Asteroko buletina
Ez da harri gogorrik berakatzez lehuntzen ez denik
Dani Blanco

Malba

Malva sylvestris

[Garbiñe Larrea]

Bide bazterretan egoten den landare xume honek bere loreen kolore bizi eta erakargarriengatik ematen du atentzioa. Sendabelar baliotsua ere bada, hainbat erremediotarako egokia.
Antzina elikagai ere izan omen zen gure artean, baina gaur egun gehiago erabiltzen dugu sendabelar moduan. Balkanetan egindako azterketa arkeologikoetan duela 8.600 urte jan egiten zela ikusi da. Plinio eta Zizeronek ere aipatzen dute malba elikagai gisa. Gaur egun, herrialde arabiarretan jarraitzen du bizirik barazki gisa erabiltzeko tradizioak.
Hosto zein loreak erabiltzen dira baina hainbat tokitan hostoa bakarrik erabiltzen da, hainbat osagaitan aberatsagoa delako. Hostoak bakarrik nahi izanez gero, loratu aurretik bildu behar ditugu. Hostoen azpiko aldean puntutxo marroiak ikusiz gero ez bildu, oso arrunta izan ohi duen onddo bat delako. Behin lehortuta ikusiz gero ere, baztertu kutsatutako hostoak.
Muzilagotan oso aberatsa da, landarearen pisuaren laurdena muzilagoa izatera iritsi daiteke (hosto zein lore). Muzilagoa gorputzaren lubrikatzaile eraginkorra da: hesteetarako libragarri ona, arnasbideetako urratuetarako sendagarri eta azaleko narritaduretarako baregarri ere bai. Plantainek (Plantago lanceolata eta Plantago major) ere muzilago asko dute eta maiz malbarekin batera erabiltzen dira.
A, B1, B2 eta C bitaminatan aberatsa, zuntza, malbina, taninoak, asparagina eta betaina ere baditu. Osagai hauek barne mintzen eta azalaren leungarri egiten dute, hanturak txikitzeko gai ere badirelarik.
Loreak muzilago bereziak ditu, infusioa egindakoan uretan ikusten direnak: azido galakturonikoa, galaktosa, arabinosa eta antozianosidoak. Arropak tindatzeko erabili izan da, malbidola, malbina edo malonilmalbina izeneko konposatuak tindagai onak direlako.
Arnasbideetako gaitzak tratatzeko erabiltzen da. Gripea, asma, bronkitisa, faringitisa eta katarroak tratatzeko balio digu, malba ura mukiak bigundu eta kanporatzen ona delarik. Ahoko zauriak eta aftak tratatzeko ere erabiltzen da, hortzak garbitu ondoren malba urarekin ahoa garbituz. Eztarriko mina edo amigdalitisa tratatzeko, berriz, gargarak egingo ditugu.
Azal sentiberak, lehorrak eta urratuak baretzeko eta sendatzeko ere erabiltzen da, ukendua eginda. Erredura, ultzera, intsektuek egindako ziztada, asunak eragindako erredura eta odoluzkiak tratatzeko erabil daiteke ukendu hau; guztientzako izango baita baltsamiko ona.
Hortzak jaiotzen ari zaizkion umearen ahoko minak tratatzeko ere balio du, malba infusio kontzentratua egin eta epeldutakoan gaza bustia ahoan ipintzen zaio, ordu laurden inguru. Hosto eta loreak egosi, zanpatu, eta ahoan ipintzeko ohitura ere izan da. Erremedio hauek, umeentzat bezala, hortzak kendu berritan izaten diren minak tratatzeko ere balio dute.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Malbazeoen familiako landare belarkara da, gure artean oso hedatua dagoena. Zurtoin iletsua du eta hosto zabal eta berde ilunak. Loreak udaberrian izaten ditu eta arrosa eta morearen arteko koloreen nahasketa bat izan ohi dute.

Nola eta zertarako

Malba lore eta hosto lehorren infusioa arnas aparatuko gaitzetarako eta digestio aparatuko gaitzetarako, bietarako berdin, erabiltzen  da. Bera hutsik edo antzeko lana egiten duten sendabelarrekin batera. Arnasbideetarko ezkaia (Thymus vulgaris) eta intsusaren lorea (Sambucus nigra) nahastu ahal dizkiogu eta sintomen arabera egunean behin edo hirutan hartu, otorduen ondoren, sintomak erabat joan arte. Digestio lanak ondo egiten laguntzeko kamamila (Chamaemelum nobile) eta txikori-belarra (Taraxacum officinale) nahastu ahal dizkiogu, otroduen ondoren hartuz. 

Malbaren hosto eta loreekin egindako ukenduak azaleko gaitzak tratatzeko balio digu; leungarri eta baregarri eraginkorra da, lan baltsamikoa egingo duena. Ukendu honekin begizkoa eta gaizkinak uxatzen zirela usten zen, Ingalaterran jasotako lekukotza batzuen arabera. Bera hutsik dela egin daiteke ukendua baina San Juan ukendua bezalako formulatan, hau da, sendabelar nahasketatan askotan ikusiko dugu landare hau.

Udaberriko lore moreen ukendua azaleko gaitza tratatzeko ukendu ona dela ikusi izan dugu. Salbia (Salvia officinalis), erromero (Rosmarinus officinalis) eta malba loreak oliba oliotan beratzen dira, freskotan. Horretarako Maria bainua ematen zaie, ordu erdi, eta gero gau guztian uzten dira egonean. Goizean iragazi eta 100 ml oliotan 15 gr erle argizari urtzen dira. Dena urtutakoan kristalezko ontzian ipintzen da. Nahi izanez gero salbia eta erromero esentzialak jartzea badago, bakoitzetik 10 tanta kristalezko ontzira bota aurretik. 

 

 

Kontuz

Haurdunaldian ezin da erabili. Hostoek osagai oxitozikoak dituzte eta umetokiaren uzkurdurak eragin ditzakete. Edoskitzaroan tamainan hartuz gero ez dago arazorik. 

Egunean hiru infusio baino gehiago ez genituzke hartu behar, beherakoa eragin dezakeelako. Gutxiagoreki ere beherako eragiten badu, norberaren egoerari egokitu dosia. 

Errezeta

Malba tortilla

Malba urdaileko minak, bihotzerrea eta idorreria tratatzeko erabiltzen da. Malba lore eta hosto infusioa egunean bi edo hiru aldiz, otordu ondoren, hartuta aldea nabarituko dugu; lan baltsamikoa egingo baitigu. Bada kamamilarekin (Chamaemelum nobile) nahasten duenik, biek batera egiten duten lana ona baita. 

Malba hostoak egosi eta barazki pure, zopa, krematan edo eltzekariekin jan ditzakegu, infusioaren antzeko lana egingo liguke. Aldiz, tortillan eginda eragin leungarri handiagoa du eta urdailerako botika handia da. Hosto hauek loratu aurretik biltzea gomendatzen dugu, betela asko zakartuko zaizkigu-eta.

Gaitz, elikagai edo botikaren batek urdaileko mina sorrarazi badigu tortilla honek asko lagunduko digu. Kasuaren eta sintomen larritasunaren arabera bi egunetik behin jan liteke. Tipularekin batera hateak badu bere garrantzia, tipulak duen urak muzilagoa erauzten lagunduko baitu. 

OSAGAIAK tortila bat egiteko

* Malba hosto freskoak

* Tipula (Allium cepa) handi bat

* 2 arrautza

* Oliba olioa

* Gatza

PROZEDURA

1. Tipula xerratu eta olioarekin batera su txikian ipiniko dugu, tapatuta, izerditzen.

2. Tipula biguntzen hasitakoan malba hostoak ipiniko ditugu. Aurrez uretan garbitu eta xerratu egingo ditugu.

3. Gatz pittin bat gehitu eta su txikian ondo egin arte edukiko ditugu, ia gorritu arte.

4. Gorritutakoan bi arrautza gehitu eta osagaiak nahasi egingo ditugu, arrautza egin arte. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora