Asteroko buletina
Zuretik ezpala
Dani Blanco

Ezkaia

Thymus vulgaris

[Garbiñe Larrea]

Antibiotikoak agertu aurretik pobreen desinfektagarri eta botikatzat hartzen zen ezkaia. Herri tradizioan erabilera asko izan ditu, isurialde mediterranearrean batez ere. Izan ere, gaitasun anti-septiko handikoa da, germenak akabatu eta garbitzeko oso ona. Hiru kutsadura mota mozteko gai da: birusetatik, bakterioetatik eta onddoetatik datozen infekzioak. Hori bai, kasu askotan ezkai olio esentziala erabili beharko da eta hemen ez dugu olio esentzialaren erabilera azalduko.
Sendabelarretan bat antibiotikoa bada hori ezkaia da. Arnas aparatua, maskuria, azala eta batez ere hesteak garbi mantentzeko erabili izan da. Hesteetako mikrobiotaren usteltze mota asko tratatzeko erabiltzen da.
Eztularen kontra egiten du eta baltsamikoa da; beraz, eztula, katarroa, bronkitisa, asma, anginak eta arnas aparatuko gaitzek sortutako giharretako mina tratatzeko balio du. Gripea dagoenean hartzeko ere egokia da, intsusaren lorearekin (Sambucus nigra) batera, adibidez.  
Gorputzeko defentsak indartzeko gaitasuna du, leukozitoak igoarazten dituelako. Egunean ezkai hosto lehorren infusio bat bi hilabetean hartuta sistema inmunea indartzeko gai da.
Gorputza berotzen du, horregatik erreuma tratatzeko eta hotzak eragindako giharretako uzkurdurak eta gogortasunak tratatzeko ere erabili izan da.
Digestiboa ere bada; haizeak, digestio geldoa, urdaileko minak eta hesteetako kolikoak tratatzeko erabiltzen da, baita zizareak kanporatzeko eta berriro ez sortzeko ere.
Sendabelar honek burdina du; horregatik ezkai, baratzuri eta ogi zopa asko erabili izan da gaixoaldietan, suspergarri gisa.
Guk adina estimatzen dute erleek ere, balio handiko eztia egiteko erabiltzen baitute. Estimu honen adierazgarri, “xarlatxak eder lilia, erleak hara lehia” esaera jasoa dago XX. mende hasieran Lapurdin.
Ezkaiaren osagairik garrantzitsuena bere esentzia da. Tokiaren, eguraldiaren eta bildutako garaiaren arabera aldakorra da baina landare lehorrak kasu askotan %3 izan dezake. Esentzia honen osagai nagusiak timola eta carvacrola dira baina timolak ematen dizkio propietate indartsuenak.
Esentziaz gain taninoak, saponinak, triterpenoak, flabonoideak, azido kafeikoa eta rosmarinikoa bezalako azido fenolikoak ditu. Osagai hauek indar antiseptikoa, tonifikatzailea, zizareak akabatzeko indarra eta espasmoen geldiaraztekoa ematen diote. B1 eta C bitaminak eta zinc, manganeso eta burdina bezalako mineralak ere baditu. Ahal dela uda erdi aldean, loratuta dagoenean, bilduko dugu.


 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala
  • Mingaina

Deskribapen botakinoa

Labiatuen familiako landare usaintsu hau lurralde epeletan hazten da baina gure lurraldeko klima ez hain epeletara ere ondo egokitua dago, itsas mailan zein 1000 metrotara ikus daitekeelarik. Zuhaiska da eta 10 eta 30 cm arteko garaiera har dezake, enbor gogorra egiten zaiolarik. Hosto berde ilunak, txikiak, finak eta iraunkorrak izaten ditu. Lorea zuria izaten du eta otsaila eta maiatza artean loratzen da.
Isurialde atlantiarrean landatua baratza bazterretan eta lorategietan ikusiko dugu, baita lorontzietan ere. Eskualde mediterranearrean mendian ere topatuko duzu.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora