Asteroko buletina
Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Asuna eliminatu edo bakandu
2024-11-22 15:31 | Edurne

Arratsaldeon Jakoba Aiatik idazten dizut, guk etxevondoan sagasti bat dugu eta azken urteetan asuna asko ugaritu zaigu, ardiak ibiltzen dira zelaian tarteka baina urtean 2/3 aldiz desbrozatzen ditugu asunak. Entzuna dugu udaran ilberri garaian sasoi ona dela asuna eliminatzeko eta saiatzen gara horrela egiten. Orain udazken negu partean zer egin genezake? Ea laguntza txiki bat eman diezaiguzun, Eskerrikasko, Edurne


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-22 18:20

Asuna nitrogeno asko dagoen lurretan ugaltzen da. Simaurketagatik edo larretzen den aziendarengatik goititzen da nitrogenoa. Desbrozaketak laguntzen du atzeratzen; beti ilgoran egiten saiatu eta ahal izanez gero hosto egunetan. Udakoak oso eraginkorrak dira, baina onena urte guztian moztea da, azpiko sustraietako erreserbak ahultzeko. Era berean neguan egin dezakezuna da karea zabaldu. Sagastiarentzako bereiziki ona da eta asunari kalte egiten dio. Aspaldi karerik ikusi ez duen lurra bada 200 gr /m2 erabili. Eta urtetik urtera 50 gr gutxiago eman dosi arruntera iritsi arte: 75 gr/m2. Simaurrik ez eman urte pare batez behintzat…

Gaur arte erantzundakoak (901 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba:
Nahineuke jakin gorosti landarebat basoan dagona aldatzeko garaian gauden ala datorren urterarte lagatzia hobe dan.
Ezkerrikasko, Ondo izan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-10 10:25

Hostoa galtzen ez duten landareak neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran landatu behar dira. Oraintxe udaberriaren erdian gaude. Landarea oso ttikia bada, eta sustrai guztiekin ateratzeko moduan badago posible da orain egitea. Baina bi baldintza horiek zorrotz bete ahal izanez gero. Eta aurtengo udan maiz maiz ureztatu. Bestela hobe duzu hurrengo urterako utzi. Eta martxoaren erdia-amaiera aldera gogoan izan eta orduan aldatu.

Tomateak euli zuriz eta pulgoiek beteta ditut, behintzat horiek direla uste dut. Nola egin daiteke horiek kentzeko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 11:25

Euli zuriari lehortea gustatzen zaio. Zorriari ongarri asko hartzen duten landareen kimua. Lurreko ongarria edo nitrogeno gaindosia kendu ezin duzunez, tratau egin beharko duzu. Tratamentuan erabiliko duzun urak berak uxatuko du euli zuria. BIZI BARATZEA liburuaren intsektiziden atalean jartzen duen bezala, tratatzeko jarri 100 gramo litro erdi alkohol eta litro erdi uretan, hamabost egunez beratzen utzi. Hamar litro uretan urtu eta xaboi potasikoa erantsi. Hamabost egun itxaroten ari zaren artean egun batez beratutakoarekin egin tratamentu pare bat. Xaboi potasikoa garrantzitsua da. Biak akabatuko ditu. Berarekin soilik ere trata dezakezu.

Kaixo Jakoba, melokotoi bat daukit mazeta batetan sartuta, datorren urtean asmoa daukit mazetatik lurrera aldatzea, hau da, hostoak ximeltzen hasi zaizkio zer egin dezaket melokotoia bizkortzeko?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 11:17

Lurrean aldatzeko sasoi onena negua da, hostoa galtzen duten landareak aldatzeko garaia.

Hostoetako zimurrena muxika edo melokotoiaren lepra da, gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doaneanbegiak puzten hasten direnean tratamentu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.

Aupa jakoba, ongarri berdea ereiten badut, zatza ere botatzea komenigarria da ? Edo ongarri berdeaz nahikoa da? Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 11:12

Biak erabili ditzakezu batera. Ongarri berdea eginez gero, sats gutxiago erabili beharko duzu. Satsak ongarri berdearen "usteltzea" sustatuko du. Eta ongarri horren ontzea edo lurreko bere lana azkartu eta indartu nahi baduzu, karea eman.

LYME gaixotasuna ez hartzeko ze egiten dute baserrietan eta ze egin dezakegu gu mendira joaten garenean?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 11:08

Hemen landareetaz dakigu. Lyme gaixotasuna akainek kutsatzen dutela bai, eta aurten sekula baino goizago eta ugariago ikusi ditugula mendian, ere bai. Bina hortik aurrera nik ez dakit zure galdera hori erantzuten. Irratian aipatuko dut eta ea norbaitek erantzun argiren bat emateko gai den. Medikuak, albaitariak edo mendizale jantziak erantzuteko galdera da.

Kaixo Jakoba! Badakizu euskeraz tupa deitzen diogun lurrari, nola esaten dioten erderaz? Eskerrikasko!! Ondo izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-06 22:14

Nik esango nuke marga dela. Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegian Tufa eta Cayuela aipatzen ditu...

Aupa Jakoba egun onak nafarrotik!! Baratze bat dugu, pixka bat hezea den lekuan eta errak baten ondoan, bi lursailekin: bata babestua negutegi gisa (idorragoa) eta bestea kanpoan (hezeagoa). Urtero azenarioak ereiten ditugu, eta bi lurretan egin dugu proba, baina zailtasunak izateran ditu ateratzeko: asko kostatzen zaie, normalean baino hazi gehiago erein behar dugu, belar txar asko atera ez azpiratzeko... ez da ohikoa, jendeak arazorik gabe izaten dituelako azenarioak baratzetan. Laguntzerik? Aldez aurretik eskerrak zure lanagatik!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-09 10:59

Lur itoak ez zaizkio gustatzen azenarioari, beraz lurra lehortze aldera lan egin behar dezute. Inguruko landareek eman dezaketen itzala kendu, lurra harrotu karea emanez, eta asko gustatzen zaiona errautsa edo sutako hautsa da. Simaurra ere ez zaio gustatzen, batez ere oso ondo ondu gabekoa. Ea horrela...

Aupa Jakoba : Aste honetan jabetu naiz baserri aurrean dudan aranondo oparoak gaixotasunen bat duela. Lehenik beheko adarrean hasi bazen ere, erabat zabaltzen doa bere zimeltze egoera. Ez dut zorririk edota beste ezer ikusten. Alez beteta dago, kolorea jaon zaie hostoei eta erraz atzematen zaio gaixo dagoela landarea.
Zer egin dezaket?
Mila esker eta segi pizkor
Xanti
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-10 10:19

Argazkian ez da oso ondo ikusten, baina Aranondoa ez dut oso gaizki ikusten. Nik esango nuke arazoa inguruan duela. Aranondoari ez zaio itzala gustatzen. Eta hezetasuna ere ez. Beraz onena bakarrik, inguruan beste arbola edo zuhaitzik izan gabe du. Argazkian zuhaitzez inguratua ikusten dut... Horietakoren bat kentzerik bai? Egin behar duzun guztiak bide honi jarraitu behar dio: eguzkia eta argitasuna eman eta hezetasuna kendu. Hezetasuna kentzeko lurrean ura bideratu, eguzkia lurreraino sar dadila, karea eman...

Kaixo Jakoba!! Ardi batzuk dauzket belaze batean eta belarra jaten dijoazenen menta uzten dute jan gabe. Abuztualden saila moztu eitende eta ardik atea eiteitut, urtetik urtea menta gehiago dauketela iruitzen zait. Zer egin nezake menta gutxitzeko? Noiz da komigarria moztea menta oi??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-05-01 22:12

Menda lur aberatsetan ugaltzen da. Artaldea dabilenez, etengabe ongarritzen dute sail hori. Horrek dakar lurrean nitrogeno freskoa barra-barra izango dela. Horrek indartzen du menda. Artaldea ateratzea ezinezkoa izango denez bi lan hartu: batetik ilgora guztietan menda moztu eta lur horri karea eman. Mozteak mendaren sustraietako erreserba makalduko du. Kareak lurraren pH-a goratuko du, lurra harrotuko du, hezetasuna urrituko du eta ongarri nitrogenatua desegiten lagunduko du, dena mendaren gustuen aurka.

Kaixo Jakoba, Amaia Azpeititik (Gipuzkoa). Kezkatuta idazten dizut, izan ere, etxean ditugun zuhaitzak geroz eta apalago nabaritzen ditugu. Intxaurrondoak (50 urte inguru) enborraren oinetik du azala harrotuta, geroz eta handiago egiten ari da zauria. Bestetik, Haritzek (batak 80 eta besteak 100 urte) enborraren erdialdean dituzte zauririk handienak, zulo izatera iritsi arte. Harrogunea kareaz estaltzeko ohitura izan dugu, baina arrakasta handirik gabe. Zer egin genezake?

Mila-mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-30 08:15

Argazkiko zuhaitzaren arazoa belarra moztetik etor daitekeela dirudi. Belarra mozterakoan makinak zuhaitzaren azala jotzen badu hau harrotu eta erori egingo da. Zauria ikusiko duzu. Lan hori etengabe errepikatzen bada, zauria haunditu besterik ez da egingo, zuhaitzari kalte handian eraginez. Indarra baduela ikusten da, altsuma berria botatzeko gai baita. Belarra mozteko makinak bezala desbrozadorak ere kalte bera eragiten du.

Hobe duzu zuhaitzaren ipurdiaren inguruan belarra handia utzi. Edo zuhaitzaren inguruan lore edo zuhaixka batzuk jartzeko txokoa sortu. Azpian edertzen dute eta belarra mozteko makinei azaletik urrun dagoen muga jartzen die.

Haritzen enborraren erdialdeko zauri horiek ikusi egin beharko dira, zer diren eta nondik-norako arrazoia duten jakiteko...

Zer gertatzen zaio gure limoneroari? Ostoak horitu eta erori egiten zaizkio
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-30 08:02

Lorontzia ikusi behar da arazoaz jabetzeko. Baina elikadura arazo bat aurrikusi daiteke. Aurrez, hala ere kotxinila edo antzeko izurriteren bat ez duela ziurtatu behar da. Hostoetan eta adar ttikietan lapa antzeko intsektu itsatsi batzuk dira kotxinilak. Bera dagoen tokian hostajea erori aurretik kraka beltz batek estaltzen du. Bestela elikadurari erreparatu: ontzia txikiegia eta landare handia mantendu behar. Hori gutxi balitz fruitu mordoxka. Hasteko, kendu fruituak. Nahi izatera erakusle izango den bakar bat utzi. Ontzi handiago batean jarri, ondo drainatzen duela ziurtatu, urak erraz alde egin behar du. Lur ona jarri, ahal duzun onena eta ureztaketa zaindu. Maiz ureztatu, baina esan bezala, soberan duen urak erraz alde egiteko moduan.

Kaixo,
sagarrondoak eta intxaurrak ditugun lur zatian belarra moztu dugu eta honekin zer egin ez dakigu. Txarra al da zuhaitzei azpietan jartzea??
Mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-29 11:11

Onena belarra usteldu eta ongarri bihurtzea da. Horretarako bi aukera dituzu. Batetik belarra moztu ahala, lur gainean bertan utzi zabalduta eta laister ustelduko da eta lurrak irantsiko du. Bestea, belarra pilatan jarri, simaurra balitz bezala eta luartu edo konpostatu. Azken aukera honetan tartean jartzeko simaur edo luar pixka bat baduzu hobe.

Aukera txarrena arbolen ipurdi bueltan jartzea da. Ez da ondo usteltuko eta sustraiak jaten dizkieten satainak bertan gozo biziko dira bere harraparien eta arerioengandik ederki ezkutatuta. Bestetik arbilak elikatzen dituzten sustraiak enborretik urrun daude, gutxienak enbor bueltan. Beraz janaria denean zabaltzea komeni da.

Egunon, esan didate baba berdearen alea, leka babarruan urte bisiestoetan alderantziz osatzen dala, horrela da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-29 11:06

Ez dut inoiz ezagutu hori. Eta lehenengo aldiz antzuten dut. Beraz hurrengo urte bisiestoan frogatu beharko dugu esaera hori. Hala ere, urte bisiestoek duten berezitasun bakarra da urtez urte pilatzen den denbora atzerapen txiki bati tartea egitea eta lau urtez behin atzerapen hori "berdintzea". Beraz landareen ikuspegitik aparteko ezer ez dakartela esatera ausartzen naiz. Egutegirik ez dute behar landareek, gu baino azkarragoak dira...

Kaixo! Hilabete honetan noiz da egunik aproposena patata ereiteko? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-29 10:59

Patata ilbeheran landatzen da. Egun onenak sustrai egunak dira. Maiatzean bi baldintza horiek betetzen dituzten egunak hauetxek dira: 14 arratsaldea, 15 egun osoa, 16 goiza eta 17 16:00 arte.

Telebista programa batean ("Mountain men") ikusi nuen akazia azalarekin eltxoak uxatzeko pasta bat egiten zutela. Probatu nahi det baino jakin behar nuke ze garaitan kendu behar nioke azala akaziari ahalik eta kalte txikiena egiteko arbolari.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-20 21:47

Lehenengo jakin beharko genuke akazia zer zuhaitzeri deitzen zioten. Guk akazia deitzen duguna benetan sasiakazia da, Robinia pseudoacacia. Benetako akaziak mimosaren familliakoak dira (Acacia dealbata). Hala ere, azala kentzeko onena adarren bat moztea da. Horrela adar horren azala erabili eta kitto. Zuhaitzari azala kendu eta zauria bertan utzita, kalte handia litzateke. Beno, baita ere jakin beharko genuke zenbat azal behar den...

Arratsalde on, galdera bat dut zuretzat. Pagoa sartu dut zelai batzuetan, orain hostoak ateratzen ari zaizkie, baina inguru hauetan orkatz asko dabilenez, babesgarriak jarri nahi dizkiet. Pagoak 80cmkoak dira gutxi gora-behera, babesgarriak 1,2cmkoak. Babesgarri hauen barruan geratuz gero pagoa ondo egongo litzateke edo punta agerian izan beharko lukete? Babesgarriak baso askotan ikusten diren moduko berdeak dira. Aldez aurretik eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-19 17:36

Babesgarria luzeagoa izanagatik jeneralean ederki etortzen dira eta laister hostoak gainetik azaldu. Hala ere zaindu eta ikusi zer gartatzen den, luzatu eta azaldu ezinik jarraitzen badute eta hostoak ez badute babesgarriaren barruan kolore naturalik moztu. Nahi baduzu batzuk moztu eta beste batzuk luze utzi eta saioa egin. Hala ere hostoa azaltzen denean hura ere jan dezakete.

Kaixo, itxura oso txarra daukate hostoek, eta zuhaitza buelta eman ezinik dago, gainera melokotoi ale ugari dazka ttiki ttikiak. Ez dakit zer gertatzen zaion, ez daukat esperientziarik.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-19 11:35

Muxika edo melokotoiaren lepra da gaitza. Taphrina deformans onddoak sortzen du. Oso zaila da bere aurka egitea orain. Gaitza ez hedatzeko kuprea erabili behar da, salda bordelesa. Azeribuztanaren ura eta xaboi pixka bat nahastuta eman. Gaitzari benetan aurre egiteko, hostoa erortzen hastean hostajea tratatu eta, batez ere, udaberrian lorea irekitzera doanean begiak puzten hasten direnean tratamentu pare bat egin, loreak erabat ireki aurretik, 4-8 eguneko tartearekin. Lehen esandako nahasketarekin. Lorearen ondoren ateratzen dira hostoak eta orduantxe kutsatzen da gaitza, iazko udazkenean geratutako arrastoetatik.

Bidanin dauketen arbola onek ematen ditun sagarrak segitun jan bear die, bestela usteldu eginten die, zer dago egitea?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-16 18:18

Nik karearekin saioa egingo nuke. Karea eman lurrari urtero. Onena pikorra edo koxkorra. Kilo pare bat banatu arbolak adarrak hedatuak dituenen azaleran eta metro pare bat gehiago buelta osoan. Simaurra azaroan ematen den bezala karea otsailean eman behar da. Gogoratu urtero. Eta ea zer gertatzen den...

Kaixo Jakoba! Pinudiak bota ditugu eta hauen ordez gereziondoa (prunus avium) eta lizarra sartzekotan gaude. Printzipioz, egurretarako sartu nahi dugu baina zuhaitz hauen fruituarekin Europa erdialdean edari bat egin ohi dutela irakurri ahal izan dut: Kirsch du izena. Posible ikusten al duzu bi jarduerak konbinatzea, hau da, basogintza eta likore horren produkzioa. Katalunian ardoa ere egiten omen dute gereziokin. Agian astakeria bat da ideia bera baina interesa piztu du nigan eta zure iritzia jakin nahi nuke. Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-16 08:51

Zura eta egurra sortzeko aukera ona egin duzu. Gereziondoak oso zura ona sortzen du. Lizarra ez da hemen hainbeste estimatzen, baina oso egur ona ematen du. Gereziondoaren arazo nagusia lurretik dator, buztin lurretan ito egiten da eta gaitzak jotzen du. Lizarra, aldiz, gustura etorriko da lur horietan.

Likoregintzaz, bai toki askotan topatuko dituzu gereziarekin edo bere familiako beste fruituekin egindako likoreak. Era guztietakoak: gozoak, gogorrak, lehorrak...

Nire ustez zailena da bi helburu horiek lortzeko basoa bideratzea. Zura ona lortzeko gereziondoaren enborra gutxienez 3 metro arte soildu egin behar duzu, adarrak moztu, zuzen eta adar-begirik gabekoa izan dadin. Horrek gero zaildu egiten du fruitua biltzea. Fruitutarako alderantzizko arbola behar duzu, adarrak behe-behetik utzita, fruituak eskuera izan eta bilketa erraza izan dadin.

Kaixo Beñat naiz eta Araiztik idazten dizut (Nafarroa).2017ko apirilean, barruti batean, negutegi bat jarri nuen. Ekaina bukaerarako, ni konturatu orduko bertan zeuden tomateak, kalbazinak, pepinoak kolore guztietako (gorriak, berdeak, marroiak) zorriz beteta zeuden, sekulako izurritea sortuz. Lehengo urtean tomate landareak jarri orduko behatzen joan nintzen ea zorririk zeukaten. Orduan ere sortu ziren. Xaboi ura nahiko maiz botatzen nien eta piretrina ere pare bat aldiz bota nien.Horrekin izurritea pixka bat kontrolatu nuen , gutxienez ez zen beste landareetara zabaldu baina al ere tomateak zorri asko izaten jarraitu zuten. Hori gutxi balitz euli txuria ere agertu zen udazkenean izurrite galanta bihurtuz. Orain uraza batzuk ditut eta berriro agertu da zorria. Zorria non egoten da landarerik ez dagoenean lurrean?negutegia jarri berritan ongi ondu gabeko konposta ekarri nuen Iruñeko mankomunitatetik eta lurrari nahasi nion, bertan etor zitezkeen?Landareak jarri berritan oilo ongarri granulatua botatzeko ohitura daukat eta udaran astean behin ureztatzen ditu landare guztiak eta bero handia egiten duenean astean bi aldiz. Udako landareak landatu aurretik zerbait berezia bota beharko nuke lurrera zorriak akabatzeko? Tomateak landatzekotan nabil, zorriari eta euli txuriari aurre hartzeko zer egin dezakeedan jakitea gustatuko litzaidake.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-08 21:59

Zorria nitrogenoarekin lotu behar da. Garrantzitsuena hori da, beste arrazoiren bat izan daiteke, baina hasteko nitrogenoa. Landareen janari horrek hazkuntza sustatzen du: enborra, zuztarra, adarra, hostoa... Eta zorriak eztena sartu eta izerdia zurrupatzen du. Horretarako, noski, zati guriena, izerdi gehiena duena, biguinena hautatzen du. Beraz, ongarri nitrogenatu asko egoteak zorriak ekarriko ditu. Negutegian bertan, inguruko landareetan, ekarri dituzun landare txikietan... nonahi egongo dira negua igarotzen. Baina garrantzitsuena da izurrite bilakatzen bada nitrogeno sobredosia dagoelako dela. Zaindu beraz ongarriketa. Gutxi ongarritu, tamainan eta sekula ez ondu gabeko ongarria. Ongarri freskoa edo ondu gabekoa ekartzen baduzu, utzi bazter batean eta material "egituratzailea" karbono asko duena (adar zatiak, lastoa, txirbila...) nahastu eta luartu edo ondo konpostatu erabili aurretik. Horrek zorria atzeratzeaz gain landarearen bizimoduari lagunduko dio, eta batez ere uztaren kalitateari. Izan ere, nitrogenoa maila normal batera eramateak beste jakiak mugitzea ekarriko du, landarearen mesedetan. Oiloaren zirinak ere nitrogeno ikaragarri du. Kontuz, gutxi bota edo ahal baduzu ardiarena edo behiarena erabili. Euli txuria ia negutegi guztietako izurritea da. Plastikoa eta lurrak bat egiten duten tokian bizitzen da eta irauten du. Ingurune lehorrak atsegin ditu. Hartu motxila eta urarekin busti. Plastikoa metro bete alturan eta lurraren ertza. Ahalik eta maizen.

Kaixo. Orain dela pare bat aste baratze ondo-ondoan 30 marrubi-landare jarri ditugu lorontzietan. Kontua da hiruzpalauetan inurriak azaldu zaizkigula (marrubiak eta hostoak jaten dituzte). Egia da, oraindik ez dutela kalte handirik egin, baina gustatuko litzaiguke kalte handiagoak saihestea. Kalendula eta kaputxinoa jartzeko asmoa genuen, batez ere baratzea babesteko. Ideia ona da? Beste erremedioren bat?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-08 15:37

Inurriei gustatzen ez zaien landarea izpilikua da. Landatu aldamenean edota bere hosto eta lore lehorrak lur gainean jarri. Kafe hautsa lehorrarekin ere saioa egin dezakezu. Lur azalean geruza mehe bat jarri.

Garai honetan marrubiak kalean landatzea dago? Edo komeni da negutegian jartzea? Altsasun nago.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-04 12:38

Jarri kanpoan lasai. Marrubi landareak hotza ederki jasatzen du. Horregatik udaberriarekin loratu eta fruitua ematen du.

JOAN DEN ASTEAN SUSTRATO PAKETE BATI ERREPARATUZ MADE IN GERMANY JARTZEN ZUELA ETA HARRITTUTA GELDITTU NINTZEN. EKOLOGIKOAN EKOIZTEN ZUTELAKO ETA NRE USTE APALEAN EKOLOGIKOARI BERTAKOA ERANTSI BEHAR ZAIOLAKO.
GALDERA: ZE SUSTRATO EROS DAITEKE DONOSTI INGURUAN?

ESKERRIK ASKO
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-04-02 18:37

Sustrato onena lurra bera da. Ahal baduzu inguruan topatu lur beltza emango dizun norbait. Baratze, soro edo erriberako lurra da onena. Horri ongarri organikoa erantsi: simaurra, luarra edo konposta, zizare-lurra... Zakuetan etortzen dena nahi baduzu Euskal Herrian zakuratzen dutenak ere badira. Donostiatik hurbilena, nire ezagutzan, Idiazabalen dago. Idiazabal + sustrato idatzita erraz topatuko duzu interneten.

Arratsaldeon,dauzkit mazetatan ezpelak eta maruriak, belaxe hasiko naiz ezpelan bacillus thurisgiensis botzatzen,hau da, kalterik egingo dio bacillusek maruriri? jateko modukoak egongo al dia?
esker mila.
MARURIAK=MARRUBIAK
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-26 16:54

Kalterik ez die egingo. Bacillusa ezpelaren harrarentzako kaltegarria da, baita beste edozein harrarentzako ere. Baina landareentzat ez. Ez da pozoina, eta beraz marrubiak lasai asko jan ditzakezu.

Kaixo Jakoba:
Ez dut gogoratzen loto landarearen izena euskaraz... Igerlandarea? Beno, gaurkoan galdera zera da: loto landare bat dut etxean 60 zmko diametroa eta 45 zmko altuera duen ontzi batetan. Terrazan dago. Hiru urte bertan dagoela gutxi gorabehera. Abonu piskat botatzeko garaia dela uste dut. Esango zenidake zein motatako abonua beharko lukeen eta non lor dezakedan mesedez?
Mila mila esker eta segi zure horretan, oso gustuko dut egiten duzuna! Goizane
2 erantzun | Zeuk erantzun
Goizane Gabilondo Markes-ren erantzuna
2019-03-24 09:52

Gauza garrantzitsu bat ahaztu zait esatea. Bi arraitxo bizi dira uretan landarearekin.

Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-27 12:21

Izena igebelarra da. Onena azpiko lurrean luarra edo ondo heldutako simaurra jartzea da.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora