Asteroko buletina
Jatea behar bat da, baina buru argiz jatea arte bat da

Liburu honetan 45 sendabelarren propietateak ezagutzeko eta osasunaren mesedetan erabiltzeko informazio zehatza aurkituko duzu.
Garbiñe Larrearen eskutik gure egunerokotasuna aberasteko balioko diguten ezagutza praktikoak ikasiko dituzu.

Moztu

Dani Blanco

[Garbiñe Larrea]

1. Sendabelarrak egun lehor eta eguzkitsuetan biltzea komeni da, hezetasuna saihesteko. Hala ere, landarearen olio esentzialak ez lurruntzeko, komeni da bero gehiegi, sargori, ez izatea. Goizean goiz bilduta ihintza izango genuke, horregatik eguerdian biltzea da hobea. 

2. Errepidetik hurbil dauden lekuetan, industriladeak gertu dauden lekuetan edo hirietan ez dugu sendabelarrik bilduko, kutsaduragatik. Gu osasuntsu egoteko landare osasuntsu eta garbiak bakarrik biltzea garrantzitsua da. 

3. Mozketa egiteko guraizeak erabiliko ditugu beti, bestela sendabelarrari kaltea eragingo diogu. Landarearen sustraiak behar ditugun kasuetan, sustraiak ateratzeko bi hortzeko aitzurra da egokiena. Orokorrean, mozketa eta bilketa txukun egin behar dugu, suntsitu gabe, eta behar duguna bakarrik bilduz. 

4. Sendabelarra gure baratzetik edo lorategitik inausi badugu, ondoren ongarritu eta behar duen neurrian ureztatuko dugu. Mendian sendabelarrak biltzerakoan bere ingurune naturala errespetatu behar dugu; sendabelar kopuru jakina bertan utziz, gal ez daitezen. Zuhaitza kimatu behar badugu (izei zuriaren begiak adibidez) zuhaitz batzuk hautatuko ditugu eta bilketa zabala egin; ez kendu begi asko zuhaitz bakarrari. 

5. Moztu ondoren zumitzezko saskian, paperezko poltsan edo ohialezko zakuan ipiniko ditugu sendabelarrak. Hartara, moztu eta berehala lehortze prozesua ongi hasiko da. 

6. Ahal dela espezie desberdinak ez ditugu nahastuko, beraz, aldez aurretik pentsatu zenbat poltsa edo zakutxo beharko ditugun. 

7. Loreak bildu behar ditugunean erabat loratu arte itxaron behar dugu. Lore handiak badira (ilean adibidez, Calendula officinalis)  buruz behera ipiniko ditugu lehortzen. Landarean bertan lehortuta dauden, loreak erabil ditzakegu; oso zaharrak ez badira eta kaltetu gabeak badaude ez dago arazorik. 

8. Hostoak bildu behar ditugunean landarea ez dadila hazitan egon. Hazitan dagoen sendabelarraren hostoak ahulagoak izango dira eta ez da une ona hauek biltzeko. Udaberri hasieran bilduko ditugu asuna (Urtica dioica) eta plantaina (Plantago lanceolata) bezalako sendabelarrak, haziak garatu aurretik. 

9. Haziak eta fruituak bildu behar ditugunean, ale hauek erabat heldu arte itxaron behar dugu; gehienetan udazken hasiera edo udazken bukaera izango da. Astalarrosa (Rosa canina) adibidez jasotako eguzkiaren arabera heltzen, gorritzen da; horregatik bildu behar da udazkenean. 

10. Sustraiak bildu behar ditugunean hostoak erori arte, edo ahuldu arte, itxaron behar dugu. Udazken amaieran edo neguan biltzea da onena, malkar edo penditzetan eta ez lur trinko edo zanpatuetan.

11. Ilargia aintzat hartuta biltzea ideia ona da, hori bai, aurreko puntuak ez badira aintzat hartzen ez du askotarako balio ilargiari begiratzeak. Jakoba Errekondoren "ilargia eta landareak" agenda erabil dezakegu, gida moduan edo egutegi biodinamiko bat. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora