Intxaurrak bost, hotsak hamabost

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Aza jendearen harra
2025-10-29 19:09 | Amaia

Arratsaldeon: Brokolian eta aza-lorean har berdea sartu zait. Zer egin behar dut hurrengoan ez sartzeko? Sarea jarrita, ondo? Eta orain, zer egin beharko dut har horiekin? Nora bota edo... Baratzean ez geratzeko, diot. Argazkia atxikitu dut. Esango didazu. Eskerrik asko eta ondo izan. Amaia Iparragirre Mendia


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-10-30 12:24

Tximeleta txiki zurizta bat da, hegal bakoitzean puntu borobil beltza duena, Pieris brassicae. Hostoen azpiko aldean arrautza hori-laranjak multzoka jartzen dituena. Sistema onena arrautzak edo harrak jaiotzen direnean behatz artean zanpatuz lehertzea da. Aza sail handia baduzu beste nolabait moldatu behar. Bada bere aurka egiten duten liztor (Apanteles glomeratus), erle, armiarma eta abar, beraz hauek erakarriko dituzten beste landareak dauden tokien inguruan landatu azak: tipula, erromeroa, salbia... Harrak sortu orduko xaboi potasikoa eta “Bacilus thuringiensis” produktuarekin tratatu, ahal dela harrak berak bustiaz, 3-4 egunetik behin, garbitu arte; naturala da, harraren beraren gaitza zabaltzen duzu.

 

Izurrite honi aurrea hartzeko beste trikimailu bat ere bada, BIZI BARATZEA liburuaren 89. orrialdean azaltzen dudana: azaren gainean eta lurrean bere artean garoa (Pteridium aquilinum) jarri. Tximeleta arrautzak jartzera hurbiltzen denean garoaren usainak uxatu egiten du.

Gaur arte erantzundakoak (1126 galdera-erantzun)

Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-07-19 00:00

Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.

gora