Asteroko buletina
Arbiburu alaena!

Liburu honetan 45 sendabelarren propietateak ezagutzeko eta osasunaren mesedetan erabiltzeko informazio zehatza aurkituko duzu.
Garbiñe Larrearen eskutik gure egunerokotasuna aberasteko balioko diguten ezagutza praktikoak ikasiko dituzu.

Hitzaurrea

Dani Blanco

[Garbiñe Larrea]

JAKITEAZ

Sendabelarrek dakitenari begira jarri naiz. Sendabelarrei buruz dakiguna asko izanik ere, begirada lurrera jaitsi eta eurei begira jarri behrra zegoen liburu hau idazteko. Oraindik ere jakiteko kontu asko baitaukagu, oraindik ere ez baitakigu sendabelarrek dakiten guztia. 

Etxean ikasitakoa dut jakintzaren zati handi bat, ikasketa garaietan ikasitakoa eta liburuetan irakurritakoa ere nirekin izango dut, hor nonbait, eta, gaur egun, internetek dakarren jasa handi horri ere ez diot muzin egiten. Hori bai, jakintza maila hauek ondo ezkontzen lanak dauzkat.

Eskerrak egitez ee badakidan: etxean edo auzoan ikusi eta ikasi dudalako, fitoterapiako ikasketetan ekarpen baliotsuak jaso ditudalako. Eskerrak naturopatiako kontsultan lan egiteak jakintza enpirikoa, klinikoa, ematen duen. Letretan dagoena gorputzera ekarri eta zer gertatzen den behatu behar baita. Sekula baino informazio eta aukera gehiago dauzkagun garai honetan, galderak eta zalantzak ere asko dira, neureak aurrenekoak,  eta horietako askori erantzuna eman nahi izan diet liburu honetan. 

Sendabelarrek dakitena. ezagutu bildu eta erabili liburu honetan teoria baino praktika gehiago biltzen saiatu naiz. Tokian tokiko praktika biltzeari garrantzia eman diot, erreferentzia bakar eta absolutuak edukitzea zaila baita eta, esango nuke, ez dela komeni ere. Izan ere, jakintza arlo oso zabala, ia mugagabea, daukagu gure aurrean eta aberastasun honen beharra noiz izango dugun ez dakigu. 

Belaunaldiz belaunaldi jasotako jakintza aurkituko duzu, han eta hemen dakienak eta dabilenak erakutsitako hainbat sekretu ere bai, sendabelarrekin lan egin duten hainbat pertsonen liburuetako lezioak ere aipatzen ditut, neure ikasketa eta esperientziatik abiatuta lortutako best hainbat formula ere bai. Honen denaren azpian ikusiko duzu eginaren poderioz ikasitakoak duela lehentasuna, probatuz ikasitakoak. 

Hala, orain esku artean duzun liburu hau urte batzuetara erabiliaren poderioz zikindua eta gastatua ikusteak emango lidake poz. 

BEGETALAK EZ DIRA BEGETALAK BEZALA BIZI

Landareei, sendabelarrei, begira jarri eta badago zer ikasia. Argia eta jatekoa aurkitzeko nolako gaitasuna duten, intsektu polinizatzaileak erakartzeko nolako abildadea duten, erasotuko dituztenengandik babesteko nolako estrategiak dituzten, baldintzarik zailenetan bere buruari eusteko eta aurrera egiteko zer nolako gaitasuna duten eta abar. Funtzio eta zeregin bakoitzerako osagai biokimikoak garatzen dituzte eta hauetako asko printzipio aktibo izango dira gero guretzat. Izan ere, osagai biokimiko hauek eta gure hainbat molekulek antzekotasun ebolutibo handia dute kasu asko eta askotan. Sendatzeko esparrua ekarrita, eraginkortasun terapeutikoa dutela esango dugu baina hatorrian landereek bizirauteko baliatu duten jakintza gureganatzeaz ari gara.

Gaitasun, inteligentzia eta sentsibilitate harrigarrien jabe izan arren, landareei goitik begiratzen diegu; zapaldu egiten ditugu. Belar txartzat jo eta fumigatu ere bai baina oraindik ez dugu asmatu desagerrarazten. Hormigoi gainean ere jaio egiten zaizkigu eta! Bai baitakite behin eta berriz nola sortu eta nola iraun: gizakia dute predatzailerik handiena eta gugana ere egokitu egin dira. Gure aldean oso aspaldikoak baitira munduan, behin eta berriz aldatzen eta egokitzen zailduak daude. Badaukate guri zer erakutsi, alegia, baina gu ez gaude entzuteko prest. Lurrean gure biziraupena kolokan jartzen ari garen garai hauetan, oraindik ere harro begiratzen diegu. 

Gutxiespen hau landareak geldirik egotetik datorrela diote ikertzaileek, lokomozio aparaturik ez izatetik. Begetala bezala bizitzea ez da gustagarria gure arten. Hori esaten dugu, begetalak nola bizi diren oso gutxi dakigularik.

Verde brillante. Sensibilità e intelligenza del mondo vegetale liburuan (Galaxia Gutenbereg 2015, 34 orr) Stefano Mancuso eta Alessandra Violak egindako ekarpen probokatzailea aipatu nahi nuke, mespretxu honen jatorrian zer ote dagoen argitu nahirik. Landareak mineralen erreinutik gertu, animaziorik gabeko izakiak balira bezala ikusten ditugula esaten da; hazten direnean mugitzen direla badakigun arren. Ez ote da izango landareekiko dugun dependentzia absolutu hori traba nagusia? Hau da, nerabeak gurasoekiko menpekotasuna ikusi nahi ezinez eta autonomia lortzeko bidean ukazioa egikaritzen duen bezala, mutais mutandis, guk ere ez ote dugu landareekin horrela jokatzen?

Menpekotasunak ahultasuna eta hauskortasuna ditu berekin. Ez da atsegina izaten, ez zaigu batere gustatzen; ez baitigu libre sentitzen uzten. Landareei begiratuta, onartu beharra daukagu: haiekiko halako menpekotasuna daukagu, edozer egiteko prest gaudela ahazteko. Bere biziraupena landareei lotuta dagoela onartzea zail egiten zaio gizakiari.  Mundua, ustez, menperatzen duen espezieari berak mespretxatzen duen begetala baino ahulagoa dela onartzea ez zaio gustatzen.

Sendabelarrei begira aritzen garenok, ikusi dugu, esaterako, azken bi urteotan zenbat birika-belar, eztul-belar ea plantaina ugaldu den bazterretan. Santio-lorea oso emankor eta aurreko urteotan ikusten ez genuen tokietan ere ikusi dugu. Naturak gure arnas-bideak eta gogoa zaindu nahi izango balitu bezala. Ebakuntzaren zain dagoenari, zauria sendatzeko, kolpetik baratzean berbena eta pasmo-belarra ugaltzen zaizkion bezalaxe. Ikuspegi antropomorfikoegia izango da askorentzat, baina iritsiko da eguna gaur behatzen ari garenok, ikusten ditugun seinaleak ikertzekoa eta orduan gertatuko da eztabaida aberasgarria; intuizio hauek formula eta lege izatera igarotzeko unea iristen denean. 

 

JAKINTZA HAU GALTZEN ARI DEN ALA EZ

 Sendabelarrei buruzko jakintzaren azpian, urte luzez pilatu den pertsona askoren lana dago. Jakintza sakona eta konplexua. Unibertsitatean aztertu etga baliozkoa dela ziurtatu aurretik ere balio izan diguna; balidaziorik ez baitzuen behar on egiteko. Irakurtzen ez zekien jendeak bazekien tripako mina nola kendu. Belaunaldi asko izan dira eta gaur egunean langintza honetan jarraitzen duen belaunaldiak bizirik dirau, nahiz gutxiago garen. 

Norbaitek sendabelarrei buruzko jakintza galtzen ari dela esaten didan bakoitzean, ez oso urruti tokiren batean norbait nik ezagutzen ez dudan edo erabili ez dudan sendabelar bat erabiltzen ari dela pentsatu ohi dut; perspektibarik ez galtzeko edo. Uste harraroa da hau, oso zabaldua dagoena: herri kulturako beste hainbat jakintzarekin gertatzen ari den bezala, jakintza akademikoa jasoa ez denez, galtzen ari dela pentsatzea. 

Transmisioa isilean, ezkutuan, eta ia sekretupean egin izan dela, hori beste kontu bat da. Gutxieste aldera, ezagutza hau sinplea dela uste izan da eta alderantziz da, oso konplexua da berez. Hemen botaniko, farmazilari eta mediku batera izan beharra egon delako; batez ere jende txiroa baldin bazen. Hauek jendaurrean azaltzeko inongo beharrik gabe ibili izan dira, jakintza hau publikoki zabaltzeko zailtasunak eta ezintasunak (edo debekuak) hor egon izan direlako. Maiz pentsatu izan dut gertatu zitzaien gauzarik onena aintzakotzat ez hartzea izan zela, hartara bakean jarraitu ahal izan zutelako zekitena egiten eta ondorengoei erakusten. Aintzakotzat ez hartzea gaur egun ere maiz gertatzen da. Beraz, sendabelarren jakintza galtzen ari dela pentsatzen duenak, hausnartu dezala nondik ari den hizketan eta nola iritsi den ondorio horretara. 

BEKATU ZEN

Besterik da debekuek eta zanpaketek bere ondorioak izan dituztela eta jakintzaren transmisioa eten egin dela hainbat tokitan eta familiatan. Sorginak, emaginak eta erizainak. Emakumezko sendalarien historia bat liburua (Barbara Ehrenreich eta Deidre English, Katakrak Liburuak 2019) irakurtzea besterik ez dago debekuek eta zanpaketek zer nolako galera ekarri zuten ikusteko. Horregatik egongo da akaso halako gogoa eta grina eta gogoa ikasleen begietan. Zenbaitenean amorrua ere bai, berari katea eten egin ziotela jabetzen delako eta galerak ekartzen duen hutsunea gaizki bizi duelako. 

Behin eta berriro esan izan dut beriro has gaitezkeela sendabelarrek eman diezaguketenari erreparatu eta gure bizitzetara ekartzen. Liburu honek horretan pausoak ematen lagunduko dizu. Gure beharrak ezgutu behar ditugu lehenik, gure arbasoen garaiko beharrak eta gaurkoak ez baitira berberak. Gaur ez dugu tuberkulosirik eta tifusik gure artean baina alergiak edo gaitz autoinmuneak esaterako, gero gehiago ditugu. 

Lehen bekatu zena orain ez da serioa. Jakintza jasoa eta serioa akademikoa bakarrik delako, hortik beherako guztiak hutsaren hurrengotzat jotzen direlarik. Sendabelarren inguruan ikerketa egiten ari direnen lana eta kontsultan sendabelarrak erabiliz ebidentzia ugari pilatzen ari garenon praktikari muzin eginez, ez dago interesik jakintza honi maila jasoa emateko. Ikasketak ofizialduz emango litzaioke maila akademikoa baina, gaur gaurkoz, ametsa besterik ez da. 

NOLA AUSARTZEN ZARA?

Kanpoko debekua bezain txarra izan liteke barrukoa eta sendabelarrekin lanean ari den batek baino gehiagok esan dit egindako lana ez zabaltzeko, neure buruaren kaltetan ari naizela. Jakintza hau ez da pertsonena ordea, herriarena da, nahiz eta zabalkunde lanean aritutako izenak baditugun. Askotan prezio pertsonal handia ordaindu zutenak, liburuan zehar aipatu egingo ditudanak, aitortza merezi dutelako. 

Jakintza hau zabaltzekoa da, nahiko ezkutuan eduki izan dela uste baitut. Nondik asmatuko ibiltzen gara formula tradizionalak jaso eta egiterakoan edo gaur egungo beharrei egokitutako erremedioak formulatzerakoan: Elkarbanatzeak jakintza eremua zabaltzen du, sendabelar guztiak norberak behar ez izatea delako normalena eta besteri erakutsita hark egindakotik guri irakaspena iristea oso maiz gertatzen delako. 

Jakintza hau isilpean edukitzearen aldekoei esan izan diet sendabelarrak gure kulturaren zati direla. Sendabelarrekin lan egitea norbera eta norberaren lurra zaintzeko modu bat direla, gure ondarearen zati baldin badira aurrekoek eman digutenagatik izan baita. Katea ez dadila eten. 

Jasotako eta ikasitako guztia elkarbanatu beharra daukat, besteri irakatsiz neure buruari irakasten diodalako. Irakaspen hauen praktika neuretzat ere behar dudalako, besela geldituko bainaiz, esan ohi den bezala, besterentzat mediku eta norberarentzat barber ere ez naizela Pilatutakoa hustutzea ere behar nuen, datorrenari tokia egiteko eta jakintza berrien bilaketan, ikerketan, jarraitu ahal izateko. Senbadelarren eremu infinitu honek erakutsi baitit gu finituak garela eta hustu ezean ez dagoela jakintza berririk edukitzerik. 

JATEA LEHENAGOKOA DA  

Jan egunero egiten da, egunero daukagu aukera osasunaren oinarri ezinbesteko bat ipintzeko. Edo kentzeko. Sendabelarrak erabiltzea, belar ura hartzea, beharra dagoenean bakarrik egiten da; beraz, jateak du lehentasuna eta hitzaurre honetan garbi utzi beharra daukat.

Gertukoa, garaikoa eta agrotoxikorik gabe ekoiztua jan behar dugu; guregatik eta gure lurrarengatik. Tokiko elikadura sistema jasangarri eta osasuntsua eratu behar dugu. Sendabelarrak ere berdin, gertukoak, garaikoak eta agrotoxikorik gabe ekoiztuak eskuratu behar ditugu. Hau beti izan da garrantzitsua baina gero eta gehiago izango da ezinbestekoa. 

Elikagaia ez bada egokia ez espero gauza handirik sendabelarrengandik. Gure elikagaiak izan behar bailuke gure botika. Medikuntza modernoaren aita titulua duenak, Hipokratesek, esan zigun Kristo baino bost mende lehenago baina oraindik ez dugu lezioa ikasi. Urte hauetan naturopatiko kontsultan egindako lanak erakutsi dit jateko onik gabe sendabelarrak alferrikakoak direla. Aldiz, jateko egokiarekin sendabelar eta botika oso gutxi edo gero eta gutxiago behar izante dela. 

Liburu honetan ikusiko duzu, askotan sendabelarraren eta elikagaiaren arteko aldea oso txikia dela. Sendabelarrak gure plateretara ekartzea aukera ona da, haien onurez baliatzeko jateko goxoak egitea posible baita. 

EGIN DEZAGUN ETXERAKO ADINA BOTIKA

Autogestioaz bi hitz egin behar ditut. Denok gara kontsumitzaile baina produktore ere izan gaitezke, sendabelarren kasuan ere bai. Lan handiegia dela esan izan didate baina jakintza hau berreskuratzeko lanak balio handia duela eta merezi duela erantzun ohi dut. Balio handia du guretzat, gure komunitatearentzat eta gure kulturarentzat. 

Osasuntsu bazaude, dozena erdi sendabelar ongi ezagutu eta ezkontzen ikasiz gero zure gaitz eta ajeen portzentaje handiena tratatua duzu. Askotan, hori ere ez, bakarra tarteka hartuta nahikoa izango baituzu. Eta gaitzen bat edo botikaren bat bizi guztirako zurekin egotekoa bada, orduan ere izango da senbabelarren bat hori ondo eramaten lagunduko dizuna. Hau guztia, modu seguruan egiteko adina informazioa ematen dizugu. 

Osasunaren aurre-zaintza egin izan da gure herrian, hau da, gaixotzeari aurrea hartu ahal dela. Udaberriko eta udazkeneko garbiketak, beratziurrenak ea berrogeialdiak eginez. Horixe da irakatsi nahi duguna eta urtaroei erreparatuz bizitzea eskatzen du honek. Naturan gabiltzanean aurrera begira azkar joan ordez, alboetara begira mantso ibiltzea esan nahi du. Zenbaitetan sendabelarrak kultiba ditzakegu edo eremu jakinetan daudela ikusitakoan haiek zaindu; zainketa horien eta toki horien berri ondorengoei eta ikasi nahi duenari erakutsiz. Askotn jolas bat balitz bezala. Harremantzeko modu bat ere izan liteke, komunitate era bat sortuz. 

Auzolanean edo familian egiten ziren ukenduak eta xaboiak, baita kamamila bildu ere; berriketan, aisialdia eta lanaren artean bereizi beharrik gabe. Hori berriro praktikan jartzeko lanean aritu naiz azken urteotan. Mundu guztian, kultura oso ezberdinetan, ari dira gaur egunean ere horrela lanean. Ez herrialde txiroetan bakarrik, gure ustezko aurreneko mundu honetan ere bai. 

URRUTIKO INTXAURRAK

Ez dugu oso urrutira joan beharrik sendabelarren bila. Ez gaitezela berrizaleak izan, hau da, marketing berdearen biktimak. Sinetsarazi egin digute baina ez dugu hainbeste behar. Ez gaitzatela urrutiko sendabelarrak liluratu, joera horrekin gure aldamenean hazten direnak alboratzen eta bazteretzen ari garelako. 

Munduak azken 50 urteetan bere biodibertsitatearen %40 galdu omen du. Sendabelarretan zenbat ote da? Publizitatearen ondorioz, gure artean echinacearen irudia pasmo-belarrarena baino ezagunagoa dela konprobatzen dudan aldiro pena sentitzen dut, hortxe baitago ordezkapenaren eta galeraren adibide garbi bat. Hemengoak ezagutu eta erabiltzea dagokigu, urrutiko sendabelarrak aldaera igotzeari utzita. 

Hori bai, gure artean tradizio handikoak diren sendabelarrak erabiltzeak ez du esan nahi berriak ezagutzeko ateak itxita ditugunik. Liburu honetan gure baratze eta lorategietara egokitu ditugun kanpoko landare usaintsuak ere aurkituko baitituzu. Garai hauetan ditugun beharrei begira, gurearen eta kanpokoaren arteko oreka lortuz aritzea proposatzen dut. Denborak esango du zein egiten dugun gure eta zein den modaren eraginez iritsitako landarea. 

Berrogeita bost landare aukeratu ditu liburu honetarako. Gure artean ugariak eta arruntak direnak, ezagunak eta galtzeko bidean ez daudenak hautatu ditut ahal dela. Ekosistema zaintzeari eta desorekak ez sortzeari ere garrantzia eman diot; hargatik ez dituzu ikusiko hemen galtzeko bidean daudenak edo urriak direnak. Basatiak eta kultibatuak, bietatik ipini dut, onura denetan aurkitu baitezakegu. 

NATURALA EZ DA BETI ONA

Sendabelarrekin gaizki egindako praktikak ere badira eta horietatik ikasi egin behar da. Gehiago akaso. Pertsona bakoitzarentzat egokia ez den (eta baden) sendabelarra zein den jakin, zenbat hartu behar duen eta zenbat denboran, hori ere ahal den zehatzen bete behar da. Botikekin edo gaitzekin bateraezintasunik baduten edo ez, datu oinarrizkoa da. Ezagutza hauen faltan baldin bagaude sendabelar bat ez erabiltzea segurtasun neurri funtsezkoa da eta profesional bati aholkua eskatzea da egin behar dena. Onerako bezala, txarrerako ere bai baitute indarra hainbat eta hainbat sendabelarrek edo erabiltzeko moduk. 

Naturak eman digulako beti ona denik ez pentsatu, inola ere ez, oharkabean zeure buruari kalte egiten ariko zarelako; eta sendabelarra beti onerako dela pentsatzeak zaildu egingo dizu konturatzea. Horregatik ikusiko duzu sendabelar bakoitzaren azalpenetan Kontuz izenekoa atala. Sendabelarra ezagutzea haren toxizitatea eta albo kalte edo ondorioak zein diren jakitea ere bai baita, erromantizismorik gabe. Gaur egun botika edo gehigarriak hartzea oso ohikoa da gure artean, horregatik maiz ez digute balio gure arbasoen garaiko formulek eta neurriek, bateraezinak diren tratamenduak izango baitira. 

ELKARREN OSAGARRI GARA

Garai aldakor eta zalapartatsua bizi dugu. Mundu mailako izurritea gure artean izanik osasunak duen balioa erdigunean ipini behar izan dugu. Norberarentzat adina botika egitea proposatu dut baina beti ez da posible izango. Norberak dakienarekin eta dezakeenarekin osasuntsu egotea gauza handia da, baina ahal denean. Eta hori ere kontuan izan behar da, sendabelar  edo erremedio ahalguztidunik ez baitago eta gaitzak askotan erakusten digun bezala, umildu beharra izaten da. Umildu eta laguntza eskatu, osasun profesionalen eskuetan ipiniz. 

Norbera ahalduntzeko eta norberaren zainketan autonomiaren bidea urratzeko lanetan ari naiz. Liburu hau ez dut idatzi inoren kontsultak gainezka egoteko, norberak bere beharren arabera laguntza beharko du, noski, baina ahalik eta mendekotasun gutxien sortu behar dugu. Horregatik, tresnak emanez, etxerako adina botika sortzen lagundu nahi dizu liburu honek. Zuk zeuk osasuna izan dezazun behar duzuna ezagutu, bildu eta erabil dezazun. 

Miresmena diodan  Mariano Ostolaizek bere Senda-belarrak (Auspoa liburutegia 268; 67-68 or.) liburuari intsusari eskaini zion bertso honekin bukatu nahi nuke, ongi adierazten baitu sendabelarrak nola ikusten ditudan. Berak aipatzen duen esperantza neure egin nahi nuke. Intsusaz gain, hemen aurkituko dituzun sendabelar guztien bidez izan dezagula esperantza hori!

Intsusa, nik zurekin

badet esperantza, 

hartuko ote degun

pertsonaren antza. 

Borondate onean

prest zauden zugaitza,

zuk kendu diguzu

buruko zalantza,

lasaiturik jarriaz 

daukagun bizitza. 

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora