Egun on Jakoba.
Aguakate landare bat daukat, metro ta erdikoa eta lekuz aldatzea beharrezkoa dut, galdera da noiz berlandatu?
Ongi izan eta mila esker erantzuteagatik.
Hostoa galtzen ez duten landare guztiak bezala negua pasa ondoren landatzen da. Toki eta giro epelean bizi bada martxoa amaiera aldera, gainontzean apirilean. Beti ilbeheran egiteko lana da, eta ahal izanez gero sustrai egunean.
Gaur arte erantzundakoak (920 galdera-erantzun)
Kaixo. Frutarboletan eta fruitu gorrien landare batzuen adarretan liken horia ageri da. Horrek kalte egiten die arbolei? Entzun dut liken horren azpian ezkutatu ohi direla izurriteak, intsektuak etab. komeni da liken hori kentzea? eta horrela bada, nola kendu daiteke? Mila esker.
Likenak ez dio kalterik egiten bere ostalariari. Gauza bat argi esaten ari da: hezetasun handia dago ingurune horretan. Seguruenera hezetasun horrek kalte askoz ere nabarmenagoa egiten dio fruitu landareari. Egia da likenaren babesean negua gozoago igaro dezaketela landarearen aurkariek; horregatik askotan gomendatzen da kentzea. Kentzez gero bere enborra edo adarrak ez kaltetzea da kontua. Erabili zurda leuneko eskuila bat. Alanbre-zurdazko eskuila eraginkorragoa izango litzateke baina aldi berean azala mintzeko arriskua dago. Kendu edo ez zeuk erabaki eta zerekin ere bai. Baina gauza bat izan argi, hezetasuna dagoen artean ederki berrituko da.
Kaixo Jakoba. Geranioak kimatzeko noiz den sasoirik egokiena jakin nahiko nikek! Martxoa oraindik garaiz al nailek?
Martxoa dek berez sasoi egokiena. Toki gozo eta negu epeleko urtetan otsailean ere bai baina onena martxoa. Ilbehera izaten dek onena. Loreontzitan bizi badituk eta urte pare batez edo gehiagoz luberritu gabe bazeudek hura berritu eta moztutako adarrak landare berriak sortzeko adaxka bezala erabili eta landatu.
Kaixo Jakoba, Gure herrian urtero herriko hortentsiak atxikitutako argazkian ikusten den bezala kimatzen dituzte, hau da adar guztiak. Horrela egin behar al da ? Gu ezezkoan gaude, guk ustez zuri entzuna dela hirutik bat egin behar dela, baina badaezpada zuk zer diozun jakin nahiko genuke
Dagoenerako izerdia mugitzen ari da eta oraintxe da sasoi onena. Onena ilbeheran. Nola egin? Adarren hiru-lautik bat moztu, baina behe-behetik. Gainontzeko hirutik bi edo lautik hiru oso-osorik utzi. Hauek loratzen diren artean moztutakoek adar berriak emango dituzte. Hurrengo urtean gazte berri horiek utzi eta gelditu ziren haietatik moztu, hiru-lautik bat, behe behetik. Horrela hiru-lau urtetan adar guztiak gaztetuta izango dituzu eta urtero loraldia galdu gabe. Argazkikoa bezala inausiz gero lorea eman behar duten begiak kentzen dira eta landarea berde mardula izango da baina lore gutxi eta berandu.
Nola esaten da euskaraz "cultibo asociado"?
Nik “labore elkartu” esango nuke.
Kaixo Jakoba Narbartetik idazten dizut. Noiz dirá egun egokienak tomate haziak jartzeko? Milla esker
Tomate haziak ereiteko sasoia martxoa da, beti ere kanpoko baratzean landatzeko landareak sortzeko bada. Ilgoran eta fruitu egunetan ereitea komeni da. Martxoan honoko hauek izango dira: 5 eta 6 egun osoak, 13 14:00etatik atzera eta 14 18:00 arte.
Inbernadero barruan tabako landarea dugu eta sidecorusa izaten dugu ,ustez, tomatearen pulgoia jaten duelako. Inbernaderoan tabako landarea izatea onuragarria ote den jakin nahiko nuke. Mila esker.
Tabako-landareak bi lan behintzat egingo ditu. Batetik zorri eta tankerako intsektuak usainarekin uxatu. Bestetik bere loraldi berantiarra medio polinizatzaileak erakarri. Beraz nik uste dut zure tomate landareentzako onura besterik ez duela ekarriko negutegira.
Larraun bailaran, Nafarroan 650 metrotara, eguteran dagoen baratza batean., potxak, lekak, illarrak, patata, urazak, tomatea, ereiteko edo landatzeko asmoa daukagu. Zer ez da komenigarria lantzea. (klima dela eta)
Berozale amorratuak eta hotza eraman ezin duten landareak izango dira oztopo nagusia. Bi aipatuko dizkizut: tomatea eta alberjinia. Gainontzekoekin arazorik gabe. Tomatea jarri nahi duzula diozu. Saioa egin dezakezu: ahal baduzu horma baten kontra jarri, hegora begira, eta txapela jarri, plastiko garden batekin estalpe bat egin, buelta osoa irekita duela. Maiatzaren erditik atzera landatu.
Egunon!!elgeta inguruan baratzea jartzeko asmoa dut,baratze parke bat da, 50m2 ko azalera izango duen lursail batean. Jakin nahi nuke, ezer landatu aurretik lehenik lurra aireztatu beharko nukeen,errautsa botatzea komeniko litzatekeen eta ondoren zenbat denborara hasi ahalko nintzen martxan.Asmoa, letxuga,porru,tipula,marrubi eta beste barazkiren batekin hastea izango litzateke.Ia zer deritzozuen! Mila mila esker egiten duzuen lanagatik! Olaia
Nahikoa ongarri organiko baldin baduzu (simaurra, luarra, orbela, lur ustela…) ideia on bat: belarra motz-motz moztu eta gainean kartoia zabaldu, kartoi marroi ahalik eta garbiena. Eta gainean material horiek jarri 10 zentimetroko geruza osatuz. Ondo busti eta zuzenean gainean hasi lanean. Materia organiko hori ondua edo zahar xamarra bada zuzenean gainean zabaldu errautsa, eta segidan erein edota landatu.
Bestela belarra izakitu edo azal-aitzurtu, juxtu belarra lur azalean ebakiz kendu eta axal-axala pixka bat harrotu. Han bertan lehenik materia organikoa edo ongarria zabalduko nuke, 3 kg/m2, eta gainean utzi; hilabete beranduago errautsa gehitu. Errautsa zabaldu duzunean nahi duzunean erein edota landatu.
Kaixo Jakoba, lorezko gereziondo bat daukat, gero eta lore gutxiago ditu eta hostoak azkar erortzen zaizkio, gutxigorabehera ekainaren hasieran. Lehortzen ari dela uste dut. Zer egin nezake, ba al dago tratamendurik?
Gereziondo horiek asko sufritzen dute hezetasunarekin. Nik uste dut hori izango dela arrazoia. Hezetasuna bai lurrekoa eta bai airekoa dira horrelako egoeren arrazoi nagusiak. Hori ezin da tratamenduekin konpondu. Agian pittin bat lagunduko luke, baina vuelta emateko zaila. Hala ere saiatu nahi baduzu kobrea eta azufrea duen produkturen batekin tratatu. Adibidez oinarrian kobrea duena eta azufre portzentai txiki bat duena. Konbinazio horrek eragina indartzea dakar. Era berean inguruko hezetasuna kentzearen alde egin dezakezun guztia ongi etorria izango da: itzala kendu, lurreko azaleko urak kentzeko zangak ireki eta abar.
Kaixo Jakoba. Jose Antonio naiz Bizkaitik. Baratzean artoa ta babarrunak, patata, piperrak, lekak, kalbazak eukiten ditugu. Tomatea zeinen ondoan jartzea komeni da? Eta zeinen ondoan ez da jarri behar? Eskerrik asko!!
Bizi Baratzea liburuan eta zabalago eta zehatzago “Ilargia eta Landareak 2024” agendan atal oso bat dute Nor Norekin deitua. Bertan ikusi dezakezu barazki bakoitzaren aldamenean zein beste barazki maite dituen eta zein ez. Tomateak lagun asko du, aldamenean jartzeko modukoak; hainbeste direnez errazagoa zait maite ez dituen gutxiak esatea, hauek: alberjinia, apio-arbia, erremolatxa, kuia, kuiatxoa, patata eta piperra.
Aupa jakoba!orereta aldean haritz amerikarrak erori edo bota ditugu..sustraietako gaitza zakaten ta arriskutxuak ziran. entzunda dakat leortzeko kanpoan urtebete utzi bear direla,busti daitezen,egia al da hori?aldez aurretik eskerrik asko!!
Haritz amerikarrak zur eta egur kaskar samarrak ditu. Gaitza sartua badu, posible da dagoenerako barrutik ere iruditzen hasita egotea. Irudituz geri egurra belaki edo esponja bat bezala bihurtzen da eta horrek ur asko hartzen du. Nire ustez onena enborrak ondo begiratzea da, eta zeinek merezi duen jasotzean eta zeinek ez apartatzea. Erdipurdi dagoena su egurretarako eta ona dagoena kanpoan utzi, baina ahal izanez gero lurra kenduta, lurrik ukitzen ez duela, alegia. Bestea litzateke oholak egin eta oholetan lehortzen jarri. Azken hori eginez gero kopatzeko aukerarik gabe, ondo zamatuta, elkarren gainean, baina oreatzeko tartea izan dezatela, batetik bestera listoitxoak jarriz.
Kaixo Jakoba. Nahi genuke muxika landatu baina ez dugu lortzen. Ba ahal dakizu noiz edo non daukagu posibilitatea erosteko. Pena da zuhaitz mota hori galtzen ari dela. Gure lursaila Hernanin inguruan dago. Eskerrik asko
Ez dut ezagutzen muxika landarerik saltzen duen inongo mintegirik. Onena litzateke beste edozein muxikari txertatzea. Hezurretik sortutako edozeini txera dakioke. Baina Mentua nondik eskuratu jakin behar duzu. Muxika non duten baldin badakizu, handik mentuak hartu eta txertatu…
Kaixo Jakoba! Aurten patatak ereiteko asmoa daukagu baratzan lehenengo aldiz eta eskualde honetan ondo egokituko diren barietateak gomendatzea nahiko nuke. Baliteke pixkat goiz izatea, baina, dagoen eguraldia ikusita, aste honetan sartzea pentsatu dugu. Zer deritzozu? Azkenik, liburuan edota webgunean agertzen ez den gomendiorik baduzu, eskertuko genizuke… Mila esker!!
Debagoienatik ez da urrun Araba eta bertan gehien egiten diren barietateak hiru dira: Monalisa, Agria eta Kennebec. Hirurak azal laru edo horia dute. Agriak mami horia du eta batez ere frijitzeko erabiltzen da. Kennebecek mami zuria du eta egosi eta gisatzeko ona. Monalisa da nagusia sukaldean edozertarako erabiltzen da eta. Nik aurten azken hori jarria dut. Gogoan izan: ongarri asko behar duten barazkien multzokoa da patata; lurrari nahasi aurrez eta simaur edo luar zaharra izanez gero landatzeko zuloan ere jarri, patataren azpian; loratzen denean ateratzen hasi, niretzako patata onena, patata berria, azal eta guzti jatekoa.
Kaixo Jakoba! Atzo Markinako hitzaldian entzundakoaren ostean, argi daukat sagarrondo barietatea aukeratzekotan hemengo klimara ohitutako oin egokia beharrezkoa dela, etab. Horregaitik galdetu nahi nizuke ea ze mintegi edo kooperatibetan saltzen dituzten bertako sagarrondoak; izan ere, hemen Arratia inguruko dendetan betidaniko koloretako etiketa eta argazkidun sagarrondoak bakarrik topatu ditut, eztakitnongo enpresek salduak. Horrez gain, oraindik garaiz al nabil landatzeko? Eskerrik asko!
Mentuoina edo azpiko klasea da gakoa. Nire ustez, baldin eta ekoizpen intentsiboan pentsatzen ari ez bazara, egokiena makatza edo basatia da. Horri mintegietan “franko” ere deitzen diote, baina ez da gauza bera; franko hori edozein sagarren hazitik sortzen da, baina makatza sagarrondo basatiaren sagarrondoen fruitu ttikiaren hazikoa da. Baina hemengoa izan behar du. Jeneralean mintegietan ez duzu topatuko makatza edo basaka hori. Agian baserritarren kooperatibaren batean, baina ez dadila “franko” hori izan. Baserritar batzuk, baita bere kaxa aritzen dira makatz horiek sortu eta txeratzen. Beraz mentuoina basaka edo makatza eta gainean zeuk nahi duzun barietatea txertatua.
Kaixo Jagoba. Baratzean bankal batzuk egiteko asmoa dut eta material egokiaren bila nabil. Enkofratuko tabla horiak zer moduz? Duten tratamendua txarra izan daiteke lurra eta landareentzat? Eskerrik asko.
Jakin ahal izan dudanez melamina erretxinezko tratamendua da azaleko hori hori. Itxuraz urik ez sartzea eta hormigoiak ez erasotzea da helburua eta hori kolorea koloreztatzaile soila da. Lurpean izango den parean urtebeterako ura uxatzeko gaitasuna galduko omen du. Ezer txarrik ez omen die erantsiko ez landareei ezta lurrari ere.
Etxeko lima-limoia, laranjaondoa eta limaondoa gaixoturik dauzkagu (argazkian lehenaren hostoak). Zer egin dezakegu sendatzeko?
Nik uste dut alternaria gaitza izan daitekeela. Hezetasunak, tenperatua epelak eta gehiegizko ongarriketak laguntzen duten onddoa da. Erasotutako hostoak bildu eta erre. Gehiegizko ongarriketak eta inausketak bultzatutako hostaje handiegia eta adarje trinko itxia onddoaren zabalkunderako ezin hobeak dira. Beraz: inausketa eta ongarriketa ahaztu. Orain buelta ematen laguntzeko martxotik atzera 3-4 tratamendu egin kobrearekin: salda bordelesa, kobre oxidoa eta eskuera duzuna.
Aupi Jakoba! nere landere maiteari, zeinak bi urte daramazkien nirekin, azkenaldian hostoak pitzatzen zaizkio, baita hosto berriak ere. Zer egin dezaket? Mila esker aldez aurretik. Agur bero bat.
Landarea indarrean eta mardul ikusten da. Hostoen ertzak erreta eta behar bezala ezin zabaldu. Nire ustez tokia ona da, ureztaketa ere egokia, baina ingurua lehorra, hostoak lehorregi daude. Maiz maiz ihinztatzen hasi, ea hostoen ertzeko orbain gorri horiek eta zartadurarik ez den gehiago sortzen.
Kaixo Jakoba; Oraindela 30 urte oparitu zidaten atxikita bidaltzen dizudan artxiboan azaltzen den landarea (semea izan nuenean) eta izugarrizkoa dao, bi metrotik gora, eta ez dakit noiz inausketa egin eta noiz, mesedez aholkatuko zenidake Mile esker aldez aurretik
Zorionak horrelako edertasuna eskuera eta begiera edukitzeagatik. Toki egokian eta ondo zainduta bizi den zeinale. Madagaskardo dragoi zuhaitza da, Dracaena reflexa “Angustifolia”. Landare hori 2020an argitaratu genuen “ETXEKO LANDAREAK” liburuan azaltzen da eta fitxa osoa du (164-165 orr). Bertan bere trikimailuetan honela dio: gehiegi luzatzen denean, gupidarik gabe ebaki eta kendutako zatisak ugaltzeko erabili (aldaxka bezala). Moztutako tokian erraz berrituko da. Nahi izatera orain erdia, luzeenak eta okerrenak, ebaki, enborren erdi paretik eta besteak utzi. Moztutakoak kimu berriekin janzten direnean orain moztu gabekoak ebaki. Etxe barruan bizi delarik noiznahi egin dezakezu, baina martxoa aldera onena.
Kaixo Nire galdera arbolei karea emateari buruzkoa da Nire asmoa da zuhaitz frutalei enborrean karea ematea, baina , larunbatean entzun nizun (edo hórrela ulertu nuen nik) lurrean ere eman behar dela Nik ditut intxaurrondoak, gereziondoak, sagarrondoak eta mertxikondoak, baina ez daude oso sanoak, batez ere gereziondoak, orduan, hori jakin nahiko nuke….. lurrean ere komeni da botatzea? Eta zer jaraitan egin behar da? Mila esker
Onena aurrez lurraren analisia egitea litzateke. Hor azalduko litzateke zehatz mehatz karea ematea komeni den eta zenbat. Euskal Herri atlantiarrean bizi badira eta lurra buztintsua bada, seguruenera mesede egingo dio kareak. Eman dosi eder bat lehen urtean , 150 gr/m2. Hurrengo urtean 100 gr/m2 eta hortik atzera urtero edo biz behin 75 gr/m2. Urtarrila-otsaila tarte hau oso garai ona da. Nahi baduzu kare bizia erabili (kontuz eskuak, begiak eta abar) edo bestela kare hila.
Kaixo lur sailean iada fruiturik ematen ez duten 12 sagarrondo ditugu eta txertaketak egin nahiko genituzke. Noiz izan daiteke momenturik egokiena?
Txertatzeko sasoia izerdi berriaren etorrera da. Adarreko txertua neguaren amaieran eta begikoa udan. Orain adarrekoaren sasoia dator. Sagarrondoa berandu mugitzen den fruta arbola da eta martxoan txertatzen da. Lehen beti esan izan da ilbeheran txertatzen dela, baina ilbehera ilzaharrari esanez, hau da ilargia txikitzen ari den sasoiari. Ikuspegi biodinamikotik ilgoran txertatzen da. Biei kaso eginez martxoan ilgora eta ilzahar izango diren egunak 5, 6, 7, 8 eta 9 izango dira.
Kaixo Jakoba,
Aurreko astean illarrak landatzeko azken aukera zela idatzi zenuen. Oraindik posible da? Gaur bihar? Illar haziak landatzeko nola egin behar da? Lehenengo aldia da…
Eskerrik asko, egun ona izan!
Eider
Bai hemendik atzera beti berandu izango dela idatzi nuen. Hori batez ere babarentzako da. Ilarra erein oraindik lasai. Onena ilgoran ereitea da, eta hori otsailaren 7tik 18ra izango da. Hala ere saioa egin nahi baduzu urtarrilaren 27, 28 eta 29 fruitu egunak dira, nahiz eta ilbehera izan probatu eta konparazioa egin. Aipaturiko hurrengo ilgoran 7, 8 goiza eta 15 izango dira fruitu egunak.
Nola erein galdetzen baduzu “BIZI BARATZEA” liburuaren premian zara, honela dio: “Errenka batetik bestera 60-70 cm utzi, zenbat eta altuagoa egingo den tarte handiagoa utzi. Hazia errenkan, denean ugari botatzen da, 3-5 cm sakon sartu. Lurra hotzego badago edo bero handiegiak badira ez da ondo jaiotzen. 15-20 cm luzatu denean lurreztatzea komeni da. Gero arbatu egin behar da: adarrak, makilatxoak, sarea…”
Fritu arbolak ze norabidetan landatzea komeni da (hego-ipar edo eki-mendebalde)? Eguzki gehien goizeko orduetatik arratsaldeko orduetara izaten dituen arloa da
Fruitu arboladia Euskal Herri atlantiarreko lurretan landatzeko asmoa baduzu norabide egokiena hegoa-iparra da. Horrek esan nahi du goizean alde batetik eta arratsaldean beste aldetik hartuko dutela eguzkia. Lurralde horietan arazo handiena hezetasun handiegia da, zeinak onddoak suspertzen dituen eta horiek gaitz nagusien eragileak dira. Beraz hezetasunari aurre egiteko eguzkia behar dela arboletan bezala baita lurrean ere. Eguzkia lurreraino iristeko tarte handia utzi arbolatik arbolara, ez ditzatela adarrak elkar lotu. Beste baldintza garrantzitsua arbolen garaiera da. Garaienak edo altuenak iparraldean eta motzenak hegoaldean, itzalak bata bestea jan ez dezan.
Iaz hasi nintzen ortuarekin ordurarte belardi izan den landa batean, eta aurten karea bota nahi nioke. Lurra oso buztintsua da eta ur dexente pilatzen du, batez ere zonalde batzuetan. Batetik zenbat bota beharko nukeen jakin nahiko nuke. Belarra ere pixkat hasita dago urrian edo ebaki ta gero (5-10cm), berau ebaki beharko nuke, lurra bistan uzteko, karea bota aurretik?
Belar gainean lasai asko zabaldu dezakezu karea. Orain belarra mozteko lanik hartu beharrik ez duzu. Eman belar horren gainean eta gero, jarri nahi duzunaren arabera, egin beharreko lanak egin bere sasoian. Dosia kalkulatzeko egokiena lurraren analisi bat izatea litzateke, baina lur astun eta buztintsuetan 150 gr/m2 botako nuke. Hurrengo urtean 100 eta hortik atzera urtero 50-70.
Kaixo Jakoba, Kañaberak noiz moztu beharko nituzke gero baratzan erabiltzeko eta komeni al da lehenengo lehortzea edo zuzenean erabili al daitezke. Lehortu behar badute nola egin beharko nuke? Eskerrik asko
Kanaberak moztea neguko lana da, urtarrilean eta otsailean egiten da. Batzuek ilbeherako lana dela diote, beste batzuek ilgorakoa. Nik ilgoran moztuko nituzke. Proba edo saioa egitea proposatzen dizut: urte pare batean ikusi ilbeherakoak edo ilgorakoak zeintzuk hobeto irauten duten, eta gero emaitzen berri denoi eman. Horrela denontzako onura ekarriko du zure lanak. Horixe da gure goiburua: eman eta hartu.
lehortzearena orain moztu eta udaberrian edota udan erabiltzeko moduan egongo dira. Nola jaso da garrantzitsua. Onena aterpean jasotzea da, eta ahal izanez gero zutik. Etzanda egon beharko badute oinarri ona jarri, ahal bada bere luzera osokoa.
Arratsaldeon!!baratza hego haizetik babesteko hesi bat egitekitan nago,ze landarekin egitea aolkatzen didazu?hesitik segituan hasten da baratza, eskerrikasko!!!
Hegotik babestu eta hesiaren aldamenetik baratzea hastea arazo bat da. Hegotik izango du baratzeak eguzkia, eta hesiak bai ala bai itzala egingo dio. Bi ezaugarri erabaki behar dira: hostoa galtzen duen landarea edo galtzen ez duena, haizea neguan ere mozteko; eta hesiaren altuera. Arazo handia bada haizea hostoari eusten dion landarea jarriko nuke: ereinotza, ezpela, euonimusa, aligustrea, gerezi-erramua (Prunus laurocerasus), gorostia, heriotzorria (adelfa) eta koniferoak. Koniferoetan hazkunde azkarrekoak onenak: lausoniana, tuiak, leilandia…
Landaketa egiteko sasoia geroxeago da, martxoan, eta tarte horretan erabaki zein nahi duzun. Landatutakoan ondo ongarritu eta hesia osatzeko eta gero erabakitako altuera hartu duenean urtean bitan inausi triko eta bete-bete eusteko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545