Asteroko buletina
Ogi orde (Otorde) dabila maiatza su eske. Ogi truke beroa nahi du.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Helda leka erein eta leka gogorra ateratzen
2024-09-16 08:14 | Mikel

Egun on Helda leka erein nuen udaberrian eta lendabiziko lekak onak eman zituen bainan gero leka ttiki gogor eta harizu bat ematen du. Zerbait? Zein leka motak dira bertakoak? Eskerrik asko


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-09-16 10:24

Berez Helda da Euskal Herri hezerako gomendatzen diren leka barietateetako bat. Leka lehor eta haritsua emateko hori arrazoi ikusten ditut. Hauetakoren bat edo konbinazioren bat. Tenperatura altuak, loreak abortatzea eta lekak deformatu eta zakartzea dakar. Lurrean kare gaindosia izatea. Lehortearen ondorioz lurra elkortu eta zakartzea. Ea horiekin asmatzen duzun arazoaren iturria. Beroa eta lehorra izan ditugu uda honetan. Bertoko barietateak eta ondo egokitzen direnak jagon eta jasotzeko sortu zen ALEKA elkarteak bost leka gomendatzen ditu: Helda, Bina, Buenos Aires, Contender eta Garrafal Oro. Ikusi hemen: https://aleka.eus/product-category/lekadunak/leka/

Gaur arte erantzundakoak (853 galdera-erantzun)

Arratsalde on.
Lekak ereiteko unerik egokiena zein izango litzake, apirileko hilgora ala maiatzakoa?
Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-04-25 11:33

Aurten apirilaren amaieran ere ilgora dugu eta nahi izanez gero aste honetan bertan erein daiteke. Larunbata apirilaren 30 eta igandea maiatzaren 1 oso egun onak izango dira. Maiatzean izango den hurrengo ilgora ere ez da txarra izango.

Zelan uxatu

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-04-25 13:42

Hona BIZI BARATZEAn satorrarern atalean agertzen dena:

 

Satorra harrapatzeko tranpak daude. Beste batzuk kez edo urez betetzen diote satorzuloa, atera arazi eta harrapatzeko. Pazientzia gainezka dutenak munto berriak egiten dituenean aitzurkada emateko zain egoten dira. Askotan satorra akabatu nahiean egiten diren lan hauek bera ernegatzea besterik ez dute lortzen. Eta ondorioa okerragoa da, zulo berriak egingo ditu.  Intsusarekin edota tartikuarekin egindako irakinarekin ere betetzen zaiozkio zuloak.

 

 

Uxatzeko era errazagoa bada: metro eta erdiko burdinezko hagatxoa erdia lurrean sartu eta lurretik ateratzen den beste erdiaren muturrean, plastikozko botila bat sartu buruz behera. Haizea dabilenean botilak dantza egingo du eta honen mugimendua hagatxoak lurpera eramango du. Mugimendu honek sortzen dituen dardarak ez zaizkio batere gustatzen, eta ospa egingo du. 

 

 

Arratsalde on.

Pagoa kimatu behar dugu eta jakin nahiko nuke noiz den garairik egokiena horretarako.

Mila esker

Lorea

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-04-06 12:03

Pagoa kimatzeko urte sasoi egokiena otsaila edo martxoa da, beti ere ilbeheran. Dagoenerako apirilean gaude eta beraz berandu antzera. Aurten nahitaez egin beharreko inausketa dela uste baduzute ahalik eta azkarren egin. Ilbeheran apirilaren 8, 10:16ean sartuko gara, 21 arte; baina momentu onena 11ean izango da, 13:00 eta 19:oo artean.

Baratze inguruko eta zelaiko asuna bakantzeko Edo hobeto esanda eliminatzeko ze ilargitan moztea komeni da?

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-21 14:50

Beti ilgoran moztea komeni da. Moztu eta moztu indargabetu arte.

Era berean lur azidozalea da eta beraz karea emanda atzeratu egingo da. Bi gauzak batera egitea onena.

 

 

Haritz-ren erantzuna
2022-04-05 07:30

Egunon,
Karea lur azalean utzi behar da ala bota eta gero nahastu egin behar al da sakonago dagoen lurra eragiteko ?
Bota eta gero lurra ureztatzea komeni al da?
Mila Ester

Egunon,

Honela dio erosi dugun metro bateko hagiñan ontziak: Taxus bacata fastigiata robusta (argazkia behean erantsi dut)

Fastigiata robusta hauek zutabe batean hazten direla dirudi.

Zalantza: mendian landatzekotan giñan Urbia inguruan, baina orain konturatzen gara inguruan dauden hagiñak ez direla berdiñak eta ez dugu nahaste horrekin kalterik sortu nahi.

Aproposa al da landatzea naiz eta beste bariedadekoak izan? Hala ba da, ondo aldatzeko argibide batzuk eskertuko nituzke.

Eskerrik asko.

Pellon falta iada somatzen hasiak gara, itzala luzea...Maite zaitugu Pello! Lurrak arin bekiola..

 

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-21 13:04

Hagin hori, zuk diozun bezala txorrotx-txorrotx luzatzen da. Ez da hemengo mendiko hagin zabala bezalakoa, hortik “Fastigiata Robusta” izen hori. Egia da bere polena nahasteko aukera izango dela mendian landatuz gero. Zeuk ikusi. Forma horretako haginak lorategi eta etxe inguruetan ikusten dira batez ere. Bertan sortutako bat landatzea hobe izango da, bertako hagin bati hartutako hazi batetik sortutakoa alegia.

Txorrotx hori beste nonbait landatu, orain apirilaren erdi aldera arte horretarako sasoia da. Landatzerakoan kontutan izan lurraren maila orain duen toki berean izan behar duela. Eta lehen urtean erruz ureztatu.

Arratsaldeon Jakoba,

Larrosa txiki bat daukat leihoan, eta iñausteko garaian sartu garenez orain ilbeheran, lan hori egitera noa. Baina ondoren, ukenduren bat eman behar zaio ebakidura-zaurietan, ezta? Zer eman ahal zaio?

Mila esker

Itziar

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-21 13:01

Landareei egiten dizkiegun zauriak ahalik eta guraize zorrotzenarekin egitea da garrantzitsuena. Zauria airean utzi behar da. Ore antzeko ukenduek mesede baino kalte gehiago egiten dutela aspaldi jakina da. Beraz zauriak utzi bere horretan eta landareari lagundu ongarri ona emanez lurrari.

Pagoari noiz eta nola egin " trasmotxea"??(25 urte ingurukoak(

 

Eskerrik asko!!
 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-20 12:59

Ez dakik nolako pagoak diren: lehen lepatuak eta 25 urte utzita egon direnak edo landatu eta 25 urte eta sekula lepatu gabeak.

Bietan inausketa arriskutsua da lepatze hori. Nola egin? Adar berriak eman eta zabaltzea nahi duzun altueran moztu. Noiz beti neguko ilbeheran. Ostiralera arte duzu.

Aste honetan 400 abeto duglas zartu behar dittut, zer da oso berandu??

Eskerrik asko!!

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-20 12:54

Duglasak ez du hostorik galtzen neguan eta beraz martxoaren amaiera arte lasai landa daiteke.  Saiatu beti ilbeheran egiten, izotzik ez den egunean.

Galderatxo bat egin nahi nizuke

Ahalko zenidake aholkatu noiz erein edo noiz aldatu produktuak?

Gipuzkoako Hernanitik hitz egiten dizut

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-15 12:18

Hiru bide emango dizkizut ereintza eta landaketa egutegia eskuera izateko:

1.- BIZI BARATZEAko buletinerako harpidetza. Neronek moldatuko dizut hau. Honela, besteak beste, astelehenero goizeko 08:00etan aste bakoitzean zein lan egin behar diren jasoko duzu.

2.- Informazio hori bera www.bizibaratzea.eus wegunean “Asteko lanak” atalean daukazu.

3.- Urtero Bizi Baratzeak argitaratzen duen “ILARGIA ETA LANDAREAK” agenda eskuratu, https://azoka.argia.eus/produktua/ilargia-eta-landareak-2022-agenda/ . Bertan dituzu bilduak lan guztiak, batia egutegi orokor bat ere eta, nola ez, agenda izaki egiten dituzun lan guztiak ondo apuntatu eta jasotzeko aukera ematen dizu. Gero emaitzak eta ilargiaren egoera parekatu eta ikasteko.

4.- Antzekoa, laburtuagoa duzu ILARGIAREN EGUTEGIAn, https://azoka.argia.eus/produktua/ilargiaren-egutegia-2022/

Honakoa pasatzen zaigu tipulekin: 
Duela 3 urte hasi ginen tipula plastikoarekin jartzen. Lehen urtean primeran. Ale ederrak eta sanoak. Azken bi urteeta berriz, urtero lekuz aldatuta noski, usteldu egiten dira. Ale dexente txikiagoak eta asko bAratzean bertan usteltzen hasiak kanpotik. Ateratakoan ikusten da zainak dituzten lekuan har txikiak dituztela. Halere ez dakit zein diren lehenak, ustela edo harrak. Onddorenbat ote den pentxatu dut baina aldapan egonda eta ureztatu gabe eztakit ba.
Azebarioekin ere azken urteetan gaizki. Erne gutxi eta hala ere gero desagertu egiten dira. Zerbaitek janda agian. 
Mila esker.
Iraitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-08 17:47

Usteldura hori zergaitik sortu daitekeen aztertu behar da. Aipatzen dituzun har horiek izan daitezke errudunak. Harrak hozka egiten duen tokian gaitza sartzen da. Beste animaliatxoren batek ere sustraiak jaten dakizkioke. Hark egindako zaurietatik sartuko litzatake usteldura sortzen duen onddoa. Sataina, luhartza... Begiratu ea galeria tankerako zulotxorik ikusten duzuten sailean.

Beste aukera bat da hezetasun handiegia izatea, plastikoa jarri delako izan daiteke, edo ura pilatzen den tokia delako sustraien hasierako parte hori usteldu daiteke. Pentsatu tipulari hezetasuna ez zaiola zipitzik ere gustatzen. Usteldura guztiak, azken beltzean, hezetasunak ekartzen ditu. Edozein eratara lurra harrotu, ildo-bizkarrak edo muntoak (40 cm inguru altuerakoak) egin eta bere bi aldeetan landatu, eta abar egin saila lehortzeko.

Kontuz gehiegizko ongarriketarekin ere. Tipulari ez zaio ongarria gustatzen, eta baldin bada oso ondo ondua edo luartua. Ondo egin gabekoak ahul haztea dakar eta gaitzetarako samurragoa.

Azebarioekin azken urteetan gaizki. Erne gutxi eta hala ere gero desagertu egiten dira. Zerbaitek janda agian. 
Mila esker.
Iraitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-08 17:47

Azenarioari beroa gustatzen zaio, eguteran erein. Ongarri freskorik ez eman. Ureztaketa ere ez ahaztu ttikia denean, baita tarteko belarrak kentzea ere. Erein aurretik lurra ondo harrotu eta errautsa lodi ematea trikimailu ona da.

Egun on,

Ortuaren inguruko galdera pare bat dauzkat.

Aurten lehenengo urtea da hazitegia egiten dudana, aurreko urtean landatutakoaren haziekin, alegia. Udan hartutako barazkien haziak sikatu eta aurreko astean jarri nituen. Negutegi txiki bat egin dut eta bertan jarri ditut, irudian ikus daitekeenez.

Galdera honakoa da, zenbatero ureztatu beharko nuke hazitegia? Negutegiak egun osoa emango du itxita. Nahikoa da goizetako ihintzarekin? Beti hezea egotea komeni da edota landareak berak bezala egunero edo bi egunetan behin ureztatuko dut? Kutxa bakoitzean, nahiz eta bananduta eta identifikatuta egon landare ezberdinak daude (piper berde handi eta txikiak, piparrak, tomateak, txerriak, berenjena, kuia eta kuiatxoa...); maiztasun igualarekin ureztatuko ditut?

Bestalde, ongarria botatzen hasi beharko nintzateke lurrari? Normalean aste santuko oporrak aprobetxatzen ditut ortua prest uzteko, baina aurten apirileko azken astean direnez ez dakit asko berandutzea izango den.

Aldez aurretik eskerrik asko eta zorionak lanagatik,

Zaindu

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-01 15:18

Hazia ondo hozitzeko, ernetzeko, lurrak heze egon behar du. Hala ere lurra ez ito. Ihinztagailu bateko lainoztatu eta lurrazala busti. Bandejetan jarri duzuna lur harroa bada maiz-maiz, berak ere ura hartzen baitu. Denak batera ureztatu bai. Haziek portaera beretsua dute urarekiko. Batzuk lehenago jaiotzea da normalena.

Ongarriketa bai, ahalik eta azkarren egin. Orain ongarri ondua bakarrik erabili. Hurrengorako gogoratu lan hori udazkenekoa dela, eta orduan bai bota dezakezu ongarri berrixeagoa.

Arratsaldeon Jakoba,

Efelido landarea erosi eta aste gutxiren barruan orriak galtzen hasi zan. Leku freskoago baten jarri dut, urik ez dau falta izan ez larregi  ez gitxiegi, behar izan duena hezetasuna mantenduz baina... Argazkian ikusi ahal duzunez egoera eskasean dago une honetan.

Egunero aireztatzen hasi naiz. Ez dakit berbiztu ahal izango dudan. 

Tiesto berean koleoak erein ditut eta astea bete orduko erne dira jada. 

Zure liburua kontsultau dut eta lainoztatzea aholkatzen duzu, hori zelan egiten duzu? Dutxara noanean nirekin eraman lurruna jaso dezan? 

Ahal baduzu erantzun eskertuko dizut

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-26 18:39

Landare mokofina da efelidoa. Ez da erraza asmatzen zer toki duen egokia: haize-korronteak, argia eta abar. Ureztaketa ere kontuz egitekoa du. Negu partean ur gutxi eman behar zaio. Udan gehixeago. ETXEKO LANDAREAK liburua baduzula ikusten dut beraz ez dizut uraren atal hori azalduko.

Lainoztatzeari dagokionez ihinztagailu edo ura fin xamar zabaltzen duen edozein esprairekin egin dezakezu.

Gabon, Jakoba.

Kontsulta batekin nator. Nire koinadu batek duela Ia 40 urte ipinitako sagasti ederra du Garinen. Urte askotan sagardotegi batera saldu izan du sagar gehiena baina azken urteetan berak sagardoa egiten du etxerako. Emaitza bikaina da. Oso ona!!. 

2000ko "patsa" baratz ertzean banatu zuen eta sagar landara ugari atera ziren. Onenak (40cmkoak) behin betiko lekuan berlandatu ditu. Gune haizetsua da eta honen helburua zuztar ederrak garatuz, haizeak sagarondoak ez botatzea da. Jakin nahiko luke ea landara hauek aproposak diren "patroia" bezala erabiltzeko. Ez du inongo presarik. Bere asmoa landara hauek hazten uztea da enborran neurria txertatzeko gai izan arte. Zer iruditzen? Zein da zure aholkua?. Bide onetik doa?. 

Esango diguzu.

Aldez aurretik eskerrik asko harretagatik.

Ondo izan,

Lurdes

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-03 11:35

Zorionak sagardoagatik! Ez da etxekoa bezalakorik. Patsak draman hazi pilatik sortutako landarerik ez nuke nik mentu oinetarako erabiliko. Hazi horiek urte askotan zehar hautatu eta bereizitako barietateetako sagarren haziak dira. Frutatarako onak dira, baina ez dira aproposak oinetarako edo gero txertatzeko. Era berean Bakoitza ama batena izango da, barietate desberdinetakoak eta polinizazioan gertatutako hibridazio desberdinetakoak. Honek esan nahi du sortu den horietako bakoitza erabat desberdina izango dela. Nik ez nituzke inolaz ere txertatzeko erabiliko. Ikaragarrizko lana egin eta urtetara jabetuko da akatsaz... Orain bai, erraza dirudi, sagar landare mordoxka pas pilan, baina... Mentu oinetarako ahal dela basoko sagar makatzak erabili behar dira. Edo sagarrondo txikiak nahi badira saltzen diren klonak.

Egun on. Nafarroako kanpin batean bungalow bat dugu. Albo batean, jardineratxo batean lehengo urtean tomate landare bat eta piper landare batzu oso ondo etorri zitzaizkigun. Etxe atzealdean, tokia badugu baina eguzkiak zuzenean ez dio ematen. Zerbait landatzerik edukiko genuke? Kuia, kuiatxo, piper.... Ur arazorik ez du, ureztatze automatikoa bait daukagu. Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-22 16:08
Tomate, piper, alberjinia eta antzekoak fruituak dira eta horiek eguzkia maite dute. Itzaletan oso ondo etorriko dira hostoa kentzen diegun barazkiak: ziazerba, zerba, uraza, eskarola, txikoria eta antzekoak. Oso ospela ez bada baita sustraiekoak ere: azenarioa, errefautxoa eta erremolatxa. Nahi izatera saiatu kuiatxo landare batekin eta ikusiz ikasi.

Tengo un limonero con el aspecto que se ve en la foto. Me han dicho que puede tener un hongo pero llevo un mes echándole fungicida y ni mejora. Qué puede ser?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-23 16:16
Para mi no hay rastro de enfermedad ni de hongo. Las marcas pueden ser de haber sufrido una granizada. También vive en un tiesto demasiado pequeño, ridículo si queremos que produzca. Y por otra parte clarea o ralea los frutos para que la planta tenga un respiro y coja fuerzas para fructificar mejor en el futuro.

3 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-16 12:20

Laranjondoa inausteko sasoia giro epelak eta lurra beroa dagoenean. Hemen azkarrenera apirilean eta ekaina aldera onena. Beti ere fruitualdia amaitu eta loraldi berria irekitzen hasi baino lehenago.

Iñaki-ren erantzuna
2022-02-20 20:35
Laranjondoa iñaustu behar al da?
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-07 13:23
Berez ez. Eta nik uste dut hemen batez ere hobe dela ez inaustea. Landarea sanoago eta indartsuago biziko da; batez ere gero inoiz ez tratatu eta nolahala ongarritzen denean.

Intxaur amerikanoa noiz adarrak moztu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-12 16:51
Intxaurrondo amerikarra, Juglans nigra, ez da maiz ikusten den arbola. Zorionak inguruan bateren bat baldin baduzu. Adarrak mozteko sasoi onena izerdia mugitzen duenean da eta ilbeheran. Martxoko ilbeheran, alegia.

Kaixo, jakin nahi nuke ilarraren hasia noiz bota behar da, hau da, zer ilargirekin. Nik jarri ditut "creciente" n baina esaten didate "descendente" an izan behar dela.
Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-10 18:03

Ereintza lanak ILGORAn egiten dira. Gazteleraz ascendente. Ahal baduzu lore edo fruitu egunean.

Kaixo Jakoba, Urdazubi tik galdetu nai nuke !! Noiz erein dalia ren bulboak ??

Milesker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-10 16:07

Otsaileko ilbeheran egin dezakezu, eta Urdazubin baita martxokoan ere lasai asko. Otsailean 13 eta 25 tartean, 18an ezik; martxoan 12tik 23 eguerdira arte.

Galdera bat egin nahi genizuke. Alegiako herri eskolatik idazten dizugu eta jakin nahiko genuke, eskola inguratzen duen burnizko hesian itxitura naturala egiteko enredadera bat nahiko genuke.

Hau da gorra eta errez haziko dena, neguan babes beharrik gabe al bada.

Zure laguntza eskertuko genuke, erosi eta auzolanean landaketa egin aurretik.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-09 11:22

Hona nire ustez aukera onenak. Begiratu bakoitzaren ezaugarriak: hosto iraunkorra edo ez, loraldi luzea edo motza, usainduna edo ez... Eta zuek erabaki. Hona sorta: pasiolorea (Passiflora coerulea), jasmina (Jasminum sp.), sasi jasmina (Trachelospermum jasminoides), huntza (Hedera helix, kolore askotakoak), bignonia (Campsis radicans), glicinia (Wisteria sp.), atzaparra (Lonicera caprifolium), klematisa (Clematis sp.), parra gorriak (Parthenocissus quinquefolia eta Parthenocissus tricuspidata). Ea moldatzen dezuten.

Kaixo, Jakoba:

Limoiondo bat eta mandarinondo bat dauzkagu loreontzi handietan. Urtarrilean ale ugari eman dituzte, eta, erantsi ditugun argazkietan ikus dezakezun bezala, handi samar daude. Hori dela eta, lurrera aldatzekotan gaude. Baina, halere, hainbat zalantza dauzkagu; izan ere, Berastegin bizi gara, Izotzalde auzoan, eta izenak dioen bezala baserria leku laiotzean dugu. Beraz, hauexek dira gure galderak:

1) Merezi al du lurrera aldatzea?

2) Hala balitz, non kokatu?

Guk bi aukera hauek ikusten ditugu:

Lehena lorategira (leku askorik ez dugu) aldatzea litzateke. Han, etxeak ipar-haizetik babestuko lituzke (pittin bat), baina arazo handi bat ikusten diogu: neguan ez du eguzkirik jotzen, batere; izotzak, berriz, gogotik.

Bigarren aukera baratzearen inguruko lur-sailera aldatzea litzateke. Han ere neguan eguzki oso gutxi eta ipar-haizearen aurkako inolako babesik ez lukete izango.

Zalantza horiek argitzen lagunduko diguzulakoan, mila-mila esker! Ondo izan!

Gurenda

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-07 15:38
Berastegin nahikoa lan izango dute garrazki horiek kanpoan bizitzeko. Batera edo bestera erabakitzeko, noski eguzki gehien izango duten tokira. Onena aterpe bat izatea da; izotza beti goitik behera etortzen da eta txapela moduko edozerk babestuko ditu. Bi aukera:
1.- Baratzean aterpe bat eraiki. Zurezko egitura bat negu partean plastiko garden batekin estaliko dena.
2.- Oraintxe dauden tokian lurrean zulotxo batzuk egin eta bertan landatu, teilatuaren babesean.

Sagarrondo zahar batzuk mugarratu ditut eta zauria sendatzeko zer erabil dezaket? Mila esker erantzunaregatik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-02-01 15:03

Mugarrotzerakoan zauri handiak sortzen dira. Horiek sendatzea lan zaila eta nekeza da arbolarentzako. Ebakia egiterakoan adarraren oinarrian dituen orbaina sortzeko guneak ez moztea da garrantzitsuena. Zauria estali eta sendatzeko ukenduek kalte besterik ez dute egiten. Zaurian izerdia ahalik eta libreen ibiltzea da orbaina ondo eta sano sortuko denaren berme onena. Ez eman inolako ukendurik. Izatez gero laster ezereztu eta eroriko den ukenduren bat. Nire gomendioa: behi kaka, buztina eta salda bordelesa egiteko oinarrizko hautsa. Ondo nahasi, ur ttantta bat behar badu gehitu eta ore lodi bat egin. Zauria estali, baina euriarekin eta abar laster desegingo da. Salda bordelesak kuprea eta karea ditu, lehortzen lagunduko dute eta fungizida lana ere egingo dute, gaitzen lehen erasoetatik babestuz.

Noiz kimatu kiwiak?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-01-31 10:32
Martxoko ilbehera da inausteko sasoi onena. Hala ere giroak epeletik badoa eta egun argitsuak badira otsailekoan ere inausi daitezke.

Kaixo, Jakoba:

Intxaurrondo handi bat daukagu, eta, fruituak eder eta ugari ematen baditu ere, apur bat kezkatuta gaude. Izan ere, enborraren erdialdean arrakala bertikal handi bat dauka eta azkeneko bi urteetan arrakala hori gero eta sakonagoa egin dela iruditzen zaigu. Negu honetan, berriz, arrakala pixka bat betetzen ari zaiola ematen du, baina ez gaude ziur. Zer iruditzen zaizu? Zure ustez, zer egin beharko genuke? Pena litzateke horrelako intxaurrondo bat galtzea.

Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-01-30 12:33
Zartadura eta arrakala ugari du arbola intxaurrondo horrek. Hori ez da, ordea, txarra. Arrakalak sortzeko arrazoi ugari dago. Adibidez adar handi horren ingurukoak adarraren beraren mugimenduek sortutakoak direla iruditzen zait; baita adarraren hazkundeak eraginda ere. Goitik beherako handi horri tximistak jotakoa izan daiteke edo gainean duen adarretik sortu eta pixkanaka pixkanaka beheruntz dijoan ustelduraren batek ere. Hala ere garbi dago: zauri haundi hori ederki ixten ari da. Intxaurrondoak indarra eta kemena soberan dituenaren adierazle. Egin dezakezuen onena ongarria ematea da. Adarjearen bueloak hartzen duen lur sail osoa erruz ongarritu. Eta ilargialdi batera karea eman; kare koxkorra eta 200 gramo metro kuadroko. Karearen ordea egur errautsa ere erabili dezakezu, 100 metro kuadroko 20 litro inguru errauts emanez.
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora