzi horietako bat izango ezta? Hala bada aldatu zulodun batetara, azkar!
Kaixo Jakoba, Euri ura biltzen ari naiz plastikozko ontzi batean gerora ortuan erabiltzeko. Neguan batez ere, ur hori bilduta hilabetetan egoten da ez baitut erabiltzen. Jakin nahi nuke ea arriskurik izan dezakeen. Tratamendurik beharko luke? Eskerrik asko
Ez dut bilketa sistemaren berririk, baina egokiena litzateke ontzia betetzean gainezka egin eta betetzen jarraitzea, euria egiten duenean etengabeko ur sartu-irtena izateko. Jario horrek ura biziberritzea lekarke eta hori da nire ustez ur onena izateko aukera. Bestela, geldik egondakoak ere ez du aparteko arriskurik; ez da hain bizia egongo baina arriskurik ez.
Kaixo Jagoba! Gure baserrian galdera batekin gaude. Garoa kendu nahi du osabak baiña ez daki noiz den eun egokia ilargia… kontutan izanda. Eskertuko zure erantzuna! Mila esker eta aurrez eskertuz!
Garoa bezala galdu nahi diren landare guztiak (asuna, otea, lapaitza, menda…) beti izerdi handienarekin daudenean eta ilgoran ebaki behar dira. Datorren ilgora ekainaren 22tik uztailaren 4ra izango da. Dena da ona mozteko, baina kalte handiena egiteko egunak hauek: ekainaren 22, 23, 26 eta 27 eta uztailaren 1 eta 2. Hurrengo ilgora uztailaren 19 bazkalondorenean hasi eta 31 arte izango da. Landareentzako egun kaltegarrienak: 19 arratsaldea, 20, 21 goiza, 23 arratsaldea, 24, 26 goiza, 28 eta 29 goiza. Abuztuan 16tik 28 eguerdira izango da ilgora. Egun kaltegarrienak: 16, 17, 20, 21, 22, 24 eta 25. Ilgora bakoitzean behin edo bitan moztu, txikia egonagatik moztu. Eta asko atzeratzen du garoa kareak, kare bizia eman ahal baduzu eman, 200 gr/m2. Karean bi-hiru urtetan eman.
Egun on Jakoba! Ze iritzi duzu tomatearentzako erabiltzen diren fungizidien inguruan? Hauts urdin hori, esatearako. Nire inguruan tratamentu hori erabiltzen dutenek tomate ederrak izaten diztuztela ikusi dut eta niri urtero gaitzak harrapatzen dizkit nahiz eta osina, xaboi potasikoa... erabili. Eskerrik asko!
Tomatearena mundu bat da. Hasteko tontor baten gainean landatu, landatzeko zuloan asun zarbak sartu eta gainean landatu, ilada artean metroko tartea utzi eta landaretik landarera 80 cm, txapela jarri, estalki gardena (soilik gainean, alboak irekita), inausketa eguneko ordu beroenetan egin eta seguruenera ez zduzu tratamendurik beharko. Tratatzekotan xaboi potasikoak lagundu egiten du tratamendua ondo hedatzen landarean, ez da fungizida. Asun ura baino hobea da azeribuztanarena. Eta tratamendu urdina beharrezkoa bada egiten da. Urdin hori kobrea da eta kobre kimikoak edo naturalak daude. Lana berdin egiten dutenez naturala erabili; ohikoena salda bordelesa da, baina badaude beste formula batzuk ere. Eskuera duzuna erabili.
Egun on Jakoba! Patata gorniak jota dago, oraindik ez asko ordea. Erremediorik? Mila esker, segi horrela!
Aurten izugarri ikusten ari gara patataren gaitz hori. Berez gornia tratatzeko ohiko gaiak erabili: xaboi potasiko ttantta bat, azeribuztan ura eta salda bordelesa edo kobrea duen edozein produktu naturala. Tratatu euriari aurrea hartuaz eta sei egunetik behin. Hala ere zeuk erabaki, gutxi jota badago tratatu. Gaitza zabaltzen eta patata zarba zein tamainan dagoenaren arabera ez du mereziko tratatzea. Patata lurpean osatuta badago onena ateratzea eta ahalik eta azkarren jatea; aurtengo panorama honekin bere iraupena ere halako modukoa izango baita…
Kaixo Jagoba, Esperientziarik ezak (xaharrak bizi bitartean ez bait gara konturatzen zein garrantzitsua den arreta jartzea) gure baratzatxoak zer jarrera duen kezkatzen nau. Bidaltzen dizkizudan argazkiak ikusita, ze itxura hartzen diozu gure lanari?
Oso ona
Ilarrak jaso dittugu oraintxu, baina gorriñiek jota, uzta gutxi jaso dugu. Berriz orain sartu ditzaket edo itxaron egin beharko nuke? Orain sartzeko aukera izanez gero, noiz jasoko nuke uzta?
Udaren hasieran, eguna mozten hasten denean ilarra erein daiteke uda amaieran edo udazken hasieran biltzeko. Ilgoran erein eta ahal izanez gero fruitu egunean. Uztailean 19 arratsaldea, 20 egun osoa, 21 goiza, 28 egun osoa eta 29 goiza izango dira egokiak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545