[Garbiñe Larrea]
Horma-belarra sendabelar ugaria eta oso gertu duguna da eta, ausartuko gara esaten, gaur egungo gizartearen gaitzei erreparatuta oso beharrezkoa ere badugula. Gibela garbitzeko erabili izan da baina diuretiko bezala ere bai, bi lanak oso ondo egiten dituelarik.
Giltzurrunetan harriak edo harea daudenean erabili izan da, gorputzean likidoak atxikita edema sortzen denean ere bai, ia beti bera hutsik hartu izan delarik.
Gibela garbitu eta indartzeko egokia da. Hepatitisa sendatzeko erabili izan da eta odoleko transaminasak jaisteko ere bai. Gibela osasuntsu edukitzeko, aurrezaintza egiteko balio digu baina beti ere epe motzean hartuta; epe ertain eta luzean hartzea ez da gomendatzen. Hemen tradizioz ezagutu dugun bederatziurrena egitea proposatuko dugu, eraginkorra eta segurua delako.
Sendabelar antioxidatzailea da. Flabonoide kopuru handia du eta zelulen zahartzea atzeratzeko balio du. Taninoak, muzilagoak, nitrato potasikoa, azufredun osagaiak, kaltzio oxalatoa eta azidoak ditu bere hosto eta txortenetan. Osagai anitzak eta asko kopuru handian ditu, hala, diuretiko indartsua dugu baina aldi berean gibela eta behazuna ere bereziki ondo garbitzeko gai da; bi lan hauek batera egiteko gai delarik.
Erreuma, artritisa, hezueria edo gota tratatzeko ere erabiltzen da, azido urikoa kanporarazten duelako. Azido urikoa bezala gorputzean pilatzen diren bestelako hondakinak ere kanporatzen ditu, batez ere giltzaduretan pilatzen direnak; horregatik sentitzen da gorputz-adarretako malgutze eta gaztetzea horma-belarra hartu ondoren.