Asteroko buletina
Babak esan omen zuen: txikia banintzen, handia banintzen, apirilean lorea nintzen

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Produktu fitosanitarioen erabiltzaile txartela eskuratzeko
2024-11-19 23:02 | Imanol

Kaixo, Jakoba: Etxeko baratzerako bacillus thuringiensis-a erosi nahi eta produktu fitosanitarioen maneiatzaile-txartelik gabe ez didatela salduko esaten didate. Hori horrela izanik, Nafarroan non egin daiteke delako txartel hori eskuratzeko ikastaroren bat? Aldez aurretik, esker mila zure arretagatik


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-11-20 16:03

Hemen duzu Nafarroako Gobernuaren nekazaritza sailaren webgunean atal horren berri jasotzen duen gunea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/produktu-fitosanitarioen-erabiltzaile-profesionalaren-txartela

Bertan ikusiko duzunez edozein argibide behar izanez gero harremanetarako bide hauek dituzte:

Nekazaritza Zerbitzua
Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala
González Tablas kalea 9, 1. solairua
31005 Iruña (Nafarroa)
Telefonoak: 848 426 665 / 848 426 239
Helbide elektronikoa: spsv@navarra.es

 

Gaur arte erantzundakoak (900 galdera-erantzun)

Norteko haritza noiz soildu behar da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-07-11 11:10

Norteko haritza edo haritz amerikarra (Quercus rubra) denari soiltze inausketa egiteko bi sasoi dituzu: bata oraintxe, ekaina-uztaila, eta bestea negu-neguan hostoak botata eta izerdirik gabe dagoenean.

Egun on.
Kanarietatik ekarritako adaxkatik sortutako bouganvilla honek, iaz, amaren balkoian lorea eman zuen. Geurera ekarrita, ordea, hostoa bai, baina lorerik ez. Eguzkia bete betean 20 minutuz edo jasotzen du egunez. Gu kostaldean bizi gara, Algortan eta landarea balkoian bizi da.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-06-06 10:00

Eguzkizale amorratua da Bouganvillea. Zerorrek esan duzu, egunean 20 minutu besterik ez, normala da lorerik ez ematea edo oso bakana izatea.

Noiz, hau da, ze momentutan moztu behar da garoa guztiz galdu dadin???
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-05-29 13:01

Garoa mozteko sasoi onena maiatza, ekaina eta uztaileko ilgorak dira. Hiruretan egiten baduzu hobe. Eta garomena karez ongarritzeak ere atzeratzen laguntzen du. Aurten maiatzeko ilgora 25ean amaituko da; ekainekoa 8tik 21era da eta uztailekoa 5etik 19ra. Hurrengo hilabeteetako ilgoretan mozten jarraitzea ere ez da txarra.

Kaixo Jakoba, Cherry tomateei, beste tomate landareei bezala, aldakaitza kentzea komeni al da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-05-29 13:19

Tomatearen kimaketa landarearen tamaina eta tomate fruitu ale bakoitzaren tamainaren arteko orekaren bila egiten da. Gerezi Tomateak oso ttikiak dira eta landare bakoitza asko hazi eta heltzeko gai da. Normalean ez da kimatzen eta bere zarba guztia uzten zaio. Horrek esan nahi du beste tomateetan uzten den tartea baino handiagoa utzi behar dela Gerezi Tomateetan.

Nahi dot jakin ea se sendatzen deu itsas krabelina sendabelarra
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-05-30 09:03

Neu ez naiz pertsona egokia belarren sendatzeko gaitasunez hitz egiteko. Zenbaitena nire inguruan ezagutu izan dut, baina itsas krabelinarena ez dut sekula entzun. Ea besteren batek laguntzen dizun.

Egun on!
Nola du izena landare honek. Betadine koloreko izerdia du eta, uste dut, garain batean zauriak eta osatzeko erabiltzen zela, baserri ondoan beti egoten zela.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-04-24 11:39

Guk zaran-belarra esaten diogu. Inguruan iodo-belarra ere esaten diote. Enada-belarra eta ainhara-belarra ere esaten zaio. Bere izerdi hori zauriak sendatzeko eta garatxoak kentzeko erabiltzen da. Zatitxo bat moztu eta zaurian sortzen den izerdi horrekin igurtzi garatxoa. Etxe inguruetan bizitzen da bai. Gure beharra du bizitzeko eta geuk ere bai berea.

ahozko hizkuntzan españolezko hizki batez   Añarra esaten dugu

                              euskeraz  nik Ainarra edo... ez nekien nola izango zen

                              frantzesez  Agnarra

kontua da hiztegia 3000 n ez zen agertzen ez eta Euskadi.elhuyar hiztegian ere

ea ulertzeko moduan idatzi dudan

Jon Uitzi

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-24 21:30

Añarra esaten diozuen hori txilarra edo ainarra da. Landare askori esaten zaio, denak hiru generotan bilduak. Baita izen asko dituzte: ainar, ainara, inar, ainizkar, ginarra, kilarra, gindarra, ilar...

Hemen duzu Euskaltzaindiako orotariko Hiztegian nola agertzen den:

https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_oehberria&task=bilaketa&Itemid=413&lang=eu&query=ainar

Geranioak bihar kimatzeko asmotan nengoen, ondo nabil?
2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-15 21:53

Ilbeheran kimatzea komeni da, bai, baina biharko eguna baino hobea izango da etzi goiza, soilik goiza.

Maite-ren erantzuna
2020-03-23 20:24
Egin det, mila esker

Noiz podatu behar dira? Aurreko urtetan lore gutxi eman dute.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-08 20:09

Hortentsiak otsaila-martxoa aldera inausten dira. Ahal baduzu ilbeheran. Lore gutxi ematearena inausketa gogorregia egitearekin lotuta dator. Moztu adarren hirutik bat, zaharrenak, eta besteak oso-osorik utzi. Hurrengo urtean berdin. Moztutakoak adarra berritu egiten dute behe-behetik eta osorik utzitakoak loratu egingo dira, erruz.

Usoak uxatzeko pintxo, gezurrezko hontza eta horrelakoaz gain ba alda landare ero, ukendu edo horrelakorik??
mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-27 18:52

Ez dut horrelakorik ezagutzen. Inori ez diot entzun edo ikusi helburu horrekin landarerik erabiltzen duenik...

Noiz erein liteke agria patata Goizuetan?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-25 16:14

Patata ereiteko sasoi onena ilbehera da. Hurrengo ilbehera martxoaren 5 eta 17 artekoa izango da. Patatarentzako egun onenak sustrai egunak dira, hain juxtu martxoaren 11 eta 12.

Egun on,

Baratzeko plangintza egiten duda batzuk ditut, ea argitu ahal dizkidazun. Rotazioak familika egin nahi baditut, udan solanazeo guztiak sail batean jarri beharko nituzke....beraz tomateak piperren ondoan egongo litezke adibidez. Zure liburuan ordea, famili bereko bi landare ondoan ez jartzeko irakurri dut...

Pixka bat nahastuta nago orain 😅

Eskerrik asko!!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-19 09:39

Txandakatzea ez da familiaka egin behar. Bi gauza izan behar dituzu kontutan: familia bateko bat ez da jarri behar familia bereko beste baten ondoren eta elkarren aldamenean ez jarri, ahal bada. Garrantzitsuena lehena da. Bigarrena ahal baduzu.

Noiz da Berastegin paretean dugun mahatsa inausteko garai ona?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-09 15:48

Hasi berria dugun ilbehera hau ona da. Jeneralean martxoan egin beharreko lana da, baina aurten eguraldiak hartu duen trazarekin, orain egin dezakezu.

Ondarroako Zaldupe eskolako ikasleak gara, LH 3. mailakoak, eta jakin nahi dugu ea clavo hazia euskaraz nola deitzen den. Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-06 15:21

Pentsatzen dut ILTZEA espeziari edo bizigarriari buruz ariko zaretela galdezka. Iltzea, sukaldean erabiltzen dena ez da hazia, lorea baizik. Lorea lehortu egiten da eta iltzearen forma hori duenez halaxe esaten zaio ILTZEA.

Syzygium aromaticum zuhaitza da, 20 metrora arte ere hazi daitekeena. Iltze-belar izena ere eman izan zaio, adibidez “BIOLOGIA/1 Landare eta animalien izenak” izendegian (UZEI, Donostia, 1984). Nire iritziz egokiagoa da gaur erabiltzen den ILTZE izen soila.

Hil honetan noiz bota behar da karea koskorra garoari?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-02-03 12:41

Nahi duzunean. Bere lana egiteko zenbat eta lehenago hobe. Aurten gainera garoak aurreratuta datoz eta kanpoa mugitzen ari da. Zu ere mugitu, beraz.

Arratsalde on, Jakoba:

Zer moduz habil?

Kimaketa kontuetaz ez zeukeat ideiarik eta, dakienari galdetzea onena. Lagun batek galdetu zidak ea hagina kimatzeko garai onena zein den. Aralarren ditek (argazkia atxiki diat) eta itxuraz balio sentimental handikoa duk eta ez ditek gaizki egin nahi. Ez nauk ausartu gaizki erantzutera. karkar.

Eskerrik asko!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-01-28 16:54

Arratsalde on!

Ondo nauk, hi ere halaxe izango haizela pentsatzen diat…

Hartu nian hire ezkur-festa ederra. Mila esker.

Haginarena onena ez kimatzea dek. oso ondo ikusten dek zuhaitza eta nik horrelaxe utziko nikek. 

Ikusten dek itxiturara arrimatzen dituken aziendek ederki kimatzen dutela bere aldea… 

Adarren bat kendu nahi izanez gero kimu berria hastean moztu, izerdi berriarekin batera, alegia. Eta mozten dena enborraren kontratik, ez utzi adar puskarik.

Ondo izan

Kaixo! Pardak egiteko kañabera moztu nahi dut. Noiz komeni da moztea??

Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-01-06 17:37

Kanabera pardatarako edo arbatarako neguan mozten da. Nire uztez sasoi onena otsaileko ilgora da.

Egun on,

Larunbatero saiatzen naiz Jakoba Errekondoren landaberri programa bikaina entzuten.  Nahiko berria naiz gai hauetan, eta aurten Olentzerok “Bizi Baratzea” liburua ekarri dit. Nire baratzean bere aholkuak kontuan hartzen saiatzen naiz. Orain "Landareak lantzen” gida liburua erostea pentsatzen ari naiz, baina,  honako zalantza sortu zait  gida liburu hau aplikagarria al da Ebro ibaiko zonalde honetan
 
Baratza dudan soroaren altitudea 400 metro ingrurukoa da eta Wikipedian honako hau hartu dut: 

"Vianak Ebro ibaiko depresiogunearen berezko klima mediterraneo-kontinentala dauka. Neguak hotzak, udak beroak, aldaketa termiko handiak, eta euriak nahiko eskasak eta irregularrak izaten dira (batez ere udaberrian eta udazkenean egiten du euria). Urteko batez besteko tenperatura 10 eta 13 gradu artekoa eta prezipitazioak 500” ingurukoak diot nik.

Zuen erantzunaren zain, agur bero bat.
Kontxi (baratze zalea)
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-01-10 11:12

Kaixo Kontxi,

Zalantzarik gabe balio du. 
Euskaraz ateratzen ditugun liburuak Euskal Herri osorako pentsatuz eginak daude. 
LANDAREAK LANTZEN  2020 liburu-agendako 150-151 orrialdeetan ikusten baduzu, urteko egutegia dago. Bertan azaltzen da barazki bakoitza erein, landatu eta uzta biltzeko sasoia. Sasoi hori zabala da beti, gehienetan gutxienez bi hilabete. Zeure baratzera aplikatzen zeuk ikasi beharko duzu, eta bereziki horretarako tresna egokia da agenda. Urtero idatziz eta emaitzaren jarraipena eginez ikasteko da. 
Baratzea zein lurraldetan dagoen bezain garrantzitsua da lurralde horretan nola kukatua dagoen: ospela, egutera, orientazioa, bailara, mendi-mazela, gaina…
 
Animatu eta erakutsiko diguzu.
Ondo izan

Jakoba

Azaroko ze ilargitan komeni da tipula landatzea?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-11-08 16:14

Tipula beti ilbeheran landatu behar da. Ilbeheraren barruan sustrai egunak dira onenak. Aurtengo azaroko ilbehera 16ko 14:55etatik 29ko 11:35 artean izango da. Sustrai eguna 22a izango da.

Aupa, Jakoba: orain dela bost urte negutegi bat erosi nian eta geroztik bertan aldatu dizkiat tomateak. Gainera, tomatezalea izaki, fungizida eta intsektizidarik gabeko edo gutxiko tomateak jan nahi nizkian.

Esan bezala, urtero , negutegiaren erdialdean ( altura gehien duen eremuan) bi ilara tomate jarri izan dizkiat. Ingurukoek diotenez ez duk lur oso ona ( rellenokoa omen duk), baina urtero karea eta simaurra emanez nire ustez zerbait gozatu diat. Iaz tomate exkaxak izan nizkian, baina aurtengoa desastre bat izan duk.

Beti bezala erosi nizkian 20 landare txertatutakoak, eta ondo hasi hituen hazten ( martxoaren amaieran jarrita). Baina landare ederrak zeudenean hasi zitzaizkioan hostoak ihartzen eta ihartzen. Nire ustez ez huen erdoia. Denborak aurrera egin ahala gero eta gehiago joan hituen hostoak ihartzen. Eman dituen tomateak benetako kanikak izan dituk.

Zerk eragin ote dik horretara heltzeko? Urtero leku berean aldatzeak eragin ote dezake? Nik tomateak azaroan edo abenduan kendu ondoren letxuga batzuk eta espinakak jarri izandu dizkiat. Lurra gehiago ari ote nauk esplotatzen?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-21 16:46

Nire ustez gorrina sartu da. Azeri-buztanaren eta asunaren purinak erabili beharko dituzu. Bestetik lur oso eskasa ikusten dut argazkietan. Simaurra ejmaten diozula diozu, vaina kolorean antzematen da oso lur buztintsua dela. Hori tomateari ez zaio batere gustatzen. Simaurra eman behar diozu. Orain da hori egiteko sasoia azaroa-abendua. Baina eman, ez erakutsi... Eman lodi: lurra simaurrez estali. Asko! Eta urtero. Pixkanaka lurra hobetzeko...

Kaixo Jakoba. Gu Amaiurko eskolako ikasleak gara, LH 4., 5. eta 6. mailakoak. Pikua noiz landatzen den jakin nahiko genuen.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-15 11:01

Pikondoak hostoa galtzen du neguan. Sasoi horixe da egokiena landatzeko. Izotzaren beldurrik ez den eguna aukeratu, bestela landatzerakoan harrotzen den lurrean ere izotza sar daiteke eta sustraiak kaltetu.

Landarea sustrai eta guzti baduzute, lehen zegoen maila bereraino lurperatu, ez gehiago ez gutxiago.

Bestela oso erraza da pikondoa adarretik sortzea. Hartu metro beteko adarra eta zulo luze bat egin aitzurrarekin lurrazalean, sakondu gabe, aitzurraren buruaren altueran. Adarra sartu luzetaka eta muturreko 20-25 zentimetro bistan utzi. Udaberrian hostoak ematen dituen bezala, lurpean sustraiak garatuko ditu.

Kaixo! Ekainaren erdialdean orburu landara bi landatu genituen ta en dira hasi. Beheko hostoak lehortzen zaizkie. Inguruan iñurri asko egoten ohi dira. Zer egin dezakegu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-14 10:51

Orburuak orain, udazkenean sartzean indartzen eta berritzen da azpitik altsumak emanez. Agian udako beroekin ur falta ere izango zuten. Inurriak baldin badabiltza, agian hostoetan zorriak izango dituzte. Horiek tratatzea da onena; xaboi pitasikoa eta tabakoa erabili. Laguntzeko inguruan ongarri asko jarri. Orburuak janari asko eskatzen du. Simaur edo luar zaharra jarri erruz buelta osoan.

Abaltzisketako eskolako ikasleak gara. Orain dela 2 aste Aloevera landatu genuen. Lehenengo astean egunero ura eman genion baina pixkanaka marroia jartzen hasi da. Zer egin beharko genuke? Eskerrikasko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-14 10:58

Aloe vera hori ondo dago. Tokiz aldatzeak hori dakar, bizitoki berrira egokitu beharra. Agian gehitxo ureztatuko zenuten, baina garrantzitsuena da ontziak ur gehiegi dagoenean erraz alde egiteko nahikoa zulo izan dezala. Gorritzea toki berrirakoe gokitzapena da. Agian lehen etxe barru batean, negutegian edo eguzki gutxiago hartzen zuen tokiren batean biziko zen. Orain argitara atera eta eguzkiak ematen dionean gorritu egiten da, gure kopeta bezalaxe.

Aupa,
Hurrak (avellana) landatzeko zein da garairik onena eta nola egin behar da?

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-08 10:38

Hurrondoak hostoa galdu egiten du neguan. Hori egiten duten landare ia denak bezala negu neguan landatu behar da, abendua eta otsaila artean. Nola? Hazitik landarea sortu dezakezu, orain erori berriak diren hurrak, gustuko dituzun aldaerakoak, bildu eta hondarretan sartuta jaso; kanpoan, negua sentitzen eta euriarekin bustitzen direlarik. Euririk ez bada ureztatu. Otsailean atera eta erein, baratzean edo otzian. Bestela landarea eskuratu, beste hurrondoren baten azpiko aldean topatuko duzu alerik. Erosi nahi baduzu zihurtatu zer nolako aldaera den. Landatzeko tokia ondo aukeratu, gerora zein tamaina izango duen eta itzala nora egingo duen eta abar kontutan edukiz. Aurrez zuloa egin dezakezu eta neguan landatu. Lurra simaur edo luar zaharrarekin nahasi. Landarea lehengo sakonera berean jartzea garrantzitsua da, azalean nabarmena izango da noraino zegoewn lehen lurpean. Agian, lehen udan ur pixka batekin algundu beharko diozu.

Kaixo jakoba, landareak kendutakoan, kuiatxoa, tomateak, lekak edo dena delakoa, landare hori luarra egiteko erabili daiteke edo hobe ez? dituen gaitzak txertatuko ditu luarrean ondoren lurra kutxatuz?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-17 16:23

Gaitzak espora bidez hedatzen dira. Landarea gaixo egon bada, pentsatu zure baratzeko ingurune guztia esporez gainezka dagoela, hurrengo landare ahulen edo zaurituen zain. Beraz, gaitzengatik behintzat lasai bota luar pilara. Bakterio edo virus edo bestelako eraso arraroren bat badago, hori beste upeleko sagardoa da. Orduan bai, seguruenera erretzea hobe.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora