Kaixo, oraindik kiwiek batzuk arbolan daude. Noiz arte batzea posible da?
Gaur arte erantzundakoak (680 galdera-erantzun)
Egunon Jakoba,
ipini ahal ditzakezu berriro satorrak uxatzeko modu batzuk? Nik zepoak erabiltzen ditut baina... pazientzi askoz
Nahikoa lan ematen digu bai lurpeko lagun honek. Alde egin arazteko intsusa (Sanbucus nigra) edo tartikua (Euphorbia lathyris) irakinez egindako urak botatzen zaizkio zuloan, egin berria denean hobe. Bestetik, satorra uxatzeko era errazagoa bada: metro eta erdiko burdinezko hagatxoak behar dira. Erdia lurrean sartu eta beste erdia airean geratzen delarik. Kanpoko horren muturrean buruz behera plastikozko botila sartu buruz behera. Haizeak botila dantzatzen duenean honek dardara eragingo du eta lurpean ere bibrazioa sortuko da. Hau ez dute batere gustuko eta inguru horretatik alde egingo dute.
Ea bada honela lortzen duzun...
Zerorrek esan duzu dena: lur askea da. Honelakoetan hobe da ez iraultzea eta lurra bere horretan uztea. Egin behar dugun lana errazteko adina landu, ahal den eta arinen eta nahikoa da. Askoz ere emankorragoa izango da lurra irauli gabe.
Honela diot nire “BIZI BARATZEA” liburuaren 38. orrialdean: “Gaur egun, hala ere, lurra irauli gabe lantzeko joera hedatzen ari da. Lurrak berezko egitura du, mailaka eta geruzaka antolatua. Maila bakoitzak berezko bizitza du eta mailak iruliz gero bizitza hori zaildu eta eragotzi daiteke.”
Beraz aitzurrarekin axal-aalean mugitu eta nahikoa izango duzu. Lantze honen neurria urte sasoiaren eta eguraldiaren araberakoa izango da. Zeuk hartuko diozu tamaina.
Kiwia (Actinidia sinensis), gure lurretan ez da arbolean bertan heltzen edo umatzen. Arbolean utziz gero hotz handiak hastean biguintzen hasiko litzateke, baina denak batera, eta konturatzerako usteltzen ere bai. Kiwia jasotzeko edo gordetzeko nahi baduzu ahal den helduena baina izotzak harrapatu gabe batu behar da. Jeneralean urriaren amaieran edo azaroaren erdia aldera. Eta iraupen luzeagoa izan dezaten ilbeheran.
Batutakoan toki ilun, fresko-hotz eta egurastu batean zabal-zabal eginda jarri. Garrantzitsuena hori da: argirik ez hartzea, tenperatura ahal den eta baxuena eta airea berritzea. Gero heldu arazi nahi dituzunean, helduta dagoen beste frutaren batekin (sagar, banana...) ontzi edo poltsa hermetiko batean itxita jarri.
Nik ezin dizut galdera hori erantzun. Ni ez naiz landareek gure osasunean duten eraginaren gaietan jakitun. Hori sendagileren bati galdetu beharko diozu.
Hala ere maiz entzun eta irakurri izan dut landare askok badituztela osagai “antibiotikoak”: tipulak, kurkumak, baratxuriak, oreganoak eta abar.
Ea suertea dezuten eta proiektua ondo burutu dezakezuen.
Amaitzean idatzi mesedez eta guk emaitzak zabalduko ditugu.
Veza deitzen duzun hori Vicia sativa dela uste dut. Gazteleraz veza eta arveja deitzen zaio. Euskaraz zalkea eta duela gutxi esan didatenez txirta.
Lekaduna da zalkea, beraz lurra nitrogenoz aberastu egiten du. Bere ostean ondoen etorriko diren ortuariak hostoa aprobetxatzen diegunak dira: eskarola, zerba, letxuga, ziazerba...
Kareari dagokionez, jeneralean nitrogeno asko dagoen lurretan mesede handia egiten du. Dantzatu lasai. Nahi baduzu errautsa, kareharri xehetua edo kare bizia edo hila.
Eguzkilore lehorraren etorkizuna beti bera da, zeuk ederki asko agertu duzuna: ximel-ximel egin, loreko hazi guztiak harrotu eta hosto guztiak galdu. Lehnxeago edo geroxeago hori gertatuko da. Nire ustez ilbeheran moztuz gero gehiago iraungo du. Bestetik non jartzen den ere ondo pentsatu eguzkiaren argiak azkar erreko du. Lehorrean eta ahalik eta argi gutxien hartzen duen tokian jarrita luzeago iraungo du.
Nola jartzearena beste upeleko sagardoa da. Hortan iaioa den baten bat izango duzu urrutira gabe: iltze, puntapax, lokarri, alanbre…
Egunon Jakoba!
Ba al da gurean Calçots deritzana jartzerik. Eta hala bada, zein da ereiteko garairik egokiena? Behar bereziren bat du landare honen zaintzak?
Gu zehazki Oñatin bizi gara.
Calçota, lurreztatutako tipula da. Tipula burua landatzen da, orain lehortuta dauzkagun buruak, Irailaren hasieratik azaroa bitartean. Goiko muturra moztu eta landatzen dira, ilada artean 80 zm. eta buruik burura 30 zm.. Buruaren erreserbetatik kimu berriak etorriko dira, 5-15 tarttean buruko. Kimu hauek hazi ahala lurreztatu behar dira. Eta honela lortzen da tipula gero eta luzeagoa izatea, porruaren itxurakoa. Lurpean egonda zuritu egiten da eta bere dasta findu. Burua jarri dugunez bi urtekoa izango da udaberrian eta zildu, loratu eta hazia emateko joera azkar piztuko zaio, eta beraz luzeetsi gabe jaten hasi. Otsaila_martxoa da han barazki honen sasoia.
Ikasketa batzuk Catalunyan egina naiz, baina garai hartatik gaurko egunera gauzak asko aldatu dira. Ondoko informazioa Atxondoko Biezko Baserriko Aner lagunak eman dit. Berak “Blanca gran tardana de Lleida” deritzan aldaera erabiltzen du, Catalunyan sonatuena. Lehen tipula gorriak ere egiten ziren. Euskal Herrirako tipulina egiteko erabiltzen den “Babosa” aldaera proposatzen du berak.
Behar bereziak bi: batetik janari asko eskatzen du, aurrez eskuzabal ongarritutako lurra nahi du eta, gogoratu, tipula da: tipulak lur motela, astunak, buztintsuak eta urasetutakoak gorrotatzen ditu. Lur harroak maite ditu. Lur tontorrak egin eta alboetan landatu edo koskatan igo... Baina kontutan izan gero lurra eman eta eman lurrak bere bueltan geratzeko modua beharko duela...
Bi aukera daude: irailaren amaiera aldera aldaxkak kendu eta landatu. Landatutako hauek eta geranio amak babesera eraman. Etxeko egutera aldeko hormaren kontra edo antzeko toki batean jarri. Barrura inola ere ez sartu, nahi baduzu aterpe ireki batean. Azken aukera honetan pixka bat ureztatu. Neguan berez ez dute asko behar.
Bigarren aukera, geranioak bere horretan, orain dauden bezala babesera eraman. Udaberrian, martxoaren hasiera aldera, izerdi berriarekin aldaxkak moztu eta landatu.
Kimatu nahi izanez gero, bi kasuetan udaberriko izerdiarekin kimatu.
Nire iritziz honelako lanak egiteko ilbehera da egokiena. Sagardoari gehixeago kostako zaio etortzea baina luzeago iraungo du. Botilaratzeko ere ilbehera aukeratu, inolako zalantzarik gabe. Sagardoak dantzatu ederra hartzen du botilaratzean eta hobe da ilbeheraren apaltasunean egitea. Egun ekaiztsuetan eta haizetsuetan ez nuke nik lan hori egingo. Hotzak, aldiz, lagundu egiten duela esango nuke, sagardoa garbiagoa, ama gutxiagorekin, izango da.
Landareei buruzko proeiktu bat egin behar dugu, eta pentsatu dugu baratza moduko bat egitea. Horretarako, landare ezberdinak landatu behar ditugu baino ez dakigu nondik hasi.
Lana burutu ahal izateko landareak azkar hazi behar dira,horretaz gain, landarearen zati desberdinak jaten ditugu azaldu nahi diegu . Adibidez, patata (sustraia), etab. Gainera, loredunak eta loregabeak bereizi nahiko genituzke.
Galdera zehatzago azaltzea eskertuko nuke. Ulertzen dudanez eskolan egin nahi dezute baratzea, ezta? Haurrentzako, alegia. Noiztik noizera arteko denbora dezute? Ikasturte osoa badezute buruan inolako arazorik ez dago. Nahikoa denbora badezute. Hasteko ereiteko haziak eskuratuerraz eta azkar etorriko diren landareak sortzeko (azenarioa, perrexila, baba handia, ilarra, errefaua, ziazerba, uraza...) Bina baita landaretxoak ere, hauek azkarrago etorriko dira: tipula, porrua, eskarola, zerba... Baita landare zatiak ere landatu ditzakezue: marrubia, baratzuria, patata...
Landareen zati desberdinak baliatzeko aukera handia dago: sustraiak (azenarioa, errefaua, erramolatxa...), tuberkuluak (patata, boniatoa...), hostoak (zerba, ziazerba, eskarola, uraza, aza...), loreak (orburua, kuiatxoak, azalorea, brokolia...), fruituak (leka, tomatea, piperra, alberginia, kuiak...), haziak (babarrunak, artoa...) eta abar
Loredunak eta loregabeak bereizte nahi hori ez dut ulertzen. Loratu aurretik eta loretu ondoren baliatzen ditugunak? Loretu behar dira lorea bera, fruitua edo hazia aprobetxatuko diegun landareak. Baina loratu, loratu landare guztiak loratzen dira. Hostoa edo sustraia kendu nahi diegun landareak garatu, tontortu eta loratzeaa ez da komeni, ordea.
Seguruenera azaren harra da, ohikoena Pieris brassicae da. Tximeleta zurizta bat da, hostoen azpiko aldean arrautza hori-laranjak multzoka jartzen dituena. Sistema onena harrak jaiotzen direnean behatz artean zanpatuz lehertzea da. Aza sail handia baduzu beste nolabait moldatu behar. Bada bere aurka egiten duten liztor (Apanteles glomeratus), erle, armiarma eta abar, beraz hauek erakarriko dituzten beste landareak dauden tokien inguruan landatu azak: tipula, erromeroa, salbia... Harrak sortu orduko “Bacilus thuringiensis, 24” produktuarekin tratatu, ahal dela harak berak bustiaz; naturala da, harraren beraren gaitza zabaltzen duzu.
Izurrite honi aurrea hartzeko beste trikimailu bat ere bada, BIZI BARATZEA liburuaren 89. orrialdean azaltzen dudana: azaren gainean eta lurrean bere artean garoa (Pteridium aquilinum) jarri. Tximeleta arrautzak jartzera hurbiltzen denean uxatu egiten du.
Argazkiak ez du informazio gehiegirik ematen, baina saiatuko naiz. Itxuraz limoiondoa (Citrus x limon) kartzelan bizi da, lorontzi batean, alegia. Ontzia txikitxoa izango da. Fruitu arbolak hazteko ontzi handia jarri, HANDIA. Limoiondoari eguzkia gustatzen zaio, ahalik eta gehien izan dezan saiatu. Ureztaketa zaindu, erraz drainatzen diren lurrak atsegin ditu. Eta etengabe ongarritu, hilero edo bi hilabetetik behin ongarri organiko ona (simaur zaharra, luarra...) jarri lurraren gainean.
Kontutan izan: ontzietan bizitzen diren landare guztiak ahulagoak dira, eta gaitzek eta izurriteek errazago erasotu eta kaltetzen dituzte.
Intxaurrondoak (Juglans regia) hostaia galtzen du. Soiltzen diren espezie guztiak bezala udazkenean edo neguan aldatu behar da abendutik hasi eta otsaila bitartean. Guza bat bakarra izan kontutan: izotza izateko beldurrik ez dadila izan egun horietan. Landatzeko zuloan lurra harrotu egiten da eta izotz handia badator lurreko tarteetan barrena sartu eta sustraiak izoztu ditzake.
Nola egin? Landarea ahal den lur guztiarekin mugitu behar da. Ateratzerakoan ahal den eta sustrai kopuru handienari eta ahal bada oso-osorik eutsi. Sustrai handiak mozten badituzu, landareak zaputzaldia izateko arriskua izango du eta urte batzuetan agian buelta eman ezinik egongo da. Sustraietako zauri handiak babestu: salda bordeles pixka bat ontzi batean jarri, ur ttantta batzuk erantsi, ondo nahasi eta ore edo pasta antzeko horrekin busti zauriak. Hostaia berria ateratzen hasten denean asu urarekin ureztatzen baduzu alde ederreko indarrean etorriko da.
Iepa Jakoba.
Itziar naz, Errigoititik. Lehen pinudia izandako 14000 metro2tan intxaurrondoak jarri gura doguz. Etxean berez hazitako intxaurrondo emankor batetik haziak hartzea pentsatu dot, eta gero sortuko litzakezen landareak ez mendatu edo eztitu. Zer irizten deutsozu?
Bestetik, zein sasoitan erein behar dodaz? Eta zenbat denboragarrenean landatu?
Eskerrik asko.
Hazitik sortzeko ama eta aita behar dira: aitak polen hautsa zabalduko du eta honek amaren lorea ernalduko du. Amak emango du fruitua, intxaurra. Hazi horretatik sortutako landareak ez dira inoiz erabat amaren edo aitaren berdinak. Baten antza, bestearena edo bien ezaugarrien nahasketa izango du.
Etxeko hazitik intxaustia edo intxaurraga sortzea ondo iruditzen zait. Zeuk ezagutzen duzu inork baino hobeto etxeko hori… Eztitu edo mentatu gabe denek ez dute forma berdina ez intxaur berdin-berdinik emango baina naturalagoa izango da...
Honetarako intxaurrak bildu bezain pronto geruzatu edo estratifikatu. Ipurdian zuloak dituen ontzi batean (egurrenko kaxa bat, lorontzi bat...) erreka-hondar edo hare geruza bat jarri gainean intxaur geruza bat, gainean harea... Honela ontzia bete arte. Kanpoan eduki hotzetan eta euritan, lehortzen bada ureztatu. Otsailean atera eta erein, bestela bertan ernetzen utzi eta martxoa-apirilean atera eta landatu.
Onena intxaurrondoa gero biziko den toki berean sortzea dela esanten da. Sustrai lodikote nagusi bat ematen du eta tokiz mugitzen dugunean jeneralean sustrai hau moztu egiten da. Hazia muintegian edo baratzean eginez gero ahal den azkarren jarri behin betiko tokian, lehen edo bigarren urtean.
Kontutan izan: buztin lur motelak ez ditu atsegin eta behar bezalako tartea eman landare batetik bestera, gutxienez hamar bat metrokoa...
Txomin-belarra, Lekeitio-belarra, Bermeo-belarra, barrabas-belarra, barrabasa, potox-belarra, potro-belarra... Zenbat izen ote ditu belar honek? Denak belar txarra edo gogaikarria dela adierazten dutenak. Izen zientifikoa Oxalis latifolia du.
Oso zaila da baratzetik kentzea, erabat kentzea ezinezkoa dela esango nuke. Herbizida kimikoak erabilita lurra erabat kutsatuko duzu eta denbora luzez bertan sortutako ezer ezin jan. Rotabatorra da bere lagun handiena, aipatzen dituzun lurpeko erraboilatxoak ebaki eta zabaltzen ditu. Nik uste dut barrabasarekin ezikusiarena egin behar dela eta ugari dagoen tokietan landare altuagoak izango direnak jarri eta ttikiak jartzeko edo haziak egiteko lur garbia erabili.
Nik ez dakit beste izenik baduen, guk luisa-belarra deitzen dugu Aloisya citriodora. Luisa-belarraren adaxkak egiteko ahal dela lehengo urteko adarra eta urteko kimua hartu. Zuzenean landatzea da onena, lur beltz harroa eta erreka-hondarra nahasi. Aldaxkari mutturreko heren bateko hostoak bakarrik utzi. Azpiko aldeko bi herenak soildu, labana batekin goitik behera arrastan azala zauritu eta aldaxka ebaki dugun zauria zanpatu. Soildutako zatia lurpean jarri eta ondo zanpatu. Dilista ura prestatu (uretan jarri dilistak, ernetzen direnean ur eta guzti txikitu) eta berarekin ureztatu. Aldaxkak plastiko garden batekin estali daitezke, giro hezeari eusteko.
Beste era bat ere badago landarean sortzeko: landaretik moztu gabe adarrean zauritxo horiek egin eta lurra jarri inguruan poltsa batean bilduta edo, errazago, adarra makurtu eta lurretik pasa arazita.
Hazitik landarea lortu duen inor ez dut ezagutzen eta ez dut inoi entzun. Hala ere, saiatu eta landarerik sortzea lortuz gero jakinaren gainean jarri, denok ikasi dezagun.
Galanta galdera!! Guk nahi ez badugu ere beti sortuko da harren bat. Arazoa harrak gehiegi ugaritu eta izurrite bihurtzen direnean sortzen da.
Hasteko zein landaretaz ari garen jakin behar da. Eta ondoren zein harra den. Har guztiak gero, metamorfosia egin ondoren, intsekturen bat bihurtzen dira: kakalardo, euli, tximeleta… Har bat landare batean kaltegarria da eta bete batean ez. Horrexegatik zein landare eta zein har…
Orokorrean harrentzako tratamentu onena Bacillus thuringiensis da. Harren gaitza bat da eta beraiei ez beste inori ez die erasotzen, landareak garbi geratzen dira, berehala jateko moduan eta lurra ere ez da kutsatzen.
Lizunarena... Hori bai jakin beharko genuke lizuna zeri deitzen diozun. Izan daiteke onddoren batek sortutako zurina gaitzaren zantzua eta ondorioa. Baina baita beste zerbait ere. Beraz galdera hau zehaztu beharko zenuke taxuzko erantzuna eman ahal izateko.
Egunon, galdera bat Jakobarentzako, mila esker: aurtengo lorekin zer egin? Baratzan nik loreak zaintzen ditut, jakin nahi nuen zer egin beharko nukeen aurtengo lorekin: kosmos, calendula, alheli, margaritak. Moztu, kendu? Eta beste galderatxo bat: orain ze lore jarri ditzaket? Beti hazitik hasten naiz, mila esker.
Garbiñe
Aipatzen duzun lore bakoitzak bere bidea du: kosmosa (Cosmos bipinnatus, seguruenera) urteko landarea da. Urtero berritu behar duzu, alegia. Ilena edo baltsamu-belarra (Calendula officinalis) botatzen dituen hazietatik bera berritzen da. Gazteleraz alhelia dena euskaraz ahuntz-praka edo julufraia da (Cheiranthus spp), jeneralean bi urte bizi ohi da, baina gehiago ere iraun dezake. Hau ere hazitik ugaltzeko oso erraza da. Margarita deitzen duzun hori zein izan daitekeen ez dakit. Gehiago zehaztu beharko duzu...
Orain negu-udaberrirako lorean jartzeko sasoia da; batzuk aipatzeagatik saiatu udaberrian lorea emango duten erraboilekin, adibidez: idi-bihotza edo tulipa (Tulipa spp), hiazintoa (Hyacinthus spp), lilipa edo nartzisoa (Narcissus spp), irisa (Iris spp), fresia (Freesia spp), azpelarra (Crocus spp)...
Tulipanak edo idi-bihotzak (Tulipa spp) freskura maite dute. Urteko parte bero eta lehorra, uda eta udazkena lo igarotzen dute. Lurpeko erraboila udazkenaren erditik aurrera esnatuko da. Erraboilan pilatutako erreserben bizkar emango du Lorea. Ondoren lorea zimelduta hostoak luzatuko ditu eta berriro erraboila erreserbez osatu. Berriro uda lo pasa eta hurrengo udazkenean esnai.
Tamainan egin duzu galdera, Maria Paz, oraintxe da erraboilak landatzeko sasoia.
Urtetik urtera gordetzeko, lurrean bertan utzi edo behin hostaia zimeltzen denean, uda hasieran, lurpetik atera eta ondo lehortu ondoren ontzi batean jaso, toki fresko, ilun eta lehor batean.
Indaba edo babarrun haziak (Phaseolus vulgaris) hazi guztiek bezala berritu egin behar dira. Urtea joan eta urtea etorri etxekoen artean soilik gurutatu badaitezke, pixkanaka ahultzen joango da. Ez da normala, hala ere, urte batean erabat zapuztea… Beste arazoren bat izan ote daitekeenaren susmoa hartzen diot.
Horrenbestez, urtero ez, baina biz edo hiruz behin kanpotik ekarri hazia eta bostetik edo lautik bateko proportzioan nahastu etxekoari. Landareen ezaugarriak nahastu egingo dira eta indartu. Gure amona Joxepa zenak zioen beti “urak ekarritako” hazia gehitzeko. Gorago ohitutako hazia zailduagoa dago, baldintza okerragoetara jarria; eta hobeagoetara, behera eramanez gero errazago emango du.
Nikotina da tratamenturako erabiliko duguna. Beraz, aipatzen dituzun horietako edozein egokia da, zigarro, puru edo belar. Gaur egun hain hedatua den “liatzeko” tabakoarekin egitea oso erraza da. Hau da nire ustez eraginkorrena den formula, “Bizi Baratzea” liburuan azaltzen dudana:
Tabakoa eta xaboia,
intsekuen aurkako nahasketa on bat.
Mastekatzekoa, adibidez, 100 gramo tabako. Litro erdi bat alkohol eta beste hainbeste ur nahastu eta tabakoa sartu. Hamabost bat egunez beratzen utzi. 100 gramo xaboi neutro gogor birrindu eta 10 litro uretan urtu. Tabako ura eta xaboi ura nahastu.
Hona hemen, erraz askoa, intsektu egoskorrena ere aurre egin eta gailentzeko intsektizida naturala. Euli, har, beldar, arkakuso, zorri, zimitz, kotxinilla... argi ibili! Deskuidoan intsektuak izurrite bilakatu badira, zuzenean nahasketa horrekin tratatu. Erasoari izurrite esaterik ez bada, tratatzeko, erantsi beste 20 litro ur. Intsektuak ez baditu garbitzen, landareak ondo garbitu arte astero tratatu.
Nikotinak intsektu guztiak erasotzen ditu, baina batez ere harrak, azal ahulena dutenak. Beraz mantangorrien harrak tratamentuak egin ondoren zabaltzea hobe litzateke.
Kaixo Jakoba!
Zumarragan dudan baratzean ahabia eta masusta gorria sartzekotan nabil eta hauek noiz aldatzeko garairik egokiena noiz den jakin nahiko nuke. Negu aldean entzun dut baina noiz komeni den?
Ahabia (Vaccinium myrtillus) eta masusta gorria. Pentsatzen dut masusta gorria mugurdiari (Rubus idaeus) deituko diozula. Masusta izenarekin ikaragarrizko zikulusaltsa sortu dugu, eta ez dakigu oso ondo zein fruituz ari garen laharrarena (Rubus fruticosus), marugatzearena (Morus spp) edo mugurdia.
Ahabiak eta masusta gorriak, biek hostaia galtzen dute neguan. Horixe duzu aldaketa egiteko sasoi onena. Udazkenaren amaiera eta neguaren hasiera. Ahal izanez gero ilbeherako eguna aukeratu. Garrantzitsuena izotz beldurrik ez den egunen batean egitea da. Aldaketa egindakoan sustraiak harrotutako lur artean geratuko dira eta izotz gogor samarra eginez gero barruraino sartu eta sustraiak kaltetzeko arriskua dago. Aldaketa egiterakoan landarearen inguruko lurra ondo zanpatu, beti ere.
Kaixo Jakoba. Zuhaitzak aldatzeko sasoia dela irakurri berri dizut; nire limoiondoa lekuz aldatzeko ere garai ona al da? Ontzi handi xamar batean daukat, baina haizeak etengabe botatzen zuela-eta, Gabonez geroztik paretaren kontra daukat estu-estu. Ez dut lurrik baina eskatuko nuke lur pusketa bat hura landatzeko. Zer iruditzen zaizu?
Kaixo Ana. Zuhaitzak eta fruitu-arbolak aldatzeko sasoian gaude, bai. Negu partean hostoak galdu eta soiltzen direnak, aurten dugun eguraldia dela-eta, egokiena otsail amaierako ilbeheran egitea litzakete, otsailaren 18tik martxoaren 3ra.
Aldiz, negu partean hostajeari eutsi eta jantzita jarraitzen dutenak, zure limoiondoaren gisan, udaberri aldera aldatzen dira. Aurten apirileko ilbeheran egitea gomendatzen dizut, 13tik 26ra bitartean.
Limoi on!
Kaixo Jakoba. Zein litzateke garairik onena haritz gazte bat eta pago gazte bat transplantatzeko? Biak bost bat urtekoak dira. Bestalde, bi urte inguruko urki bat daukagu balkoian, eta mendian dugun sail batera eraman nahi dugu, noiz komeni da egitea? Eskerrik asko!
Kaixo Ekaitz. Hiru zuhaitzak neguan soiltzen dira, hostajea galdu egiten dute. Nahiz haritza (Quercus robur), nahiz pagoa (Fagus sylvatica), nahiz urkia (Betula pubescens) aldatzeko sasoia bera da: negu-neguko ilbehera, aurten urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean. Neguko geldialdia baliatzen da landaketa lanak egiteko. Ahal duzun azkarren egin, beti ere izotza izateko beldurrik ez den egunetan. Hotz handia bada, landaketa egindakoan sustraien gaineko lurra ondo zanpatu eta simaur berri mordoxka bat jarri gainean, lurreko zirrikituetatik hotza sar ez dadin. Ahaztu gabe: landatutakoan zuhaitzaren lepoan lehen zuen maila berean jarri lurra.
Zuhaitzentzat betiko bizitokia aukeratzerakoan kontuan izan: ur gehiena urkiak behar du, pagoak ere ura eskertuko du; haritza, aldiz, lur lehorxeagoan ere moldatuko da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545
BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.