Asteroko buletina
Eguberri balkoinean, pazkoz supazterrean.

Liburu honetan 45 sendabelarren propietateak ezagutzeko eta osasunaren mesedetan erabiltzeko informazio zehatza aurkituko duzu.
Garbiñe Larrearen eskutik gure egunerokotasuna aberasteko balioko diguten ezagutza praktikoak ikasiko dituzu.

Lehortu

[Garbiñe Larrea]

1. Ondo lehortzeko bi arau bete behar ditugu: argirik ez eta hezetasunik ez. Sendabelarrak ganbaran edo toki ilunean lehortu izan dira; hau baita pigmentuak eta zaporea mantentzeko modurik onena. Hezetasunik ez dagoen toki lehorra eta aireztatua da egokiena, hau da, ganbara edo gela egurastu bat. Leku oso beroetan ez genituzke lehortu behar, izan ere sendabelarren osagai biokimiko batzuk bereoarekiko sentikorrak dira. 40ºC-tik gorako tenperaturek propietate sendagarriak hondatu ditzakete. 

2. Sendabelar hezeak edo bustiak ez biltzen saiatu behar dugu, horrek ondo lehortzea zailduko duelako. Hautsa, zomorroak edo bestelako zikinkeriak izango balute zapi heze batekin garbitu. 

3. Kartoia oso material ona da sendabelarrak lehortzeko, bi kapa izaten ditu eta hezetasuna xurgatzen du. Egunkariek sendabelarra zikindu egiten dute eta aldizkarietako paperak ez du ondo lehortzen uzten. Kartoi gainean sendabelarrak zabal-zabal ipintzea gomendatzen dugu, pilaketarik gabe. Zapata edo bota kaxa handiak berrerabil ditzakegu, tapari zulotxo batzuk egin eta itxita ipinita. Armairu gainean jar ditzakegu eta egunean zehar gela egurastuta eduki. 

4. Zumitzezko saski zabal batean ere ongi lehortzen dira, goiko aldea zapi batekin estalita. Saskia modu naturalean zulatua dago eta sendabelarrak egurastuta egongo dira; argiak ere ez ditu kaltetuko. Hori bai, sakabanatuta ipini behar ditugu, geruz lodiak egin gabe. 

5. Sendabelar sortak egin daitezke eta, sabaian lotuta, buruz behera ipini lehortzen. Begietarako polita da baina kartoi gainean hobeto lehortzen direla uste dugu. Izan ere, aireak hezetasun maila handia izan dezake, modu desberdinean lehortzen dira, hautsa pilatzen zaie eta maiz intsektuek etxea egiten dute bertan. 

6. Hostoak ahal dela zurtoinetik bananduko ditugu; hostoak gaizki lehortzen baitira zurtoinera lotuta daudenean. Ondo lehortu diren edo ez belarriak esango digu, hatz artean hartutakoan xehatzen bada eta hots lehor txikia egiten badu, ondo lehortu den seinale.

7. Petaloak bakarrik behar baldin baditugu lore buruari kendu egingo dizkiogu lehortzen ipini aurretik. (ilenaren kasua da hau, Calendula officinalis).  

8. Fruituak lehortzeko, labanarekin erditik jo eta buruz behera ipini lehortzen (astalarrosa adibidez, Rosa canina). 

9. Sustraiak lehortzeko lurretik atera bezain pronto ura eta eskuila batekin garbitu, trapuarekin lehortu eta txanpon baten lodierako xerra finetan moztu (txikori-belarra adibidez, Taraxacum officinale

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora