Astelehenero 8:00etan zure epostan
Euskal Herriko (kanntaurialde) zein landare dira aproposak etxerako? Pots, fikus, geranio, Platycerium bifurcatume, palmera eta abarren ordez bertakoak diren zein landare etxe barruan eta zein balkoian? (Klima tropiketan bidaiatzen ari naiz, eta etxerako erabiltzen ditugun landareeetako asko ari naiz naturan ikusten...)
ETXEKO LANDAREAK liburuan (https://azoka.argia.eus/produktua/etxeko-landareak-jakoba-errekondo-bizi-baratzea/ )ederki asko azaltzen dut: gure etxe barruetako baldintzak ez dira kanpokoak. Kanpoan hotz egiten duenean etxea berotu, bero egiten duenean etxea hoztu, iluntzen duenean etxean argiak piztu. Beraz barruen ezingo duzu hemen kanpoan ditugun landareak eduki. Balkoian edo kanpoan bai: begiratu orientazioa, eguzki orduak eta abar bezalako balkoiaren antzeko baldintzak dituen lur sailetan zer landare ikusten dituzun eta zein atsegin dituzun, eta haiekin hasi. Adibidez, eguzki galdatan egoten ez den balkoia baduzu garoekin saioa egin.
Gaur arte erantzundakoak (986 galdera-erantzun)
Edozein materia organiko ongarri bihurtzen da. Beraz belar zaharra ere ongarri izango da ontzen denean. Onena simaurrarekin nahasi edo geruzaka pila egitea litzateke, luarra edo konposta bihurtzeko. Ezin bada, beste era bazter batean pilatu eta piskanaka jiratuz luarra egitea da. Azkenekoa litzateke lurrean barreiatuta uztea, baina horrela ere denborarekin desegingo da. Lur gainean zabalduta uzten baduzu, simaur zahar pixka bat bota gainetik, usteltzerako bidea azkartzeko. Inoiz ez utzi belarra enborraren kontra, usteltzerakoan azala erre bai diezaioke. Enborretik aparte, ukitzen ez duela utzi.
Amona mantangorria arduratuko da zorrien izurriteari tamainan eusten. Armiarma gorri ttikiak ikusteko modukoak baldin badira ez arduratu. Kalte egiten dutenak ia ikusi ezinak dira. Zerorrek ikusi, deskuidoan zorriak ugaritzen hasten badira tratamentua egin beharko duzu: tabako ura, neem olioa eta xaboi potasikoa edo beltza. Bidali duzun argazkia, ordea, beste gauza batek eman dit atentzioa: hostoak hori antzera ez ote dauden... Agian argazkiarena da, baina lupuloa oso berde iluneko landarea da. Zuri ere horrela iruditzen bazaizu, ongarri organiko hondua eman: simaurra, luarra, zizare lurra...
Arbola gazteetan normala da hori gartatzea. Iaz 7n ale eta aurten 200... Neurria hartu behar dio, tamaina, eta era berean hazi eta heldu landare gisa. Loraldia ona eta polinizazioa oparoa izanda ale asko hartu bai, baina gero janaria behar da horiei denei eusteko. Era berean gaztea izanik hazi eta handitu egin behar da landarea, eta bi horiek, indarrean haztea eta fruitu asko ematea bateraezinak dira. Lasai hartu. Zuk egin dezakezun gauza bakarra landarearen bizimodua erraztea da, hau da ondo elikatzeko baldintzak jartzea: eman ongarri organikoa erruz, eta urtero (simaurra, luarra, zizare lurra...)
Bost urteko elorria oraindik ume ttiki bat da. Ehundaka urte bizitzen denez, orain hazi eta hazi egin behar du. Baratze batean egonik, nahikoa janari aurkituko du eta handitzen ariko da. Loratzeko itxaron egin beharko duzu, eta egin dezakezun gauza bakarra ez inaustea da. Inausten baduzu loraldia atzeratu besterik ez duzu egingo.
Lasai hartu.
Antzeko galdera egin zidanari hauxe erantzun nion:
Borroka luze baterako prestatu behar zara. Potro-belarra egoskorra da. Lurpean duen tipulatxoa da gakoa. Hori akabatu behar da. Hor energia pixka bat den artean berpiztuko da. Borroka bakarra hostoak eman ahala kentzea da. Barkamenik gabe, bi edo hiru egunero hosto berriak tira eta atera. Horrela tipulak berriro hosto berriak eman beharko ditu bere energia xahutuz, eta zuk kendu hostoa, eta berak eman eta zuk kendu... Horrela tipulako energia bukatzen den arte.
Lan hau lursail ttiki batean egin daiteke, baina saila handi xamarra bada... Bestea ezikusiarena egitea da. Niri ez dit enbarazurik egiten landare artean ikustean. Landare ttikiak direnean dugu arazoa, gaina hartzen dietelako. Orduan bai, behin edo bi aldiz kendu hostoak eta landarea koskortzean berak hartuko ditu azpian.
Errotabatorra eta baratzeko tresnak dira potro-belarraren aliatu nagusiak, beraiek zabaltzen dute... Kontuz. Gune berri ttikiak kupidarik gabe kendu: aitzurrarekin eman eta lurpeko tipulak atera. Gutxi diren artean egin daiteke hori. Bestela laister izango da han ere andere eta jabe.
Amona Mantangorriak mesede besterik ez du egiten. Landareei kalte egiten dieten zomorroak jaten ditu. Beraz, saiatu ahalik eta amona mantangorri gehien izaten zure baratzean.
Gereziaren eulia izango da, Rhagoletis cerasi. Heldua denean euli bat da, baina hasieran harra zurizta bat da. Apirila aldera jartzen ditu euli helduak arrautzak gerezi aletxoetan. Helduak lurrean sortu dira, hori ekiditea komeni da: lurrean gerezi ale kutsatuak ez utzi, eta bat bera ere. Eta udaberrian, apirila aurretik gereziondoaren azpiko lurra landu, euliak hiltzeko. Era berean apirileako, tenperatura 18º eta gehio denean tratatu: bacilus thuringiensis + neem olioa eta xaboi beltza edo potasikoa. 15 egunero tratatu, 3-4 tratamentu.
Bai sagarrondo guztiak hermafroditak dira. Hau da, bi sexuak dituzte sagarrondo bakoitzak eta sagarrondo guztiek. Era berean bi sexuak lore bakoitzean agertzen dira. Beraz, sagarrondo lore bat ikusten duzutenean beti bi sexuak izango ditu. Badira hermafroditak izanagatik, hau da landareak bi sexuak izanagatik, sexu bakoitza lore bereizietan agertzen duten landareak: hurritza, intxaurrondoa, haritza... Baina sagarrondoak bi sexuak ditu landare bakoitzean eta lore bakoitzean.
Ez dut inor ezagutzen baratzea sistema biodinamikoan egin eta bere produktuak banatzen dituenik. Agian galdera hau bera Argian eta Irratian egin beharko dugu publikoari zabalduz, ea inor ezagutzen duen horrelakorik...
Bizi Baratzea liburua eskuratzea gomendatuko nizuke (https://azoka.argia.eus/produktua/8), tratamentu guztiak gaitzentzako bezala izurriteentzakoak ere bertan argi eta garbi azaltzen baitira. Gorrina onddo bat da eta beraz hezetasunari aurre egin beharko diogu. Salda bordelesa kuprea eta karea dituen nahasketa bat da. Nahi baduzu etxean egin daiteke, baina gehienek nahasketa bera erosten dute. Salda bordelesaren lana indartzeko asunarekin edo azeribuztanarekin egindako minda edo purina nahasten diote. Gogoratu tratamentua gaitzari aurrea hartzeko dela, ez sendatzeko, beraz gegun hezeak eta ilunak datozela aurreratzen dutenean tratamentua egin, beti aurretik.
Lan hori egiteko sasoia ilgora da. Ilgora ekainaren 18an 17:29ean hasiko da. Egun horren azken ordu horiek onak dira, baina hurrengo eguna, ekainaren 19ko arratsaldea ere, 16:00etatik atzera.
Tomatearen loreak zapuztearen arrazoi nagusia uraren estresa da. Jeneralean arazo hori bero handiekin sortzen da. Duela ez asko izan dira tenperatura oso goian ibili den egun batzuk. Orduan landareak ezin du behar adina ura garraiatu hostoetara eta estres hori pairatzen du. Arazo hori areagotu egiten da landarea ontzian dagoenean, ontzia bera, eta lurra ere gehiago berotzen baitira. Arazoa ez berritzeko, ureztaketa zaindu, batez ere bero handietako egunetan.
Eztitu gabe ere fruitua emango dute. Ez dakiguna da bere ama eta bere aita nor diren, eta horregatik ez dakigu nolako fruitua emango duen. Fruitu mota jakin bat nahi baduzu orduan eztitu beharko duzu.
Noiznahi botata ere kalte egingo dio. Nahi baduzu oraintxe bota. Hurrengo urtetan otsaila-martxoa aldera bota, horrela sustraiak mugitu eta kimua botatzen duen momentutik sentituko du kaltzioa lurrean eta bere eragina.
Marugatze horren itxura oso txarra du. Adarrak kimatu eta hautsita ditu. Horren ondorioz zauri izugarriak ditu. Hildako adar zatiak guraize zorrotz batzuekin zauri garbia eginez moztu. Eta egin dezakezun gauza bakarra landarea bakean uztea da. Inork ez dezala ukitu eta marugak biltzerakoan adarrak kontuz erabili. Hortik atzera, ongarria eman. Eman eta eman, ondo elikatuta egoerari buelta eman diezaion.
Teorian intxaurrondoak fruiturik ez emateko arrazoirik ez dago. Beste upeleko sagardoa da fruitua emateko baldintza jakin batzuk bete behar dituela. Hasteko heldutasunera iritsi behar du, batzuk lehenago beste batzuk geroxeago heltzen dira. Bestetik janaria nahikoa izan behar du eskuera, lorealdian eta fruitualdian xahutuko dituen erreserbak biltzeko. Eta azkenik, lan hori hartzeko gogoa izan behar du.
Orokorrean arbolaren itxurari begiratu: pujak indarrean ematen baditu, hostaje berri ugaria badu eta kolorez mardul ikusten bada, lasai hartu; oraindik gaztearen indarra eta kemena ditu eta heldutasuna gero etorriko zaio.
Hazteko, handitzeko indar ikusgarria eta fruitua ematea bateraezinak dira. Utzi lasai hazten eta hazkundea apaltzen denean ekingo dio fruitua emateari. Ez da harritzekoa lehen fruituak emateko 15 urte igaro behar izatea. Izan ere ehundaka urte bizitzeko asmotan baita intxaurrondoa...
Aitzurrarekin moztea ona da; ahal baduzu lurrari pixka bat joaz, landarea berritzea zailtzeko. Onena maiz moztea da, txikia dalarik ere, ikusi ordurako jo. Lan hori egiteko sasoi onenean gaude. Beti ere ilgoran egin, maiatza, ekaina eta uztaileko ilgoran. 2019an ekainean 19tik uztailaren 2ra eta uztailaren 16tik 29ra.
Hasteko, zauriaren inguruko azalak hariak baldin baditu labana zorrotz batekin ebaki garbi bat eginez moztu. Zauriaren ertza zenbat eta garbiagoa, orduan eta errazago itxiko da. Labana alkoholarekin desinfektatu ondoren erabili. Gero zauria bakean utzi. Ez pintatu edo txertatzeko ore horiekin estali, laguntza baino kalte gehiago egiten dute. Amaitzeko aranondoari laguntza eman: uda partean ureztatu eta ongarria eman. Uztaila aurretik ongarritu, bere hostajearen itzalaren pareraino, gutxienez, simaurra edo luarra emanez. Ea buelta ematen dion...
Zorionak asmo horrengatik! Gaztainondoak arazo larriak ditu hemen ondo bizitzeko. Zenbat eta iparralderago eta okerrago. Lurreko bi onddok sarraskitzen dute, eta horiek hezetasunarekin puztu eta indartzen dira, gaztainondoa akabatu arte. Iparraldean bada talde bat lan horri heldu eta aldaera berriak probatzen ari dena... ( https://iparraldekohitza.eus/2018/10/03/berriro-bere-lekua-har-dezan/ ). Gehienak gaztain japoniarraren gainean txertatutakoak dira gaur egun. Itzuraz horiek dira gehien eusten diotenak lurreko gaitzari, hala ere nik ez nuke ziurtatuko ondo biziko direnik. Horrez gain, azken urte hauetan liztor batek birtizki erasotzen ditu gaztainondoen hostoak (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2416/elorrio-du-gaztainondoak ). Nik zalantzan jarriko nuke gaztainondoaren biziraupena eta emankortasuna. Berriro diot, zenbat eta toki bero eta lehorragoa izan hobe; ez dakit non biziko diren gaztainondo horiek...
Intxaurrondoari buruz, toki lehor eta lur harro eta harritsuak ditu gustuko. Lurra buztintsua bada horrek ere jai izango du. Hala ere saiatu nahi izanez gero txertatutakoa landatu, intxaur beltzaren gainean txertatutako intxaurra. Hemen garrantzitsuena arbola honen erabilera erabakitzea da. Zertarako nahiko duzu: zuretarako, fruitutarako, bietarako... Horren arabera erabakiko duzu zein aldaera edo barietate jarri eta zein tarterekin landatu. Ikusgarri dituazu intxaurrondo sail galantak Frantziako Perigord eskualdean, Euskal Herritik gertu, eta merezi du bisita bat egiteak, nola lan egiten duten ezagutzeko. Museo bat ere badute ( http://www.ecomuseedelanoix.fr/ ).
Nire iritziz hobe da fruituen azalak etxera ekarri eta organikoaren zikloan sartzea. Horrela naturara bueltatuko da ongarri moduan, luarra bihurtuta.
Ilgoran gaude eta bihartik, 2019ko maiatzaren 27tik ekainaren 5 eguerdira arte ona izango da, Ilgora. Egun onenak 27, 31 eta 1.
Zuei adina gustatzen zaizkie horieri erte zuen barazkiak, ekologikoak baitira! Barekurkuiloak atzeratzeko landareak txikiak direnean inguruan karea edo sutako hautsa jarri, eta euria egiten duen bakoitzean berritu. Pixka bat haztea nahikoa da. Landareak hosto berri batzuk botatzen dituenean ez dute osorik jango, lasai. Zorriak kentzea zailagoa da, baina saiatu xaboi potasikoarekin. Emaitza oso onak ematen ditu. Deskuidoan ez badu landarea garbitzen, tabako ura nahastu. Formulak eta kantitateak BIZI BARATZEA liburuan eta webguneko galderen erantzunen txokoan badituzu.
Zorria ahalik eta azkarren tratatzea komeni da, gutxi diren artean. Xaboi potasikoa duen urarekin hasi. Tratamentu pare bat edo hiru egin eta ez bada erabat garbitzen tabako ura prestatu eta xaboiarekin batera bota. Txingurriak ikusten badituzu, arrisku handia dago txigurriek beraiek zorriak zabaldu eta zaintzearena. Haiek atzeratzeak ere zorriak galtzen lagunduko du.
Beti esan izan da pagoak azaleko sustraijea duela. Bibliografiara jotzen badezute nagusiki hori topatuko duzute. Horrek ez du esan nahi pago guztiek sustraije berdina dutenik. Ezin beraz esan sustrai horien “ama” zenbat metrotara egongo den... Azaleko esatean pentsatu, lasai asko sustraien sakonera pagoaren garaiera adinakoa izan daitekeela. Oñatin hor duzute Natur Eskola sonatua. Agian hango jendeak, bertatik bertara pagoak ikusita erantzun zehatzagoa emateko gai izango dira.
Pendoitza estaltzeko landare aukera handia duzu. Edozein tokitan igokari gisa erabiltzen direnak, adibidez, lur gainean zabaltzen utzi eta estaltzaileak dira: arrosa, wisteria, bignonia, huntza, Virginiako igokaria (Parthenocissus), jasmina, sasi jasmina, jasmin horia, plunbagoa eta abar. Igokariak beharrean zabalera hazteko joera duten zuhaixkak ere landatu daitezke: hortentsia, abelia, eskallonia, biburnumak... aukera izugarria da. Koniferoetan asko dira gora beharrean zabalduz hazteko joera dutenak.
Erabakia hartzerakoan kontutan izan bi gauza: hostoa galtzen dute edo ez eta landarearen kolorea eta testura. Zure gustuaren arabera osatu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545