Asteroko buletina
Done Emeteri Zeledon, porrua ereiteko aro on.
Dani Blanco

Txilarra

Calluna vulgaris

[Garbiñe Larrea]

Txilarra sendabelar estimatua da baina beste hainbat erabilera ere izan ditu gure artean. Erratzak egiteko erabiltzen zen eta txilarraren egurrik lodienarekin ikatza egiten zen; egur gogorra izanik oso ona baitzen sutegietarako, burdingintzarako eta ferratzaileen eskulanetarako. Gaur egun, lo-rategi eta loreontzietan ere lantzen da, apaingarri moduan. Eztigintzan ere estimatua da, kalitate handiko eztia egiten baitute erleek txilarrarekin.
Taninoak, flabonoideak, triterpenoak, kerzetina, azido salizilikoa, fumarikoa eta zitrikoa, erretxina eta karotenoak ditu txilarraren loreak. Heterosido fenoliko bat badu, arbutosidoa deitua, gure hesteetan hidrolizatu ondoren hidrokinona bihurtzen dena; osagai honek gernu bideak garbitzen ditu, sedatzailea da eta txiza eginarazten du.
Horixe baitu txilarrak erabilera ezagunena eta nagusia; txizeko infekzioak eta maskuriko katarroak sendatzea. Gernuaren bolumena handitzen du, gernu-aparatuko infekzioen tratamenduan beharrezkoa dena. Atxikitako likidoek hantura eta puztutasuna sortzen dutenerako ere erabiltzen da. Flabonoide eta taninoek maskuriko mintzetako mina baretzen dute, hanturaren kontrakoak baitira eta sedatzaileak ere bai. Txiza egiterakoan erretasuna, min arina edo maiz egin beharra ditugunean, infekzioa handitzen utzi aurretik txilar ura edaten hastea gomendatzen dugu.
Prostatako antiinflamatorio moduan ere erabiltzen da, asunarekin (Urtica dioica) batera hartuta. Hilero bederatziurrenak egiten dira, goizero baraurik bien infusio bat hartuz.
Azido urikoa eta honek eragindako hezueria tratatzeko ere egokia da, depuratzaile ona baita. Erreuma dagoenean ere balio du; infusioa hartu eta txilar bainuak eginez.
Larruazala zaintzeko ere erabilgarria da. Azkura kentzeko gai denez, herpesa eta psoriasia bezalako gaitzetan erabili izan da, baita alergiek eragindako gorritasuna eta hantura tratatzeko ere. Azkura eragiten duen ekzemak tratatzeko ere balio du. Flabonoideek zain txikiak eta kapilarrak zaintzeko balio dute. Aurpegiko larruazal fina dutenentzat, hotza eta haizearekin musua erraz gorritzen zaienentzat ona da; kuperosia tratatzeko oleatoa egin dezakegu.
Hemen “Calluna vulgaris” txilarrari buruz aritu gara baina txilar mota ugari dugu. “Erica vagans” eta “Erica cinerea” txilar motek ere propietate eta erabilera oso antzekoak dituzte, bata bestearen ordezkagarri izanik.
 

  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Violaceae familiako landare belarkara hau zuhaixka txikia dugu. 30 cm inguru hazten da eta adar tente asko ditu, marroi-gorrixka kolorekoak. Hosto txiki, zorrotz eta ugariak izaten ditu. Lore txikiak multzoka jaiotzen dira, kolore arrosa edo morea izaten dute, ilunagoa edo argiagoa.
Berez hazten da mendi, baso edo itsaslabarretan, landu gabeko lurretan; txilardi handiak leku malkartsuetan eta ezpondetan ikusten dira. Udan loratzen da eta udazken amaierara arte loratzen jarraitzen du askotan; horregatik hartzen da udazkeneko landaretzat.

Nola eta zertarako

Giltzurrunetan harriak daudenean pixa-belarra (Lepidium latifolium) dugu sendabelarrik onena. Harriek kolikoak eragiten dituztenean bera hutsik baino hobea da malba (Malva sylvestris) eta txilarrarekin batera nahastuta hartzea, hiru sendabelar hauek nahastuta sintoma hauek azkarrago tratatuko dituztelako. Hirurak kopuru berean nahastu eta lata batean jasoko ditugu. Egunean hiru infusio hartzen dira, otorduen aurretik. 250 ml ur irakin, koilarakada txiki bat ipini, bost minutuz tapatuta eduki eta iragazi egiten da. Harriak erabat kanporatu arte har daiteke baina ur asko edatea eskatzen du eta atseden hartzea ere bai. 

Erreuma tratatzeko txilar bainuak egin izan dira. Etxean dugun eltzerik handienean egiten da txilar ura. Litro bakoitzeko eskukada bat, hosto eta lore lehorrak ipini, eta urak irakiten duenean sua itzali. Epeldu arte bertan uzten da, iragazi eta ur beroz betetako bainuontzira botatzen da. Kilo bat gatz ipintzea gomendagarria da.

Milorri (Achilea millefolium) eta ilenarekin (Calendula officinalis) batera txilarra ipini eta infusioa egiten da larruazala garbitzeko. Hazkura, hantura, zauriak, soldarrak eta gorritasunak tratatzeko erabiltzen da. Infusio hotzarekin gaza bat busti eta ordu laurdenean edukitzen da jarrita. Sendabelar hauek oleatoa egiteko ere balio dute, bakoitza banaka prestatu eta ondoren kopuru berean nahasten dira. Oleato nahasketa honekin azalean igurtziak egiten dira, ondoren ur epel eta xaboiaz garbituz. Kasu hauetan guztietan, txilar ura edatea gomendatzen da; egunean bi infusio otroduen ondoren, sintoma hauek baretu bitartean. 

 

Kontuz

Haurdunaldian eta edoskitzaroan ez hartu. Eragin garbitzailea eta diuretikoa duten sendabelarrek aztoramena eragin eta haurra intoxikatu dezaketelako. Edoskitzaroan ere ez da gomendatzen. 

Urdaileko ultzera edo gastritisa izanez gero tamainan hartu, narritagarri gerta daiteke taninoengatik. Halakoetan tratamendu motzak egitea gomendatzen da. 

 

Errezeta

Txizeko infekzioetarako tintura

Txilar ura bera hutsik har daiteke gernu bideetako infekzioetarako baina maskuriko katarroa larria edo errepikakorra denean, beste sendabelar batzuekin batea nahastuta askoz hobeto egiten du lan. Txiza egiteko zailtasuna, egin ondorengo erretasuna edo mina daudenean eraginkorra izango da tintura hau. 

Egunean hiru aldiz hartzen da, ur pixka batean nahastuta: 30 tanta aldiko, otroduen aurretik, gaitzaren sintomak erabat joan arte. 

Aldi berean, egunean behin, sendabelar hauekin eseritako bainua egin daiteke, maskuriko katarroa azkar sendatzeko oso eraginkorra baita. Sendabelar hauek denak, kopuru hauetan, bi litro uretan ipini eta urak irakiten duenean sua itzali, tapatuta eduki epeldu arte eta iragazi egiten da. Ordu laurdenean bertan esertia egotea, egunero egin dezakegun tratamendu onda da. 

OSAGAIAK litro erdi egiteko

* 700 ml alkohol zuri, vodka edo uxuala

* Txilar lehorra, 3 koilarakada handi

* Ezkai lehorra (Thymus vulgaris), 3 koilarakada handi 

* Kanela zotz handi bat (Cinnamomum verum)

* Ilenaren hosto lehorrak (Calendula officinalis), 3 koilarakada handi

* Plantain hosto lehorrak (Plantago lanceolata), 3 koilaraka handi. 

* Azeri mahatsa (Arctostaphylos uva-ursi), 3 koilarakada handi.

* Kristalezko ontzi aho-zabala, hermetikoa

* Kristalezko frasko iluna, tantaz tanta isurtzeko xortakaria duena. 

PROZEDURA

1. Kristalezko ontzi hermetikoan ipiniko ditugu sendabelar guztiak, bakoitzetik hiruna koilarakada handi. Lehortu berriak baldin badira hobeto. Azeri mahatsa belardendan erosi beharko dugu, ez baita gure parajeetakoa. Kanela zotza zati txikitan zatituta ipini. 

2. Ondoren alkohol zuria ipiniko dugu, ontia goraino bete arte. 

3. Hilabetez armairu barruan edukiko dugu, eguenro mugituz. 

4. Paperezko iragazkia erabiliz ongi iragaziko dugu, landare beratuak zanpatuz. Alkohol dezente xurgatuko digu eta ez dugu hasierako kopurua edukiko.

5. Etiketa ipini eta kristalezko frasko ilunean jaso. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora