Asteroko buletina
Asentxioko letaniak euritsu, urte bere ogitsu.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Ahuakateondoa birlandatu
2024-12-24 10:37 | Gabino

Egun on Jakoba.
Aguakate landare bat daukat, metro ta erdikoa eta lekuz aldatzea beharrezkoa dut, galdera da noiz berlandatu?

Ongi izan eta mila esker erantzuteagatik.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-12-24 10:38

Hostoa galtzen ez duten landare guztiak bezala negua pasa ondoren landatzen da. Toki eta giro epelean bizi bada martxoa amaiera aldera, gainontzean apirilean. Beti ilbeheran egiteko lana da, eta ahal izanez gero sustrai egunean.

Gaur arte erantzundakoak (920 galdera-erantzun)

Babarrunen azala ebakita agertzen denean zergaitik da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-27 18:11

Nire ustez uraren estresa da. Hau da, ura izan dute hazteko. Gero azala sortu eta lehorte egun batzuetan azal hori zaildu, gogortu egin da. Gero berriz ura etorri da eta berriz hazteko aukera izan dute, orduan hazteko aurreko azala zartatu egin behar. Beste barazki batzuekin ere gertatzen da antzekorik: tomatea, patata…

Kaixo. Avilan errege sagarronfoak ditugu. Eremu oso lehorra da udaran , eta beroa eta haizea dela eta erortzen ari zaizkigu. Orain horitzen hasi dira, baina ez daude guztiz gozoak ere. Hemengo jendeak esaten digu jasotzeko, eta etxean lurrean zabaldu ezkero hobtzen jarraituko dutela. Hau horrela da? Ilargi egutegian, egun hauek fruta jasotzeko egokiak direla dio, zer iruditzen zaizu? Eskerrik asko zure lanagatik, asko estimatzen dugu

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-26 15:29

Errege sagar horiek, baldintza arruntetan, noiz heltzeko ohitura duten jakin beharko litzateke. Dagoenerako horitzen hasi badira erortzeko bideari ekin diotela esan nahi du. Horitzea agian lehorteagatik gertatzen da. Horrek, baina, ez du esan nahi sagarrak helduta daudenik, eta gutxiago gozatuta. Zalantza baduzu, eta uzta galtzeko arriskua ikusten baduzu hobe da arboletik bertatik jasotzea lurretik baino. Beraz erortzen jarraitzen badute bildu eta toki fresko, ilun eta aireberritzen den batean jaso, zabal-zabal eginda. Sagarrak irautea nahi baduzu onena ilbeheran jasotzea da eta fruitu egunetan.

Egun on! Ezin dut aurkitu zatuketan hitza hiztegietan. Uste dut badakidala zer den baina aurkitu ere ez egitea…

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-27 18:13

Zatuka sorta da eta lan honetan bereziki erabiltzen dena. Hemen duzu Euskaltzaindiaren orotariko hiztegiko sarrera:

https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_oehberria&task=bilaketa&Itemid=1694&lang=eu&definizioak=0&query=zatuka&mota=sarrera

 

Haritza moztu al daiteke, altuera gehiago hartu ez dezan? Posible bada, noiz eta nola? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-22 16:13

Landare bakoitzak altuera bat hartzeko joera dute, berezkoa. Lur eta klima baldintza egokiak baditu beti izango du altuera horretara heltzeko gogoa. Altuerarako joera mozteak esan nahi du inausketa hori errepikatu egin beharko duzula. Urtero edo gutxienez bi urtez behin. Mozteko puntua non den erabakitzeko pentsatu hortik emango dituen altsuma indartsuak noraino haziko diren, hori izango baita bere altuera. Inausketa hori egiteko sasoi onena neguaren amaiera da, sasoi berria mugituko duen izerdi berria laster etorriko zaionean, horrek eragingo baitu egiten dizkiozun zauriak bizkor orbaintzea. Itsas inguruan bada otsailaren amaiera aldera. Toki altu eta hotzean bada martxoaren erdia aldera; beti ere ilbeheran.

Kaixo! Zer egin dezaket barraskiloaren kontra?.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-20 10:05

Nik ezagutzen dudan aukera eraginkorrena ilundu duenean buelta bat egin linterna indartsu batekin eta landareak ondo miatu. Horrela egun batzuetan. Hezetasuna baldin badago (xirimiria, euria eta abar) hobe, errazago bilatuko dituzu. Gero beraiekin zer egin zeuk erabaki.

Egun on. 10 bat kiwi landara daukate lagun batzuk itsasondoan eta on dala 4 bat urte, bazter bateko bi landara , horitzen hasi ziren. Frutua be horijo eta barrua zurizka ikusten da, aparte, gusto gitxi dauko. Ondoko landarak primeran dagoz. Zer izan leiken? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-20 10:15

Nire ustez bi landare horiek dira egurra jasotzen ari direnak: haizea, itsasoko kresala… Eta hurrengoan babesten dituzte eta haiek ondo. Beste aukera bat ongarri edo tratamendu desegokiren bat hartu izana… Gehiegizko ongarriketa izan daiteke baita arazoa. Bestetik, inguruan berak edo besteren batek herbizidarik edo erabili baldin badu, agian haren arrastoren bat izan daiteke.

Kaixo!! Kalabaza ruperta noiz jaso behar da? Haundiak daude ta arratoia dabil inguruan Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-16 10:22

Ilbeheran eta fruitu egunean jasotzea komeni da, baldin eta helburua ahalik eta gehien irautea bada. Kuia landarearekin lotzen duen txortena ondo ihartuta egoteak adierazten du jaso daitekeela. Biltzerakoan tiraka ez askatu, txortena osorik utzi eta landarearen zarba moztu bi aldeetara. Ondoren bi edo hiru egunez eguzkitan eduki, mamia gozatu dadin eta gero freskoa, iluna eta batez ere ondo haizeberritzen den toki batean jaso. Oraindik oso goiz da, hemen normalean urriko ilbeheran jasotzen da; oso goiz egindakoak badira agian irailean. Iraileko ilbehera 1etik 11raino izango da, eta fruitu egunak 1, 2 eta 3. Hurrengo ilbehera irailaren 25etik urriaren 9ra da eta fruitu egunak 28 arratsaldea, 29, 30 eta 1 goiza. Hurrengo ilbehera ere ez da txarra izango: urriaren 22tik azaroaren 5era; fruitu egunak 26, 27 eta 28 izango dira.

Kaixo jakoba!zein litzateke baina motza ereiteko egunik aproposena?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-14 16:38

Leka motza uztailera arte ereiten da, baina abuztuan erein lasai, hemen udazkena, jeneralean, oso ona izan ohi da eta lekak sortzeko. Ilgoran ereiten dira eta egun egokienak fruitu egunak dira. Ilgora abuztuaren 16tik 28 eguerdira arte izango da eta fruitu egunak 16, 17, 24 eta 25.

Kaixo, tomatean ikusten diren zuloak zer egiten ditu eta erremediorik ba al dauka?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-08 11:42

Bareak edota barraskiloak izan daitezke. Horiek badira iluntzean erraz topatuko dituzu, bildu eta... Zulo sakonagoak harren sortutakoak izan daitezke. Horieri aurre egiteko erabili nahasketa hau: Bacillus thuringiensis, Neem (olioa edo aterakina) eta xaboi potasikoa. Zerbait eskuratu ezin baduzu hiru horietatik ahal duzunarekin tratatu, 6-8 egunero. Landare osoa, goi eta behe, eta aleak ondo-ondo busti. Gai horiek erabat naturalak dira eta tomatea lasai jan daiteke.

Atsaldeon! Duela 8 bat urte eje zentralean landatutako sagarrondo sail bat azkenengo urteetan kasurik egin gabe daukagu. Zuhaitz gehienek ez dute sagar bakar bat. Gainera, ardiek enbor askoren azala jan dute… Honek ba al du soluziorik? Nola? Ongarri faltagatik izan daiteke?. Bestetik, ardiek egindako miñak soluziorik bai?. Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-08 13:17

Sagarrondoak ezagutu beharko genituzke, lehenik. Zein mentuoinaren gainean txertatuta daude, zein barietate dira eta erdiko ardatza izanik ere zein gobernu mota dute: era askean hazteko, sarean edo alanbrean hesi bezala hazteko… Horretan inausketa gakoa da, ez egiteko edo behar beharrekoa izan daiteke… Bestetik ardiak ibiltzea berez ona da; sagastian zenbat denbora bazkatzen direnaren arabera ongarriketa nahikoa emango dute. Baina ongarriketa hori desegokia izan daiteke, lurraren arabera: agian nitrogeno gehiegi pilatzen da lurrean eta horrek adar eta hosto asko ekartzen du, baina lore eta fruitu gutxi. Horrela balitz ardien bazkatzea urritu beharko litzateke eta karea dantzatu, batez ere lurra buztintsua bada. Zenbat urte da karerik ez duzula eman? Edo ematen baduzu zenbatsuko dosia erabiltzen duzu? Ardiek sagarrondoen azala jatearena beste sagardotegiko barrikotea da. Ardiak, batik bat, belarra jan ohi du, baina gogorretik ere behar du. Bazka sailean zuhaixkak eta arbolak behar ditu, hortza hazi egiten zaizkio eta horiek higatzeko edo gastatzeko zerbait gogorra hozkatu behar du. Zuhaixka edo zuhaitzik ez badu fruta arbolari helduko dio. Konpontzeko zuhaixkak edo zuhaitzak landatu ertzetan edo bazkalekua zabaldu eta barruan sartu inguruan dagoen zuhaixka-zuhaitz multzoren bat. Zauriak sendatzeko, labana zorrotz batekin zauri printzatsuak garbitu eta denean salda bordelesa eman isipu batekin. Salda bordelesa hautsa poto batean jarri eta ura pixkanaka erantsi ondo nahasiz; ore bat egindakoan hori zabaldu zaurietan.

Irtenbidea, beraz, ongarriketa zehaztu behar du edo ez, karetu, ardien sartu-etera kontrolatu, arbolak haien hortzetatik babestu eta zuhaitz-zuhaixkak eskuera jarri, eta zauriak sendatu. Lan horiek zehatzago azaltzeko agian profesionalen baten laguntza jasotzea ez legoke gaizki…  

Baratzeko hainbat tomatek zuloak dituzte (insekturen batek jan da bezala) eta gusano txiki hori bat ere aurkitu dut ale baten. Zer da? Nola konpondu dezaket era natural baten? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-06 13:06

Harra da bai. Aurre egiteko erabili nahasketa hau: Bacillus thuringiensis, Neem (olioa edo aterakina) eta xaboi potasikoa. Zerbait eskuratu ezin baduzu hiru horietatik ahal duzunarekin tratatu, 6-8 egunero. Landare osoa, goi eta behe, eta aleak ondo-ondo busti. Gai horiek erabat naturalak dira eta tomatea lasai jan daiteke.

Nola lortu banbua desegitea. Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-05 14:51

Landare iraunkorren kasu ia denetan bezala iraupenaren eta biziberritzearen gakoa sustraietako erreserba kopurua da. Lurretik gora azaltzen dueña moztu eta kentzen diogunean erreserba horien bizkar sortuko ditu kimu eta banbu berriak. Erreserba horiek deuseztatu behar dira. Moztu eta kimu berriek hostoak eman aurretik, orduan hasten baititra berriro erreserba horiek birkargatzen, moztu berriro; eta moztu; eta moztu… Beti kimu berri horiek handiak egiten utzi gabe. Batzuek moztu eta saila goldetu egitne dute sustrai nagusiak kentzeko; baina inoiz ed da erabat garbitzen. Hala ere hasieran hori egiteak asto ahultzen du eta moztu-moztu lan hori erraztuko luke. Mozketak ilgoran eginda ere laguntzen du.

Noiz txertatu aguakateak ilgoran ala ilbeheran?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-04 15:24

Ikuspegi biodinamikotik ilgoran txertatzea gomendatzen da.

pagoa nahiko zaharra da,eta onddoak agertzen hasi zitzaizkion orain dela denboratxo bat. zeozer egin dezakegu??arazoa baldin bada behintzat,auzoko ermitaren ondoan dago eta mantendu nahi genduke. zure erantzunaren zai,eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-04 15:34

Hasteko zein onddo diren identifikatu beharko litzateke. Horretarako mikologia elkarteren batekin sartu beharko zarete harremanetan. Onddoak zer jaten duen ikusi beharko da pagoaren zura bizia edo hila, eta hortik abiatu egin beharreko lana. Bestetik argazkian ikusten denez pagoaren gainerainoko lanak egin dira lehen (aterpearen zutabea…). Horrelakoak eta bere sustraien gunearen zanpaketa galerazi beharko lirateke. Horiek bezala baita adarrak ukitzea ere. Horretarako zuhaitzen zaintzan espezializaturiko profesional baten laguntza litzateke onena; bertatik bertara ikusi, baldintza guztiak aztertu eta pagoaren onerako zer egin erabakitzeko.

Ahuakate landare bat daukat, gutxi gorabehera 1,60 cm altuerakoa. Non landatu beharko nuke, kontuan hartuta Bilbotik 20 kmtara bizi naizela, barrualderantz eta 400 metroko altueran. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-03 19:42

Kotutan izan beharreko gaiak asko dira. Ahuakateondoa fruta arbola handia da, oso handia; beraz hazteko tokia izan behar du inguruan 5-6 metrotara ezer handirik ez. Ura asko gustatzen zaio, beraz udazken lehorra denerako (fruitua ematen hasten den sasoia) badaezpada ureztatzeko aukera dagoen tokia. Altuera horretan toki beroena aukeratu, hego aldera begirako eguzki begia. Ongarria maite du, urtero eman. Lehen urtetan neguan babesa jarri: enborra bendatu, txapela antzeko plastiko bat jarri gainean eta lurgainean, bere inguruan simaur berria. Eta datorren urteko apirila arte ez landatu, orduan da garai onena.

Ahaztutako konpostera bat badugu eta txingurriak ditu konpostak. Hau ongarri bezela baratzean erabiltzeko gaizki ezta? Erremediorik??

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-08-03 19:46

Inongo arazorik gabe erabili luar hori. Gehienez ere txingurritegia desegingo duzu eta txingurriak han hemen, luarra non han, sakabanatuko dituzu.

Kaixo, Jakoba: Arazo bat daukagu Ibarrako piperrekin. Landareak ondo hazten zaizkigu eta fruitu asko ematen dituzte, baina horietako asko oso minak dira, ezin dira jan. Batez ere ale handienekin gertatzen da, baina txikiagoekin ere bai. Baratza Gasteizen daukagu. Giro lehorragatik izango da? Zer egin dezakegu? Gehiegi ureztatzea ere ez omen da ona... Eskerrik asko zure laguntzagatik. Larraitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-31 17:14

Piperminaren mina, agi danean, ingurune lehorrak eragiten omen du. Beraz Gasteizen oso zail izango duzu pipermin gozoak sortzea. Ureztatzeak lagunduko luke, baina horrek gaitzak ere ekarriko ditu landarearengana. Txikiak, oso txikiak bildu eta horietan minaren probabilitatea txikiagoa da.

Zer egi daiteke, C. Leilandiak inaustetik sortzen denarekin??? Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-30 19:08

Inausketa hondakin guztiak berrerabili beharko genituzke. Adar lehorrak balira su egurretarako, adibidez edo txikitu eta landareen azpietarako jarri; honela belar gutxiago, hezetasunari hobeto eutsi eta ongarriketa egingo genuke. Hori ere egin daiteke Leilandeko altzifrearen adar muturrekin. Hobe ondo lehortzen utzi ondoren. Ez baduzu azpitarako tokirik, onena luar pilan nahasi eta usteltzen jartzea. Bera bakarrik ere utzi daiteke bazter batean usteltzen. Honetarako luar edo simaur pixka bat nahastu eta utzi. Bietarako onena txikitu edo birrintzeko makinatxo bat izatea litzateke egokiena.

Aurtengo eguraldiarekin gorrine sartuko zaiela ia zihur, zer da erremedio onena. Tomate batzuk zulatuta azaldu dira eta harra dela dirudi, zer egin daiteke??? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-31 17:04

Gorrin arriskua usaintzen baduzu sartu aurretik tratatzea duzu onena: salda bordelesa edo kobrea duen edozein formula naturala duen produktua eta azeribuztan ura da nahasketa egokiena.

Harrak era askotakoak izan daitezke eta argazkiren bat bidaltzen baduzu zehatzago hitz egingo dugu.

Aupa! Baratzian lurra lantzen ibiltzian noizbenka holako arraultz batzuk agertzen dira. Jakin nahiko neban ia zer diran.. Edo zerenak.. siraun arraultzak akaso..?

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 20:42

Ziraunarena izan daiteke, baita muskerrarena ere edo sugandilarena. Ez ditut horretaraino ezagutzen. Ea horretan jakitun den baten batek argitzen digun…

Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 22:13

Iñaki Sanz Azkue, Bizi Baratzeako biologoak dioenez seguruenera horma-sugandilarena izango da.

TOmatea asko luzatzen bada, punta moztea egokia da?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 21:50

Tomatea luzatu bada orain punta moztea ez da egokia. Moztuz gero alboetarako adarrak emango ditu, asko eta indarrean, loreak eta fruituak atzeratuz. Nire iritziz hobe da puntak okertu eta albo aldera lotu, hurrengoaren makilara i edo sokari edo…

Freskotan jasotzeko berakatzak noiz ereitzea komeni da? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-26 17:33

Freskotan edo berdetan jaten den berakatza irailaren bigarren hamabostalditik otsailaren amaiera arte erein daiteke. Beti ilbeheran ereitea komeni da.

Ahuakateondo bat daukat, izugarri hazi dena, bai zabaleran bai luzeran. Haize asko jotzen duen lekuan dago eta asko hazten ari da gora. Noiz da sasoia podatzeko?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-25 19:07

Inausi aurretik aztertu ea luzatzen den adarra okertu eta makurtu arazi daitekeen lotuaz. Ezin bada inausi, baina jakin ezazu horrek joera hori indartu besterik ez duela egingo, eta era berean fruituak emateko grina apaldu. Inausketa edo apirilean edo orain, uztailean egin; biak ala biak ilbeheran.

Kaixo Jakoba, leka hostoak xomorroren batek jaten dizkigu. Ze erremedio egin beharko genuke? Eskerrik asko aldez aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-25 19:32

Garrantzitsuena xomorroa zein den jakitea da. Hori gabe ez dago irtenbide egokia izango den erremediorik. Bareak, bare-xixak, barraskiloak, harraren bat… nik esango nuke horietakoren bat izango dela. Gauez egin bisita eta ondo miatu hostoak alde guztietatik. Hala ere zulotxo horiekin landareak ez du izugarri sufrituko, baldin eta ez bada izurritea asko ugaritzen. Hala balitz ea identifikatzen duzuen eta orduan hitz egingo dugu.

Kaixo Jakoba. Oraingoan ere badugu zerbait tomateekin. Puntatik belzten hasi dira fruitu batzuk argazkian adierazten dizudan moduan. Hori gorriña da edo beste zerbait? Konpontzeko biderik badago? Mila esker eta hurrengora arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-07-31 16:49

Hori kaltzio falta da. Kaltzio faltak arrazoi asko izan ditzake; nagusiak bi dira lurrean kaltziorik ez edo kaltzioa izanagatik uraren gorabehera handiak izan eta estres horrek behar adinako kaltzioaren emana ez ekartzea fruituraino. Lurreko falta karea emanez konpontzen da. Estresarena zailagoa da; ureztatzeko ohitura baduzute hortik sor daiteke. Sustrai txikiagoak ditu ureztatzen den landareak eta bere gisa elikagaiak bilatzeko gaitasun txikiagoa. Ureztatzen baduzu ez hutsik egin. Onena, hala ere tomatea ez ureztatzea da; arazo hori ziateko arriski gutxiago eta ahosabaian ere ederki igarriko diozu.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora