[Garbiñe Larrea]
Asuna ia aurkezpenik behar ez duen landare gorrotatua da askorentzat baina hemen sendabelar eta elikagai paregabeko moduan aurkeztuko dugu, ea erabili ahala pixka bat estimatzen hasten garen. Europa osoan erabilera tradizional asko ditu eta ipuin zein kondairetan oso presente daukagu. Mamuak eta espiritu gaiztoak uxatzeko erabiltzen zen, asun sorta egin eta haiei aurre eginez; pertsonak zein animaliak sorginkeriatatik aldentzeko balio baitzuen. Gaur egun ere, txaman mexikarrek asun bainu beroak gomendatzen dituzte begizkoa kentzeko eta gaizkina gorputzetik kanporatzeko.
Asunaren zuztarretik ateratako zuntzekin oihala egiten zen eta oso arropa estimatuak egiten ziren. Brontze Aroko arropak badira asun zuntzekin egindakoak, orduko eliteak janzten zituenak; Danimarkan egindako indusketetan ikusi da lihoa baino estimatuagoa zela bai kalitate eta bai edertasunagatik. Asunak indar magikoa zuela uste izateak ere ematen zion balioa. Bestela irakurri Hans Christian Andersen ipuingilearen Beltxarga Basatiak ipuina, nola asun zuntzez egindako kamisoiekin lortu zuten sorginkeria puskatzea.
Asuna biltzerakoan hazirik ez dezala izan, hostoaren propietateak baliatuko ditugunez hazitan dagoenean ez dugu bilduko. Beraz, udaberri hasieran edo hazia galdu ondoren, uda erdi aldetik aurrera bilduko dugu. Sustraiak erabili behar ditugunean udazkenera arte itxarongo dugu, udazken hasieran bilduz.
Ukitu hutsarekin sortzen digun azkura azido formikoak sorrarazten du, gaitasun antihistaminikoa duen osagaiak. Azido formikoaz gain asuna oso aberatsa da bitamina eta mineraletan; zenbait autorek dio gaur egun jan daitezkeen barazkietatik mineraletan aberatsena asuna dela.
Ziazerba (Beta vulgaris), espinaka (Spinacia oleracea) eta aza (Brassica) bezalaxe prestatu eta jan daiteke, lehen biek dituzten oxalatoen beldurrik gabe. Bi minutuan irakin ondoren edozein errezetatan erabil daiteke barazki moduan.
Izan ere, kaltzioa, burdina, silizioa, potasioa, azufrea, fosfatoak eta magnesioa ditu baina baita A, C, B2, B9, E eta K bitaminak ere. Bestelako hainbat osagai ere baditu, muzilagoak, flabonoideak, aminoazidoak eta klorofila, batzuk aipatzearren. Guztien baturak egiten du asuna halako sendabelar interesgarria eta barazki aberatsa. Gaur egungo nekazaritza eredu industrializatuak nutrienteetan perfil baxuagoa duten elikagaiak sortzen ditu eta hala gizartearen zati handi batek bitamina eta mineral gabeziak izatea ekarri du: hemen asunak paper garrantzitsua izan dezake, zulo horiek berdintzen. Pentsatzekoa da akaso horregatik dela gure artean hain ugaria eta desagertzen hain tematia…
Diuretikoa, antihistaminikoa, depuratzailea, mineralizatzailea, odol-jarioen kontrakoa, astenia eta anemiaren kontrakoa, behazun berria sortzeko eta beherakoak tratatzeko ona, pankreasarentzat pizgarria, tentsio altua jaisteko balio duena, amaren esnea ugaritzeko eta hezurretako hanturak tratatzeko gai den sendabelarra dugu asuna. Kendu bezala eman egin dezaketen landareak, hau da, funtzio ia kontrakoak egin ditzaketen landareak ez dira asko, horregatik asuna landare konplexua dela esan izan da.
Sendabelar honek hainbeste erabilera terapeutiko ditu berari buruzko liburu bat idatz litekeela. Lan hori hartu duen egile bat bada oso gomendagarria: Bernard Bertrand, “Les secrets de l´ortie”. Hemen hainbat proposamen egingo ditugu: infusioa, tintura, ukendua, xaboia, barazkiekin batera jatea eta abar. baina pare bat nabarmenduko ditugu, ekarpen berritzaileagoak iruditu zaizkigulako: asun ozpina eta asun hauts botika.
Belar ezaguna da, 50 eta 150 cm artean hazten dena. Hostoetan ile erremingarriak ditu, azido formikoa dutenak, eta ukituz gero azaleko narritadura eta azkura sortzen dizkigute. Zurtoina karratua da, puntadun hosto obalek ertz zerratuak dituzte eta loreak txikiak izan ohi dira. Haziak kapsula erakoak eta lehorrak izaten dira.
Gizakia bizi den tokietan hazten da, bide bazterretan, itxituretan eta lorategietan ere bai. Urte osoan biltzen da baina negu ondorengoak dira estimatuenak, lorea sortu aurrekoak alegia.
Hosto lehorren infusioa udaberri eta udazkenean har liteke baina bakoitzarentzat egokia den dosia eta epea profesional batek ezartzea gomendatzen da. Udaberriko alergiak tratatzeko, pilatutako likidoak kanporatzeko, glukosa, tentsioa eta azido urikoa jaisteko, azaleko zuldarrak eta bestelako orbanak garbitzeko, besteak beste.
Ikerketa gehien rinitis alergikoarekin egin dira. Gaitz honek sortzen duen hantura nabarmen jaitsiarazten duela ikusi da, hain zuzen ere hantura sortzeko beharrezkoak diren entzimak eta C proteina ereaktiboa nabarmen gutxitzen dituelako. Hantura kronikoa ekartzen duten bestelako gaitz kronikoetarako ere interesgarri egiten du honek.
Sustraien tintura beherakoak eta urdaileko zein duodenoko ultzerak tratatzeko egokia da. Prostataren hantura tratatzeko gaitasuna ere badu. Sustrai lehortu berriekin egiten da tintura eta 20/30 tanta hartzen dira, ur pixka batekin, egunean hiru aldiz, otordu aurretik, profesional batek gomendatzen digun epean. Sustrai hauek egosita har litezke baina ez da gomendagarria, urdaileko mintzak kaltetuko dituztelako.
Asun, lapa-belar (Arctium lappa) eta txikor-belarra (Taraxacum officinale) sustraiak lehortu eta tintura ona egiten da aknea eta azaleko zuldarrak tratatzeko. Azaleko bestelako narritadurak tratatzeko ere egokia da. Udaberri edo udazkenean hartzea gomendatzen da, sustraiekin bakarrik egindako tinturaren moduan. Hiru sustrai hauek hauts egin eta gelatina begetalezko kapsula hutsetan sartu eta egunean 3-6 artean hartzea beste aukera bat da.
Oloarekin batera (Avena sativa) egosi eta orea eginda jan izan da asun freskoa osteopenia eta osteoporosiari aurre egiteko, egunero katilukada bat. Barazkiak gehitu dakizkioke. Asuna egunero era honetan jateak gluzemia maila jaitsi dezake; beraz, gluzemia gehiegizkoa izan ohi badugu edo II motako diabetesa egunero jateak on egingo digu. Ikerketetan ikusi da aflatzen jatea dela onena, goizeko gluzemia baxuagoa izan ohi delako.
Giharreko minak, tortikolia, lunbagoa, tendinitisa, ziatika, artritisa eta erreuma minak daudenean asun moztu berriekin sorta egin eta mina dagoen eremua igurtzi egiten da: azkar eta azalaren kontra indar eginez igurtzi behar da, arnasari eutsiz ahal bada. "Urtikatzea" deitu izan zaio praktika honi eta Galizian ohikoa da oraindik ere. Zenbaitek bederatziurrena gomendatzen du, baina goizean goiz eginez. Tratamendu hau jasateko azala bere onera ekartzen asmatu behar da, horretarako iluntzean krema freskagarria ematea gomendatzen dugu.
Edoskitzerakoan mihilu (Foeniculum vulgare) haizekin batera hartzen da asun lehorraren infusioa, otorduen ondoren, esnea ugariago eta mineraletan aberatsagoa sortzeko. Edoskitzaro guztian egunean behin hartuta amari zein umeari on egongo dio infusio honek.
Ilea indartzeko eta zolda kentzeko litro bat uretan honako hiru sendabelarrak ipiniko ditugu: asuna,azeri buztana (Equisetum arvense) eta erromeroa (Rosmarinus officinalis), bakoitzetik eskukada bat. Irakindakoan sua itzali, tapatuta 15 minutu utzi, iragazi eta epelduta erabiliko dugu; ilea garbitu ondoren buruko larruazala ondo busti eta igurtzi batzuk eman, gero ez da ur berritzen. Ileari gaztain kolorea emango dio sarri egiten badugu.
San Juan ukendua edo zazpi sendabelarren ukendua egiterakoan ia beti ipintzen da, bere printzipio aktibo asko olioan oso ondo beratzen direlako eta egonkorrak direlako.
Asun hautsarekin egindako xaboia azala indartzeko, zuldarrak eta orbanak garbitzeko oso egokia da. Xaboiari hiru eratan ipiniko diogu asuna: hostoen infusio kargatua, hostoen oleatoa oliba oliotan eta asun hautsa bukaeran gehituta.
Hipertentsioarentzat botika hartzen badugu asun ura hartu aurretik medikuari galdetuko diogu.
Botika antikoagulatzailea hartzen badugu ere medikuari galdetuko diogu asun ura hartu aurretik.
Asun haziak ez ditugu erabiltzen, toxikoak baitira.
Haurdunaldian ez erabili.
Asun sustraien egoskinak urdailari kalte egin diezaioke. Tintura seguruagoa da baina sintoma hauek hasiz gero dosia eta maiztasuna gutxitu behar dira.
Asun ura epe luzean hartuta ahoa, azala eta ilea lehortzen hasi litezke eta idorreria ere sor dezake. Diuresi handiegia eragin digun seinale da eta etenaldi bat egitea gomendatzen da. Pertsonaren arabera izango da hau baina batazbeste hiru hilabetera etenaldia egitea gomendagarria da.
Asun ozpina
Infusiotan hartuta diuretikoa den sendabelarra ozpinetan beratuta mineralizatzaile oso ona da, izan ere, ozpinak duen azido azetikoak sendabelarra desmineralizatu egiten du eta hain preziatuak ditugun mineral hauek ozpinetara igarotzen dira beratu ahala. Hosto lehorrak bakarrik erabiltzea gomendatzen dugu. Ostopenia, osteoporosia, hortzetako gaitzak, haziminak eta hezur hausturak daudenean litro erdi hau pertsona bakarrarentzat gomendatzen dugu, egunero koilarakada bat, entsaladari edo barazkiei gehituta.
OSAGAIAK litro 1 egiteko
* 100 gr asun hosto lehor
* Litro bat sagar ozpin ekologikoa
* Kristalezko ontzia, aho zabalekoa eta itxiera hermetikoa duena
PROZEDURA
1. Kristalezko ontzian asun hosto lehortu berriak jarriko ditugu eta ondoren sagar ozpinez goraino beteko.
2. Toki ilunean edukiko dugu hilabetean, egunero mugituz.
3. Iragazi eta ozpina edukitzen dugun ontzian ipiniko dugu. Ez da oso egonkorra eta hiru astean erabiliko dugu, hortik aurrera propietateak galtzen hasiko delako.
------------------------------
Asun hautsa
Asun lehortua hauts eginda jatea bitamina eta mineral gehigarri bikaina hartzea da. Infusio eta egoskinetan mineral kopuru handi bat ez da ondo disolbatzen eta modu honetan hartuta erraz xurgatuko ditu gorputzak. Egunero postreko koilarakada bat jaten da, edozein jatekori gehituta (likidotan nahastuta baino hobeto), 40 egunean jarraian. Gehigarri hau depuratzailea baino indargarria da, antioxidatzaile asko eta oso kontzentratuak dituelako. Hala, hezurrak, hortzak, azazkalak eta ilea indartzeko ongarri baten moduko tratamendua litzateke, dieta pobreagatik edo gaitzengatik mineral gabeziak daudenean egiteko oso egokia.
Azeri buztanarekin batera nahastuta har liteke, biek duten mineral kopurura elkartzea ideia onda da, elkarren osagarri direlako: Txantxarraren kontra da bereziki ona. Bi sendabelarrak lehortutakoan txikitu eta ehotu egin behar dira eta kopuru berean nahastu. 40 egunean jarraian hartzen da botika hau ere.
OSAGAIAK
* Asun hostoak
* Kristalezko ontzi hermetikoa
* Ehotzeko errota
PROZEDURA
1. Asun hostoak lehortu eta hauts fin-fina egin arte ondo ehotu.
2. Kristalezko ontzi hermetikoan jaso. Espezia ontzi bat birziklatu daiteke.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545