Etxe bueltan landare hesia jarrita daukagu aspaldi eta tamaña handia dauka, 2 metro pasa. Inausi behar denean lan handiak ematen digu eta iñoiz ikusi izan dut metro bete inguruan ebakitakoak. Egiterik ba al dago? Eta egitekotan noiz?. Gainera argazkian ikusten den moduan leku batzuetan ostoak galdu eta arre kolorea hartzen du, zerbait egin genezake?.
Horrelako hesiak egiterakoan oinarrizkoa da kontutan izatea zein lan emango zuen gero mantentzen. Garaieraren arabera lan hori nekeza, oso nekeza edo eraman ezina izango da. Bere lanerako (muga egiteko, zerbait ezkutatzeko…) garaiera hori ez baduzu behar lasai moztu nahi duzun altueran. Ondo hausnartu zein altueran izatea nahi duzun, eta mozterakoan urtebetean haziko dena kontutan izan eta hori beherago moztu., beti ere eskuera mozketa erraza izan dadin. Inausketa hori egiteko sasoi onena izerdi berriaren hasiera da, ez bada toki oso hotz batean martxoko ilbeheran. Indarrez biziberritzeko ongarritu ondo, onena orain udazkenean. Hosto arreena gertuagotik jarraitu beharreko gaia da. Agian lurreko onddoren batek sortutako gaitza da, edo hostaje handiaren barruan batzuk ihartzea… ea ebakialdi berriaren ondoren zer gertatzen den arretze horrekin.
Gaur arte erantzundakoak (906 galdera-erantzun)
Bi sasoi daude hortentsien aldaxkak egin eta horiek landatuz lendare berriak sortzeko. Lehenan martxoa da, inausketa sasoia. Mozten diren adarrak baliatu landatzeko. Beste sasoia loreak kolorea galdu eta ihartzen hasten direnekoa da. Aldaera batzuk lehenago beste batzuk geroxeago. Egun onenak ilbehera eta sustrai egunak dira, abuztuak 4, 5 eta 6 adibidez 2019ko urte honetan.
Ahal izanez gero intxaurrondoa ez da inausi behar. Zura ahula du eta zaurietatik hezetasuna sartzen zaio, barruko egurra ustelduz. Inausi behar izanez gero adarrak txikiak direnean egin, zauri tzikiak eginez. Onena martxoa aldera inaustea da, izerdi berria laister etorriko zaio eta hark zauria itxiko du. Ilbeheran inausi eta ebakia adarrak goian eta behean dirtuen orbanak edo marrak errespetatuz egin, ahalik eta ondoen ixteko.
Tomatearen kimaketa azaltzen duen euskarazko bideorik ez dut ezagutzen. Gazteleraz edo frantsesez erruz topatuko dituzu interneten. Oso erraza da tomatearen kimaketa eta edozein bideorekin ulertuko duzu. Ikusita gero zalantzaren bat baduzu idatzi lasai.
Lurraren azaleko arazo bat izan behar da. Onddoek sortutako gaitzak izaten dira horiek. Gaitz horiek garatzeko hezetasuna nahitaezkoa da. Humusak ere eragin dezake. Ez baldin badago behar bezala ondua, usteltze horrek ahuldu dezake landarearen lepoa. Beraz ahal baduzu ongarri hori landarearengandik aldendu eta ura kontuz erabili.
Itxura guztien arabera lepoko gaitza da, Phytophtora generoko onddoren bat, Gipuzkoan jeneralean Phytophtora cactorum izaten da. Lur hezeetan, drenaje zailekoetan ugaltzen da. Mentuoinek erresistentzia maila desberdina dute onddoaren erasoarekiko: MM106 asko sufritzen du; M26 eta makatzak sentikortasun ertaina dute; M7 eta M9-k sentikortasun txikia dute. Arazoa larritzen da, baita ere, txertua lurraren mailan baldin badago, hortik eraso baidezake onddoak. Ezinezkoa da tratatzea. Sagarrondoaren lepo aldean orbain gorri-marroiak ikusten hasi ordurako, inguruko lurra kendu, eta aireratu, horrek hezetasuna kentzen dio. Kontuz zauriak egitearekin, belarra moztean, adibidez.
Xehetasun gehiagorako ikusi:
https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/sagarrondoak/-/lepo-usteldura
Argazkian ikusten denez, arbolaren eta fruituen arteko proportziorik ez dago. Hosto gutxi eta fruitu asko. Nire iritziz nahitaez janari gehiago behar du arbolak. Ongarri organikoa eman erruz. Hostaje mardulagoa beharko du izan hainbeste fruitu ekartzea nahi baduzu. Hori horrela bada ere lehen urteetan fruitu guztiak ez utzi. Fruitu koxkorrak ikusi ordurako aleak bakandu. Utzi lehenengo arbolari bere egitura egiten. Gero emango du. Baina hartzeko zeuk ere eman berari.
Kendutako kimu horiek gero intsektizida eder bat egiteko erabili daitezke. Beraz onena lehortu eta jasotzea. Bestela landarearen oinetara botatzea ere ez dago gaizki.
Bi arrazoi izan daitezke: edo ongarri gehiegi eta lepo alde hori ahuldu egiten da, edo zerbaitek jaten du lurraren azal alde horretan. Nire ustez zerbaitek azala janaren antza du. Luhartza edo satagina izan daiteke. Hala ere horietako bat balitz seguruenera erabat lepoa moztuko lioke. Hain axaleko zauriak izateko, ez dira bada bare txikiak izango? Bada ezpada gauez, ilunpean linterna batekin ondo miatu inguruko lurra kenduta. Baina, era guztietara, kontuz ongarria ematearekin, babarrunak ez du ongarririk behar. Ahulago hazten da. Ongarria berak sortzen du. Eta ongarri gutxiagorekin indar gehiagorekin etortzen da.
Neguan egindako zauriak ezin itxi izaten ditu gereziondoak. Inausketa izerdia duenean egin behar da. Bi inausketa sasoi bereizi ditzakegu: martxoa aldera, izerdia abiatua dagoenean, eta udaberrian, ekaina aldera.
Bi arrazoi ikusten ditut hori gertatzeko. Batetik lurra ukitzen duela txikia denean, azala zaildu gabe duenean, hortik usteldu daiteke. Bestetik txikia delarik ere gertatzen da maiz ez dela behar bezala polinizatu, eta lorearen atzean dagoen kuiatxoa galdu egiten da heldu gabe.
Lehenengorako azpian lastoa, belarra edo zerbait jarri, bigarrengorako eskuz polinizatzea gomendatzen da, lore arra hartu eta erdian duen hisiputxoa, lore emean (atzean kuiatxoa duena) igurtzi.
Erabilitako kupelak hobe ez erabiltzea?
Ez, ardoarekin erabilitakoa berrerabiltzeko, egokiena da upela ireki eta egurra barrutik marrusketatu; ardo gustua edo ezer txarrik duen azala kenduz. Emaitza oso onak ematen dituzte, jeneralean.
Kupel berrria erostekotan, nolakoa komeni da? Haritzarena? Gaztainondoa? Besterik?
Edozeinek berdin balio du. Gero bakoitzak bere ezaugarrien araberako eragina izango du sagardotan. Gerezia, sasiakazia, lizarra eta abar ere erabili izan dira.
Kupelen egurarren lodierak badu eraginik?
Bai, zenbat eta egur lodiagoa, isolamendu hobea; eta egur hori ondo zainduz gero sagardoa ontzeko eragina ere hobea izango da.
Hiru arto motak elkarren artean hibridatzea izango da naturalena eta normalean gertatuko dena.
Hibridatzeak esan nahi du aurten jasoko duzun hazietan hiruren arteko ezaugarrien nahasketa joango dela. Nahiz eta horia, gorria eta hibridoa jaso, hazi horiek daramaten informazioa, hurrengo urtean emango dituzten landareetan ikusiko da. Adibidez: altura desberdineko landareak, artaburuen forma, artaleen egitura, aleen forma eta kolorea eta abar.
Hori ez gertatzeko hazitarako jasotzeko klase bakoitzetik artaburu pare bat aukeratu eta burua egiten hasten denean eta punttan bizarrak ateratzen diren bezain pronto aldameneko bere berdinaren goiko lore arra hartu eta poltsatxo batean sartu lore hori eta poltsarekin artaburua itxi. Honela bere berdinaren polena soilik jasoko du eta ez da besteekin nahastuko. Gero beste buruetako bizarra zimeldu dela ikustean poltsa kendu, baina artaburu horiek ondo markatu, hurrengo urterako hazitarako jasotzeko.
Babarrun motza, makilarik edo sarerik behar ez diken babarrun landarea dek. Aihenik ez dik ematen eta motza geratzen dek. Ziklo laburragoa ddik. Nik ezagutzen dizkiatenak aldaera zuriak dituk. Gure amonak esaten zian Santio egunerako bi hostotan behar zikela, beraz ereiteko sasoia etorri dek.
Asunak tomate landarea indartzen dik, silizioa eta beste mineral batzuk ematen zizkiok. Batez ere gaitzei aurre egitea dek helburua. Zuloan asuna jarri, gainean lur edo luar edo simaur heldu pixka bat eta gainean landatu tomatea.
Nik ustez mamiaren edo medularen nekrosia da, Pseudomonas corrugata. Enborrean orban arreak edo gorri-marroiak azaltzen dira. Ondoren enborra zartatu eta ikusten diren koxkor horiek sustrai berrien hasiera dira. Barrua hustu egiten da.
Jeneralean nitrogeno gehiegi dagoen lurretan agertzen da, enbor lodi eta indartsuak dituzten landareetan. Berotegian hezetasun handiegia eta argi gutxitxo den tokietan, batez ere.
Inausketarekin hedatzen da, zaurietatik, eta batez ere berotegietan. Landare gutxi batzuk badaude gaixo, onena kendu eta erretzea. Inausketa arindu eta inausketa tresnak desinfektatu.
Zura eta egurra gogorra ditu arteak. Gogortasun horren bila artea izerdi gutxiena duen garaian bota behar da. Negu-neguan, alegia. Gogortasun hori indartzeko ilbeheran botatzen da. Bi baldintza horiekin zura itxiagoa eta lehorragoa izango da. Honek iraupena emango dio, eta izerdi gutxi duenez egurra jatera hurbilduko diren sits eta antzekoentzako bazka gutxi izango du. Era berean. Egur itxi eta trinkoa izaki, sua egiteko berezia da artea. Ez du ilgoran eta izerditan dagoenean botatako pagoak bezala su azkarra eta gar handikoa egingo. Berak gar gutxikoa baina iraupen handiko sua eta brasa egingo ditu.
Zalantza ugari nuen ea arazo larriren bat ote zen zuen papatetan azaltzen den hori. Azkenean uste dut gorrina dela, mildiua alegia, Phytophtora infestans. Gorrinak landarea erasotzen du, hostoak, zurtoinak eta zuen kasuan ondoren lurpeko tuberkuluetara hedatu da. Pentsatuko duzun bezala, kontserbazio garaian, patata usteltzen joango da. Ez dakit zein duzun egoera, baina ahalik eta azkarren kendu patata hori. Hurrengo urtean beste soro batean jarri patata. Hazia ere aldatu eta landareetan orban gorri-beltz horiek azaldu bezain pronto tratatu: salda bordelesa, esne gordina eta asun ura. Azeribuztan ura ere erabili dezakezu.
Benetako azaharra laranjondoaren lorea da. Zeuk diozun hori sasi azaharra da, edo filadelfoa, Philadelphus coronarius. Udaberrian loratzen da. Loraldi ikusgarria du, zuri-zuria eta usaintsua, arrazoi horiengatik azaharra esaten zaio. Inausketa loraldia amaitzean egin behar da. Landarea gaztetzeko adar zaharrak kentzen joan. Urte askotan ikausi gabe egon bada, denak batera ez kendu. Loraldiaren ondoren inausita, negua iritsi aurretik adar berriak hazi eta hurrengo urteko goizeko loraldia prestatzeko nahikoa denbora izango du.
Gorrina da tomatearen gaitz arruntena. Hasteko tomatearen landaketan kontutan izan: lur-tontorra egin, landaketa zuloan asun adarrak jarri, tarte handia utzi (tartean ibiltzerakoan ez ukitzeko moduan, makilak jartzerakoan kontutan izan gero estaltzeko "txapela" jartzeko aukera (goia soilik estali, aldeak libre). Gaitza egun ilun eta bustiak segidan direnean etortzen da; aurrea hartu behar zaio. Tratamentua: asun-ura, azeribuztan ura, esnea (ahal bada gordina) eta salda bordelesa. Hezetasun handi hori etorri aurretik tratatu behar da.
Txingurriek zuzenean ez dute kalterik egiten. Begiratu, ordea, leka landareen aihenen muturretan eta han zorriak egon daitezke. Horiek txingurriek ekarriak eta zainduak izan daitezke. Horiek egiten dute kalte. Horiek ez badaude txingurriak ez dira hurbilduko. Tratatu xaboi potasikoa, neem olioa eta Bacillus thuringiensisarekin.
Usteldura hori zergaitik sortu daitekeen aztertu behar da. Ez ote dago animaliatxoren bat sustraiak jaten dizkiona? Hark egindako zaurietatik sartuko litzatake usteldura sortzen duen onddoa. Sataina, luhartza... Begiratu ea galeria tankerako zulotxorik ikusten duzuten sailean. Beste aukera bat da hezetasun handiegia izatea, plastikoa jarri delako, edo ura pilatzen den tokia delako sustraien hasierako parte hori usteldu daiteke. Pentsatu tipulari hezetasuna ez zaiola zipitzik ere gustatzen. Usteldura guztiak, azken beltzean, hezetasunak ekartzen ditu. Edozein eratara lurra harrotu, ildo-bizkarrak edo muntoak egin eta han landatu, eta abar egin saila lehortzeko.
Edozein materia organiko ongarri bihurtzen da. Beraz belar zaharra ere ongarri izango da ontzen denean. Onena simaurrarekin nahasi edo geruzaka pila egitea litzateke, luarra edo konposta bihurtzeko. Ezin bada, beste era bazter batean pilatu eta piskanaka jiratuz luarra egitea da. Azkenekoa litzateke lurrean barreiatuta uztea, baina horrela ere denborarekin desegingo da. Lur gainean zabalduta uzten baduzu, simaur zahar pixka bat bota gainetik, usteltzerako bidea azkartzeko. Inoiz ez utzi belarra enborraren kontra, usteltzerakoan azala erre bai diezaioke. Enborretik aparte, ukitzen ez duela utzi.
Amona mantangorria arduratuko da zorrien izurriteari tamainan eusten. Armiarma gorri ttikiak ikusteko modukoak baldin badira ez arduratu. Kalte egiten dutenak ia ikusi ezinak dira. Zerorrek ikusi, deskuidoan zorriak ugaritzen hasten badira tratamentua egin beharko duzu: tabako ura, neem olioa eta xaboi potasikoa edo beltza. Bidali duzun argazkia, ordea, beste gauza batek eman dit atentzioa: hostoak hori antzera ez ote dauden... Agian argazkiarena da, baina lupuloa oso berde iluneko landarea da. Zuri ere horrela iruditzen bazaizu, ongarri organiko hondua eman: simaurra, luarra, zizare lurra...
Arbola gazteetan normala da hori gartatzea. Iaz 7n ale eta aurten 200... Neurria hartu behar dio, tamaina, eta era berean hazi eta heldu landare gisa. Loraldia ona eta polinizazioa oparoa izanda ale asko hartu bai, baina gero janaria behar da horiei denei eusteko. Era berean gaztea izanik hazi eta handitu egin behar da landarea, eta bi horiek, indarrean haztea eta fruitu asko ematea bateraezinak dira. Lasai hartu. Zuk egin dezakezun gauza bakarra landarearen bizimodua erraztea da, hau da ondo elikatzeko baldintzak jartzea: eman ongarri organikoa erruz, eta urtero (simaurra, luarra, zizare lurra...)
Bost urteko elorria oraindik ume ttiki bat da. Ehundaka urte bizitzen denez, orain hazi eta hazi egin behar du. Baratze batean egonik, nahikoa janari aurkituko du eta handitzen ariko da. Loratzeko itxaron egin beharko duzu, eta egin dezakezun gauza bakarra ez inaustea da. Inausten baduzu loraldia atzeratu besterik ez duzu egingo.
Lasai hartu.
Antzeko galdera egin zidanari hauxe erantzun nion:
Borroka luze baterako prestatu behar zara. Potro-belarra egoskorra da. Lurpean duen tipulatxoa da gakoa. Hori akabatu behar da. Hor energia pixka bat den artean berpiztuko da. Borroka bakarra hostoak eman ahala kentzea da. Barkamenik gabe, bi edo hiru egunero hosto berriak tira eta atera. Horrela tipulak berriro hosto berriak eman beharko ditu bere energia xahutuz, eta zuk kendu hostoa, eta berak eman eta zuk kendu... Horrela tipulako energia bukatzen den arte.
Lan hau lursail ttiki batean egin daiteke, baina saila handi xamarra bada... Bestea ezikusiarena egitea da. Niri ez dit enbarazurik egiten landare artean ikustean. Landare ttikiak direnean dugu arazoa, gaina hartzen dietelako. Orduan bai, behin edo bi aldiz kendu hostoak eta landarea koskortzean berak hartuko ditu azpian.
Errotabatorra eta baratzeko tresnak dira potro-belarraren aliatu nagusiak, beraiek zabaltzen dute... Kontuz. Gune berri ttikiak kupidarik gabe kendu: aitzurrarekin eman eta lurpeko tipulak atera. Gutxi diren artean egin daiteke hori. Bestela laister izango da han ere andere eta jabe.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545