Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo! Orain dela bi urte, 2024ko otsailean, fruitu arbol hauek landatu nituen Nafarroako iparraldean: gereziondoa, aranondoa, udareondoa eta muxika. Noiz komeni da lehenengoz kimaketa egitea? Mila esker
Gaztetan, heldutasunean izatea nahi dugun forma bideratu arte kimatu behar dira. Egitura sortzeko kimaketa da. Orokorrean erdiko ardatz nagusi indartsuena mozten da alboetarako adarrak sortzen diren tokian. Zer altueran moztu zeuk erabaki. Kontutan izan gero fruitu aleak hartzen hasten denean adar horiek makurtu egingo direla. Niri pertsonaren alturan izatea gustatzen zait, makurtutakoan aleak eskuera izateko. Kimaketa hori izerdi berria datorrenean egin behar da. Otsaileko ilbehera litzateke egokiena.
Gaur arte erantzundakoak (1138 galdera-erantzun)
Kaixo, Gabonetarako apaingarri moduan erabiltzeko miura eskatu didate. Babestuta omen dago. Baina neure sailetan badaukat eta gainera kendu egin nahi diet sagarrei. Hori egiterik izango det ba? Eskerrik asko, Gotzon
Zeure saileko sagarrondoetako mihura kentzeagatik ez dut uste ezer esango dizutenik. Jendeak aipatzen du mihura babestua ote dagoen, baina nik uste dut ez dagoela babestuta. Ez dut babes horren berririk.
Kaixo, Iaz babarrun dezente jaso nuen baina aurten oso gutxi eta jasotakoa ttikia. Ba al dakizu zergatik izan daitekeen? Mila esker!
Galdetuko nizuke lurraz edo lanak nola egin dituzun hori gertatzeko, baina ez. Denean gauza bera entzuten ari naiz. Babarrun gutxi. Iazko erdia. Nik uste dut eguraldiaren eragin garbia izan dela aurtengoa.
Kaixo! Ilbehera hau egokia alda azenarioa ereiteko? Ze egunetan?
Baratzean kanpoan azenarioa ereiteko oso berandu da. Apiriletik irailaren erdira aldera arte erein ohi da. Negutegiaren babesean egiteko goizegi da, urtarriletik apirilaren hasierara egiten da.
Egunon.
Nire izena Xinboren da.
Galdera badut zuretzako. Zer moduz da Alcanfor zuhaitza izatea.
Ea bertako pizti eta zuhaitzei kalte egiten duen.
Asmoa neukan bat jartzea, egurrarekin lan egiten dudalako.
Esker mila aurretik.
Nik ez dut ezagutzen ingurumenean edo ekosisteman hemen egin dezakeen kaltea. Soilik ale bat ezagutzen dut Euskal herrian eta Bolbon bizi da, ederki asko, Kasilda Iturrizar Parkean. Egokiena ale batzuk landatu eta saioa egitea litzateke.
Egun on;
Lehenik eta behin, Eskerrik asko zuen boletinagatik, egiten dezuen aportazio guztiengatik, bai eta natura eta baratzarekiko gure arbasoek jarraitzen zituzten lege naturalak elarazteagatik .
Nere idatzi hau zuei zuzentzen dizuet, datorren hau jakin nahiko nukeeelako; Hurritzaren adarrak mozteko sasoi egokia den honetan, egokia litzateke ere, beste frutitu edo lora zuhaitzen adarrak moztea.
Eskarrik asko
Adarrak moztea esaten duzunean zer ulertu behar dut?
Inausketa egitea bada, ez orain ez da sasoi egokia. Horretarako izerdi berriari itxaron eta martxoa aldera egin.
Hurritzarena bezala makila bezala erabiltzeko moztea esan nahi baduzu, hobe negura itxaron. Hurritza orain mozten da malgua eta biguina izan dadin. Gainontzekoak, ordea, hobe gogorrak izatea, horregatik negu neguan moztu.
Noiz bildu behar ditugu aurten kiwiak?
Jaso eta irautea baldin bada asmoa, ilbeheran biltzea komeni da eta ahal bada sustrai egunean. Aurten azaroan ilbehera izango da 22 arte, hura barne. Eta sustrai egunak 15, 16 eta 17 arratsaldea izango dira. Abenduan ilbehera 6tik 19ra izango da eta sustrai egunak 12, 13, 14 eta 15.
Sagarondoa noiz da hoberena moztea ondoren sekatu eta oholak atera egur taila egiteko
Onena negu neguan moztea da. Egokiena ilbeheran eta ahal izanez gero sustrai egunean. Aurtengo abenduan ilbehera 6tik 19 artekoa da eta sustrai egunak 12, 13, 14 eta 15 izango dira. Hurrengo urteko urtarrilean ilbehera 2tik 15era izango da eta sustrai egunak 8 arratsaldea, 9, 10 eta 11 izango dira. Hurrengo ilbehera urtarrilaren 30etik otsailaren 12 eguerdira arte izango da eta sustrai egunak otsailaren 5, 6, 7 eta 8.
Mandarino gaztea daukagu. Iaz dozena bat fruitu eman zituen, aurten bat ere ez nahiz eta uda berrian lore mordoa euki. Zegaitik izan daiteke?
Garrazkiekin edo zitrikoekin maiz gertatzen da hau. Seguruenera gaztea izango da, eta gaztetasunean toki berriko lurrera eta klimara egokitzea kosta egiten zaie. Fruituarena ez da horrelakoetan garrantzitsuena. Garrantzitsuena landarearen osasuna da. Itxura ona, berde kolore ilun distiratsua badu eta hazten ari bada lasai hartu. Gero etorriko dira fruitu aleak.
Gabon. Banbu tomate makiletarako , noiz moztu? Mila esker
Banbua eta kanabera neguan mozten dira. Urtarrilean eta otsailean. Niretzako egokiena otsaileko ilgora da.
Kaixo Ze egun dira onak hurritz makilak egiteko? Eskerrikasko
Hurritz makilak azaroko ilgoran mozten dira. Ilgora azaroaren 23an hasi eta abenduaren 5ean amaitzen da, biak barne.
Kaixo, Tolosan errezil sagar arbolak landatzeko asmoa daukat. Zein da horretarako garairik egokiena? Aldatzerakoan zuztarrean simaurra jartzea komeni al da? Eskerrik asko aldez aurretik
Sagarrondoak hostoa galtzen du neguan. Horrelako landare guztiak neguan udazkenaren amaieran (abendua) edo neguan landatu behar dira. Landatzeko zuloa egiten dugunean, 40 cm x 40 cm x 40 cm gutxi gorabehera, azpiko aldean zer lur azaltzen den ikusi behar da; buztintsua edo kazkarra bada simaur edo luar ondua, zaharra, jarri eta sustraiak hor asentatu. Simaur berririk ez erabili. Berri abada, landatutakoan bere inguruan, lur gainean zabaldu.
Arratsaldeon: Brokolian eta aza-lorean har berdea sartu zait. Zer egin behar dut hurrengoan ez sartzeko? Sarea jarrita, ondo? Eta orain, zer egin beharko dut har horiekin? Nora bota edo... Baratzean ez geratzeko, diot. Argazkia atxikitu dut. Esango didazu. Eskerrik asko eta ondo izan. Amaia Iparragirre Mendia
Tximeleta txiki zurizta bat da, hegal bakoitzean puntu borobil beltza duena, Pieris brassicae. Hostoen azpiko aldean arrautza hori-laranjak multzoka jartzen dituena. Sistema onena arrautzak edo harrak jaiotzen direnean behatz artean zanpatuz lehertzea da. Aza sail handia baduzu beste nolabait moldatu behar. Bada bere aurka egiten duten liztor (Apanteles glomeratus), erle, armiarma eta abar, beraz hauek erakarriko dituzten beste landareak dauden tokien inguruan landatu azak: tipula, erromeroa, salbia... Harrak sortu orduko xaboi potasikoa eta “Bacilus thuringiensis” produktuarekin tratatu, ahal dela harrak berak bustiaz, 3-4 egunetik behin, garbitu arte; naturala da, harraren beraren gaitza zabaltzen duzu.
Izurrite honi aurrea hartzeko beste trikimailu bat ere bada, BIZI BARATZEA liburuaren 89. orrialdean azaltzen dudana: azaren gainean eta lurrean bere artean garoa (Pteridium aquilinum) jarri. Tximeleta arrautzak jartzera hurbiltzen denean garoaren usainak uxatu egiten du.
Gabon Jakoba! Kirtenak egiteko urritza moztu degu eta gure zalantza da ea kanpoan euritan utzi daitekeen edo segituan lehorpean jarri behar den egurra. Eskerrik asko!! Maddi.
Hurritz makilak moztu ordurako lehorpean jartzen dira. Jasotzeko era onena sortatan hamar-hamabinaka elkarrekin estu lotu eta zintzilikatzea da. Horrela estuasunean zuzen mantenduko dira, eta izitzilik egonda are eta zuzenago. Baina lehorpean, bai.
Kaixo Jakoba, Zer itxura hartzen diozu mizpira ondo honi? Lurrean, belarra itotzeko manta berdea daukagu jarrita, ez dakit kalterik eragin diezaiokeen. Mila esker
Hosto gutxi duela dirudi, baina ez da hori arraroa urtesasoi honetan. Arbola osoa ikusten den argazki batekin itxura hobeto aztertu daiteke. Hala ere ez diot aparteko arazorik ikusten. Urtero ondo ongarritu. Orain udazkenean onena. Eta Adar inausiren bat ikusten zaio. Guraizeak esta hurbildu ere!
Gabon. Tomateak egon diren tokian ilarrak jarri nahi ditut baina, aurretik, lurrarrekin errautsak nahastea pentsatu dut. Ondo ala ez? Mila esker
Ilarrari errautsa eta karea gustatzen zaizkio; biek lan beretsua egiten dute. Aurrez, tomateari errautsa edo karea eman baldin badiozu orain gutxiago eman. Bestela lasai nahasi lur azalean.
Etxean, baserri kanpoan, eta horma baten ondoan, buganbila bat dekot eta azken aldien oso itxure txarra hartu deu. Gaixorik dau? Zer da geuze zuri hori? Zelan tratatu ahal dot? Argazki bet bialta dotzut ikusi deizun. Eskerrik asko
Zure buganbillaren izurritea kotxinila da. Lapa baten tankerakoa da eta hostoari edo kimu berriari itsatsita jarrita izerdia zurrupatzen dio. Kalte handia egiten du etaberaz ahalik eta azkarren ekin. Asko dauzkan kimu muturrak eta hostoak moztu eta kartoizko kutxa batean sartu eta bertan erre. Gainontzean landare guztia intsektizidarekin busti alde guztietatik, goi eta behe eta ezker eta eskuin, ondo blaitu. Tratamendu honekin: xaboi potasikoa, Bacillus thuringiensis eta Neem. Hirurak nahastuta erabili. 3-4 egunero busti, garbitzen den arte. Gainontzean, ongarriarekin lagundu.
Nola esaten zaio euskeraz letxuga edo uraza klase honi?
Gazteleraz “lechuga hoja de roble” da, frantsesez “laitue 'Feuille de chêne'”. Nik euskaraz “Haritz hosto” uraza esango nioke.
Noiz komeni da lekuz aldatzea limoi ondoa?
Limoiondoak neguan hostorik galtzen ez duenez udaberriaren hasierari itxaron behar zaio lan hori egiteko. Martxoko edo apirileko ilbeherak dira horretarako onenak.
Zer egin dezaket landareei bizipoza emateko? Triste daudela iruditzen zait.
Landareek birlandatu berriak dirudite. Horregatik izan daiteke, itsatsi eta ondo errotu arte. Bestetik beroa behar du, erdipurdiko bero epela ez, beroa, 20º C-tik gora beti. Eguzki zuzenak ez dezala jo eta hezetasuna behar du, jarri loreontzien artean urez betetako ontziak edo platerak, ura lurrundu eta hostoak hezetasunean egon daitezen. Lurra ez gehiegi ureztatu, ez du hori gustuko, ito daitezke.
Nere semeak makilak egiteko afizioa dut eta gustatiko litzaiguke jakitea zein den urteko sasoirik oberena urritz makilak moztu eta egiteko
Hurritz makilak udazkeneko ilgoratan mozten dira. Gehiengoari kaso eginez gero azaroko ilgora da egokiena; baina bada urriko ilgoran mozten duena eta baita abendukoan ere. Nik azarokoan moztuko nituzke. Ilgorak honela dira aurten, egun hauek barne: urrikoa 12tik 26 eguerdira; azarokoa 8ko eguerditik 22ra eta abendukoa 6tik 19ra.
Kaixo Jakoba, Etxean sagardoa egiten dugu eta bi zalantza ditugu: sagar zukua altzairuzko bidoian jarri eta askatzen duen aparra kentzea komeni da edo ez? Bestalde, bidoi batetik bestera trasegatzea ona da? Mila esker!!
Muztioa ontzi batean sartzen denean ontziaren gaineko zuloaren ertz-ertzeraino beteta edukitzea komeni da. Muztioaren lehen hartzidura hartzidura alkoholikoa da, azukrea alkohol bihurtzen dena eta horretarako airea hartu behar du, oxigenoa behar du. Eta hartzidura horretan karbono dioxidoa sortzen da; gas hori atera egiten da eta berarekin batera aparra edo bitsa sortzen da eta baita muztioan egon daitezkeen sagar puskak, edo bestelako edozer kanporatzen du, horregatik apar hori kanporatzea komeni da. Horretarako goraino beteta egotea komeni, egunero-egunero gutxienez behin goraino bete behar da. Hartzidura hori gelditzen denean ez da gehiago bete behar. Trasegatzearena edo ontzialdatzearena nik ez dut gustuko. Zenbaitentzat, batez ere sagardo industriala egiten dutenentzat azpian geratzen doan ama txarra da. Nik, berriz, uste dut sagardoa ona egiteko oinarrizko urratsetako bat horixe dela, azpiko ama horri eustea.
Egunon, noiz da sasoña obena baratzeko makillak moztutzeko gehiago idauteko,millesker eta segi ongi.
Bi eratako makilak ditugu inguruan. Bata hurritza litzateke, hori azaroko ilgoran moztea komeni dena; azaroko ilgora 1etik 8ko eguerdira arte eta 23tik abenduaren 5era arte izango da.
Bestea egur gogorrak erabiltzea da: haritza, akazia, lizarra, gaztaina eta abar. Horiek neguan eta ilbeheran moztea komeni da. Abenduko ilbehera 6tik 19ra da. Urtarrilekoa eta otsailekoa hurrengo urteko Ilargiaren Egutegiarekin izango ditugu eskuera.
Kaixo, Jakin nahiko nuke da non lortzen al dugun olo edo ongarri berderako haziak. Gasteizen dugu baratza. Mila esker
Bi aukera. Aramaion baserritarren kooperatiban badaukazu, ARBEL Kooperatiban. Eta bestetik hazi etxeetan, adibidez Euskal Herrira egokitutako haziak eskuratzeko ALEKA elkartea hor duzu, www.aleka.eus.
Kaixo
Arantzan (Naparro iparmendebaldea), hazkunde azkarra izan dezaketen arbolak landatu nahi ditut etxola bateri itzala emateko. Ze árbol izan daitezke egokiak?
Milesker
Nire ustez azkarren haziko dena lizarra da, hezetasuna gustatzen zaio eta Arantzan ez du faltako. Ongarriarekin pixka bat lagunduz gero ederki etorriko da.
Egun on, Pampako plumeruek basuen ikusi dodaz, noiz mostu? Edo zer egin leike desagertzeko?
Hasteko loreak moztu, ahal baduzu gaur bertan. Udan irekitzen da lore handia, eta udazkenean haziak zabalduko ditu. Oraindik haziak banatzen hasi gabe egongo da eta loreak kentzeak landarea ugaltzea eragotziko du. Desagerrarazteko sustraitik ateratzea veste aukerarik ez dago. Hori da segurua den era bakarra. Atera ahalik eta sustrai gehienarekin eta ondoren kimu berriren bat sortzen duen gainbegiratu hura ahalik eta txikiena denean ateratzeko baita.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545