Asteroko buletina
Ihintza gaineko hegoa, gauerako hodeia.
Dani Blanco

Ilena

Calendula officinalis

[Garbiñe Larrea]

Azalerako dituen propietateengatik da ezaguna ilena gure artean baina balio terapeutiko handiko sendabelarra da lore ugari eta xume hau. Antzinako grekoek eta arabiarrek ere erabili zuten, send-abelar eta elikagai gisa baina baita ehunak tindatzeko eta kosmetikoak egiteko ere.
“Calendula”  izen botanikoa latinetik dator, “calendulae”  hitzetik hain zuzen ere, eta "hilabeteetan zehar" adierazten du; ia urte guztian loraldia duela seinalatuz.
Lorearen petaloek flabonoideak, saponosidoak, alkohol triterpenikoak, karotenoideak, polisakaridoak, azido fenolikoak, kumarinak eta azido salizilikoa dituzte. Flabonoideek ematen diote hanturak jaisteko eta zauriak ixteko gaitasuna.
Azala kanpotik baretu eta sendatzen duen bezain ondo egiten du lan hau gure barruko organoetan ere. Barne-hutsak diren organoetako espasmo eta kolikoak baretzeko gai da; hala urdail, behazun, umetoki eta maskuriko minetarako oso egokia da.
Zauriak sendatzeko, kolpeak tratatzeko, marmoka edo intsekturen baten ziztadak sorturiko erresumina baretzeko, azkura goxatzeko eta azaleko erretasun zein gorritasunak bere onera ekartzeko erabili izan da. Hain ohikoa den dermatitisa, topikoa zein atopikoa, sendatzeko landarerik onenetakoa da. Laburbilduz, azaleko arazo eta patologia oro tratatzeko balio duela esan dezakegu.  
Onddoek eta bakterioek azalean sor ditzaketen gaitzak tratatzeko erabiltzen da; hasierako fasean erabiliz gero hauek zabaltzea ekiditen du. Staphylococcus aureus eta Enterococcus faecalis bakterioen aurka bereziki eraginkorra dela frogatu da.
Hilekoa orekatzeko eta sor ditzakeen minak tratatzeko ere balio du, batez ere hilekoa atzeratzen delako hileko aurreko sindrome mintsua dagoenean.
Azido salizilikoa printzipio aktiboen artean egonda odolaren zirkulazioa hobetzen du, bai ilen-ura hartuta eta bai ukendua edo oleatoa igurtzita. Plaketen antiagregatzailea denez tronbosia eta bestelako zirkulazio gaitzetatik babesteko balio du, hala nola, barizeak eta flebitisa.
Aparteko aipamena merezi dute karotenoideek. Loreei laranja kolore bizia ematen dieten pigmentuak dira karotenoideak: likopina, kalendulina eta osagai xantofilikoak batez ere, baina azpimarratzekoa da azken urteetan egindako ikerketetan hemeretzi karotenoide ezberdin aurkitu direla ilenaren estraktuetan. Hostoak eta zuztarra ere ikertu dituzte eta hauetan luteina eta betakarotenoa aurkitu dute.
 

  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala
  • Begiak

Deskribapen botakinoa

Asteraceae familiako landare belarkara hau XII. mendeaz geroztik kultibatzen da Europan. Zurtoina 20-50 cm luze izaten du eta ile zurixkaz estalitako hosto berde luzeak ditu. Loreak laranja kolorekoak izaten dira, eguzki formakoak, eta urte guztian loratzen da. Klima epeletan bizi da baina izozteak eta lehorteak jasateko gai da.
Baratze bazterretan eta lorategietan ikusiko dugu, baita lorontzietan ere asko erabiltzen baita apaingarri moduan. Zoru buztintsuak eta drainatuak komeni zaizkio.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora