[Garbiñe Larrea]
Apo-belarra sendabelar eskuzabala dugu, gizakiontzat balio terapeutiko handia du eta berak sortzen duen mikrokosmos horretan bizi diren erle, tximeleta, eltxo eta txorientzat ere landare ederra da; apoek bere hostoen azpian aurkitzen omen dituzte itzala eta babesa.
Apo-belarraren hostoak eta loreak erabiltzen dira erremediotarako. Landare honek lehen urtean ez du lorerik izaten eta orduan hostoak biltzea da onena. Bigarren urtean lore horiak ematen dituen zuztarra jaiotzen zaio eta lore hauek biltzeko erabat garatu arte itxarotea gomendatzen da. Azpiko aldeko loreak, erabat irekita daudenak, bilduko ditugu eta toki lehorrean, itzaletan, lehortuko.
Loreek muzilagoak, saponinak, karotenoideak, flabonoideak eta taninoak dituzte, hostoek osagai gutxiago. Loreak erabiltzeko ohitura zabalduago dago, osagai gehiago dituztelako eta hostoek dituzten bizar trinko gogorrek erabilera zailtzen dutelako.
Arnas aparaturako erabili izan da, mukiak bigundu eta kanporatzen laguntzeaz gain arnas-bideetako mintzak baretzen dituelako; muzilagoek egiten dute lan hau. Muzilago hauek hesteetako mintzak ere baretu ditzakete eta hala libragarri izan daitezke, hesteetako mugimendua areagotuz
Asma dutenentzat eta bronkioetako gaitzetarako erabili izan da, baita eztarriko marranta dagoenean ere, leungarri ona delako. Tabakismoak ekartzen dituen kalteak tratatzeko sendabelar egokia da. Eztarriko mina, lepoko ganglioak hazita edo otitisa daukagunean erabiltzeko ere balio du, linfa garbitu eta drainatzen duelako. Otorrinolaringe eremuko infekzioak daudenean erabiltzeko balio du, beraz.
Loreek pigmentu horia dute, emakume erromatarrek ilea horitzeko erabiltzen zutena. Sendabelar hautsekin egiten diren xanpu solidoetarako balio du, beraz, hori bai, ilehorientzat.
Deskribapen botanikoa:
Bi urtean behin loratzen da, aurreneko urtean erroseta basal bat osatzen du eta bigarren urtean lore zurtoin bakarra altxatzen du, metro bat baino handiagokoa askotan. Kolore horia duten lore ugariz osatua izaten da zurtoin tente hau; hostoak, aldiz, handiak eta obalatuak izaten dira, ilexka zuriz jantziak.
Landu gabeko lurretan, leku malkartsuetan, ezpondetan eta paraje lehorretan hazten da; isurialde atlantikoan gehienbat. Loreak maiatzetik urrira bitartean bildu daitezke.
Apo-belar loreekin egindako oleato antiinflamatorioa da eta belarriko minetarako erabili izan da. Bada baratxuri ale batekin batera beratzen duenik ere, errezetan honetan gehitu dakikoke.
Hosto eta loreen infusioa arnas-aparatuko gaitzak, mukiak edo marranta ditugunean har genezake. Horretarako 250/300 ml ur irakin eta koilarakada handi bat lore lehor ipiniko dugu bertan, tapatu eta 10 minutuz utziko dugu. Ondo iragaziko dugu paperezko iragazki batekin. Egunean hiru aldiz har liteke, otorduen aurretik. Malba loreekin (Malva sylvetris) batera hartuta infusio eraginkorragoa lortuko dugu.
Eztularentzat oso aproposa da eta ezkaiarekin (Thymus vulgaris), eztul-belar (Tussilago farfara) hostoekin edo plantaina (Plantago lanceolata) hostoekin batera nahastuta erabiltzen dira hostoa zein lorea. Denak batera ere har ditzakegu eztula oso lehorra baldin bada. Dioskorides mediku greziarrak duela ia bi mila urte eztularentzat gomendatzen zuen!.
Kukurruku eztula dagoenean apo-belar lorea, erromeroa (Rosmarinus officinalis), izei zuriaren pujak (Abies alba) eta ezkaia (Thymus vulgaris) nahastuta hartu izan dira. Litro bat uretan bakoitzetik koilarakada handi bat ipintzen da eta 10 minutuz uzten da tapatuta. Iragazi eta eztiarekin hartzen da, otorduz kanpo.
Hainbat tokitan, eztula tratatzeko uretan ez, loreak esnetan egosita hartu izan dira, oherakoan batez ere. Esneak irakindakoan loreak bota eta 15 minutu uzten da tapatuta.
Loreen infusioa herpesaren birusak (HSV-1) eragindako ezapin kontretako pupak tratatzeko erabiltzen da, egunean hiru aldiz hartuta. Belarriko minetarako egin dugun oleatoa gaza batean busti eta pupan bertan jartzea ere tratamendu egokia litzateke.
Paperezko iragazkia erabiliz iragazi behar da, hostoek dituzten bizar trinko gogorrek ahoa eta eztarria narritatuko dizkigutelako. Loreek ere badituzte bizar hauek eta hauen infusioa ere paperezko iragazkia erabiliz iragazi behar da, bestela eztarria urratuko digute.
Egositako hosto eta loreen ura behiei umetokia kanporatzen laguntzeko erabili izan da. Emakumeekin segurua den ez da ikertu, beraz, segurtasuna bermatzen duen daturik ez dagoenez, haurdunaldian ez erabiltzea gomendatzen da.
Asko edo epe luzean hartuz gero beherakoa eragin dezake.
Apo-belarra lurrean zein airean egon daitezkeen metal astunak xurgatzen dituen landarea da, toki garbian bakarrik biltzea oso garrantzitsua da.
Belarriko minetarako oleatoa
OSAGAIAK 50 ml egiteko
* Apo-belar lore lehortu berriak, 2 koilarakada handi.
* Oliba olioa
* Kristalezko frasko iluna, tantaz tanta isurtzeko xortakaria duena.
PROZEDURA
1. Apo-belar loreak oliba oliotan beratuko ditugu, Maria bainuan, ordu erdian.
2. Ondoren, gau guztian utziko dugu dagoen bezala, tapakirik ipini gabe.
3. Hurrengo goizean ondo irabaziko dugu, oihal trinkoa erabiliz.
4. Olio hau kristalezko frasko ilunean edukiko dugu, itxiera hermetikoa eta tantaz-tanta isurtzeko xortakaria duen tapa duena.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545