Asteroko buletina
Abendua, argia eta egurra erretako hila.
Dani Blanco

Intsusa

Sambucus nigra

[Garbiñe Larrea]

Intsusa sorgindutako zuhaixka dela entzun izan diogu sendabelarrez dakien hainbati. Europako tradizioan leku askotan uste izan da sorginek intsusaren adarretan egiten zutela lo. Gure artean intsusak iratxo, maitagarri edo intxixu propioa duela uste izan da.
San Juan egunean intsusaren adaxkak bedeinkatu eta gurutzea egiten zen, etxeko ate eta leihoetan jartzeko; hala tximistak, lapurrak, sorginak eta sugeak uxatzen zirelakoan.
Bere egurrarekin txirulak eta bestelako musika instrumentuak egiten ziren. Intsusaren sailkapen botanikoan generoaren izenari erreparatuta “sambuca” izenetik datorrela ikusten da, greziar zein erromatarrek erabiltzen zuten harizko musika instrumentu baten izena hain zuzen.
Makiltxo magikoak ere bere egurrez egiten ziren. Harry Potter mago ingelesaren ibilerak ezagutzen dituenak badaki intsusarekin egindako makiltxo magikoa dela munduko ahaltsuena, Albus Dumbledore mago gorenarena. Intsusaren egurra erretzea arriskutsua denaren ustea ere bada gure artean; hala ijitoek esaterako, intsusaren egurra erretzeko debeku argia dute.
Hori bai, zuhaixka honi egurra, aleak edo loreak kendu aurretik, lehen mozketa egin aurretik, beti eskerrak eman behar omen zaizkio bestela guretzat eduki dezakeen onura guztia kalte bihurtuko delako; esker txarrekoak izateagatik. Bilketa lanean hasi aurretik intsusaren aurrean belaunikatzen denik ere bada eta txapela buruan izanez gero, bere aurrean kentzen duenik.
Erabilera anitzeko sendabelarra da, berarekin egindako erremedio herrikoiak asko direlarik. Naturaren botikina deitu izan zaio, sendabide asko ematen dizkigulako. Hori bai, beti aldez aurretik eskerrak eman behar dizkiogu. Mariano Ostolaiz sendabelar adituak “etxeko laguna” deitzen zion.
Intsusa ia dena da sendagarria: sustraia, adarrak, loreak eta fruitua. Hostoek toxizitate handia dute eta erabilera oso puntuala dute, horregatik aditu bati aholkua eskatu erabili aurretik. Loreek eta fruitu helduek ez dute arriskurik.
Loreak muzilago ugari ditu, gure barruko mintzak eta azala leuntzeko balio duelarik. Azido askorbikoa eta ursolikoa, errutina, legami naturala, sitosterola eta nitrato potasikoa ditu. Flabonoideetan ere ugaria da, antioxidatzaile ona da, beraz. Guztira 24 printzipio aktibo ezberdin dituela ikusi da, hortik datorkio hain erremedio anitzetarako gai izatea.
Alea ere lorea bezain interesgarria da terapiarako. Zuntza, pektina, glukosa, fruktosa, potasioa, azido zitrikoa, fosforoa, magnesioa, A eta C bitaminak, kaltzioa, burdina, B1, B2, B3 eta B7 bitaminak ditu eta bere kolore beltza ematen dioten antozianinak ere bai; tanino oso onuragarriak azken hauek.
Sekula ere ez erabili berdetan edo erdi helduta daudenean, erabat helduta egon behar dute, beltz-beltzak. Berdetan toxikoak dira, osagai toxikoa den sambunigrina asko daukate eta berriki aurkitutako hemaglutinina kardiotoxikoak ere bai. Alearen haziak ere ez dira erabili behar, horregatik beti gomendatzen dugu egostea eta metalezko iragazki batekin ondo iragaztea, hazi txiki guztiak kenduz.
Intsusaren adar gaztearen bigarren azala ere erabiltzen da, loreen antzeko printzipio aktiboak dituelako. Alkaloideak, kolina eta triterpeno asko aurkitu izan zaizkio egindako ikerketetan.
Arnasbideetarako erremedio egokia da. Katarroa, gripea, bronkitisa, sinusitisa, anginak, faringitisa, marranta eta abar tratatzeko. Mukiak kanporatzen laguntzen du eta arnasbideetako inflamazioak jaisten ditu. Izerdia eragiten du, bero eragilea baita; gaixo gaudenean izerdi horrek toxina asko kanporatzeko balio izaten du.
Antiinflamatorioa eta depuratzailea da, giltzaduretan pilatzen diren zikinak garbitzeko balio duelarik. Artritia eta artrosia tratatzeko balio du. Horretarako fruituen ziropea eta infusioa, biak hartu behar izaten dira batera. Hala, giltzaduretako  mugikortasuna hobetzen lagunduko digute.
Azalerako antiseptiko, bakterizida eta astringente handia da, gorputz barruko zikinek eragindako azaleko gaitzak oso ondo tratatzen dituelarik. Zauriak, erredurak, kolpeak, herpesa, ospelak eta azaleko urratuak sendatzeko egokia da intsusaren ukendua.
Konjuntibitisa sendatzeko, bekatxoak kentzeko eta, oro har, begiak garbitzeko intsusa lore infusioa gomendatzen dugu. Kamamila (Chamaemelum nobile) baino seguruagoa da epe ertain eta epe luzean.
 

  • Arnas aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala
  • Begiak

Deskribapen botakinoa

Intsusa 3 eta 10 metro artean hazten den zuhaixka da. zur oso arina eta usain txarreko hostoak izaten dituena. Ginbail moduko bat eratzen duten lore txiki zuri usaintsuak ematen ditu udaberrian, toki baxu eta epeletan udaberri hasieran eta toki altuetan beranduago. Lore hauetatik ale berdeak sortzen zaizkio, udan heldu eta belztuko direnak. Ez da nahastu behar andurarekin (Sambucus ebulus), landare hau baxuagoa da eta ez da zuhaixka, nahiz eta antzeko lore eta aleak dituen. Andurak ez du enbor gogorrik izaten, urtero berritzen da lurpetik; intsusa ez bezala.
Hezetasuna maite du eta hala erreka zein ibai bazterretan ugari ikusiko dugu. Berez jaiotzen da soro eta bide bazterretan, basorik edo multzo handirik osatu gabe.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora